euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

FEVA hauteskundeetara aurkeztuko diren bi zerrendak motoreak berotzen hasi dira: Basterrarenaren esanak (I)

2010/02/25

Ricardo Basterra Santa Rosako Euskadi Pasealekuan. La Pampako hiriburuko 'Zelaiko Euskal Etxea'ko lehendakari eta NABOko diruzaina da gaur egun Ricardo Basterra (argazkia EuskalKultura.com) Datorren astelehenera arte ez da agortuko hautagaitzak aurkezteko epea martxoaren 20ko FEVArako hauteskundeei dagokienez, baina gauden unean gaudela gauza jakina dirudi duela bi urte bezala bi zerrenda lehiatuko direla: jarraikorra bat, azkeneko urteotan FEVA gobernatu duen ildoari segitzen diona, eta berritzailea bestea, aurrekoekiko kritikoa oso eta haren ordea hartzea helburu duena. Astelehenera arte gauza ofizialik esaterik ez badago ere, ezustekorik gertatu ezean, lehenengoko zerrendaburua Ricardo Basterra izango da eta bigarrenekoa Alejo Martin, Santa Rosa eta Cordobako euskal etxeetako lehendakariak, hurrenez hurren. Bi artikulu argitaratuko ditugu segidan: lehenengo honetan, Ricardo Basterra buru duen zerrendak plazaratutakoa bildu dugu.

Gehiago irakurri...


'Renovación Vasca' du izena Alejo Martin FEVAko hurrengo lehendakari paratu nahi duen zerrendak (II)

2010/02/25

Alejo Martin, Cordoba hiriburuko Gure Txokoa Euskal Etxeko lehendakaria eta FEVAko lehendakaritzarako hautagai (astelehenetik aurrera) 'Renovación Vasca'ko zerrendaburu gisa Aurreko artikuluan FEVAko hauteskundeetan lehiatuko den jarraipenezko hautagaitzaren berri ematen genuen, eurak plazaratutako proposamen sorta eta aurkezpen lerro batzuk medio. Oraingoan, beraz, zerrenda berritzaileari, edo bere burua 'euskal berritzaile' aurkezten duen 'Renovación Vasca' izenekoei dagokie txanda. Cordoba probintziako izen bereko hiriburuko 'Gure Txokoa' Euskal Etxeko lehendakaria da gaur egun Alejo Martin zerrenda alternatiboko burua. Bistan denez, egun FEVAn agintean direnekin kritikoa da, eta hautagaitza bateratu bat proposatu ziela esan ondoren, kargu garrantzitsuren bat edo batzuk eskainiz, erantzunik eskuratu ez duela dio, eta bere helburua oraingoan bai --duela bi urte atean gelditu zen-- FEVAko lehendakari bihurtu eta Federazioko moduak eta praktikak aldatzea dela ziurtatzen du.

Gehiago irakurri...


Urdanetaren omenezko 'Euskaldunak eta Pazifikoa' erakusketa 2011ko urtarrileraino ikusgai Donostian

2010/02/25

'Euskaldunak eta Pazifikoa' erakusketaren ikuspegia. Eskuinaldeko 'Simon Anda arabarra Filipinar uharteen defentsan' margolana, martxoaren 3ra arte ikusi ahal izango da bertan, Arabako Arte Ederretako Museora itzuliko baita 'Euskaldunak eta Pazifikoa, Andres Urdanetaren omenez' erakusketa 2011ko urtarrileraino ikusi ahal izango da Donostiako Untzi Museoan, antolatzaileek erakustaldia luzatu eta euskaldunen Pazifiko aldeko esperientzia kontatzen duen ekimen honetaz gozatzeko eta janzteko aukerak zabaldu ondoren. Donostiako Untzi Museoa Gipuzkoako Foru Aldundiaren baitangoa da eta hiriburu gipuzkoarraren portuan kokatzen da, garai batean Itsaso Kontsulatuko parte izan zen eraikin historiko batean, Kontsulatuko Dorretxean, 1813an hiria erabat kixkali eta suntsitu zuen sutetik libratu zen etxeetakoa izanik. Ahal izanez gero, erakusketa gomendagarria euskal historiaren zati ez hain ezagutu hori maite dutenentzat.

Gehiago irakurri...


Villa Maria eta Cordobako EEak eta bertako agintariak bisitatu ditu iragan astean Elvira Kortajarenak

2010/02/24

Elvira Kortajarena, Cordobako Euskal Etxeko Alejo Martin lehendakaria eta Jorge Saenz diruzaina lagun, Cordobako gobernadoreorde Hector Oscar Campañarekin. Urtarrileko udako atsedenaldia bukatuta, Argentinako Euskadiren Ordezkari Elvira Kortajarena lanera itzuli da eta berriz ekin dio euskal etxeak eta euskal komunitateak bisitatzeko bere egitarauari, aldi berean herri eta probintzia mailako tokiko agintariekin ere mintzatuz. Eusko Jaurlaritzaren Ordezkari argentinarra Cordoba probintziara bidaiatu zen joan den asteko astelehenean, otsailaren 15ean, eta Villa Maria herriko eta Cordona hiriburuko euskal etxeak bisitatu zituen, bertatik datorren informazio honek azaltzen duenez.

Gehiago irakurri...


Kortajarenak Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguaiko 17 euskal etxe bisitaturik bukatu zuen 2009a

2010/02/24

Kortajarena Ordezkaria Paraguaiko Asunciongo Jasone Euskal Etxeko lehendakari eta batzordekideekin. Izendatu berritan, Elvira Kortajarena Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguairako Euskadiren Ordezkariak --egoitza fisikoa Buenos Airesen-- argi eta ozen esan zuen bere asmoa bere ardurapean zeuden euskal etxe eta euskal komunitate guztiak bisitatzea eta ezagutzea zela. Zinez barreiatuta eta ehundik gora izanik ere, ez zuen zalantzarik agertu horretan. Iraileko bigarren hamabostaldian izendatua, 2009a amaitu orduko lau herrialdeotako hiriburuak eta orotara 17 euskal etxe bisitatzeko astia eman dio epe horretan. 2010ean ildo berari eutsiko diola agindu du, "ehundik gora euskal etxe horiek guztiak bertatik bertara ezagutu arte", ziurtatu du. Eta orain artekoa ikusita ez zaio zalantzarik egiten. Urte bukaera arte, lau naziotako maila guztietako agintariekin, Espainiako enbaxada eta kontsulatuekin eta FEVA eta FIVU bezalako erakundeekin bildu da. Lehenengo egunean bota zuen "ni lan egitera nator" hari eusten dio doaike. Datozen lerroak Euskadiko Ordezkaritzatik beretik aipatu bidaien iazko balantze moduan helarazi dizkigute eta hala ematen ditugu.

Gehiago irakurri...


Coronel Moldesko herriko euskal komunitateak 'arbasoen omenez' sortu du Gure Zainak Euskal Etxea

2010/02/24

Segurako Karmele Goiburu Coronel Moldesko euskaldunak bisitatu zituen eta haiek oso harrera berezia egin zioten (argazkia EE) Coronel Moldes herria Argentinako Cordoba probintzian dago, Cordoba hiriburutik 300 kilometrora eta Rio Cuartotik 75ra. Herriak bederatzi mila inguru biztanle ditu, eta Argentinako beste herri batzuen bezala, euretako askok arbaso euskaldunak dituzte. Hori dela eta, 2006an bertako Marita Echave andreak dei bat egin zien herriko euskaldunei euskal etxe bat sortzeko asmoz. Deia arrakastatsua gertatu zen eta urte hartan jaio zen 'Gure Zainak' Euskal Etxea. 'Lehenengo bileran gure sendiei buruz hitz egin genuen, eta adostu genuen Euskal Herriko sustraiak, ohiturak eta tradizioak berreskuratu behar genituela', adierazi dio EuskalKultura.com-i euskal etxearen bultzatzaile nagusia den Marita Echavek. Ekintza ugari antolatu dituzte azken urteotan Cnel Moldesko euskaldunek eta hainbat proiektu dauzkate aurtengorako ere.

Gehiago irakurri...


Ana Urchueguia Lasarteko alkate sozialista izenda dezakete gaur bertan Euskadiren Ordezkari Txilen

2010/02/23

Euskadiren Txileko ordezkari berria, Ana Urchueguia sozialista (Donostia, 1952), Lasarteko Udalaren webguneko azalean agertzen den argazkian. Ia 25 urte daramatza Uruchueguiak Lasarteko alkate Lasarten azkeneko ia 25 urtetan alkate izan den Ana Urchueguia izendatuko du gaur seguruenik Eusko Jaurlaritzak Euskadiren Txileko Ordezkaria, Txile bera eta Peru lan-esparru. Azken orduko atzerapenik sortzen ez bada, izendapena gaur egin, eta aste honen hondarrean buletin ofizialak (EHAA) argitaraturik, prest legoke, Lasarteko alkatetzan eman beharreko pausoak eman ondoren, Txileko Santiagon lanean hasteko. Honela, munduko Euskadiren Ordezkaritzen egituran, Estatu Batuetakoa geratzen da une honetan bakarra betetzeke, nahiz eta Guillermo Echenique Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak duela bi aste segurtatu zion New Yorken EuskalKultura.com-i, Estatu Batuetako ordezkariaren izendapena bizpahiru asteko kontua zela, pertsona hautatua dagoeneko, baina orain arteko lanak uzteko bidean.

Gehiago irakurri...


Boiseko Euskal Museoko zuzendari Patty Miller-ek Idahoko Humanitate Kontseiluaren Sari berezia jaso zuen

2010/02/23

Ezkerretik hasita, David Lachiondo, Alice Hennessey, Patty Miller, John Bieter, 'Idaho Humanities Council'eko buru Jeff Fox eta Rick Ardinger (argazkia Jennifer Holley) Boiseko Euskal Museo eta Kultura Etxeko zuzendari eta euskal langile eta euskaltzale nekaezina den Patty Miller-ek Idahoko Humanitateen Kontseiluaren merezimendu sari berezia jaso zuen ostegunean Idahoko hiriburuan, bertako Euskal Etxearen areto nagusian egindako ekitaldi abegikor batean, txalo artean, eta lagunez, gizarte ordezkariez eta euskal komunitateko kidez inguratuta. Berez 'Humanitateen Ezohiko Lorpena' (Outstanding Achievement in the Humanities) izena duen sari hau Idahoko Humanitate Kontseiluak ematen duen garrantzitsuena da eta aparteko ohoretzat har daiteke pertsona batek berrogeita hamar urte ez dituela jasotzea. Idaho eta AEBetako euskal ondarea bildu, zaindu eta gizarteratzea helburu duen Boiseko Euskal Museoko zuzendari eta aldi berean lehenengo langile da Miller, etorri berria gainera New Yorketik, euskaldunei eta euskal immigrazioari buruzko erakusketa bat ekoiztu eta Etxeorratzen hirian estreinatzetik.

Gehiago irakurri...


Argentinan sortutako 'Euskalduna' Irakurle Klubak webgunea estreinatuz ekin dio bere bigarren urteari

2010/02/22

Euskalduna Irakurle Klubaren webgunearen irudia Euskal literatura Argentinan ezagutaraztea dauka helburu. 2008. urtean hasi ziren biltzen Euskalduna elkarteko kideak Irakurle Klubaren oinarriak ezartzeko. Gogorra izan zen lana baina 2009ko martxoan Argentinan argitaratutako lehenengo liburua, Joan Mari Irigoienen 'Babilonia' kaleratu zuten gaztelaniaz. Horren ondoren Jose Miguel de Barandiaranen 'Mitología Vasca', Xabier Peñalverren 'Orígenes', eta Arantxa Urretabizkaiaren 'Cuaderno Rojo' helarazi zizkieten klubaren kideei. Orain, euskal kulturaren alde lan egiten ari den elkarte honek webgunea estreinatu du. Orri honetan informazio eskura daiteke klubaz, bere liburuez eta euskal idazleez. Liburuei buruz eztabaida gune bat ere badago. Webgunea abian da jadanik eta bi astetan 2.300 bisita izan dituztela adierazi dute Euskalduna-koek.

Gehiago irakurri...


II. 'Kontaketa Harrigarriak' lehiaketa Corpusko Eusko Etxea eta Atahualpa Yupanqui Liburutegiaren eskutik

2010/02/22

Lehiaketaren lehenengo edizioko irabazlea, 25 urteko Carlos Ariel Kusiak gaztea, saria jasotzen Eusko Etxeko Carlos Leyrias-en eskutik Argentinako Corpus Christi-tik, Misiones probintzian, oroitarazten dute zabalik dagoela bertako Eusko Etxeak eta haren barneko Atahualpa Yupanqui Liburutegiak antolatutako 'Kontaketa Harrigarriak' literatur lehiaketaren bigarren edizioa, 15 urtetik goragokoentzat. Lanak posta elektronikoz, posta arruntez edo eskuz-esku aurkez daitezke, azken kasun honetan Corpusen bertan, Posadasen edo San Ignacion, beti ere martxoaren 30aren aurretik. Gaiak norberari edo ingurukoei gertatu edo entzundako gai harrigarri edo bitxiren bat beharko du izan, edo herri edo inguru guztietan dauden pertsona bitxi, pasadizotsu edo berezi bat. Gehienez hiru orrialdekoak izan dira. Sariak: bi gai hauetako bakoitzeko lehen eta bigarren saria eta diploma, eta aipamen berezi bat gai bakoitzeko.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia