euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ehun urte dira bihar Pello Mari Otaño Rosarion hil zela: ospakizun egitaraua Argentinan eta Euskal Herrian

2010/05/06

Gaur arratsaldeko zortzietan Zizurkil Pello Mari Otañoren sorterrian aurkeztu den haren heriotzaren mendeurrenari buruzko liburua, herriko Hernandorena Kultur Elkarteak Zizurkilgo Udalaren laguntzaz argitara emana (argazkia EuskalKultura.com) Euskal Herrian daude dagoeneko, atzo gonbidatu iritsita, bertsolari handiaren bi biloba, Mexikotik etorria Amelia Otaño eta Argentinatik, Susana Ardanaz Otaño, 'Txuri' ingurukoentzat. Euren aitona hil zela 100 urte betetzen diren eguna Zizurkil haren jaioterrian egingo den ekitaldian parte hartuz pasatuko dute. Izan ere, Zizurkilgo Udalak, bihar egingo duen osoko bilkura berezian, 'Herriko Seme Kuttun' izendatuko du bertsolaria, ondoren Omenaldia egingo zaio Herriko Plazan, mendeurrenaren plaka desestaliz, eta herri-afaria egingo da segidan pilotalekuan, Jexux Mari Irazu eta Sebastian Lizaso partaide, eta euskal diasporako zein Euskal Herriko bertsolari gogoangarri aparta izan zenaren bizitza eta bertsogintza kontatu eta kantatuko du Eñaut Agirrek ordubeteko saioan. Ekitaldiek, maiatzean eta ekainean zehar segituko dute, Euskal Herrian lehenik, baina Argentinan ondoren (ikus egitaraua). Aurretik, gaur arratsaldean, 'Pello Mari Otañoren arnasa' liburua aurkeztuko da Zizurkilgo Atxulondoko Kultur Etxean.

Gehiago irakurri...


Argentinan zehar landatuta dauden Gernikako Haritzaren Kimuak 73. Bonbardaketaren oroipenaren lekuko

2010/05/06

Chascomusko 'Zingirako Euskaldunak' Euskal Etxeko kide eta lagunak Gernikako Bonbardaketaren 73. urteurreneko omenaldian (argazkia EE) Hegoamerikako euskal Diaspora ez da ahazten. Ez da ahazten eta euren komunitateetan duten eragina baliatuz, gizarte osoak gogoan atxiki dezan lan handia egiten dute euskal etxeetako kideek. Hori dela eta, urtero, salbuespenik gabe, 1937an Gernikan gertatutako sarraskia oroitzen eta salatzen dute euren baitan zein komunitateari begira antolatutako ekitaldietan. Chascomus, Mar del Plata eta Rosarioko ospakizunak fenomeno honen adibide ezin hobeak dira, hiru hirietan Gernikako Arbolaren kimua landatuta dagoen enparantzetan egin baitziren omenaldiak. Rio de la Plata ibaiaren beste aldean ere gogoratu zuten 1937ko apirilaren 26 hura. Montevideon, esaterako, eta Saltoko euskal etxeko kideek ere aipamen berezi bat jarri zuten euren blogean.

Gehiago irakurri...


Helena Taberna zinegileari eskainitako atzerabegirakoa eta mintegia ostegunetik aurrera Buenos Airesen

2010/05/05

Helena Taberna zine zuzendari altsasuarra Helena Taberna zinegile nafarra Buenos Airesera heldu da aste honetan, bere obrari buruzko atzerabegirakoa egingo baita hirian ostiral eta larunbatean, eta datorren astean zine mintegi batean hartuko baitu parte, 'zuzendari lana fikzioan' eta 'zuzendari lana dokumentaletan' izenburupean. Tabernari buruzko atzerabegirakoak bere tituluetako lau eskainiko ditu, hala nola ostiralean 'Yoyes' (2000) eta 'Extranjeras' (2003), larunbatean 'Nerabe' (1995) laburrarekineta 'La buena nueva'rekin (2008) segitzeko. Zuzendari altsasuarra Mujeres en foco izeneko ekimenak eta Buenos Airesko Espainiako Kultura Zentroak ekarrita iritsi da hiriburu argentinarrera, bertako Emakumearen eta Genero Berdintasunaren aldeko Lehenengo Nazioarteko Jaialdiaren eskutik.

Gehiago irakurri...


Jaurlaritzak atzo argitaratu zuen Euskal Etxeentzako 2010eko laguntza deialdia: epea, ekainaren 4eraino

2010/05/05

Atzoko EHAAren alea, Euskal Etxeentzako dirulaguntzen deialdia biltzen duena Eusko Jaurlaritzak atzoko buletinean (EHAAn) eman zuen argitara Euskal Etxeentzako 2010eko dirulaguntza deialdia. Orotara 1.429.395 euro banatuko dira munduko euskal etxeen eta euren federazio eta konfederazioen artean, horietarik milioi bat ohiko gastu eta jardueretarako (IV. kapitulua) eta gainerakoa azpiegitura eta ekipamendurako (VII. kapitulua). Jardueren atalean, arreta bereziz lagunduko dira gazteria, emakumea, kanpo irudia eta komunikazioa, eta memoria historikoaren berreskurapena aintzat hartzen dituzten egitasmoak, gehienez har dezaketen ekarpena 65.000 eurokoa izango delarik, eta gutxienez 300 eurokoa. Eskabideak aurkezteko epea 2010eko ekainaren 4ean amaituko da.

Gehiago irakurri...


Saladilloko Euskal Etxeak Euskal Herrirako bidaia zozketatuko du bere egoitzaren eraikuntza aurreratzeko

2010/05/05

Piskanaka eta zatika Saladilloko Itxaropen Euskal Etxea bere jabegoko egoitza eraikitzen ari da Ekimenez betetako egitaraua proposatzen du Saladilloko Itxaropen Euskal Etxeak datozen hilabeterako. Hasteko, 300 bono kaleratuko ditu erakundearen egoitzako balio anitzeko aretoko lanak bukatu ahal izateko. Bonoak erosten dituzten partaideek Euskal Herrira bidaiatzeko bi pertsonentzako sari baten zozketan parte hartzeko aukera edukiko dute. Horrez gain, hil honetan sukalde tradizionaleko 'buseca' platera prestatuko dute euskal etxeko kideek, eta "Inmigrantes y criollos en el Bicentenario" izeneko liburua aurkeztuko da Bartolome Mitre Liburutegian. Uztailean, berriz, erakundearen 12. urtemuga ospatuko dute eta irailean Argentinako Immigrazioaren Museo Nazionaleko erakusketa ibiltaria jasoko dute, komunitateak Argentinara heldu ziren etorkinen istorioak ezagut ditzan.

Gehiago irakurri...


Kaliforniako Bakersfield-en bildu dira Ameriketako eta EHko Etxamendi anai arrebak, Ezterenzubi Mendiburukoak

2010/05/04

Etxamendi haurrideak Eñauten urrezko ezteien karietara Bakersfield-en egin elgarretaratzean (argazkia Mattin Etxamendi-Herria) Kaliforniako Bakersfield-en bildu dira Ameriketako eta Euskal Herriko Etxamendi haurrideak, Ezterenzubi Mendiburukoak. "Denbora nola daien! Aspaldiko ixtoria dela iduri luke Ezterenzubi Mendiburuko familiatik lehenbiziko haurra edo gaztea Ameriketarat juan zela. 1949 agorrilaren 24 zen Manez anaia zaharrena etxetik abiatu zela delako Amerika hartarat buruz eta gaur gibelerat begiratu eta iduritzen zaut berrikiko gertakari bat dela; urteak juaiten dira ohartu gabe! Urteak joan eta urteak jin Mendiburuko familiatik bost haurride joan ziren Ameriketarat, azkena 1961 buruilean eta geroztik denak han bizi dira". Honela hasten da Arizonatik Martin Etxamendik Herria astekariaren azkeneko alean idatzi digun kronika, haurrideak ameriketaratu zirela 60 urte baino gehiago joan direnean, Euskal Herrian gelditu zen Eñaut anaiaren urrezko ezteien estakuruan bizirik diren sei anai-arrebok Ameriketan bildurik.

Gehiago irakurri...


Hiriaren 126. urteurren ospakizunen barruan, Hiru Errekak 'Ondare Tresarroyostarra' sariak eman ditu

2010/05/04

Blanca Maite Ayastuy-k bere bilobaren eskutik jaso zuen saria (argazkia EE) Duela sei urte, Tres Arroyosko Hiru Erreka Euskal Etxea komunitatearen alde lan isila egindako pertsonak saritzen hasi zen. Ez dira egunkarietan agertu ohi diren pertsona publikoak; izan ere zalaparta handirik gabe egiten dute euren lana kasu gehienetan. Hala ere, Tres Arroyosko komunitatea komunitate gisa aberastu egin da eta hobea da eurak egindako ekarpenei esker eta euren lanak engaiamendua eta herriarekiko maitasuna uzten dituzte bistan. 'Hori dela eta, gure gogoa eta nortasuna eurekin daramatela sentitzen dugu', adierazten dute euskal etxeko kideek, eta haratagora doaz: 'Saritzen ditugun lagunak gure herriko historia eraiki eta josten dute'. Aurtengo sarituak Elisa Di Nezio de Villafranca, Blanca Maite Ayastuy, Manuel Alonso Bilbao eta Leonardo Legarreta izan dira. Omenaldia joan den apirilaren 24an gauzatu zen euskal etxearen egoitzan.

Gehiago irakurri...


Madrilgo EEko Mariano Larrañaga eta Ernesto Recuero bikoteak bereganatu du Espainiako Mus txapelketa

2010/05/04

Alvaro del Corral, Espainiako estatuko euskal etxeen federazioko lehendakaria; Julian Celaya Hiritarrentzako eta Euskal Gizataldeentzako zuzendaria; eta Jon Zaballa, Madrilgo Euskal Etxeko lehendakaria, txapelketako txapel eta garaikurren ondoan Egungo munduko txapeldunak dira Mariano Larrañaga eta Ernesto Recuero, eta gogor eusten diote txapelari, izan ere joan den apirilaren 24 eta 25ean Madrilgo Euskal Etxean egin zen estatu mailako norgehiagokan, bikotea atera zen garaile, estatuko txapel berria gehituz indarrean daukate munduko txapela nagusiari. Euren esperantza, beraz, mundukoa ere berritzea, abuztuan Kaliforniako Los Angelesen egingo den txapelketan. Espainiako txapela Julian Celaya Jaurlaritzaren Kanpoko Hiritarrentzako eta Euskal Gizataldeentzako zuzendariak ipini zien, igande horretan Madrilen baitzen, Espainiako 'Euskal Herria' euskal etxeen federazioak egiten duen urteroko bileran partaide.

Gehiago irakurri...


Arrakasta politaz bukatu da Caracasen Euskadiko Ikasleen Orkestrak (EIO) Venezuelara egin duen bidaia

2010/05/03

Euskadiko Ikasleen Orkestrak kontzertu arrakastatsua eskaini zuen Caracasen, bertako Gazteen Sinfonikoarekin batera Arrakasta handi legez aipa daiteke larunbatean, Maiatzaren Lehenean, Caracasen emandako kontzertuarekin Euskadiko Ikasleen Orkestrak amaitu zuen astebeteko bira venezuelarra. Bertako Francisco Miranda Orkestra Gaztearekin eman zuen larunbatean kontzertua EIOk. Iker Sanchez zuzendari, 12 eta 18 urte arteko musika ikasleek osatzen duen orkestrak Francisco Escuderoren 'Dantzari baten ametsa' eskaini zuen, Nerea Gurrutxaga dantzaria laguntzaile. Venezuelako Francisco Mirandak, berriz, Rosini, Samuel Aparicio bakarlari. Bi orkestrek --170 jole orotara-- elkarrekin ekin zioten kontzertuko azken zatiari, publikoaren esku-zarta handiak eurenganatuz. Emanaldiaren ondotik Kolonbia eta Venezuelarako Euskadiren Ordezkari den Iñaki Martinezek Lehendakariaren gutun bat eman zion espedizioari. Bertan Patxi Lopezek musikak "kulturak elkarrekin lotzeko tresna" gisa duen balioa azpimarratu, eta musikari gazteek eurek "Euskadiko enbaxadari gisa" egiten duten lana eskertzen du.

Gehiago irakurri...


Rosarioko Zazpirak Bat-ek berriz abiatu du bere abesbatza, Carlos Gantus musikariaren gidaritzapean

2010/05/03

Zazpirak Bat Euskal Etxeko Lagun Artean abesbatza, 2008ko ekitaldi batean Ezaguna izan da oso euskal komunitatean Lagun Artean Rosarioko Zazpirak Bat euskal etxeko abesbatza. Izan ere arrakasta handiko aurkezpenak ematen zituen Rosarion euskal komunitateak antolatutako ekitaldietan. 2009an ibilbide luzeko koru honek urtebeteko atsedena hartu zuen, bere aktibitateak bertan behera utziz. Orain, eta Carlos Gantus musikariaren eskutik, euskal etxeko abesbatzak berriro ekin dio lanari. Entseguak asteazkenetan dira, iluntzeko 8etatik 10etara erakundearen egoitzan, eta taldean parte hartzeko gonbitea luzatzen dute euskal etxeko arduradunek. Baldintzei dagokienez, aukeran abeslari esperientziadunak eta musika irakurtzeko gaiak direnak nahiago dituzte; alabaina, ezinbesteko eskaera bakarra 'ahots polita izatea' da.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia