euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Erakusketa eta hitzaldia euskaldunez Mountain Home-ko Museoan, Richard Urquidi zinegotziaren eskutik

2009/07/06

Euskaldunei buruzko erakusketa zabaldu du uztail honetan Mountain Home-ko Museoak herriko zinegotzai den Richard Urquidi-ren eskutik, argazkiak azaltzen duenez (argazkia MountainHomeNews) Mountain Home-ko Historia Museoak, Estatu Batuetako Idaho estatuan, euskaldunei buruzko erakusketa edo erakusleiho bat aurkeztu du, eta zabalik izango du uztaileko hilabete osoan, euskaldunei buruz, bertako zinegotzi Richard Urquidik prestatu eta moldatua, duela gutxi familiarekin batera arbasoen herria duen Euskal Herrira bidaiatu ondoren. Urquidi, pertsona gaztetandik aktiboa Mountain Home-ko euskal komunitatean, baita ikerlari gisa ere, izango da baita ere, datorren ostegunean, uztailak 9, Museoko lagunen aurrean hitzaldia emango duen gonbidatua, arestian aipatu gai beraren inguruan.

Gehiago irakurri...


Osasun aurrezainketa arloko hitzaldi batek berrabiatu du Paranán 'Urrundik komunitatean' zikloa

2009/07/06

Hector Baigorria doktorea joan den ostiralean, Urrundik-eko egoitzan hitzaldia ematen ari zela Paranáko Urrundik Euskal Etxearekin urtetan kolaboratzaile ari den Hector Baigorria doktorearen hitzaldi batek berrabiarazi du Paranán, Argentinako Entre Rios probintzian, 'Urrundik komunitatean' ekitaldi zikloa. Power point batek lagundurik, Baigorriak kutsatuta egon daitezkeen janari eta edariekin hartu beharreko aurrezainketa neurriez aritu zen. Lehenengoz 2005ean eratu zen ziklo honen hurrengo hitzorduak Argentina A gripeari dagokionez bizitzen ari den larrialdiaren eboluzioaren arabera iragarriko dira.

Gehiago irakurri...


Astigarragako Aire-Aire trikitixa taldearen kontzertua Santiagon, uztailaren 10ean, eta 13an, Viña-n

2009/07/03

'Aire-Aire trikitixa taldea', dantzan jartzen zaituen musika taldea Astigarragako Aire Aire trikitixa taldeak Txile bisitatuko du heldu den astean. Ostiralean, uztailaren 10ean, musikajole gazteek Santiago hiriburuko Euzko Etxean joko dute, bertako Itxaropen gaztea taldeko dantzariak emanaldikide. Bertatik Valparaíso/Viña del Mar-era pasatuko dira, azken herri honetako Cine Arte delakoan kontzertu berri bat eskaintzeko hilaren 13an. Trikitixarekin batera, panderoa, egurrezkoa goilareak eta txalaparta daramatzate eurekin. Entzulegoan dantzan hasi nahi duenak ez du aitzekirik behar izango, haste-hastetik dantza erritmo biziak agindu baitituzte astigarragatarrek.

Gehiago irakurri...


Idiazabal gazta dastaketa eta futbol txapelketa bat, Txinako Euskal Etxeak ekainean egindakoen artean

2009/07/03

Shanghaiko Euskal Etxeko kideak, serio demonio eta buru belarri, gazta dastaketari ekiten. Txantxa gutxi gazta kontuetan (argazkia Shanghaiko Euskal Etxea) Zalantzarik ez da Shanghaiko Euskal Etxekoei ez zaiela irudimena eta ekimena falta egiten dituzten gauzetan. Amaitu berria den ekainean burutu dituzten ekintzen artean Idiazabalgo gazta dastaketa bat egon da, eta baita Txile-Katalunia eta Euskal Herriaren arteko futbol txapelketa triangeluar bat. Biak arrakastatsuak izan dira, euren helburu nagusia bete baitute: ongi pasatzea lagunartean, hurkoekiko harremanak landuz eta Txinan egonik ere bertako ohiturekin batera euren sorterrikoak ere praktikatuz.

Gehiago irakurri...


Jose Martin Azarloza hautatu dute berriz ere Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeko lehendakari

2009/07/03

Jose Martin Azarloza 2006an izan zen hautatua Mar del Platako Euskal Etxeko lehendakari, lehendakariorde zen orduan. Geroztik urtero berritu dute karguan Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeak, Buenos Aires probintzia argentinarrean, egin berria du joan den larunbatean, ekainaren 27an, bere Ohiko Batzar Nagusia eta, besteak beste, estatutuek esandakoaren arabera Zuzendaritza Batzordea berritzeko hauteskundeak egin ditu. Ondorioz, berrautatua izan da erakundeko lehendakari Jose Marin Azarloza. Berarekin batera ari dira Zuzendaritza Batzordean: Ana Maria Irigoyen, lehendakariorde lehena; Horacio Ayesa, lehendakariorde bigarrena; Gustavo Elichiribehety, idazkaria; Adriana Hernandorena, idazkariordea; Francisco Valencia, diruzaina; eta Juan Gonzalez, diruzainordea, beste zenbaiten artean.

Gehiago irakurri...


Ehun bat gazte ari dira parte hartzen uztailaren 14era arte Kaliforniako Chinon 2009ko NABO Udaleku-n

2009/07/02

Ez, hauek begiraleak dira, Chinoko Euskal Etxean: Euskal Herrikoak, ezkerreko bost mutilak; eta eskuineko bi neskak, Argentinakoak, FEVAko Miren Arozarena eta Gabi Mendia (argazkia Eneko Espino) Joan den igandean hasi ziren iristen Kaliforniako Chino herrira eta, astelehenetik aurrera, NABOk, Ipar Ameriketako Euskal Erakundeak, haur eta gaztetxoentzat antolatzen duen euskal udalekuko parte dira. Bi astez, ekainaren 29tik uztailaren 14era, euskal giroan bizi izango dira, Ameriketako eta Euskal Herriko irakasle eta begiraleekin, beste neska-mutiko euskal-amerikarren artean lagunak euskal kultura lokarri egiten. Ongi pasa, lagunak egin, euskara eta euskal kulturan urrats berriak eman eta Kaliforniako alde hau ezagutu... Hau bai pagotxa Estatu Batuetako hamaika bazter urrun eta hurbiletatik Udalekura bildutako haur euskal-amerikarrentzat!

Gehiago irakurri...


Jose Maria Basagoiti, Mexikoko euskal kultura eta herentziaren babesle handienetako bat hil da atzo

2009/07/02

Jose Maria Basagoiti (argazkia EuskalKultura.com) Berria atzo egun hondarrean iritsi zitzaigun Mexikotik, bertatik eta internetez Jaione Arrieta Galarraga euskal mexikar aktiboak kudeatzen duen VascosMexico posta zerrendaren bidez. Getxon jaioa, Jose Maria Basagoitiren bizitza Mexikorekin zinez lotua garatu da, gazterik iritsi baitzen bertara, XIX. mende erdialdean bere aitona Antonio Basagoitik ipinitako bideari jarraiki. Ekonomian pertsona esanguratsua izatearekin batera, Mexikoko euskal presentzia eta komunitatearen alde egindako lanagatik nabarmendu zen.

Gehiago irakurri...


Justo Garate ikerlari eta jakintsu euskaltzale bergararra Argentinan hil zeneko 15. urteurrena betetzen da gaur

2009/07/02

Justo Garate Arriola Hamabost urte izango dira gaur Justo Garate, Diasporari hain lotutako idazle, mediku eta ikaslari handia hil zela. Bergaran 1900ean jaioa, 1936ko gudaren ostean erbestera jo behar izan zuen Garatek, eta Argentinako Mendoza hirian aurkitu zuen bizilekua, bertako Unibertsitateko medikuntza irakasle, dekanorde eta kontseilari izan zelarik. Argentinatik ere euskal kulturaren alde lan eskerga egiten jarraitu zuen eta 1979an euskaltzain urgazle izendatu zuten. Bere pertsona oroitu nahi izan dugu gaurko egunez.

Gehiago irakurri...


Abuztuaren 29tik irailaren 6ra jokatuko da Balmasedan Euskal Gizataldeen Munduko Mus Txapelketa

2009/07/02

Iaz Bartzelonan jokatutako txapelketako opari banaketa Euskal Gizataldeen arteko Munduko Mus Txapelketaren 32. edizioa Bizkaiko Balmaseda herrian jokatuko da. Hamabi bikoteren arteko lehia izango da. Iazko txapelketa Bartzelonan egin zen eta irabazleak Euskal Herriko ordezkariak izan zirenez, Iñaki Abendibar eta Antonio Vicente, bertakoei tokatzen zaie norgehiagoka nagusiaren antolaketa. Garaiz eta itxuroso ibili dira prestaketa lanetan Balmasedan eta oso garaiz adierazi dituzte egitaraua eta muslarientzat zein laguntzaile etorriko direnentzat prestatutako bestelako ekintzak. Besteak beste egitarau osoa bildu dugu hona.

Gehiago irakurri...


150 bat lagun partaide Buenos Airesko Eusketxe-Eusko Kultur Etxeak bere egoitzan gauzatutako kultur ekitaldian

2009/07/01

Maria Elena Etcheverry Eusketxeko lehendakariaren hitzek abiatu zuten kultur ekitaldiari joan den asteazkenean (argazkiak EuskalKultura.com) 'Etxe hau, maitasunez eta errespetuz, euskaldun guztien aterpe izango da, inongo bereizkeriarik gabe'. Elkarte antolatzailearen ezaugarriei buruzko adierazpen honekin ekin zion María Elena Etcheverry Eusko Kultur Etxearen lehendakariak, joan den asteko asteazkenean, ekainaren 24ean egin zen euskal kultur ekitaldiari. Eusketxeren egoitza txikia geratu zen bertaratutako guztiak biltzeko, baina gonbidatuak zein antolatzaileak asmatu zuten moldatzen ikuskizuna eta oro har programa osoa ondo ikusteko, eta afaltzeko orduan zerbitzatu zen euskal menua dastatzeko. 'Jende berri asko etorri da. Batzuk lehenengoz zetozen gure egoitzara eta zeharo harritu dira bizi dugun giroa ikustean. Hori guretzat ezin da pozgarriagoa izan', aitortu dio Etcheverryk EuskalKultura.com-i.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia