euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Zuzendaritza Batzordea berritu du Necocheako Euzko Etxeak, Felipe Muguerza lehendakari berrautatuz

2010/05/12

Felipe Muguerza, Necocheako Euzko Etxeko lehendakaria (argazkia EuskalKultura.com) Joan den ostiralean, maiatzaren 7an, eta bere Araudiak ezarritakoari segituz, elkarteko Urteroko Ohiko Biltzar Nagusia egin zuen Buenos Aires probintzia argentinarreko Necochea herrian bertako Euzko Etxea erakundeak. Bilerako gaietako bat Zuzendaritza Batzordea berritzea zenez, zegokion hauteskundea egin ondoren karguak berritu eta berretsi ziren, lehendakari lanetarako konfidantza Felipe Muguerzarengan ipini zelarik urtebeteko agintaldi berri baterako. Berarekin batera arituko dira Jose Antonio Alustiza, lehendakariorde; Ricardo Esnaola, idazkari; Mirta Garrido, idazkariorde; Horacio Yacomini, diruzain; eta JoséeLuis Picardi, diruzainorde.

Gehiago irakurri...


Federico Borrás Alcain: 'Presencia Vasca irratsaioa egitea lana baino gehiago ohore handia da niretzat'

2010/05/11

Presencia Vasca irratsaioaren 20. urtemugako ospakizunetan, Federico Borrasek hitz batzuk zuzendu zizkien bildutakoei Hogei urte bete ditu aurten irratsaioak. 1990ean eta Raul Alcain-ek bultzatuta jaio zen Parana hirian Presencia Vasca. Euskal Herriko kultura eta berriak hedatzeko asmoz sortutako saio honek garaiari zegozkion mugak zeuzkan: Euskadiko egunkariak oso berandu argentinaratzen ziren eta transmisioak seinalea harrapa zezaketenek baizik ez zuten entzuten. Denborarekin, Alcain-en biloba Federico Borras Alcain-ek programaren ardura hartu zuen eta gizartea modernizatu ahala irratsaioak hurbiletik segitu zion. Zuzendari eta esatari, Borrasek Euskal Herriko zein Diasporako hamaika pertsona ospetsu elkarrizketatu ditu, Argentinan nahiz Euskadin. Dituen hogei urteekin, saioa ibilbide luzeenetako bat da euskal Diasporan.

Gehiago irakurri...


La Platako Euzko Etxeak Javier Clúa berretsi du lehendakari eta Adolfo Pérez Esquivel ohorez bazkidetu

2010/05/11

La Platako Euzko Etxeko Batzorde berriko kideetako batzuk: ezker-eskuin, Sergio Ochotorena, diruzainordea; Patricia Pulido, diruzaina; eta Javier Clúa, lehendakaria (EE argazkia) Buenos Aires probintzia argentinarreko hiriburu den La Platako Euzko Etxean Javier Clúak segituko du elkarteko lehendakari joan den apirilaren 25ean eginiko Urteko Ohiko Batzarraren ostean. Berarekin batera arituko dira Zuzendaritza Batzordean Jorge Batiz, lehendakariorde; Maria Fernanda Astigarraga, idazkari; Iñaki Azcarate, idazkariorde; Patricia Pulido, diruzain; eta Sergio Ochotorena, diruzainorde, besteak beste. Bestalde, batzarkideek aho batez onetsi zuten Adolfo Pérez Esquivel elkarteko ohorezko bazkide izendatzea proposatzen zuen ekimena.

Gehiago irakurri...


Erromako Associazione Culturale Euskara-k euskal dantza ikastaroa hasiko du datorren ostegunean

2010/05/10

Associazione Culturale Euskarak iaz antolatu zuen ikastaroko irudia Iaz lortutako arrakastaren ondotik euskal etxe erromatarra berriro ere animatu da eta heldu den ostegunetik hasita, ostegunero eta ekainaren 17ra arte euskal dantza herrikoiak irakatsiko ditu, Erromako Unibertsitate batean ikasle ari den Maite Olaetxea dantzari etxalartarraren eskutik, Italia eta Munduko Dantza Tradizionalen 'Circolo Gianni Bosio' Eskolan. Ikastaroaren amaieran, duela urtebete egin bezala, Trikipoteo batera deituko du Associazione Euskarak, bost saiotan zehar ikasitakoa festa giroz eta elkarte osoa partaide gauzatutako ekitaldi batez amai dadin.

Gehiago irakurri...


Gernikako Plaza eta Arbola izan ziren Montevideon bonbardaketaren 73. urteurreneko ekitaldien testuinguru

2010/05/10

Urtero bezala, Montevideon euskaldunek ez diote hutsegin Gernikako bonbardaketaren urteurrenari eta Haize Hegoa Euskal Etxeak eginiko deialdiari erantzunez elkarte honetako buruzagi, dantzari, bazkide eta lagunak hiriburu uruguaitarreko Gernika Plazan duela 66 urte bertan erroturik hazten ari den Gernikako Haritzaren inguruan bildu ziren sarraskiaren 73. urteurrena gogoratu eta Franco generalaren zerbitzura ziharduten hegazkin naziek eragindako triskantzan hildakoak oroituz euskaldunen segidaren lekukotasuna eskaintzeko eta euskal-uruguaitar gisa Diasporatik ere geroa egunero eraikitzen ari den herri bateko partaide agertzeko. Bildutakoek tarte bat hartu zuten duela gutxi Montevideon hil den Jorge Arin Ayphassorho euskal gizataldeko kidea gogora ekartzeko.

Gehiago irakurri...


Nafarroako Gobernuak domina eman dio Rosa Mary Ibañez Espainiako Nafar Etxeen Federazio presidenteari

2010/05/10

Rosa Mary Ibañez Zapaterok urteak daramatza Espainiako Nafar Etxeen Federazio Nazionaleko presidente gisa. Nafarroako Gobernuak, joan den maiatzaren 3ko bileran erabaki zuen, besteak beste, 'Karlos III.a Prestuaren Gurutzea' izeneko domina ematea Rosa Mary Ibañez Zapatero Espainiako Nafar Etxeen Federazioko Nazionaleko presidenteari. Berarekin batera beste bost pertsona eta elkartek jasoko dute ohore bera, hala nola Tuterako Orden del Volatín delakoak; Arkupeak erretirodunen elkarteak; Juan Antonio Sagardoy Bengoechea Lan Zuzenbideko katedradunak; María Ángeles Mezquíriz Irujo arkeologoak; eta Donibane Garaziko “Les Amis de la Vieille Navarre” (Nafarroa Zaharraren Lagunak) elkarte baxenabartarrak.

Gehiago irakurri...


Txileko Santiagoko Euzko Etxeak alkartasun kanpaina bati ekin dio, dardarak kaltetutako Pintue herriskan

2010/05/07

Pintueko elizaren itxura lurrikara gertatu aurretik (argazkia historiadepaine.blogspot.com-en politesia) Txileko Santiagoko Euzko Etxeak otsaileko lurrikara azkarrak kaltetutako Pintue herriskako biztanleei laguntzeko alkartasun kanpaina bati ekin dio, Aculeo laku ondoan, Paineko udalean kokatzen den auzo honetako eliza berreraiki edo konpontzeko, "berau baita bertakoek komunitate bizitza egiten duten lekua". Hiriburu txiletarreko euskal etxekoen esanetan, "ekimen hau eta leku hau hautatu ditugu geure hondar alea ipintzeko, dardarak gogor kaltetutako aldea izan arren, epizentroko tokietatik urrun delako egunkariak ez baitira hona iritsi eta ohargabean pasatu zaizkio komunitateari bertakoek jasan dituzten kalte eta galera handiak". Laguntza helburu honekin, Euskal Abesbatza eta EEko Dantza Taldekoek emanaldia eskainiko dute Maiatzaren 21an Pintueko Eskolan. Bertaratzeko gonbidapena luzatu diote publiko euskaldun eta ez-euskaldunari, eta baliabideak biltzeko asmo berarekin zabaldu dituzten kontu korronteetara diru emaitzak egiteko.

Gehiago irakurri...


Euskal-irlandar konplizitatea eta 'Astigarragan bezalako giroa' nagusi Belfasteko BertsoDinner-en

2010/05/07

Giroa itzela eta ezinhobea izan zen, galdetutako guztiek aho batez aitortu dutenez. Maialen Lujanbio eta Jon Maiak espektatibei eutsi zieten, giro derra ipiniz lehenago eliza eta gaur egun jatetxe eta liburutegia den lekuan (argazkia Iñaki Irigoien) Astigarragan kantatzen arituko balira bezala sentitu omen ziren Maialen Lujanbio eta Jon Maia bertsolariak joan den larunbatean, Maiatzaren Lehenean, Belfast-en, 'BertsoDinner' izenpean hirugarren edizioa bete zuen ekitaldian, Irlanda Iparraldeko hiri nagusiko euskal talde batek antolatutako egunpasa eta bertso-saioan. Partaideak Irlandako zenbait aldetatik, Eskoziatik eta Euskal Herritik --Biarritzetik bertara dagoen 'low cost' hegaldi batez-- iritsiak ziren, Langileen Eguneko asteburu berezi bat ospatzera, eta gustura atera ziren, Belfast hiria gida bereziez ezagutzeaz gain, Guinessa eta bestelako garagardoei buruz jakitatea aberasturik, euskal-irlandar giro berezi eta oso animatuko afari eta saioa bizi izan baitzuten, gaua ondoko dantzaleku batean amaitzeko. Bertaratutako asko datorren urterako planak egiten hasiak dira, festa honen laugarren edizioari begira.

Gehiago irakurri...


Zinkunegik euskara ekarri zuen Buenos Airesko Liburu Azokako Hizkuntz Irakaskuntzaren XIII. Ziklora

2010/05/07

HABEko Euskara Munduan programaren arduraduna den Jose F. Zinkunegik hitzaldi bat eman zuen Buenos Airesko Liburu Azokan Joan den asteazkenean, maiatzaren 5ean, HABEko Euskara Munduan programaren arduraduna den Jose Franzisko Zinkunegi irakasleak hitzaldi bat eman zuen Buenos Airesko Liburu Azokako Hizkuntz Irakaskuntzaren Zikloan. “Hizkuntza ikasi eta irakatsi. Euskararekin on-line egindako esperientzia” izeneko mintzaldiaren bidez, Zinkunegik azaldu zion bildutako jendeari zein den euskararen gaur egungo egoera, zer-nolako hizkuntza politikak bultzatzen diren Euskadin, eta Argentinan Euskaraz programaren garapena. Mintzaldiaz gain, euskarari buruzko posterra ere egon da ikusgai azokan. 'Urtero hartzen dugu parte ziklo honetan arlo berrietan sartzeko asmoarekin', azaldu diote FEVAko arduradunek EuskalKultura.com-i. 'Euskaren status-a birbaliotzea, eta beste hizkuntza batzuekin harremanak sendotzea dugu helburu', aitortu dute Federazioko ordezkariek.

Gehiago irakurri...


Patagoniako prentsak Euskadiko Ordezkari Elvira Cortajarenak atzo Rio Gallegosera egindako bisita aipatu du

2010/05/06

Kortajarena Ordezkaria Santa Cruz Probintziako gobernadoreaorde eta Diputatu Ganberako presidentearekin bildu zen goizez eta arratsaldez Rio Gallegos hiriburuko alkatearekin, bertako Euskal Etxea medio (argazkiak El Periódico Austral) Bisita egin zuen atzo Rio Gallegos, Santa Cruz Patagoniako probintzia argentinarreko hiriburura, Elvira Kortajarena Eusko Jaurlaritzako Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguairako Ordezkariak. Cesar Arizmendi Rio Gallegoseko 'Hegoalde Argentinarra' Euskal Etxeko lehendakariak eta euskal etxeko buruzagiek errezibitu zuten, ondoren, haien eskutik, Probintziako gobernadoreorde Luis Hernan Martinez Crespo bisitatzeko Diputatuen Ganberan --gobernadoreordea baita Argentinan probintzietako Diputatu Ganberetako presidentea-- eta arratsaldez, berriz, Rio Gallegos hiriko intendente edo alkatea, Hector Roquet.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia