euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Noemi Gonzalo-Bilbao, Euskadiren AEBetako Ordezkaritzako teknikaria den gazte gasteiztarra New Yorken

2010/03/23

Noemi Gonzalo-Bilbaok lau urte daramatza New Yorken (argazkia El Correo) Noemi Gonzalo-Bilbao 28 urteko neska gasteiztar bat da, beste hainbat euskal gaztek bezala ikusteko, ikasteko eta ikusmirak areagotzeko ikasketak, ikastaroak eta lanak Euskal Herritik kanpo hartu eta urte batzuen ondoren, gazte izanik, eskarmentu eta ezagutza askoren jabe egin/egiten ari dena. Lau hizkuntza egiten ditu Noemik eta duela zazpi bat hilabetedanik Eusko Jaurlaritzako Estatu Batuetako Ordezkaritzan ari da lanean. Ez da leku txarra ikasteko eta irudimena eta ekimena astintzeko, Ordezkaritza bera lan-talde gisa berri samarra delarik --egoitza hartu berria du-- eta oraindik ordezkaria, arduraduna alegia, izendatu gabe duenez, lanerako aukera politak ematen baitizkio lana egin nahi duenari.

Gehiago irakurri...


Patxi Lopez Sao Pauloko euskal gizataldekoekin bildu zen Brasilera egiten ari den bidaiaren baitan

2010/03/23

Oskar Goitia euskal-brasildarrak egin zion harrera Lehendakariari, bertako euskal komunitatekoek izenean, euskarazko, portugesezko eta gaztelaniazko hitzak tartekatuz. Patxi Lopez lehendakariak harrera-ekitaldi bat izan zuen atzo arratsaldean Sao Paulo estatu eta hirian bizi diren euskaldunekin, Brasilera, 150 bat pertsona partaide dituen euskal ordezkaritza batez ere ekonomiko zabal bateko buru gisa hasi berria duen bidaia ofizialean. Programarten baitan, Sao Paulo erdiguneko hotel bat biltoki izan zuen Brasilgo euskal gizataldekoak agurtu eta Sao Paulo estatuan dauden bi euskal etxeetako partaideak agurtzeko. Ekitaldira bildutakoei zuzendu zien mezuan, euskal emigrazioaren egitatea aipatu zien, Euskadi utzi zutenekin herrialdeak daukan zorra, eta baita ere egun Euskadik bertako euskal gizataldekoei eskatzen dien mesede berria, euskal enpresa, produktu eta ekimen ekonomikoko sarbide eta laguntzaile izan daitezen, euskal-brasildar harreman ekonomikoen sostengatzaile.

Gehiago irakurri...


Lapridako 'Eusko Txokoa' Liburutegiak Kultur Lehiaketako sariak banatu ditu irabazleen artean

2010/03/23

Ricardo Young, irabazleetako bat, bere irakasle eta María Ester Arrondo Liburutegiko arduradunarekin (argazkia EE) Erakundearen hogeigarren urtemugarekin batera Lapridako 'Lagunen Etxea' Euskal Etxeko liburutegiak abian jarri zuen joan den urtean Kultur Lehiaketaren zazpigarren edizioa. Zenbait euskal gaiei buruzko galdetegi bati behar zioten erantzun txapelketako parte hartzaileek, eta aurreko urteetako ildoari jarraituz, herriko eskoletako nerabe eta gazteei zegoen zuzenduta; hala ere helduek ere parte hartzeko aukera izan zuten. Zuzen erantzundako 160 bat galdetegi jaso zituzten antolatzaileek eta horien artean martxoaren 6an egindako zozketatik, lau irabazleri egokitu zitzaizkien sariak.

Gehiago irakurri...


Isabel del Carmen Labiano berrautatu dute Viedma y Patagones-eko 'Beti Aurrera Aberri Etxe'ko lehendakari

2010/03/22

Beste bi urtez berritu diote agintealdia Viedma eta Patagonesko 'Beti Aurrera Aberri Etxe'ko Isabel del Carmen Labianori (argazkia EuskalKultura.com) Elkartearen Biltzar Nagusiaren ondotik, karguak berritzeko araudi-betebeharrari ekin dio Argentina hegoaldean elkarren ondoan --Ibai Beltza tarteko-- dauden Viedma (Río Negro probintzia, Patagonia) eta Carmen de Patagones (Buenos Aires probintzia) herrietako euskal jatorriko komunitatea biltzen duen 'Beti Aurrera Aberri Etxea' izeneko euskal etxeak. Elkarteko kideek konfidantza berritu diote egun lehendakari den Isabel del Carmen Labianori, eta berarekin batera euskal etxea 2010-2012 tartean gidatuko duen buruzagitza hautatu dute, tartean Sonia Beatriz Gastaminza idazkari berretsiz eta Mario Fabian Azcarate diruzein berri izendatuz. Zorterik onena eurei, zabaldu zaien lanaldi berrian.

Gehiago irakurri...


22 botorekin atera da Ricardo Basterra FEVAko lehendakari, oso partaidetza gutxiko hauteskundeetan

2010/03/22

FEVAko Batzorde Berriko kideak (argazkiak EuskalKultura.com) Ricardo Basterra, Santa Rosa La Pampako hiriburuko Zelaiko Euskal Etxeko lehendakaria eta, orain arte, FEVAko diruzain zena da joan den larunbatetik aurrera euskal-argentinar euskal etxeen federazioko lehendakaria, Felipe Eiheragibeli ordea hartuz. Kanpainaurre azpijokotsu batek --honen ondorioz, Renovacion Vasca zerrenda berritzaileko buruak, Alejo Martinek, ez aurkeztea erabaki zuen-- oso partaidetza maila apaleko Ohiko Biltzar Nagusi bat ekarri du, duela bi urteko azken Biltzarrarekin alderatuta bederen, aldi hartan Felipe Eiheragibelen zerrenda ofizialistak 26-23ko tarte laburraz irabaki baitzion Alejo Martinenari. Oraingoan, FEVAko lehendakariak 22 aldeko eta 6 bozka txurirekin beregatu du kargua.

Gehiago irakurri...


Bosgarren urtez jarraian Buenos Aires Unibertsitateko Hizkuntza Laboratorioak euskara irakatsiko du

2010/03/22

Artxiboko irudian, UBAko Euskara eta Euskal Kultura eskoletako ikasleak ikas saioetako batean (argazkia EuskalKultura.com) Buenos Aires Unibertsitateko Hizkuntza Laboratorioan anitz hizkuntza ikas daitezke, tartean ingelesa, portugesa, italiera eta alemana, batzuk aipatzearren. Duela bost urte, ordea, eta indoeuroparra ez den Europako hizkuntza bat irakasteko asmoarekin, UBA bera eta Argentinako Euskal Federazioa elkartu ziren proiektu berria bultzatzeko. Ikastaroak lehenengo lauhilekoa iraungo du eta hastapen mailakoa izango da. Klaseak martxoaren 23an (bihar) hasiko dira eta astearteetan eta ostegunetan izango dira, arratsaldeko 6etatik 8etara laboratorioaren egoitzan. Izena emateko ez da gradu akademikorik eskatzen eta kurtsoa gainditzen dutenek UBAren agiri bat jasoko dute.

Gehiago irakurri...


Bihar da Chascomuseko EEaren Biltzarra, azken aukera eskola tresnak emateko kanpainarekin bat egiteko

2010/03/19

Chascomuseko Euskal Etxearen egoitza Chascomuseko Zingirako Euskaldunak Euskal Etxea, Buenos Airesko probintzia argentinarrean, arrakastaz ari da garatzen eskolarako lanabesak biltzeko elkartasun kanpaina, bat eginez herriko zenbait lagun eta erakundek hasitako ekimenarekin. Martxoaren bi lehenengo larunbatetan, 6an eta 13an, egindako biltzealdiak emankorrak izan ziren eta hileko hirugarren larunbata --bihar alegia, Euskal Etxeak bere urteroko Biltzar Nagusia egingo duen eguna-- finkatu da ekimenean parte hartu nahi dutenek hala egin ahal izan dezaten. Zingirako Euskaldunak Euskal Etxetik parte hartu dutenei eta parte hartu behar dutenei biziki eskertzen zaie euren partaidetza eta elkartasuna, norberaren hondar alea garrantzitsua baita pixkanaka eta guztion bat egitearekin eraikitzen diren honelako proiektuen kasuan.

Gehiago irakurri...


Batasun eta partaidetza dei-egile azaldu da Ricardo Basterra: "Guztia egingo dugu euskaltasunaren alde"

2010/03/18

Ricardo Basterra, Santa Rosako Euskadi Plazan. Bertako Zelaiko Euskal Etxeko lehendakaria da FEVAko lehendakarigaia (argazkia EuskalKultura.com) Datorren larunbatean egingo diren FEVAko buruzagitzarako hauteskundeetan lehian gelditu den zerrenda bakarreko burua da Ricardo Basterra. Munduan euskal etxerik gehien biltzen duen federazioak Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxera bilduko ditu bere bazkideak, datozen bi urteetan erakundea gobernatuko duten karguak berritzeko. Hauteskunde lehia izango zela zirudien, baina 'Renovación Vasca' izenpean aurkeztekotan zen zerrendak, Alejo Martin buru, ez aurkeztea erabaki zuen azken momentuan. EuskalKultura.com-ek galdera batzuk luzatu dizkio, gauza ezohikorik gertatu ezean datorren larunbatetik aurrera FEVAko lehendakaria izango den Ricardo Basterrari, egun FEVAko diruzain eta Santa Rosako Euskal Etxeko lehendakaria den hautagaiari.

Gehiago irakurri...


Euskal-italiar asteburu kulturala Erroman, Pidgin aldizkaria, Gatza taldea eta musika igigarria tarteko

2010/03/18

Erromako Associazione Culturale (ACE) Euskara-ren logoa. Erromako euskal kultur talde edo euskal etxea da ACE "Gatza euskal artista talde hetereogeneoa Erroman izanen da udaberria inauguratzen! Pidgin aldizkari-fanzinearen azken zenbakia ere hemen eginen dute", dioskute Erromako Associazione Culturale Euskara-ko (ACE) lagunek, eurak Dipartimento Lingua e Cultura Basca dell'Universitá Popolare di Roma (UPTER) bulegoarekin batera heldu den astebururako hiriburu italiarrean prestatu duten kultur ekitaldia iragarriz. Pidgin aldizkaria aurkeztu eta arte abangoardiako Gatza euskal kolektiboak bere lagun idazle, musikari, poeta, argazkilari eta filosofoen presentzia erromaratuarekin prestatu duten ikuskizuna da larunbat eta igandez Erromak kutur arlo dinamiko eta alternatiboan eskaintzen duen proposamenetako bat, ikuspuntu askotatik interesgarrienetakoa seguruenik.

Gehiago irakurri...


Txileko euskal Diasporatik kanpaina hasi dute Constitucion edo Nueva Bilbao de Gardoqui-ko kaltetuen alde

2010/03/17

Constitucion herriko irudia eta bertako bi kale, euskal izendunak, hemen askorekin gertatu legez, lurrikararen aurretik (argazkia EuskalKultura.com) Txiletik abiatu da ekimena, bertako euskal Diasporatik bultzatua, herrialdea astindu duen lurrikara handiak kaltetutakoei laguntzeko, eta laguntza hori, Euskal Herriaren kasuan, euskaldunekin eta euskal historiarekin lotura zuzena duen Constitucion herriarengana bideratzeko eskatuz, kaltetuenetakoa izan den eta hildakoetako asko jasan dituen herri hau, XVIII. mende amaieran euskal ekimen bati esker eraikia izan bazen, egun, beste euskal ekimen batek lagun dezakeelakoan. Euskal diasporako kide aktiboa den Claudio Echeverria de la Barra abokatu euskal-txiletarrak egin du deia, Facebook-en orria zabalduz, eta euskal indarrak Constitucion-eko biztanleen alde biltzeko galdeginez

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia