euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Maialen Lujanbiok eta Andoni Egañak San Frantziskon kantatuko dute bihar, EEaren 50. urteurrena ospatzeko

2010/03/12

San Frantziskoko Euskal Etxearen 50. urteurreneko afixa eta logoa Euskal Herriko bertso txapeldunak, Maialen Lujanbiok, eta txapeldun ohiak, Andoni Egañak, San Frantziskon kantatuko dute bihar, hiri iparramerikar horretako Euskal Etxearen 50. urteurrena ospatzeko. Europatik propio ekarritako bi bertsolariokin batera, bertako lau bertsolari ere taularatuko dira: Johnny Kurutxet eta Gratien Alfaro (San Frantziskokoak), Martin Goikoetxea (Rock Springs, Wyoming) eta Jesus Goñi (Reno, Nevada). Ikusmin handia piztu du bertso saio honek eta alimaleko giroa espero da bihar San Frantziskoko 'Basque Cultural Center'en. Antolatzaileek ahalegin berezi bat egin dute, eta parte hartzaileetako asko euskaradunak izango badira ere, 'ingeleseratze' zerbitzu bat ere saiatu dira ipintzen. Lan horretan lau pertsona arituko dira, txandakatuz, aitzindaria izango den esperientzia batean.

Gehiago irakurri...


'Aiara' Dantza Talde arabarreko 16 dantzarik Argentina bisitatuko dute martxoaren 27tik apirilaren 10era arte

2010/03/12

Aiara Dantza Taldeko kideak Aiara Dantza Taldea 1984ean jaio zen Amurrion, Amurrio eta Aiara bailara osoko kideek sortuta. Euskal Herriko zazpi herrialdeetako dantzak egiten dituzte jarduera handiko dantzari hauek, kasu gehienetan haiek euren ikuskizunak sortuz. Joan den urtean, taldea Aiarako 24 herrietan aurkeztu zen konpainiaren 25. urtemuga ospatzeko. Aurten, berriz, urrunagora joatea erabaki dute eta datorren martxoaren 27an lurreratuko dira Argentinan. Hemen Aberri Eguneko hainbat ekitaldietan arituko dira, baita Llavallolgo Euskal Echea Institutuan, Euskaltzaleak-Eusketxe-Ekin erakundeen egoitzan eta Iparraldeko Euskal Etxean ere. Euskal Echea Institutukoa izan ezik, beste aurkezpen guztiak Buenos Airesko Ekin Dantzari Taldearekin batera egingo dituzte gazte arabarrek.

Gehiago irakurri...


Cristina Juanena da Uruguain Saltoko EEko lehendakari berria; bere ahizpa Angela, Departamentuak ohoratu du

2010/03/12

Angela Juanena Beraza, artista platikoa eta 'Saltoko Euskaldunen Taldea' EEko lehendakariordea. EEko lehendakariaren ahizpa ere bada, eta Salto Departamentuak ohoratu berria du joan den martxoaren 10ean bere ibilbideagatik (argazkia EuskalKultura.com) Buruzagitza berritu du Uruguain, 'Saltoko Euskaldunen Taldea' Euskal Etxeak, izen bereko herrian. Maria Cristina Juanena Beraza da elkarteko lehendakari berria eta berarekin batzordekide dauzka Maria Angela Juanena Beraza, lehendakariorde; Gabriela Erburo, idazkari; eta Margarita Barreda, diruzain, beste zenbait karguren artean. Bestetik, aipatu beharrekoa da joan den asteazkenean, martxoaren 10ean, EEko lehendakariorde eta artista plastikoa den Angela Juanena --sormen eskolak Euskal Etxearen egoitzan ematen ditu-- ohoratu dutela Salto Departamentuko agintariek, nafar jatorriko sortzailearen ibilbidea azpimarratuz. Zorionak Saltoko euskal batzorde berriari, eta Angelari jaso berri duen ezagutzagatik.

Gehiago irakurri...


'Zortzigarren Herrialdea' elkarteak (8H) urtebete bete du eta bilera eta bazkari batez ospatuko du Hernanin

2010/03/11

Zortzigarren Herrialdea elkartearen webgunea Urtebete pasa da joan den urteko martxoan Euskal Herrian jende multzo batek Diasporaren aldeko elkarte bat sortu nahi zuela esan eta lehenengo dei publikoa Hernaniko Biteri Eskoletan finkatu eta ondoren bazkari herrikoia Hernani bertako sagardotegi batean egin behar zuela iragarri genuenetik. Urtebete pasa, eta lehenengo urtebetetzea ospatu behar du orain, leku berean, Biteri Eskoletan, ordu berean, eguerdiko hamabietan, bildu eta elkarrekin solastu eta ideia batzuk partekatu ondoren, ordu biak aldean bazkaltzera joateko, oraingoan Itxas-buru sagardotegira. Martxoaren 27an, larunbata izango da. Nahi duenak, elkartearen webgunean topa ditzake xehetasunak eta izena emateko bidea.

Gehiago irakurri...


Datorren astelehenean hasiko da aurtengo entrenamenduekin La Platako 'Athletic Club de Bilbao' Eskola

2010/03/11

La Platako 'Athletic Club de Bilbao' Eskolako umeak (argazkia EE) Martxoaren 15ean hasiko dira kirol ekitaldiak La Plata hiri argentinarreko Euzko Etxea Euskal Etxean. Futbolean, Athtletic-eko Eskolaren ekimena, euskal jatorriko gazteei ezezik La Platako gazte guztiei irekia da, eta futbolaz gain Hockey eta Pilota klaseak ere eskaintzen ditu. Futbolean, 6 urtetik gorako haurren entrenamenduak datorren astelehenean hasiko dira. Hockey klaseak, berriz, asteartean, 6 urtetik gorako neskei zuzenduta. Pilota paletako eskolak, berriz, lehenago, datorren larunbatean. Klaseetan neska-mutil guztiek har dezakete parte. Praktika guztiak euskal etxearen egoitzan izango dira, hiriko 58 eta 14 kaleetan.

Gehiago irakurri...


Julian Celaya Euskal Herritar eta Gizataldeentzako zuzendariak bisita egin du Kolonbia eta Venezuelara

2010/03/11

Julian Celaya (ezkerretik lehena), Bogotako Euskal Etxeko kanpoaldean, Euskadiren ordezkari Iñaki Martinez (bigarrena eskuinetik) eta euskal elkarteko buruzagiekin Ematen du Eusko Jaurlaritza berria, euskal etxe eta gizataldeekiko, eta oro har Hegoameriketako herrialdeekiko harremanetan gogor eta indartsu ari dela, edo hala dirudi behintzat ikusiz bere ordezkari eta kargudunetako batzuk zenbat ekimen eta bisita ari diren garatzen bereziki azken asteotan, hala nola atzo aipatzen genuen Guillermo Echenique Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiaren bisita Txile, Argentina eta Brasilera, Ana Urchuegia Txileko euskal ordezkari barriarena Txilera, edo Elvira Kortajarenaren bisitak, kasu honetan aste bakar batean, bederatzi euskal etxe argentinar bisitatu behar baititu. Hori, ahaztu gabe Lopez lehendakaria bera, bi aste barruko Brasilerako ostera, euskal ordezkaritza gehienbat ekonomiko zabal bateko buru.

Gehiago irakurri...


Argentinako 'Arturo Campion' Euskal Ikasketa Etxeak urteroko bilera eta elkarretaratzea egin du asteburuan

2010/03/10

Lapridako 'Arturo Campion'eko kide eta buruzagiak mahaiburuan, ezkerretik eskuinera: Juan Carlos Ibarrola, Sergio Rekarte, César Arrondo, Eduardo Torry, Mikel Ezkerro eta Carlos Martinez Joan den larunbat eta igandez bildu da Argentinako Buenos Aires probintziako Laprida herrian, bertako 'Lagunen Etxea' Euskal Etxeak babesturik euskal kultura, politika eta oro har euskal izaera eta ekarpenak ikertu, ezagutu eta sustatzeko helburuz lanean ari den 'Arturo Campion' Euskal Abertzaletasuna eta Kultura Ikertzeko Gunea. Bilkura egitearekin batera, euskaltzale nafarraren izena daraman elkarteko kideek urtero argitara ematen duten 'Guregandik' urtekaria aurkeztu zuten, Lapridako Euskal Etxeak deituriko euskal galdera ekimeneko irabazleen izen eta sariak ematearekin batera.

Gehiago irakurri...


Udako Euskal Unibertsitateak 2010eko lan-emaitzak libururatuta aurkeztuko ditu Buenos Airesko Liburu Azokan

2010/03/10

Udako Euskal Unibertsitateko ikastaroak egin zituzten ikasle batzuk Aurten ere arrakastatsuak izan dira Argentinan, bertako Udako Euskal Unibertsitateko klaseak. Ikastaroa joan den otsailaren 9an bukatu zen, Mikel Ezkerrok Diasporari buruzko emandako hitzaldiaren osteko diploma emate-ekitaldiarekin. Orain, Udako Unibertsitateko arduradunak ikastaroa gainditzeko beharrezkoak ziren idazlanak biltzen ari dira liburu batera bildu eta 2010eko Liburu Azokan aurkezteari begira. Horretaz gain, datorren urteko egitaraua jadanik prest dago eta hurrengoa, 2012. urtekoa alegia, hasi dira lantzen antolatzaileak. Ekimeneko arduradunek adierazi dutenez, 'Udako Euskal Unibertsitateak lortu du dagoeneko bere lekua du hemengo euskaldunen eta euskal erakundeen agendan'.

Gehiago irakurri...


Kanpo Harremanetarako idazkariak eta Euskadiko Ordezkari berriak Txile bisitatuko dute datorren astean

2010/03/10

Guillermo Echenique, Jaurlaritzako Kanpo Harremenetarako idazkari nagusia (ezker) eta Ana Uruchuegui, Euskadiren Ordezkaria Txilen eta Perun. Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Guillermo Echeniquek eta Euskadiren Txileko Ordezkari berria den Ana Urchueguiak bisita egingo dute Txilera datorren astelehenetik aurrera, Jaurlaritza lurrikarrak eragin dituen kaltetuekin gauzatzen ari den elkartasun neurrien baitan. Echeniquek EuskalKultura.com-i telefonoz adierazi dionez, lurrikara gertatu eta ia behehala lortu zuen Jaurlaritzak Txileko euskal gizataldearekin kontaktatzea, batetik, eta bertako agintariekin, bestetik, bigarren kasu honetan euskaldunen laguntza eskaintza egiteko. Nafarroako Gobernuak, bere aldetik, hogei mila euroko laguntza onartu zuen joan den astelehenean, larrialdiko laguntza gisa, Txileko Nafar Etxea bideratzaile.

Gehiago irakurri...


Kortajarena Ordezkariak Suipacha eta Chivilcoyn hasiko du gaur astebeteko bisitaldia, larunbatean Achan bukatuz

2010/03/09

Elvira Kortajarena pasaitarra Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguairako Euskadiren Ordezkaria da Euskadiren Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguairako Ordezkariak, Elvira Kortajarenak, gaur astearte goizez ekingo dio datorren larunbatera arte luzatuko den astebeteko bisitaldi berri bati, tarte honetan bederatzi herri edo euskal etxe bisitatuko dituela, aipatutako Suipacha, Chivilcoy eta General Acha, gehi Carlos Casares, Pehuajó, Trenque Lauquen, Salliqueló, Santa Rosa eta Macachin. Hauetarik sei Buenos Aires probintzian daude eta hiru (Santa Rosa, Macachin eta General Acha) La Pampakoan. Izan ere, bidaia larunbatean General Achan bukatuko du, parte hartuz egun horretan bertako Euzko Txokoa-Rincón Vasco Euskal Etxeak bere 45. urteurrena ospatzeko antolatu dituen ekitaldietan.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia