euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jose Maria Bengoa hil da, 96 urterekin, elikapen medikua eta Venezuelan hazitako Diasporako euskalduna

2010/01/18

Jose Maria Bengoa Lekanda Jose Maria Bengoa Lekanda (Bilbo, 1913) joan den larunbatean hil da, hein handi batean Venezuelari lotutako bizimodua eraman ondoren, bertara heldu baitzen gazterik errefuxiatu, 1938an. "Euskalduna naiz izatez, Euskal Herria da nire ama, baina sozialki, kulturalki eta zientifikoki venezuelarra sentitzen naiz", esan izan zuen inoiz. 1947an Amaia Renteriarekin ezkondua, sei seme-alaben aita da, euretako bat egungo Jaurlaritzako Osasun sailburua, Rafael Bengoa Renteria. Elizkizunak gaur arratsaldeko zazpietan izango dira, Algortako Bariko San Nikolas elizan.

Gehiago irakurri...


Carolina Istilart argentinarra Hazparne-Makeako bere ahaideak bisitatzen izana da Euskal Herrian

2010/01/18

Carolina Istilart Hazparnen, bere senar Pedro-rekin (argazkia Herria) Jean Baptiste Istilart lapurtarra (Hazparne, 1867-Tres Arroyos, 1934) gizon famatua eta Argentinan, partikularzki Tres Arroyos herri aldean, aitzinamendua eta aberastasuna sortu eta ekarri zuen pertsona izan zen. Bildu izan dugu lehenago EuskalKultura.com-era bere berri, eta Makean sorleku edo bizileku berekoa den Ramuntxo Camblong-ek eta familiak beti gogoan atxiki duten ahaidea izan da, "Ameriketako oseba" gisa-edo. Argentinako Carolina Istilart ibili da hondarreko asteetan Makea eta Hazparnen, bere euskal sustraien sorlekuak bisitatzen. Artikulua Herria astekariak argitara emana da, Jean Arotçarenak sinaturik, aurtengo lehenengo alean.

Gehiago irakurri...


Etxepare, abiatzea kostatzen ari zaion institutua; egoitza eta aurrekontua baditu, errekurtso bat argitzeke

2010/01/15

Donostiako Prim kaleko eraikin hau prest dago Etxepare Institutua baitaratzeko, egokitze lanak eta gainerakoak amaituta (argazkia LuisMichelena-DV) Zer gertatzen da Etxepare Institutuarekin? Galderak hor segitzen du, institutua ez baita oraindik abiatu. Euskal Herritik kanpo euskararen eta euskal kulturaren sustapenaren ardura hartzea helburu duen erakunde honen izena gastatua dago ia, baina erakundea berez ez da oraindik hasi. Nekez eman ditu sortu ahal izateko pausoak, aurrekontua badu, baita egoitza ere, baina 10 langile kontratatzeko emandako urratsak geldirik daude LAB sindikatuak ipinitako errekurtso bat erabaki artean. Ibilbidea orain artean aldapan gora izan badu ere, Kultura sailak pentsatzen du aurten urte erdialdean abiatu ahal izango duela Euskal Herritik kanpoko euskalgintzan, baina euskal kultur ekintzan oro har, giltzarri izango den baliabide hau.

Gehiago irakurri...


Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak Kantagunea sustatuko du sarean, euskal kantu tradizionala sustatzeko

2010/01/15

Eresbileko artxiboa erabiltzen ikerketak egiteko (argazkiaArizmendi-DV) Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak geroz eta dokumentu gehiago ditu. Aurten, gainera, zortzi funts berri osatu dituzte, eta 4.926 dokumentu berri jaso. Jon Bagues zuzendariak zortzi funtsetatik bi nabarmendu ditu: Santiago Bengoetxea biolin jotzailearena eta Jesus Aranbarri musikariarena. Gainontzekoak, Zunzundegi sendiaren (Zestoa, Gipuzkoa), Felix Beteta Yarzaren (Pasaia, Gipuzkoa), Francisco Bengoa Berbejilloren (Bilbo), Jose Menendez de Estebanen (Tafalla, Nafarroa) eta A. Saenz Valdesen (Castro Urdiales, Espainia) lanak behar dira azpimarratu. Nabarmendu behar da baita ere, Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak Kantagunea ekimena sustatuko duela sarean, euskal kantu tradizionala sustatzeko, Diasporako musikazaleei bereziki baliagarria izan zaiena. Artikulu hau gaurko Errenteriako Hitzan eman dute gaur argitara.

Gehiago irakurri...


Urtarrilaren 21ean itxiko da epea 2009ko Euskal Herritar Unibertsala Sarirako hautagaiak aurkezteko

2010/01/15

Martin Ugalde idazlea, Venezuelako Diasporari estu lotua; 2003an jaso zuen berak Euskal Herritar Unibertsala Saria. Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak eta Euskadiko Kutxak 2009. urteari dagokion Euskaldun Unibertsala urteroko sariaren 13. edizioa deitu dute. Sari honekin, "gure mugetatik kanpo euskal izaeraren irudiaren proiekzioa eta oihartzuna eragin duen lana edo ibilbidea erakutsi duten pertsonak, elkarteak eta erakundeak goraipatu nahi dira". Urtarrilaren 21ean [datorren asteko ostegunean] bukatuko da hautagaitzak aurkeztu ahal izateko epea.

Gehiago irakurri...


Turismoa egin eta bertsoak atzerrian entzun nahi? Maialen Lujanbioren saioak Estatu Batuetan eta Irlandan

2010/01/15

Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio azken Euskal Herriko Txapelketaren egunean, Andonik txapela Maialeni pasatu zionekoa. Martxoaren 13an biak arituko dira AEBetan, San Frantziskon (argazkia eke.org) Turismoa egin eta aldi berean euskal bertsolariak atzerrian ikusi eta entzuteko kapritxoa daukazu? Seguru aukera gehiago daudela, baina oraingoan bi hautatu dizkizugu, eta aldez aurretik esaten, planak egin ahal izan ditzazun, goi mailako bertsolariekin gainera, Maialen Lujanbio Euskal Herriko txapelduna bera tartean. Lehenengoa, AEBetan izango da, San Frantziskon, martxoaren 13an, Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña kantari. Bigarrena, berriz, Irlanda Iparraldean, Belfasten, Lujanbio bera eta Jon Maia. Zergatik ez animatu?

Gehiago irakurri...


Denboraleak Madrilgo Beti Jai kantxaren eraikinaren zatiak erortzea ekarri du, birgaitzea eskakizun

2010/01/14

Denboraleak Beti Jairen aitzinaldean eragindako kalteak aipatu eta azkar mugitu beharra aldarrikatu du Egunotan Europa eta mundu osoa astintzen ari den denboraleak kalteak eta eraikin aurrealdeko zati batzuen erortzea eragin dizkio Madrilgo Beti-Jai kantxa historikoaren eraikinari (1893), urteak baitira mantenumendurik gabe eta egoera gero eta txarragoan dagoela, orain arte erabaki ez diren birgaitzeko aginduen zain, adierazi dute eraikin bakar honen geroa segurtatu eta kirol eta kultura helburuetarako izan dadin borrokan ari diren plataformakoek, eskumenak dituzten administrazioei euren lankidetza eta ardurak hartzea eskatu eta eskertuz.

Gehiago irakurri...


Euskal Ikaskuntzen Alemaniako Etxeak euskal laburmetraiagileei deia eginez hasi du urtea

2010/01/14

Ostiral honetan Goethe-Frankfurteko Unibertsitatean emango den filmaren afixa, Euskal Ikaskuntzen Alemaniako Etxeak (Haus Baskischer Studien) antolaturik Frankfurten egoitza duen Euskal Ikaskuntzen Alemaniako Etxeak zine emanaldiak berreskuratuz ekingo dio urte berriari; hala eginen du bihar bertan, ostirala, "San Fermines'78" dokumentala proiektatuz, ondoren hilaren 27an, asteazkena, Kimuak saileko lanak eskainiz segitzeko. Baina ororen buru esan beharra dago elkarte alemaniar euskaltzale horretako koordinatzaile Martin Petrus harremanetan jarri dela EuskalKultura.com-ekin deialdi bat luzatzeko euren lanak Frankfurten eta Alemaniako leku gehiagotan erakutsi nahi dituzten euskal luzemetraiagileei, harremanetan jar daitezen berarekin, herrialde germaniarreko zenbait zinemaldirekin ari baita lanean, euskal ikusentzunezko emaitzei ahalik eta hedapenik handiena ematearren. Laburmetraiagilea bazara, ez aukera galdu.

Gehiago irakurri...


Irakurraldi bira egingo dute Unai Elorriaga idazleak eta bere itzultzaile Amaia Gabantxok Estatu Batuetan

2010/01/13

"Plants Don't Drink Coffee" liburuaren azala, Unai Elorriagak idatzia eta Amaia Gabantxok ingeleseratua Unai Elorriaga idazle getxoztarrak eta bere ingeleseratzaile Amaia Gabantxok New Yorken hasiko dute bihar datorren urtarrilaren 28ra arte Estatu Batuetako zenbait hiritan egingo duten irakurraldi bira. "Plants Don't Drink Coffee" da Elorriagak idatzirik ingelesez argitaratu den lehenengo liburu honen izena, izan ere Brooklyn-New Yorkeko Archipelago Books argitaldariaren eskutik. Bira honek New York, Washington Hiria, Menphis, Reno eta Bostoneraino ekarriko dute bikote idazle-itzultzailea.

Gehiago irakurri...


Jaurlaritzak aldaketak ofizialdu ditu Lehendakaritzaren organigraman eta izenez aldatu du Diasporarako Atala

2010/01/13

Orain arteko Kanpoko Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritza (Julian Celaya buru, argazkian) aurrerantzean Kanpoan diren Euskal Herritarrentzako eta Gizataldeentzako Zuzendaritza izango da (argazkia EuskalKultura.com) Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak Lehendakaritzaren egitura organikoa eta egitekoak finkatzen dituen dekretua onartu zuen atzoko bilkuran, bi Idazkaritza Nagusi berri sortuz: Koordinaziorakoa, eta Herritarren Partaidetzarako eta Dokumentaziokoa. Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiari dagokionez, orain arte iragarrita baina ofizialki onartu gabe zegoen Euskadiko Ordezkaritzen murriztea onartu zen, eta baita ere Julian Celaya buru duen Zuzendaritzaren izen aldaketa, EuskalKultura.com-ek bere momentuan aurreratu bezala, aurrerantzean Kanpoan diren Euskal Herritarrentzako eta Gizataldeentzako Zuzendaritza izena hartuko duena.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia