euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Patagoniako 'Hegoalde Argentinarra' Euskal Etxeak EHrako bidaia banatu zuen bere Urte Azkeneko festan

2009/12/30

'Hegoalde Argentinarra'k urtea amaitzeko aire librean, Los Vascos tabernaren kanpoko aldean eginiko bazkariko ikuspegi bat (argazkia La Opinion Austral) Rio Gallegos-en, Patagoniako Santa Cruz probintziako 'Hegoalde Argentinarra' Euskal Etxeak, Urte Azkeneko festa ospatu zuen joan den igandean. Euskal gizataldeko kide eta lagunek une goxoak pasatu zituzten 'asado' argentinar baten inguruan, txapelak eta euskal jantzi batzuk soinean, harro, euskaldun sentitzeak eta Euskal Herriarekiko hurbiltasunak bertara bilduta. Cesar 'Toti' Arizmendi lehendakari duen euskal elkarteak, urterokoa bilakatzen ari den Euskal Herrirako txartel biren zozketa ere egin zuen, sariaren osagarri mila euro dirutan, bidaia gastuetarako. Sinestea kostatu zitzaion Marela Cagnolok eskuratu zuen bidaia preziatua.

Gehiago irakurri...


Segitzen du, areagotua bizi dugun sasoin honetan, Oñati eta José C. Paz-en arteko alkartasun harremanak

2009/12/30

Jose Antonio Urteaga Hermansoloñako koordinatzailea, 2004ean EuskalKultura.com Oñatira ekimena gertutik ezagutzera joan zenean egindako argazkian (argazkia EuskalKultura.com) 2000. urtean Oñatiren eta José C. Paz herri argentinarraren artean senidetasun harremana bultzatu zuen lan-ildoak aurrera darrai. Bederatzi urtetik goiti baliabideak eta ahalegin solidario etengabea bideratzen aritu ondoren, hainbat proiektu eta ekimen jakin bultzatuz eta aurrerabidean ipiniz, halaegin oñatiar hori Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE) bilakatu da, Hermansoloña izena hartuz. Oraingo Eguberri kanpainan ere, Oñatiko zenbait elkarte laguntzailerekin batera lankidetzarako ohiko deialdiak egin dizkiote Oñatiko herriari. Baita bertsotan ere.

Gehiago irakurri...


Jaurlaritzak 207.854 euroko diru laguntza banatuko du 5 herrialdetako 85 larritasun kasuren artean

2009/12/29

Venezuelako Valencia-Caraboboko Eusko Etxeko kideak daude laguntza gehien hartu dutenen artean. Argazkian, Valenciako Eusko Etxeko instalazioak Eusko Jaurlaritzak atzo eman zuen argitara Agerkari Ofizialean (EHAA) 'atzerrian dauden euskal gizataldeetako partaideak diren eta egoera larrian eta asistentzia faltan dauden pertsonei laguntzeko' 2009ko deialdiko emaitzak. Guztira 85 pertsona edo familia izango dira orotara 207.843 euroko kopurua banatuko duen programa honetako onuradunak, 26 euskal etxe eta bost herrialdetakoak, hala nola Argentina, Txile , Mexiko, Uruguai eta Venezuela.

Gehiago irakurri...


Arrecifesko Euskaldunak Denak Batek dantzatuz eta erakundearen webgunea estreinatuz eman dio agurra 2009ari

2009/12/29

Euskal etxeko txikien dantza taldea (argazkiak EE) Asko dira urtean zehar Arrecifesko Euskal Etxeak antolatzen dituen ekintzak. Errepidea hartuz beste euskal etxe batzuek eratutako jardueretan ere hartzen dute parte Euskaldunak Denak Bat-eko kideek, hala nola, Cañuelasko 'Dantzari Egunean', edota Euskal Astean, batzuk aipatzearren. Alabaina, arrecifestarren urte amaierako festak zapore berezia izan ohi du arrazoi bat baino gehiagogatik: alde batetik, etxean egiten diren ekintzetako partaideak biltzen direlako; bestetik, herritik kanpo bizi direnak (euskal) etxera bueltatzen direlako jaiegunak pasatzera. Horrela, lagunen artean, agur esan zioten Arrecifesko euskaldunek mementu goibel baina alaiak ere daramatzan 2009 urteari.

Gehiago irakurri...


Euskal jatorriko Ron Parraguirre epaile nevadatarra Estatuko Gorte Goreneko Justizia Buru 2010ean

2009/12/29

Ron Parraguirre epailea. Bere familiak Etxalar herri nafarrean dauka jatorria Euskal Herrian (argazkia EuskalKultura.com) Atzo bertan jakin arazi zenez, euskal jatorriko Ron Parraguirre epaile nevadatarra estatu honetako Gorte Goreneko Justizia Buru izango da egun gutxi barru, 2010ean, orain arte zeregin horretan ibili den James Hardesty jujearen lekua hartuz zazpi kideko gorte honen buruzagi gisa. Urtero berritzen den Epaimahai Goreneko Justizia Burua (chief justice) Estatuko adar judizialaren buru administratiboa da eta gorte goren horretako eleduna.

Gehiago irakurri...


Argentinan bizi den euskal 'gerlako haur' batek, egun 84 urtekoa, 60 urteko alaba duela atxeman du

2009/12/29

Manuel Cámara (Deia argazkia) Deia egunkariak eman zuen argitara istorioa atzo. Gizona, Manuel Camara galdamestarra, egun 84 urte dituen eta duela 60 urte Argentinan bizi den gerlako euskal haurra, azkeneko urteotan joan da jakiten bazitekeela alaba bat --orain ia 60 urtekoa-- izatea Ingalaterran sortua. Manuel Ingalaterrara eraman zuten 1937an, 12 urte zituela eta bertan beste hainbeste urte eman zituen, 24 urte zituela Argentinara emigratzea erabaki zuen arte. Bera bizi zen etxeko emazteak izan zuen haurra, eta senarrarena balitz bezala hazi zuten, geroztik azken hiru bat urteetan egia plazaratzen joan bada ere.

Gehiago irakurri...


'Beraiek egin zuten' liburua: Jose C. Paz herriko euskal historia Alvarez Vazquez lantegia medio kontatuta

2009/12/28

María del Pilar-en semeak egindako liburuaren azala. Argentinara Alvarez Vazquez-en lehenengo lau enplegatu ekarri zituen itsasontzia da agertzen dena, Monte Ayala izenekoa Abenduaren 19an aurkeztu da Jose C. Paz-eko Toki Eder Euskal Etxean 'Ellos lo hicieron' (Beraiek egin zuten) liburua. Maria del Pilar Uribeondo y Ruiz idazleak Jose C. Paz-en urtetan funtzionatu zuen Alvarez Vazquez lantegi eta langileen historia kontatzen du liburu honetan. 'Galiziako gizon batek Urbin, Basaurin, eraiki zuen bere lehenengo lantegia eta ekimentsua zenez, beste bi Ameriketan, Montevideon eta Argentinako Jose C. Paz-en. Makina bat euskaldun etorri ziren lantegi honetan lanera; hori dela eta gaur egun euskal jatorria duen jende ugari dago Jose C. Paz hirian, baita San Miguelen eta inguruko beste herri batzuetan ere', azaldu dio liburuaren egileak EuskalKultura.com-i. Oraingoz, 400 aleko tirada egin da eta FEVAk baimena eskatu dio Uribeondo andreari datorren urtean Buenos Airesko Liburu Azokan aurkezteko.

Gehiago irakurri...


Montevideoko Euskal Erria Euskal Etxeak batera ospatu zituen Euskararen Eguna eta Urte Bukaera

2009/12/28

'Voces de la Plaza' abesbatza Euskal Erria Euskal Etxean kantari, euskal kantuak eskainiz Montevideotik, hiriburu uruguaitarreko Euskal Erria Euskal Etxekoek Euskararen Nazioarteko Eguna eta Urte Amaiera festa ekitaldi berean ospatu zituztela adierazi digute. Ekitaldia euskal egoitzako Ezkurra Aretoan gauzatu zen eta deialdiko programako parte, koru musika eta euskal folk tradizionala eskaini ziren, euskara ikasle eta irakasleek eta elkarteko bazkide eta lagunek osatutako entzulego baten aurrean.

Gehiago irakurri...


Argentinako euskal etxeetan ere euskal hizkuntzaren doinua ozen entzun ahal izan zen Euskararen Egunean (I)

2009/12/28

'Patagonian ere bai' jaiaren logoa Euskal herritar guztiena eta modu berezian euskaraz mintzatzen direnen eguna da Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE). Argentinako Diasporan, euskara ikasleak dira jai honen protagonista berezi, beraiek bermatzen baitute Euskal Herritik hamabi mila kilometrora euskararen geroa. Euskal Etxe batzuetan abenduaren 3an bertan ospatu zen ENE. Beste batzuetan ondoko asteburu edo astean. Edonola ere, jolasak, ekitaldi kulturalak eta topaketak Argentinako hainbat euskal etxetan egin ziren, Saltatik Patagoniara eta Mendozatik Buenos Aires probintziara. Hona hemen hurrerapen bat (I).

Gehiago irakurri...


Argentinako euskal etxeetan ere euskal hizkuntzaren doinua ozen entzun ahal izan zen Euskararen Egunean (eta II)

2009/12/28

Rosarioko Zazpirak Bat-eko euskaldunek Euskara stand bat muntatu zuten hiriko Gernika Plazan Euskal etxez etxe bidaiatu zen euskararen oihartzuna abenduaren lehenengo bi asteetan Argentinan zehar. Urte osoan egindako lana erakutsi nahian ikasle zein irakasleek topaketak eta jaiak antolatu zituzten. Kasu batzuetan, euskara ikasle (oraindik) ez direnek ere hartu zuten parte jakinminak bultzaturik. Euskal etxeetako gela eta kaleak ere gorri-berde-zuriz jantzi zituzten Argentinako euskaldunek arbasoen hizkuntza orain eurenganatuari merezitako omenaldia egiteko.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia