2010/03/09

Bigarren mendeurrenaren urtean, Argentinako Liburutegi Nazionala izango da aurten Kolektibitateen Liburutegien Topaketaren egoitza, hitzorduaren bosgarren edizioan. Topaketa ekainaren 26an, goizeko 8:30etatik arratsaldeko 5etara egingo da, antolatzaile La Platako Euzko Etxea-ko Matxin Burdin liburutegia, Buenos Airesko Liburutegi Galegoa-Biblioteca Galega de Bos Aires, eta Fundación Centro de Estudos Brasileiros-"Guimarães Rosa" Liburutegia eta Argentinako Liburutegi Nazionala bera. Topaketa liburuzainei, ikertzaileei, liburutegi arduranei, kolektibitateetako erreferenteei eta publiko orokorrari zuzenduta dago. Jardunaldian bere lana aurkeztu nahi duenak laburpena bidali beharko du apirilaren 26aren aurretik. Onartzekotan, maiatzaren 26aren aurretik lan osoa eskatuko da. Euskal Etxeetako liburutegi arduradun eta laguntzaileak euren esperientzia eta proposamenak partekatzera animatzen ditugu, bilkuran parte hartuz.
Gehiago irakurri...
2010/03/09

Klaseak hasteko astea da hau Buenos Airesko 'Euskaltzaleak' euskaltegian, atzo astelehenetik hasita eta pixkanaka astean zehar 1944ean Buenos Airesen sortutako Euskara Akademia honek 2010. urteko bere ikastaro eta eskola guztiak abiatuko baititu. Gaur esaterako, lehenengo urratseko taldeetako bat hasiko da, iluntzeko zazpietan, Irene Lopez de Vicuña irakasle; baita hirugarren mailako beste talde bat ere, Marina Aranguren irakasle. Bide berean asteko gainerako egunetan, euskara eta euskal kultura eskola eta ikastaro aukera polita baitaukate egunero gure hizkuntza eta kultura ikasi nahi dutenek, zerotik hasita, maila aurreratuetaraino. Buenos Airesen bizi bazara, profitatu eta baliatu Euskaltzaleak-ek eskaintzen dizun aukera, klaseak oso giro gazte, dinamiko eta onean ematen baitira.
Gehiago irakurri...
2010/03/08

Michel Iriart, Buenos Airesen jaioa, izen bereko kazetari donibanegaraztarraren seme, instituzio oso bat da hiriburu argentinarreko 'Iparraldeko Euskal Etxe' edo 'Centro Vasco Frances' deitzen duten euskal elkartean baitan. Bertako historikoetakoa da, eta egin berriak ditu otsailaren 25ean 90 urte, guztiak edo asko behintzat Buenos Airesen Iparraldeko jendea bildu izan duen euskal etxeari lotua. Urtebetetzearen karietara bazkide eta lagun askoren zorionak jaso ditu. Horiek guztiak laburbilduz, egun euskal elkarte horretako idazkari den Norma Rios-ek idatzitako hitzak ekarri ditugu hona, Normal berak igorrita, jatorri baxenabartarreko gizon honen nondik norakoak azalduz.
Gehiago irakurri...
2010/03/08

Joan den larunbatean egin zuen Caracasko Eusko Etxeak, Venezuelan, elkartearen Biltzar Nagusi Ezohikoa, izan ere Zuzendaritza Batzorde berria hautatzea bilerako mintzagai bakartzat harturik. Oraingoan izan zen ke zuririk eta Carlos Otaño izango da aurrerantzean Eusko Etxeko lehendakari berria, orain arteko Pedro Javier Arriagari lekukoa harturik. Otaño bezala aho batez hautatu zituzten elkarteko gainerako buruzagi karguak: Victor Manuel Ballatori Arteaga, lehendakariorde; Maria Teresa Ballotori Arteaga, diruzain; Itziar Rodriguez, idazkari; eta Ekaitz Lacasa, batzordekide.
Gehiago irakurri...
2010/03/08

Bete berriak ditu 45 urte La Pampako General Acha herri argentinarreko 'Euzko Txokoa-Rincon Vasco' Euskal Etxeak, eta horixe ospatzeko lagunarteko elkarretaratze batetara deitu du elkarteko Kultura Azpibatzordeak, datorren larunbaterako hain zuzen, herrian azken aldian apalxe dabilen baina suspertu eta areagotzeko gogoz ari diren ekitaldien eta giroaren pizgarri eta bultzagarri izan dadin. Hitzordura, herriko eta inguru zabal bateko lagunak oro daude gonbidatuta eta, egitarauko parte, ondoko Macachingo dantzariak eta baita Santa Rosako kideak ere etorriko dira, eta espero dira baita ere Buenos Aires probintziatik. Senidearteko afariarekin batera, euskal dantzak, bideoak, omenaldia fundatzaileei eta antzeko tarteak iragarri dira, guztia berbena edo dantzaldi herrikoi batekin bukatzeko.
Gehiago irakurri...
2010/03/05

Aspalditik hartzen dute parte Mar Chiquita partiduko euskaldunek Moxalaren Jaian edo Fiesta Nacional del Potrillo delakoan. Aurten ere aurkeztu dira, baina beste era batera; izan ere, euskaldunak eta euskaldunen ondorengoak biltzen dituen euskal etxe bat sortu zen iaz Mar Chiquitakn, bertako euskal komunitatearen ordezkari. Oraingoan Euskal Herriaren izenean, eta horrekin batera euskal etxearen izenean ere altxatu ziren ikurrina eta Argentinako bandera. Horretaz gain, bildutako jendeak euskal dantzak ikusi eta informazioa eskuratu ahal izan zuen jaiaren baitan ezarritako stand-ean. Mar Chiquitako euskaldunak oso pozik daude jaso zuten harrerarekin: herritarrek nahiz turistek erakutsi duten interesaz gain, Jimena Rivadavia Azurmendi, euskal komunitateko ordezkaria, Jaiaren erregina hautatua izan zen.
Gehiago irakurri...
2010/03/05

Egia esan, Venezuela deitzen duten herrialde tropikal eder honen historia eta geografian zehar paseatzeko aukera sortzen den aldi oro, behin eta berriro biltzen zaizkio bisitariari euskaltasunarekiko erreferentziak, izan ohitura, leku edo euskal deitura daukaten pertsonaiak direla-eta, edota immigranteek berek edo heien ondorengoek utzitako marka dela-eta. Hortxe koka dezakegu Don Guillermo Zarrasqueta Urribarriren kasua, XVIII. mendean Bilbon jaioa Francisco Zarrasqueta eta Teresa Urribarriren seme, eta Venezuelara etorria eta bertan kokatua. Venezuelan eta bereziki San Sebastian de los Reyes izeneko lautadako herrian nabarmendu zen Zarrasqueta, bere kultura jasoa, argitasuna eta ezaugarri pertsonal aipagarriengatik. Horiek ekarri zioten denboran zehar ohorezko hainbat proposamen ontzat hartu eta hiriko ordezkari nagusietako bat izatera. Pedro Javier Arriaga Aguirrek, Caracasko Eusko Etxeko lehendakariak sinatzen ditu lerrook.
Gehiago irakurri...
2010/03/04

Oso urte berezia izango da aurten euskara eta Argentinako euskaltzaleentzat. Izan ere 'Argentinan Euskaraz' programak 20 urte betetzen ditu eta urtean zehar garatuko diren mota askotako ospakizunak prestatzen ari dira arlo honetan aritzen diren lagunak. Zerrenda luze horren lehenengo aktibitatea urtemugaren ekitaldiak bultzatu eta hedatzeko irudia diseinatzea da. Horretarako 'Argentinan Euskaraz-en 20. urteurrenako' logotipo txapelketa jarri du martxan aste honetan FEVAk. Argentinako euskal etxeetako bazkideak, euskara ikasleak eta irakasleak daude gonbidatua parte hartzera. Saria ere egongo da irabazlearentzat: 250 euro berarentzat eta 250 euroko bonoa bere euskal etxearentzat. Lanak bidaltzeko epea apirilaren 19an bukatuko da.
Gehiago irakurri...
2010/03/04

Atzo arratsaldez hil zen Mexiko Hirian Juantxo Viguria musikari eta baztandar ezaguna. Albistea Jaione Arrietak saretatu zuen VascosMexico zerrendaren bidez eta ondotik bata bestearen atzetik etorri ziren hainbat lagunen dolumin mezuak, Eva haren emazteari eta familiakoei, eta oro har baztandar familia osoari besarkada emanez, horietarik lehenetakoa Mexikoko Euskal Etxeko lehendakari den Miguel Larreguiren eskutik, Juantxo Euskal Etxearekin harreman sakona zeukan pertsona baitzen. Euskal Etxetik baita ere, Maricarmen Arrecheak idatzi du, hunkiturik, "Izar berri baten dizdira sartu de(la) zeruan, baina erraz identifika daiteke, Juantxok barnean daraman musikaren erritmoen pean egin baitu". Bere aldeko elizkizunak gaur osteguna egingo dira arratsaldeko seietan, Polancoko Liolako San Ignazio elizan, Mexiko Hirian.
Gehiago irakurri...
2010/03/03

Segitzen du Txilen --eta luze hartuko du-- joan den larunbatean herrialdeko zati handi bat eraso zuen lurrikarak eragindako kalteen eta hildakoen zenbaketak. Bosgarren Erregiotik Zortzigarreneraino doan zerrenda da kaltetuena, baina Santiagon, Valparaison eta beste leku batzuetan komunikazioak, ura, argindarra eta oinarrizko beste zerbitzu batzuk atzera etortzen ari diren bitartean, egoera oso bestelakoa da Hegoaldean kaltetuen gertatu diren lekuetan. Euskal komunitateko lagunekin hizketan, hildakorik ez omen da ezagutzen. Santiagoko Euzko Etxeak ez du kalte esanguratsurik jaso, eta Nafarroako Euskal Etxekoek ere ez dute hildakorik adierazi. Aldiz, Viña-Valparaisoko Eusko Etxeari dagokionez, euren egoitzak kalte ugari jasan omen ditu, egitura aldetik, eta bertako lehendakari Archivaldo Uriartek esan digunez, galdutzat jo behar da, hormak arraildu eta mugituta, eta batere segurtasunik eskaintzen ez duela.
Gehiago irakurri...