euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ardo, elikagai eta berriztagarriak, Miguel Sanz presidentea Washingtona egiten ari den bisitako ardatz

2010/02/16

Sanz presidentea eta Barcina alkatea Washington DCko Ardo eta Elikagai Azokan ardogile nafarretakoa zen Otazu konpainiakoarekin Estatu Batuetara egiten ari den biadaiaren azken txanpan, Miguel Sanz presidentea buru duen ordezkaritza nafarra partaide izan da Washington DCn Nafarroako ardogintza eta elikagai produktuen sustapenarekin zerikusia daukaten ekimenetan zein energia berriztagarrien arloan Nafarroak egin ditzakeen ekarpenak sustatu nahi izan dituztenekin. Lehenengoei dagokienez, Nafarroako Gastronomia Astean parte hartzeaz gain, lehenengoz ardo, patxaran eta olio nafarrek parte hartu dute Washingtongo Ardo eta Elikagai Azokan, presidentea lekuko. Bigarrengoen kasuan zenbait ekitaldi eta bilkura egin ditu nafar ordezkaritza ofizialak AEBetako Administrazio, enpresa eta arduradunekin.

Gehiago irakurri...


Blanca Urgell Kultura sailburuak Etxepare Institutua 2010ean ez aktibatzea litekeena dela uste du

2010/02/15

Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Blanca Urgell (argazkia Eitb.com) Badirudi luzerako doala. Posible da oso Eusko Jaurlaritzaren Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko kultura ekimen guztiak koordinatzeko sortu zen Etxepare Euskal Institutua ez hastea lanean aurten, finkatuta dituen 10 lanpostuak betetzeko prozesua jasaten ari den atzerapenak direla-eta. Hala adierazi du joan den ostegunean erakunde hori bere ardurapean duen Kultura saileko buru den Blanca Urgell-ek. Etxepareren azpiegitura osoa eta gainerako guztiak prest daude, zai zuzendari bat izenda dezaten eta LABek lanpostu deialdiaren aurka aurkeztutako errekurtsoari buruzko epaileen deliberoaren beha baita ere. Duela bi aste, Euskal Erkidegoko Justizia Epaimahai Gorena sozialeko jurisdikzioaren alde erabaki zuen, eta honek areagotu egingo du berriz ere atzerapena.

Gehiago irakurri...


Mariann Vaczi ikerle hungariarra Bilbon da Renon aurkeztuko duen Athletic-i buruzko tesia egiten

2010/02/15

Mariann Vaczi Athletic-en bufanda jantzita San Mames zelaia atzean duela (argazkia CorreoMitxelAtrio) Mariann Vaczi antropologo hungariarra Bilbora iritsia da duela pare bat aste bertan urtebete pasexe egin eta Athletic futbol taldearen eta honen inguruko fenomenoari buruzko ikerlan bat egiteko, ondoren Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroan doktorego-tesia lortzearren aurkezteko. Vaczi-k entzuna zuen "soilik bertako jokalariekin jokatzen zuen futbol talde bat bazegoela eta filosofia honetan ehun urte zeramatzala kategoriatik jaitsi gabe" eta harrituta geratu zen. Gaia Renoko Unibertsitatean aurkeztuta, onartu egin zioten eta Hungariako unibertsitate baten bidez lortu zuen honi ekiteko beka.

Gehiago irakurri...


NABOk osoko kide gisa onartu du joan den asteburuan San Frantziskon Miamiko Euskal Etxea

2010/02/15

Miamiko Euskal Etxeko ikuspegia elkarteko ekitaldi batean, artxiboko irudian (argazkia EuskalKultura.com) NABOk osoko kide gisa onartu du Miamiko Euskal Etxea joan den larunbatean South San Frantziskoko Euskal Kultur Etxean egindako bilkuran. Egun Florida estatuko euskal etxe bakarra da Miamikoa. Kidetzak dakartzan eskubideak dagoeneko indarrean badaude ere, datorren uztailean NABOk Idahoko Boisen egingo duen Biltzarrean aurkeztuko da Miamiko Euskal Etxea Estatu Batuetako eta Kanadako bere lankideen aurrean. Lehenengo aldia da hau Floridako euskal etxe bat NABOra bildu eta AEBetako gainerako euskal etxeekin koordinatuta lanean hasi izan dena. NABOk berrogei kide baino gehiago biltzen ditu egun, guztiak AEBetakoak, Kanadako bi salbu.

Gehiago irakurri...


Ellis Island-eko euskal erakusketaren inaugurazio ekitaldiaren irudi kronika, argazki eta bideoak (III)

2010/02/15

John Bieter historialari euskal amerikarra aritu zen aurkezle (argazkia EuskalKultura.com) Azken atala Ellis Island-eko euskal erakusketaren inaugurazio egunean utzi genuen, Boiseko Biotzetik euskal abesbatzak bere errepertorioko zenbait euskal pieza kantatu ondoren eta hiriburu bereko Oinkari dantzariak euren emanaldia eginik utzi genituen hain zuzen. Bertan zeuden euskal multzoko partaideak, New York bertakoak zein AEB Mendebaldekoak izanik, begi dizdira berezi batek begiratu zieten eta entzun zituzten ezaguna zeuzkaten doinu, kantu eta dantzak, lekuak eta testuinguruak hala agintzen baitzuen. Aipatu bi talde horien ondotik, Amaia Arberas New Yorken finkatuta dagoen soprano donostiarrari egokitu zitzaion txanda. Berak ere euskal ohiko kantu tradizional, 'betiko' eta esanguratsuak hautatu zituen bere parterako. Hirugarren zatia.

Gehiago irakurri...


Espainiako Atzerri ministroak Lopezen kanpo politika laudatu eta Ibarretxerena kritikatu du Gasteizen

2010/02/12

Moratinos Espainiako Atzerri ministroa Lehendakariaren egoitza den Ajuria-Eneara iristen (argazkia JesusAndrade/ElCorreo) Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Espainiako Atzerri ministroak bilera egin dute Ajuria Enean. Bat etorri da Miguel Angel Moratinos Espainiako Atzerri ministroa Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin. Eusko Jaurlaritzaren atzerri politika berria positiboa iruditzen zaio Moratinosi. Lopezekin bilera egin zuen atzo Ajuria Enean. Bileraren ostean egindako adierazpenetan, Moratinosek ontzat jo zuen Jaurlaritzaren politika. «Bai Euskadirentzat, bai Espainiarentzat» onuragarri dela esan zuen, azken urteetako «sintonia faltarekin» alderatuta. Lopezek horri gaineratu zion euren lan ildoek «beharrezkoak ez diren gatazketatik» ihes egiten dutela. Artikulu hau gaur eman du argitara Berria egunkariak.

Gehiago irakurri...


Bizkaiko sukaldari talde bat biran Perun, eurena partekatu eta bertako gastronomiaz ikasteko

2010/02/12

Bizkaiko sukaldariak prentsaurrean (argazkia AndinaNorManCórdova) "Peruko sukaldaritzak kalitate gorena du bertako produktu itzelak baitauzka eta baita ere euren erroei balioa ematen dieten sukaldariak, tradizioak gordez, nazioarteko maila altuko sukaldaritza teknikekin uztartuz", diote Liman teknika desberdinak ezagutzearren, esperientziak trukatzearren eta gero eta laudatuagoa den gastronomia peruarra ikastearren Limara etorri diren zortzi euskal sukaldariek. Taldea, Bilboko Udalaren babespean etorria, Mariano Gomez --'Slow Food Bilbao Bizkaia'ko presidentea-- buru, honako sukaldariek osatzen dute: Eneko Atxa, Aitor Elizegi, Ricardo Perez, Joxemi Olazabalaga, Guillermo Fernandez, David Garcia, Alvaro Garrido eta Aitor Basabe. Andina, Peruko Berri Agentziak plazaratutako albistea da.

Gehiago irakurri...


NABO bilkura asteburu honetan San Frantziskoko BCCen, elkartearen 28. urteak ospatzearekin batera

2010/02/12

San Frantziskoko BCCko otsaileko urtebetetze festaren aurreko edizio bat: pilotalekua bazkari herrikoiaren orduan (argazkia EuskalKultura.com) Gaurtik aurrera eta asteburu luze osoan --astelehena jai da AEBetan-- San Frantziskoko Basque Cultural Center-ek (BCC) bere 28. urtebetetzea ospatuko du, zenbait ekitaldirekin. Horien barnean, NABOk bere neguko bilera egingo du bihar euskal etxean bertan eta gaur arratsaldez hasiko dira, bestetik, pilota protagonista berezi izango duten asteburuko ospakizunak, honetarako Euskal Herritik propio etorritako pilotari ordezkaritza bat medio, Euskadiko txapeldunak barne. Horrekin batera, programak 'kantu afari' bat, zenbait barbakoa eta otordu herrikoi, musika euskalamerikarreko dantzaldiak Ketxo talde baxenafartarra tarteko, eta klikaren, bertsolarien, dantzarien eta etxeko abesbatzaren emanaldiak ere baitaratuko ditu.

Gehiago irakurri...


Julian Celaya eta Vicente Fox Mexiko Hirian bildu dira, ekimenak elkarrekin egiteko aukera aztertzearren

2010/02/12

Vicente Fox Mexikoko presidente ohia [Donostian sortua du ama buruzagi mexikarrak, Mercedes Quesada] eta Julian Celaya, Jaurlaritzako Herritarrentzako eta Euskal Gizataldeentzako zuzendaria, Mexikon egindako bilkuran Eusko Jaurlaritzako Herritarrentzako eta Euskal Gizataldeentzako zuzendari Julian Celaya eta Mexikoko presidente ohi Vicente Fox Mexikoko Hirian bildu dira, Celaya eta bere departamentuko Benan Oregi teknikaria Ipar Ameriketara egiten ari diren bidaiaran barnean. Bidaia horren baitan, joan den asteburuan 'Begibistan ezkutatuta: euskaldunak' erakusketaren inaugurazio ekitaldietan hartu zuten parte New Yorken, Ellis Island-en. Bi euskal funtzionarioek bidaiari eutsiko diote eta asteburu honetan Estatu Batuetara itzuliko dira, NABOk San Frantziskoko Basque Cultural Center-en egingo duen bileran parte hartzeko, elkarte horren 28. urtebetetzeko programaren barruan.

Gehiago irakurri...


Sanz presidentea eta Barcina alkatea Etxe Zurian bildu dira Obama Administrazioko goi kargudunekin

2010/02/12

Esteban Morrás, Sanz Presidente nafarra eta Yolanda Barcina Iruñeko alkatea Etxe Zuriaren aurrean. Elur ekaitzak ekarritako iztopoen gainetik, aurrera darrai Nafarroako ordezkaritza bat, Sanz presidentea buru Estatu Batuetara egiten ari den bidaia. Izan ere ohikoa bilakatzen ari da urte sasoin honetan bidaia hau, Estatu Batuetako Nafar Astean parte hartzeko --nafar gastronomia eta turismoa sustatuz, beraz-- eta aldi berean zenbait bilkura eta harreman burutzeko Estatu Batuetako alor ekonomikoko agenteekin eta administrazioarekin, partikularzki energia berriztagarrien alorrean, non Nafarroa lidergoan dabilen eta eredu izan daitekeen. Washinbtonen, Obama Administrazioko kargu altuekin bildu da Etxe Zurian ordezkaritza ostegunean. Sanz aurreko egunean heldua zen New Yorkeko JFK aireportura elurte handi baten erdian, hegaldi guztiak bertan behera utzi baino minutu batzuk lehenago.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia