euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Elvira Kortajarena ordezkariak Denak Bat EEa bisitatu eta euskal turismoa aurkeztu zuen Mar del Platan

2010/04/15

Kortajarena ordezkaria Mar del Platako Denak Bateko buruzagiekin batera euskal etxera joan den ostiralean egin zuen bisitan Eusko Jaurlaritzaren Argentinako ordezkariak, Elvira Kortajarenak, Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxearen egoitza bisitatu zuen joan den ostiral eguerdian, bertako lehendakari Jose Martin Azarlozarekin eta Zuzendaritza Batzordeko kideekin bilduz. Euskal Etxea ezagutzeaz gainera, Euskadiko ordezkariak turismo aurkezpen batean parte hartzea zekarren baita ere agendan, eta hala hartu zuen parte arratsaldean hiriko hotel batean ehun bat turismo arloko eragile eta langileen aurrean Euskadik eskaintzen dituen eskaintza turistikoez mintzatu eta herrialdea ezagutzeko gonbitea luzatu zienean, Espainiako Enbaxadak antolatutako ekitaldi batean.

Gehiago irakurri...


Euskal Etxe gisa onartu dute ofizialki Kolonbiako Medellingo 'Antioquiako Zulategi Euskal Etxea Fundazioa'

2010/04/14

Medellingo euskal komunitateko lagun eta kideak 2009an, Antioquia Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroaren bost urteak ospatzen Eusko Jaurlaritzak ofizialki onartu zuen, atzoko gobernu bileran, euskal etxe berri gisa eta, beraz, euskal etxeen erregistro ofizialera baitaratu zuen Kolonbiako Medellingo "Fundación Casa Vasca de Antioquia Euskoetxea Luis Miguel de Zulategi y Huarte" ('Luis Migel Zulategi Huarte' Euskoetxea, Antioquiako Euskal Etxea Fundazioa), Bogotákoaren ondotik bigarren euskal elkarte ofizialki onartua Kolonbian. Deitura honekin 2009an hasia, euskal ekimen antolatuak bost urte baino gehiago dituzte Medellinen, gehienbat Antioquia Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroa izena hartu zuen taldearen inguruan. Erabaki honekin batera, Jaurlaritzak Argentinako La Platako Unibertsitate Nazionaleko (UNLP), Txileko Unibertsitateko (UC) eta Txileko Aitasantu Unibertsitateekin (PUC) zeuzkan hitzarmenak berritzea onartu zuen atzo.

Gehiago irakurri...


Bi euskaldunek sortua da, apirilaren 4ean 100 urte bete dituen Cnel. Vidal herriko Nicanor Ezeyza Eskola

2010/04/14

Mar Chiquita partiduko Nekazaritza eta Abeltzaintzako Eskola (ezkerrean); Nicanor Ezeyzaren irudia (eskubian) XIX. mende bukaeran gaude eta Argentinara etorritako immigranteak ohartuak dira herrialdearen aurrerapena lurraren emaitzei lotua dagoela; ondorioz, ezinbestekoak dira nekazaritza eta abeltzaintza arloko formakuntza, eta gai hauek irakasten dituzten hainbat eskola sortzen joango dira Panpan zehar. Mar Chiquita partiduan lan horri eutsi ziona Manuel Jose Ezeyza gizon ekimentsua izan zen. Manuelek, bere aitaren xedeari jarraituz, Mar Chiquita partiduko Nekazaritza eta Abeltzaintza Eskola fundatu zuen, bertako Victoria Aguirre andrearen laguntzarekin. Ehun urte joan dira geroztik eta Argentinako eta baita kanpoko ikasleak ere jaso ditu tarte honetan Nicanor Ezeyza Eskolak, ezaguna baita urterik urte kalitate handiko hezkuntza eskaintzen diola bere ikasleriari. Sortu zutenen ametsa bete dela esan daiteke. EuskalKultura.com-ek artikulu honetara ekarri nahi izan du istorioa.

Gehiago irakurri...


Argentinako Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeak Claudio Esnal hautatu du berriro elkarteko lehendakari legez

2010/04/14

Biltzarreko presidentzia, gerora berriz hautatua gertatu zena Claudio Esnal eta bere buruzagi taldeko gehienak baieztatuak izan dira euren lekuetan Argentinako Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeak besteak beste elkarteko Zuzendaritza Batzordea berritzeko eta iazko ekitaldiaren emaitzak aztertzeko egindako Ohiko Biltzar Nagusian. Aldaketa txiki batzuekin, aurreko Zuzendaritzak segitzen du elkartea kudeatzen, aurkeztu eta onetsitako hautagaien artean baitaude lehen eta orain buruzagi segitzen duten Enrique Otaño lehendakariordea; Nélida Apesteguía, idazkaria; Delia de Ustaran, agiri idazkaria; eta José Luis Filippini diruzainak. Elkarteak, bestalde, jakitera eman du abian direla dagoeneko, urte batzuen buruan Gaztedi Zutik-eko kide bilakatuko diren txikienen dantza eskolak, María Eugenia Iribarren, Imanol Salazar eta Micaela Bereciartua zuzendari.

Gehiago irakurri...


Lehenengoa kaleratu eta hilabetera, 2. edizioa atera du gaztelaniaz Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbaok

2010/04/13

Kirmen Uriberen 'Bilbao-New York-Bilbao'ren gaztelaniazko lehenengo edizioa, 30.000 alerekin, plazaratu eta hilabetera, bigarrena atera du kioskoetara Seix Barral argitaletxe bartzelonatarrak. Estatu mailan salduenen zerrendan dagoen eleberriak bilduak ditu orain arte Espainiako 2009ko Narratiba Sari Nazionala eta euskarazko Kritika Sari Nazionala. Ibilbide arrakastatsu hau ospatzeko, festa ekitaldi bat antolatu da bihar asteazkena Bilboko Campos Eliseos Antzokian, aldi berean Liburuaren Nazioarteko Eguna aurre-ospatu eta liburua Bilboko publikoaren aurrean aurkezteko. Bihar arratsaldeko zortzietan, Bertendona kalean.

Gehiago irakurri...


'Don Juan Iturrioz Arróspide: Un Vasco en el Chaco' bideoa aurkeztu zuten atzo Argentinako Resistencian

2010/04/13

Juan Iturrioz Arróspideri buruzko DVDaren azala Atzoko azken orduan iritsi zitzaigun Resistencia, Chaco probintzia argentinarreko hiriburuan, bertako Komunikabideen Museoan egin behar zuten 'Don Juan Iturrioz Arróspide: Un Vasco en el Chaco' bideoaren berri. Juan Iturrioz Arróspide arkitektoa, plastika eta pintura chacotarrari ekarri dion pertsona, probintziako Kotoiaren Lurra Euskal Etxeko lehendakari ere izan zen. Berari buruzko bideoa, 20 minutuko DVDa, atzo aurkeztu eta proiektatu zuten, eta ohiko dendetan eta Chacoko Euskal Etxean atxeman dezake nahi duenak erosgai.

Gehiago irakurri...


Euskal erbestea eta 1936-46 tartea aztergai aste honetan Renoko Euskal Ikasketa Zentroaren IX. Hitzaldian

2010/04/13

IX. Hitzaldi hau iragartzen duen afixa 1936-46ko euskal erbestea, gerla denbora, justizia eta eguneroko bizimodua aztertuko ditu datorren ostegun eta ostiralean Estatu Batuetan, Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroak (CBS) Renon egingo duen IX. Hitzaldian. Europako eta Estatu Batuetako hamabost bat aditu partaide, bi eguneko hitzordu akademiko hau CBSko aurtengo 'Douglass Distinguished Scholar' den --eta beraz aurten Renon ikerle/irakasle ari den-- Santiago de Pablo EHUko euskal historialaria eta Sandra Ott CBSko zuzendarikide eta Ipar Euskal Herriko historia garaikidean aditu dena koordinatzaile gauzatuko da. Emaitzekin liburua emango du argitara Renoko CBSek eta Estatu Batuetako bostehun bat unibertsitate eta zentro akademikotan banatuko.

Gehiago irakurri...


Olavarriako (Argentina) euskaldun talde bat lanean ari 'Gure Etxe Maitea' berrabiatu eta indarrean jartzeko

2010/04/12

Behin-behineko Zuzendaritza Batzordea eta lehendakaria, Lapridako Maria Ester Arrondorekin (argazkia, Maria Ester Arrondoren politesia) Buenos Aires probintzian, Olavarriako euskaldun talde batek egin berria du joan den astelehenean, apirilaren 5ean, bilera bat, bertan indar handia zeukan 'Gure Etxe Maitea' euskal etxea berrabiatu eta biziarazten. Euskal Etxeak 2002-03an hautatu zuen bere azkenenko Zuzendaritza Batzordea eta geroztik bere jarduna erabat jaitsi zen, ia erabat desagertzeraino. Izan ere Eusko Jaurlaritzak munduko euskal etxeen zerrendatik ezabatzea erabaki zuen 2008an. Bere burua berrabiatze lanetan ezarri duen talde berriak Behin-behineko Batzorde bat osatu du dagoeneko, Maria Susana Mendizabal buru, eta 90 eguneko epea ipini du Biltzar Nagusi bat deitzeko, guztia elkartea berreskuratu eta Olavarriako euskal gizatalde antolatuaren ekimena normaltzearren. Gaur bertan lan-bilera batera deitu dute, arratsaldeko zortzietan, Moreno 3078 helbidean.

Gehiago irakurri...


Juan Miguel Gutierrez zinegileak ikastaro bat emango du Maiatzean La Plata Unibertsitatean, Argentinan

2010/04/12

Juan Miguel Gutierrez euskal zine arloko aditua Maiatzaren 10ean errezibituko du La Platako Unibertsitate Nazionalak (UNLP) Juan Miguel Gutierrez euskal zinegilea. Gutierrezek bost eguneko ikastaro bat emango die ikasgune honetako zinemagintza eta ikus-entzunezko arte arloko ikasleei. 'Euskal Zinema, tradizioa eta modernitatea' izeneko ikastaroaren helburua Euskal Herriko zinemagintzaren historian murgiltzea da; astean zehar bost gai ezberdin hartuko ditu ardatz. Klaseak maiatzaren 10etik 14ra arte izango dira, arratsaldeko 4etatik 8etara. Maiatzaren 15ean, berriz, umeei zuzendutako ekintza bat burutuko du Gutierrezek La Platako Euzko Etxean. Hitzordu honetan, umeentzako film animatu bat bota eta aztertuko da euskal etxean.

Gehiago irakurri...


Oldarra kantu talde biarriztarra etorri berria da Saudi Arabiatik: bertako erregearen aitzinean kantatu du

2010/04/12

Oldarra Saudi Arabiako hiriburu Riad-en kantatu ondoren (argazkia Oldarra-Herria) Oldarra korala, gizonezko euskal kantu talde biarriztarra, etorri berria da Saudi Arabiatik. Gauza da erresumaren hiriburuan Janadriyah deitu azoka egiten dutela urtero eta aurtengoan Frantziari dedikatu diote. Hori dela eta, Frantziako enbaxadak Oldarrari luzatu dio gonbita, besteak beste bertako erregearen aitzinean kantatzeko, Oldarrak ekitaldiaren estreinaldian kantatu baitu. Argazkia eta datuak Oldarrako kideek berek eman dizkiote Herria astekariari eta honek apirileko bere lehenengo zenbakiak eman ditu argitara. Hona Oldarrakoen laburpena Saudiar erresumatik itzuli eta gero.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia