euskal diaspora eta kultura

2008/09/01
Juan Mari Beltranek, Euskal Herriko musika ikertzaile, eragile eta irudi garrantzitsuenetako batek, Uruguaien eta Argentinan lau emanaldiko birari ekingo dio asteburu honetan, larunbatean Montevideon emango duen kontzertuarekin. Bira hau Eusko Jaurlaritzak eskaintzen duen bira kulturalak egiteko dirulaguntzarekin antolatua izan da eta emanaldietan Beltranek ‘Orhiko Xoria’ eta ‘Arditurri’ diskoak aurkeztuko ditu Hego Amerikako agertokietan. Beltranekin batera taulagainean ariko diren musikariak Aitor Beltran, Ander Barrenetxea, Andoitz Antzizar, Jasone Camara, Miriam Atxaerandio, Iñigo Campos eta Ixiar Uria izango dira. Emanaldiak Montevideon, Chivilcoy-en, Arrecifesen eta Buenos Airesen egingo dituzte.
2008/09/01
Miamiko Euskal Etxearen inguruan biltzen diren euskaldunek euskara eta euskal dantza ikastaroak egin ahal izango dituzte ikasturte berrian, elkartea prestatzen ari den ekimen berriei esker. Euskal kultura sustatu eta zabaltzeko apustuan, elkarteko arduradunek ekimen hauen kargu egiteko errronkari aurre egiteko prest dauden bi irakasle aurkeztu zituzten euskal etxeko azken ekitaldietako batean, San Ignazio eguneko jaian.
2008/09/01
Duela bost urte Miguel Mendiondo zuzendari eta antzerki irakasleak Bahia Blancako Euskal Etxeari antzerki tailer bat sortzeko leku bat eskatu zion. Etxeko Kultur Batzordeak berehala onartu zuen proposamena eta handik aurrera taldea urtetik urtera hazten eta sendotzen joan da. Gaur, Gure Antzerki taldeak lan ugari egin eta aurkeztu ditu eta datozen denboraldietarako ere hamaika priektu ditu eskuartean. “Lurra loratzen ikusteko, lehenago erein egin behar da” goiburuarekin, taldeak eta zuzendariak gogor eusten diote etorkizunari.
2008/08/29
Astelehen honetan, irailaren 1ean, Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuak (SPRIk) bulego berria irekiko du AEBetan, euskal enpresei herrialde honetan kokatzen laguntzeko helburuarekin. Bulego edo 'Euskarri' honek dagoeneko SPRIk Chicagon duen bulego iraunkorraren lana osatuko du. Zentro berriak babesa emango die AEBetan lehen aldiz instalatzen diren enpresei. SPRIk horrelako beste bi zentro ditu munduan, bata Shanghai-en, Txinan, eta beste Wroclaw-en, Polonian.
2008/08/29
Denak Bat Euskal Elkartea 1943. urtean sortu zen, Argentinako Mar del Plata hirian. Bi urte beranduago, euskal etxeak bere lehenengo Euskal Astea antolatu zuen, garaiko komunikabideetan oihartzun handia izan zuena eta hiri honetan euskal kulturaren suspertzearen adierazgarri izan zena. Laura Echezarreta eta Mauro Vitullo ikerlariek Denak Baten sorreraren eta Euskal Aste horren nondik-norakoak azaltzen dituzte, jarraian euskara moldatuta aurkezten dugun artikuluan.
2008/08/28
2008/08/28
Azken hiru urtetan Berri Txarrak talde lekunberritarrak egin duen nazioarteko gira -- 200 kontzertu, 15 herrialde-- da 'Zertarako Amestu' dokumentalaren ardatza, eta euskal musikan aintzindaria izan den abentura hori etzi ikusgai izango da Portobelloko Zine Jaialdian. Ibon A. Totorika zuzenduriko filmeak taldeko hiru partaideen esperientzia jasotzen du 'Jaio.Musika.Hil’ diskaren aurkezpen bira luze horretan zehar. Euskalkultura.com taldearekin solastu da, gogora ekarriz Japoniako Fuji Rock jaialdiaren irekiera bezalako kontzertu jendetsuak --10.000 lagundik gora-- eta taldeko baxujole Mikel Lopez 'Rubio'-ren agurrak dakarren aldaketa hausnartuz, disko berria prestatzen ari diren artean.
2008/08/27
'Euskal klika Ameriketan' bilkura-omenaldia; Euskal Herria, Mexiko eta AEBetako pilotarien arteko partidak; Noka taldearen emanaldia; Besta Berri meza, kabalkada eta ikuskizuna; Estatu Batuetako eta Euskal Herriko musikariak; AEBetako hainbat lekuetako dantza talde, lagun eta bisitariak... Hauek dira heldu den asteburuan Kaliforniako Chinon eginen den 2008 NABO Biltzarra eta Euskal Jaiaren osagaietako batzuk. 40 urte beteko ditu aurten Chinoko urteroko euskal piknik edo bestak, eta bertako Euskal Etxeak bere ahalegin handiena ezarri du elkarretaratzea egiazki ederra izan dadin.
2008/08/27
Atzo bertan aukeztu zuten Abadiñon larunbatetik aurrera Santiagoko Euzko Etxean egingo den I. Euskal Pilota Trinkete Txapelketan parte hartuko duen Euskal Herriko selekzioa. Neska eta mutil gazte hauekin batera Santiagon Dominikar Errepublika, Venezuela, Txile, Uruguai, Mexiko, Argentina, AEB eta Boliviako pilotariak ariko dira. Txapelketa irailaren 6a arte luzatuko da eta Munduko Pilota Batzarrak antolatu du. Nahiz eta antolatzaileek esan pilotari gazteei lehiatzeko aukera emateko helburuarekin egiten dela, Nazioarteko Pilota Federazioak (FIPV) txapelketa onartzen ez duela eta partaideei zigorrak ezarriko dizkiela iragarri du.
2008/08/26
Jadanik igaro da urte bete Miren Azkarate Kultura Sailburuak Euskara Munduan 2008/11 programa aurkeztu zuela Euskal Gizataldeen IV Mundu Biltzarrean, Bilbon. Geroztik, orduan aurkeztutakoa abian jartzeko hainbat urrats eman ditu HABEk, Euskal Gizataldeekiko Kanpo Harremanetarako Zuzendaritza eta lekuan lekuko federazio edo euskal etxeekin elkarlanean. Aipagarriena seguruenik, atzerrian euskara irakasleak trebatzeko herrialde desberdinetako Nazioarteko Taldea eratzea izan da. Taldeak bukatu berria du lehenengo barnetegia Argentinan eta partaide guztien balorazioa, ikasle zein irakasleena, ezin hobea izan da. Jatorri desberdinek taldeari ematen dioten aniztasuna oso aberasgarria izan da, partaideen esanetan. Nazioarteko Taldea pausorik berriena izan bada ere, ezin ahaztu euskal etxe bakoitzak Euskara Munduan programaren barruan egiten duen lana.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus