euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Habanako euskaldunek ere bat egin zuten Aberri Eguneko ospakizunekin, Centro Vasco jatetxera bilduz (irudiak)

2010/04/09

Antolatzaileek zein parte hartu zuen publikoak gustura oso hartu zuen parte ospakizunetan, 'mus txapelketa arras lehiakorra izan bazen ere', azaldu diote EuskalKultura.com-i (argazkia Mikel Marotta) Seigarren urtez segidan, Kuban bizi den euskal komunitateak eta euskal jatorria daukaten kubatarrek Aberri Egun trinkoa bizi izan dute joan den asteburuan, azkeneko urteotan bezala Habanako Vedado auzoan dagoen Centro Vasco jatetxean. Habanako 'Asociacion de Beneficencia Vasco-Navarra' elkarte historikoa izan da antolatzaile, eta babesle Uhartean lanean ari den enpresa talde bat, batere ahaztu gabe Kubako Athletic Futbol Taldearen Peña gazte baina dinamikoak izan duen lankidetza eta eragiletza lana. Ospakizunak larunbat eta igandekoak izan ziren eta, ekitaldi herrikoi bat, II Mus Txapelketa izan zuten abiapuntu larunbatean, apirilaren 3ko arratsaldean, ondoren senidetze afari bati ekiteko. Hori eta gero, euskal eta kubatar arteko uztarketa eta giro onak ez zuen amaierarik izan asteburu osoan, EuskalKultura.com-en lekukotasunak baiezta dezakeenez.

Gehiago irakurri...


Euskadiren Argentinako Ordezkari Kortajarenak Mexiko 1880ko euskal egoitza bisitatu du Buenos Airesen

2010/04/09

Kortajarena Ordezkaria erdian, Maria Elena Etcheverryren ondoan, Mexiko 1880ko euskal egoitzara asteartean egin zuen bisitaren baitan. Aurrera darrai Elvira Kortajarena Euskadiren Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguaiko Ordezkari berria bere lan-arlo den eremuko euskal etxe guztiak bisitatzearren daraman ibilbideak. Joan den asteartean, Kortajarena Buenos Aires bereko beste hiru elkarte --Ekin argitaletxea, Euskaltzaleak eta Eusketxe-- bisitatu zituen, horietarik azken biak Eusko Jaurlaritzak Euskal Etxe gisa erregistratuta dituen erakunde. Bisita egiterakoan, elkarteetako buruzagitzak egin zioten ongietorria eta eraikinak biltzen dituen eta bertan garatzen diren ekimenak azaldu zizkioten. Ordezkaria Mar del Platara lerratuko da gaur, bertako euskal etxea bisitatu --aurtengo Argentinako Euskal Aste Nazionaleko antolatzaile da Mar del Platako Denak Bat-- eta turismo arloko aurkezpen batean parte hartzeko, Euskal Autonomi Erkidegoa Argentinako turismo profesionalei azaltzearren.

Gehiago irakurri...


Caracasen, Eusko Etxeak urtero bezala ospatu zuen Aberri Eguna, El Paraisoko Txokoan eginiko deialdiaz

2010/04/08

Caracasko Eusko Etxearen aurrealdea joan den igandeko Aberri Eguneko ospakizunetan (argazkiak PJAA) Urtero bezala, Berpizkunde Igandearekin bat eginez ospatun zen joan den igandean Aberri Eguna Caracasen, El Paraisoko Txokoan, hau sortuz geroztik gertatu legez, bertako euskal komunitate osoari luzatutako deiari jarraiki. 2010eko Aberri Egun caracastarra goizeko 11etan hasi zen, tradizioak agindu bezala Meza batez, El Paraisoko Etxeko Areto Nagusian, Migel Odriozola apez josulaguna emaile. Ofizioa edertzen, Egibar ibili zen organujole, eta ahotsetan, Euskal Etxeko gizon abesbatza, tartean Carlos Otaño, Xabier Azpiritxaga, Xabier Odriozola eta Koldo Ruiz de Agirre. Hasten polita eman zion egunean zehar barreiatu zen festa egun alaiari, beti ere "aurreko belaunaldiek lur venezuelarrean erein zuten euskal hazia eta Gernikako zainetan oinarritutako euskaltasuna" ospatuz, "Euskadiren hemengo segidari ahal dugun arte eutsiz, katea oraindik ez baita eten Venezuelako euskaldunen artean", adierazi dio buletin honi bertako euskaldun batek.

Gehiago irakurri...


'Gora Vasco' filmak zabalduko du gaur arratsaldean Buenos Airesen Santa Cruzko Etxearen Zine Ziklo berria

2010/04/08

Gora Vasco filmaren errodaiari dagokion irudia. Ezkerreko lehena domentala zuzendu zuen Roberto Arizmendi da. Roberto Arizmendi zuzendari euskalargentinarraren 'Gora Vasco! (Milonga de Temple y Carretilla)' dokumentalak zabalduko du gaur arratsaldean Buenos Airesen, hiriburu argentinarreko Santa Cruzko Etxeak hasiko duen Zine Ziklo berria. 'El Vasco de la Carretilla' ezizenez ezagunagoa zen Guillermo Larregui iruinsemearen istorioa kontatu eta Argentinan zehar oinez orga txiki bat lagun egin zituen bidaiak berregiten dituen dokumentalaren emanaldi berezi honek filmaren ekoizle izan zen Cesar 'Toti' Arizmendiren presentzia eta partaidetza bilduko du Buenos Airesera. Toti Arizmendi Santa Cruz probintziako 'Hegoalde Argentinarra' Euskal Etxeko lehendakari ere bada, zinema arloko ekile izateaz aparte. Emanaldia gaur arratsaldean izango da, lauetan, 25 de Mayo 279 helbidean.

Gehiago irakurri...


Bigarren Mendeurreneko Euskal Aste Nazionalaren 2010 logo lehiaketa deitu du Mar del Platako Denak Bat-ek

2010/04/08

Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxearen 65. urteurreneko afixa, 2008an Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeak, 2010ko --eta beraz Argentinaren Bigarren Mendeurreneko-- Euskal Aste Nazionalaren antolatzaile legez, zabaldu berria du euskal-argentinar elkarretaratze nagusi horren iragarle eta identifikatzaile izango den logoa erabakitzeko lehiaketa, Argentinan egoitza duten 18 urtetik goragoko pertsona zein taldeei zuzendua. Aurretik argitaratugabeko lanek 9 x 6 zentimetroko neurriak izan beharko dituzte eta '2010: Semana Nacional Vasca del Bicentenario en Mar del Plata' gaztelaniazko esaldia baitaratu beharko dute. Egokiak izan beharko dute paperean inprimatzeko, baita arropetan zein edozein publizitate materialetan. Originalak entregatzeko epea Maiatzaren 15a da. Hautatzen den diseinuak 200 euroko saria jasoko du.

Gehiago irakurri...


Koldo Agarraberes eta Josu Zapata pintoreak Mexikon, "indoeuropar- eta hispaniar-aurreko kulturak lotzen"

2010/04/07

Josu Zapata eta Koldo Agarraberes, azken hau orudiaren eskuinean (argazkia Cristina Rodriguez-La Jornada) Koldo Agarraberes eta Josu Zapata pintore iruinsemeak Mexikora helduak dira 'Jainkoak lilietatik jaiotzen dira' izeneko murala egitearren. Helburua, Mexikoko kultura hispaniar-aurrekoa eta Euskal Herriko indoeuropar-aurrekoa elkartzea. Mexiko Hiriburuko Tláhuac Arte eta Lanbideetako Fabrikaren (Faro) instalazioetan (avenida La Turba s/n, colonia Miguel Hidalgo), larunbat honetan, eguerditik aurrera erakutsiko dute euren proposamena, Mexiko Hiriburuko toki honetan egingo den lehenengo erresidentzia artistikoan. Merry MacMasters-ek idatzitako artikulua da hau, joan den asteburuan La Jornada egunkari mexikarrak argitara emana.

Gehiago irakurri...


Necocheako Euzko Etxea-ko euskaldunek Gernikako kimuaren ondoan ospatu zuten Aberri Eguna

2010/04/07

Euzko Etxea-ko lehendakari Felipe Muguerzak hitz batzuk esan zituen Necocheako Aberri Egunaren ospakizunean Urtero eta mota askotako ekintzak garatuz ospatzen da Diasporan zehar Aberri Eguna. Euskal etxeetako kideek Euskal Herriarekiko maitasun eta engaiamendua berritzeko hartu ohi dute egun hau. Kasu askotan kalera ateratzen dira, herritar guztiek euren aldarrikapenak ezagun ditzaten. Joan den apirilaren 3an, Necocheako Euzko Etxeak hiriko Dardo Rocha Plazan, Gernikako kimuaren ondoan, bildu zituen bere bazkide eta lagunak Aberri Eguneko ekitaldia gauzatzeko. Etxeko dantzariek omenezko dantza batez abiatu zuten elkarretaratzea eta horren ostean, erakundeko lehendakari Felipe Muguerza solastu zen euskal egutegian hain garrantzitsua den data honi buruz: 'Aberri Egunak nor garen adierazten du; euskaldunak eta euskaldunen ondorengoak gara eta harro gaude horrek esan nahi duenaz', esan zuen.

Gehiago irakurri...


Goretti Dañobeitia lezamarra Venezuelan eta Costa Rican haur eta nerabeen esplotazioaren aurka lanean

2010/04/06

Goretti Dañobeitia Pare bat egun dira Nikaraguatik itzulia dela, baso eta ibai handiz inguratua. Bere lanak eremu tropikaletatik ibiltzen ohituta dauka. Goretti Dañobeitiak Lanaren Nazioarteko Erakundearentzat egiten du lan, Haurren Lana Desagertarazteko Nazioarteko Planean eta bertako Komunikazio arduraduna da Ertamerika, Haiti, Panama eta Dominikar Errepublikarako. Azken hiru urteotan gobernu, sindikatu eta ugazaben elkarte artean dabil "haur eta nerabeen esplotazioa desagertarazi nahiean, bizitzeko aukera bat emateko" helburuaz lanean. Bere koartel nagusia Costa Rican ezarria du 31 urteko bizkaitar honek, 2006tik. Bertan lagunak egitea erraza ez dela, eta gizarte harremanen zama familiari dagokiola dio.

Gehiago irakurri...


Argentina eta Uruguaiko abertzaleek ikurrin kolorez jantzi zuten 'Plaza de Mayo' Aberri Eguna ospatzeko

2010/04/06

Argentina eta Uruguaiko Euskal Diasporaren Eztabaida Gunea antolatzaile, ehun bat lagun bildu ziren joan den larunbatean Buenos Airesko Plaza de Mayo-n, euskal egutegian hain garrantzitsua den data hau aldarrikatzeko. Ekin eta Aiara Dantza Taldeek musika eta dantza jarri zizkioten goiz eguzkitsuari eta festa giro egokia sortu zuten Euskal Herriaren independentziaren aldeko agiriak irakurtzeko. Ekitaldia bukatuta, bildutako jendeak bazkaria partekatu zuen Eusketxe, Euskaltzaleak eta Ekin-en egoitzan. Ondoren, Iparraldeko Euskal Etxera mugitu ziren ospakizunekin jarraitzeko: bertan “1512 Nafarroaren Konkista” filma eman eta dantzariek ordubeteko ikuskizuna eskaini zuten. Afalostean, Joseba Gotzon musikari bizkaitarrak abesti herrikoi batzuk kantatu zituen gitarra eta soinuak lagunduta. Aipatzekoa eta gauza berria da hainbat herritako lagunak hiribururatu zirela Aberri Eguna beste abertzale batzuekin ospatzeko. Hor ziren FEVAko lehendakari eta aldi berean Santa Rosako Euskal Etxekoa ere baden Ricardo Basterra, FEVAko batzordekide den Villa Mercedesko Julio Esnaola, eta Cañuelasko Euskal Etxeko lehendakari Daniel Sancholuz, batzuk aipatzearren (ikus argazkiak eta bideoa).

Gehiago irakurri...


EuskalKultura.com parte hartzaile gaur, urtero bezala, Sarako Liburu Azoka eta Idazleen Biltzarrean

2010/04/05

EuskalKultura.com, partaide gaur Sarako Idazleen Biltzarrean Urte batzuk badira EuskalKultura.com partaide dela Bazko Astelehenez, Sarako herriak urtero antolatzen duen Euskal Idazleen Biltzar eta Liburu Azokan, euskal Diasporari eta bertan egiten den euskal kultura eta ahaleginari presentzia emanez, kasu honetan euskal kulturaren Iparraldeko bilgune den Sarako hitzorduan. Inguruetan ibil daitekeen buletinaren eta webgunearen irakurle edo harpideduna zinez gomitatua da bertatik pasa eta azken urtean eta boladan euskal kulturak Iparraldean izan dituen emaitzen berri eskuratzeaz gain, EuskalKultura.com-en stand-aren atzean ibiliko den gure zuzendari Joseba Etxarri agurtu eta momentu batez solastu eta aurrez-aurre mintzatzeko. Gaurko Sarako hitzorduaren ondoren, buletina-eta normaltasunera itzuliko dira bihar.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia