2010/03/26

Euskal Herriko Agintzaritzaren Aldizkariak (EHAA) gaur argitaratuko du Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako eta Euskal Gizataldeentzako Zuzendaritzaren eremupean antolatu ohi den Diasporako gazteentzako Gaztemundu Programaren 2010ko edizioa. Parte hartzaileek 18 eta 30 urte bitartekoak beharko dute izan eta, aurreko urteetan eskatu izan diren ezaugarri eta baldintzez gain, aurtengoan hautagaiek idazlan bat egin beharko dute Euskadiren kanpo irudia aintzat hartuta. Aurtengo Gaztemundu uztailaren 1etik 15era bitartean garatuko da eta parte hartzeko izena emateko azken eguna 2010eko apirilaren 20a izango da.
Gehiago irakurri...
2010/03/26

Euskal Herriko Agintzaritzaren Aldizkariak (EHAA) gaur eman du argitara euskal etxeak dauden herrialde eta lekuetan barrena kultur birak egiteko 2010eko programaren deialdia. 97.310 euro bereizi dira honetarako. Kontutan hartuko diren irizpideen artean, pertsona edo talde horrek biran ikutuko dituen euskal etxeen eta jendearen kopurua, eta proposatutako artista edo taldeen interes eta probeste-maila. hautagaitzak aurkezteko epea 2010eko apirilaren 30ean bukatuko da.
Gehiago irakurri...
2010/03/26

Euzko Alkartasuna erakundeko batzordeak bere gain hartuko ditu gaur izen bereko hotelaren ixtearen ondorioak. Karia horretara, eta 'solidaritateak bultzatuta', zegokien kalte-ordaina ordainduko diela adieraziko die gaur hoteleko zazpi langileei. Euskal etxeko kideek, deliberatzeko egun batzuk hartu ondoren, irtenbide egokiena hau izango zela pentsatu dute, "nahiz eta berez ordainketa hori egitera behartuta ez egon". Gogora dezagun arazoa otsailaren 27an hasi zela, hotel eta jatetxeko langileak bertara heldu eta eraikina itxita harrapatu zutenean. Jabegoa Euskal Etxearena bada ere, kontseziodun batek, Susana Monteagudok, kudeatzen zuen, baina honek nonbait alde egin du kontaktatzeko inongo daturik utzi gabe. Gaur elkartuko dira bi parteen abokatuak eta agiriak sinatu ondoren, kontsezio berri baterako deia egingo dute euskal etxekoek.
Gehiago irakurri...
2010/03/25

Gaur arratsaldeko seietatik aurrera elkartearen egoitzan egingo den Kolonbiako Euskal Etxearen Urteko Biltzar Nagusiak markatuko du datozen egunotan eta apirilaren 1eraino Bogotán garatuko den euskal kultura, kirol eta festa egitaraua. Bisitariak ere etorriko dira, besteak beste, Jose Maria Gorroño Gernikako alkatea; Argentina, Mexiko eta Euskal Herriko pilota ordezkaritzak; Javier Viar, Bilboko Arte Ederren Museoa, Fernando Larrea arkitektoa... Interesatuek segitu ahal izango dituzte Bogotáko Nazioarteko I. Pilota Saria, Euskal Etxeak sortutako Athetic Club de Bilbao-Euskal Etxearen aurkezpena, musika emanaldiak, korala, 'Los vascos y las independencias americanas' liburuaren plazaratzea edo 2005etik Gernikako Parkean hazten ari den Gernikako Arbolaren kimuaren aurrean plaka oroigarri bat ipintzea, beste zenbait ekimen artean.
Gehiago irakurri...
2010/03/25

Aurretik ere aipatua dugu EuskalKultura.com-eko orrialdeotan, 41 urteko abokatu eta politikari demokrata hau, aitama euskaldunen semea, etorkizun oparoa izan dezakeen hautetsia baita. 2004tik Texas Estatuko Ordezkarien Ganberako (Kongresua) kide da, bi alabaren aita (Sofia eta Maia) eta iaz bertan, 'Urteko legelaria' hautatu zuten estatuan, Ordezkari Ganberan egindako bere legegile lana goraipatzearren. Obamazale handia, energia berriztagarrien aldeko apustua partekatzen du presidentearekin. Eta izan ere horri buruz, eneria berriztagarriez eta arlo horren Estatu Batuetan egun eskaintzen dituen garapen eta negozio aukerez mintzatuko da gaur eguerdi t'erdietan Bilbon, Euskadiko Energia Klusterrak antolatutako ekitaldian.
Gehiago irakurri...
2010/03/25

Valparaisoko Eusko Etxe txiletarreko ordezkaritza bat, Archibaldo Uriarte elkarteko lehendakaria buru, Guillermo Echenique Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarekin eta Ana Urchueguia Txile eta Perurako ordezkari izendatu berriarekin --otsailaren 23an izendatu zuten-- bildu da Santiagon, Euskadiren Ordezkaritzan, Txilek joan den otsailaren 27an jasan zuen lurrikararen osteko gisa honetako lehenengo bileran. Bosgarren erregio txiletarreko euskal etxearen izenean, Uriartez aparte, María Luisa Sáinz Aguirrezabal, Victoria Arizaga, Francisco Pinedo, Ignacio Carracedo eta Manuel Uriarte zuzendariak (zuzendari deitzen zaie hemen batzordekideei) hartu dute parte. "Bilera adeitsua eta gure ikuspuntutik arras positiboa izan da", adierazi dio EuskalKultura.com-i Archibaldo Uriartek.
Gehiago irakurri...
2010/03/24

Cordoba Hiriburuko 'Gure Txokoa' Euskal Etxeak, izen bereko probintzia argentinarrean, Zuzendaritza berritu du joan den larunbatean, martxoaren 20ean, eginiko Ohiko Biltzar Nagusian. Agintealdi berria hasiko duen Zuzendaritza Batzordeak Alejo Martin izango du berriz ere lehendakari. Berarekin batera arituko dira batzordekide Juan Antonio Bengoechea, lehendakariorde; Maria del Carmen Errasquin, idazkari; Maria Victoria Sarry, idazkariorde; Jorge Sáenz, diruzain; eta Miguel Angel Martínez del Pozo, diruzainorde, besteak beste.
Gehiago irakurri...
2010/03/24

Elkarteko barne agintzaritza eta Zuzendaritza Batzordea berritu ditu Ayacuchoko 'Euskal Odola' Euskal Etxeak, Argentinako Buenos Aires probintzian. Joan den asteburuan Ohiko Batzar Nagusiak erabakitakoaren arabera, Fermina Mariezcurrenak hartuko dio ordea orain arte lehendakari izan den Mariano Oillataguerreri. Berarekin batera arituko dira, besteak beste: Nestor Javier Zabaleta, lehendakariorde; Rosa Ines Bilbao, idazkari; Marcos Urra, idazkariode; Maria Nilda Ilarregui, diruzain; eta Maria del Carmen Aniz, diruzainorde. Mila esker Marianori eta orain arteko taldeari, eta zorionak eta zorte on hemendik aurrerako arduradunei.
Gehiago irakurri...
2010/03/24

Gabriel Arestiren Harri eta Herri, jarriko du laster guztion eskuetan Euskalduna Irakurle Klubak, Argentinan argitaratzen duen bosgarren liburua. 2010eko lehenengo izenburua duen honekin, poesia bilduma inauguratzen ari da Kluba. Gogora dezagun orain arte eta 2009an zehar, narratiba arloko bi testu argitaratu dituela gaztelaniara itzulita --Joan Mari Irigoienen 'Babilonia' eta Arantxa Urretabizkaiaren 'Koaderno Gorria' hain zuzen-- eta beste bi, saiakeraren arloan --Joxemiel Barandiaranen 'Mitología Vasca' eta Xabier Peñalverren 'Orígenes' --. Orain euskal literatura garaikidean funtsezko liburua den 'Harri eta Herri'rekin datorkigu, klubeko kideek euskal poesia gaztelaniaz zein euskaraz irakurri ahal izango dutelarik, edizioa elebiduna baita. Azpimarratzekoa da 'Harri eta Herri' liburuaren azalak Eduardo Chillidaren grabatu eder bat dakarrela.
Gehiago irakurri...
2010/03/24

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren antolaketa eta funtzionamendua arautuko duen erregelamendua onartu zuen atzo. Sei hilabete barru inguru abian jartzea aurreikusten den erakundearen antolaketa zein funtzionamendu erregelamendua jasotzen du Dekretuak. Aurrerantzean agentzia hau arduratuko da Euskadiko garapen-lankidetzarako politikak planifikatu eta kudeatzeaz. Jaurlaritzak hartutako erabakia 2007ko otsailean, Garapen Lankidetzari buruzko Legearen onarpenarekin hasitako legegintza egutegiaren barruan kokatzen da. Egutegi horrek jarraipena izan zuen 2008ko ekainean, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautu zuen Legearekin.
Gehiago irakurri...