2009/12/17

Mende erdia darama Los Castores kooperatibak euskal kultura eta batez ere euskal pilota zabaltzen Venezuelan, 1959an sortu zenez geroztik. Urrats berri bat emanez, Kooperatibak Euskal Pilota Kluba sortu zuen 1970ean eta horren bitartez Venezuelako pilotari harrobia lantzen berebiziko lana egin du. Mende erdia ospatzeko kooperatibak zenbait ekitaldi egin ditu urtean zehar eta, azkenekoan, pilota partidu bat jokatzeaz gain Santiago Lazo pelotari eta kooperatibako kidea omendu dute.
Gehiago irakurri...
2009/12/17

Buenos Airesko Euskaltzaleak erakundeak aurten inoiz baino ikasle gehiago izan ditu. Hori, besterik gabe, ospakizunerako oso arrazoi ona da. Horregatik ikasleak, irakasleak eta euskaltegiaren lagunak bildu ziren joan den abenduaren 5ean Mexiko kaleko euskal egoitzan eguna ospatu eta aldarrikatzeko. Izan ere, eta instituzioaren lehendakari Teresa de Zavaletak esan zuenez, 'Euskal Herrian gaur euskarak eta euskaldunak eraso asko jasaten ari dira, eta testuinguru honetan zaila da jai bat egitea. Hala ere, etxe honetan lan handia egiten dugu gure hizkuntzaren alde, gero eta gehiago gara eta hau da euskarari eusteko guk dugun modua'. San Frantzisko Xabier-en egunarekin batera, urte amaiera dator Hego Amerikan, beraz festa, ikasleek prestatutako esketxak, abestiak eta jolasak agertoki ezinhobea bihurtu ziren larunbat gauean.
Gehiago irakurri...
2009/12/16

Idahoko prentsak, eta bertako egunkari nagusia den 'The Idaho Statesman'ek, arreta ipini dio astearte honetan Madrilen Egunkariaren aurka hasia den epaiketari. Izan ere, Egunkariako zuzendaria, Martxelo Otamendi, ibilia da Boisen eta lagunak ere baditu bertan. Aldietako batean, euskal jatorrikoa den Dave Bieter Boiseko alkatearen etxean egin zuen lo. Gure irakurleentzat interesa izan dezakeelakoan, hona ekarri dugu egunkari iparamerikarrak atzo argitara eman zuen artikulua.
Gehiago irakurri...
2009/12/16

Urte amaiera zinez lanpetua izan dute --izaten ari dira-- Bartzelonako Euskal Etxekoak. Euskal Herria Sona musika jaialdiari amaitzeko denborarik eman gabe, abendu hasieratik beste bi lerro jardun dituzte arrakasta handiz Bartzelonako Euskal Etxeko kideek: Jorge Oteizaren bizitza eta proiektua eta Oroimen historikoa. Horrekin batera, eta aste honetan Egunkariaren auzia hasi dela-eta, Bartzelona eta Kataluniako Egunkariaren aldeko batzordearekin bat, elkarretaratzeetan parte hartzera deitu dute kataluniar hiriburuko Euskal Etxekoek. Hala bildu ziren atzo bertan. Aste hondarrean, bestela, ostiralean, San Tomas eta Olentzero festa egingo dute, txistorra, umore ona eta gainerako festa osagai guztiekin.
Gehiago irakurri...
2009/12/16

Kubako Athletic-en Peña sortu zela zortzi hilabete pasatu diren honetan, elkartea sendotu eta indartu egin dela esan daiteke eta ibilera polita hartu duela, hilabetero bilduz, dagoeneko Klubaren aurrean ofizialdu dela eta Athletic-en Peñen Nazioarteko Elkartean sartu dela. Honelako konklusio eta emaitza baikorrak plazaratu ditu Peña kubatarrak joan den larunbatean, abenduaren 12an, bere lehenengo urteko biltzarra egin eta gero. Bilkuraren ondotik, bildutako 26 kideek bapo bazkaldu zuten, aukera baliatuz urte amaierako festa ere ospatzeko. Ez dago batere gaizki, Kubako gainerako elkarte euskaldunek mugimendu gutxi daukaten testuinguru orokorrean.
Gehiago irakurri...
2009/12/15

Idahoko estatu-idazkari ohi Pete Cenarrusa euskaltzale euskal-amerikar ezagunak bihar --92 urte betetzen dituen egun berean-- sinatuko ditu Boiseko Euskal Museo eta Kultura Institutuan bere bizitza osoko ibilbidea kontatzen duten memoriak, "Bizkaia to Boise: The Memoirs of Pete T. cenarrusa" izenburupean APko Quane Kenyon kazetariarekin batera plazaratu dituenak. Cenarrusak berak iragarri duenez, liburuaren sarrerak oro Idahoko eta AEBetako euskal ondarea ikertu, ezagutu eta zabaltzeko xedea duen 'Cenarrusa Foundation for the Basque Culture' erakundearentzat izango dira.
Gehiago irakurri...
2009/12/15

Santiagoko ‘Euzko Etxea’ Euskal Etxeak aurtengo lehenengo Musika-Tertuliak burutu zituen aurreko urrian. Euskal musikarekin hasiz (Hiru Damatxo kantu tradizionala abestu zen eta Itxaropen Gaztea dantza taldeak emanaldia eskaini zuen) eta kantu txiletarrei omenaldia eginez (Santiago 4 abesbatzaren ikuskizunarekin) ekitaldi arrakastatsua izan zen antolatzaileentzat zein gerturatu zirenentzat. Euzko Etxeko Berriketari albistaria medio eskuratu dugun informazioa eta argazkiak dira honakoak.
Gehiago irakurri...
2009/12/15

Renon, Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroak (CBS) epea zabaldu du hautagaiak aurkez daitezen 2005etik hona urtero deitzen duen 'William A. Douglass Distinguished Scholar Award' delakorako. Oraingo deialdian 2010-11 ikasturteari dagokion beka/sari hau Euskal Ikasketen alorretako batean aditu edo espezialista den ikerlari edo akademiko bati zuzentzen zaio. Urtero aldatu ohi da aukeratutako alorra eta aurtengoan Euskal Historia ikergai duen pertsona baten bila dabil CBS. Ibilbide eta curriculum sendoa eta akademikoki innobatzailea beharko du izan. Hautagaiak aurkezteko epea 2010eko urtarrilaren 15ean bukatuko da.
Gehiago irakurri...
2009/12/14

Euskal Herriko herriska batean, Arabako Zuhatzan, jaio zen Aitor Alava. Hamaika urterekin eta Aiara Dantza Taldean hasi zen bere lehenengo pausoak ematen euskal dantzen munduan. Oso jarduera txukuna zeraman jaioterrian, talde askorekin egin zuen dantza eta bere lekua hasia zen erdiesten. Baina berak askotan errepikatzen duenez, 'munduak bira asko ematen ditu' eta euskarak Marina, neska argentinar bat ezagutzera eraman zuen. Orain Aitor, Marina eta Maialen, bien alabatxoa, Buenos Airesen bizi dira; baina euskal kulturaren alde, batez ere euskal dantzen alde gogor lan eginez segitzen baitu arabarrak. Euskal etxe askorekin harremanetan, Euskal Echea Institutuan ari da eta bere taldea, 'Ekin Dantzari Taldea', sortu zuen iaz. 'Euskal Herriko zazpi herrialdeetako dantzak ikasiz gure herriko kultura eta nortasuna hobeto ezagutu daiteke', ziurtatzen du Argentinan jadanik bost urte eman dituen Aitorrek.
Gehiago irakurri...
2009/12/14

Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzu Nagusiak online bidezko salmenta sistemaren webgune berria aurkeztu du. Argitalpen katalogoa sarean ipintzearekin pertsona interesatuek, munduko edozein tokitatik eska dezakete informazioa Jaurlaritzak argitaratutako izenburuez. Nahi den liburua aurkitu edo edozein bilaketa egiteko, aski da horretarako ezarri den webgunera jo eta bertan adierazten diren jarraipideei jaramon egitea. Katalogoak bost atal nagusitako produktuak eskaintzen ditu: Kartografia (330 produktu), Soinu-materiala (43 izenburu), Bideo eta DVDak (363 DVD), Liburuak (7080) eta Aldizkariak (333 sarrera).
Gehiago irakurri...