euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ostegunean bukatuko da Eusko Ikaskuntzako zuzendari-kudeatzaile postura aurkeztu ahal izateko epea

2010/05/17

Eusko Ikaskuntzako orain arteko zuzendari-kudeatzailea, Josemari Velez de Mendizabal (argazkia Argia.com) Josemari Velez de Mendizabal aurretiko erretiro erregimenera pasa denez geroz erakundeko zuzendari/kudeatzaile kargua betetzeko prozesua abian ipini zuen Eusko Ikaskuntzak eta datorren ostegunean, maiatzaren 20ean, bukatuko da hain zuzen hautagaitzak aurkezteko epea. Hautagaiek goi mailako unibertsitate titulua izan beharko dute, eskarmentua antzeko karguetan bereziki kultura munduan, antolaketa gaitasuna eta euskara zein gaztelania menperatu, frantsesa oso kontutan hartuko delarik, ingelesarekin batera. Hautatzeko prozesu publikoa enpresa espezializatu baten laguntzaz ari da burutzen, Eusko Ikaskuntzako Batzorde Eragilearen Ordezko Batzorde baten zuzendaritzapean.

Gehiago irakurri...


Zuzendaritza berritu du Pehuajó-ko Etxe Alai Euskal Etxeak; Maria Isabel Suarez Segurola, lehendakari

2010/05/17

Pheuajoko Etxe Alaiko buruzagiak joan den azaroan, euskal etxea Joseba Etxarri EuskalKultura.com-eko zuzendariak bisitatu zuelarik (argazkia EuskalKultura.com) Pehuajóko 'Etxe Alai' Euskal Etxeak, Buenos Airesko probintzia argentinarrean, bere barne araudiak markatzen duen araberako Ohiko Biltzarra egin eta elkarteko Zuzendaritza Batzordea berritu du apirilaren 24ean eginiko bilkuran, Maria Isabel Suarez Segurola hautatuz lehendakari. Berarekin batera arituko dira Pello Mari Otaño bizi izan zen herriko euskal etxea gobernatzen Norberto Aguirre, lehendakariorde; María Elida Oroz, idazkari; eta Maria Elena Azurabarrena, diruzain.

Gehiago irakurri...


Eusko Jaurlaritzak onespen ofiziala eman dio Santiagoko 'Colectividad Vasca de Chile' euskal etxe berriari

2010/05/14

Txileko Nafarroako Etxeko dantzari, buruhandi eta kilikiak Las Condesko Estadio Españolean, bertan eskainitako emanaldi baten ostean (argazkia Centronavarrodechile.org) Eusko Jaurlaritzako aste honetako gobernu bilerak onespen ofiziala eman dio Santiagoko 'Colectividad Vasca de Chile' (Txileko Euskal Gizataldea) izeneko euskal etxe berriari. Elkarte onetsi berriak Santiagoko Estadio Español delako erakundean dauka egoitza. Imanol Carredano Odiaga da euskal etxeko presidentea eta delako Estadioaren baitan Espainiako autonomien maparen arabera zegoen hutsunea betetzera dator, espainiar erakundeak autonomi erkidegoen mailako hainbat elkarte biltzen baititu bere baitan, tartean Nafarroako Etxea. Kirol eta aisialdi instalazio itzelak dituen instituzioa da Las Condes-Santiagon Estadio Española. Euskal etxe berria garaiz dabil aurtengo euskal etxeentzako deialdian sartzeko, jakina denez ekainaren 4ean baitauka eskabideak aurkezteko azken epea.

Gehiago irakurri...


Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxeak bat egin du Herri Urrats Ipar Euskal Herriko ikastolen jaiarekin

2010/05/14

Iparraldeko Euskal Etxeko Kultur Azpibatzordeko kide eta lagunak (argazkia IEE-CVF) Ipar Euskal Herriko ikastolen alde urtero Senperen (Lapurdi) bertako laku edo aintziraren inguruan antolatzen den Herri Urrats jaiak bere jarraitzaileak ditu Atlantiko Ozeanoaren alde honetan. Argentinan, Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxean hain zuzen, anitz lagun bildu ziren maiatzaren 8an euskarazko irakaskuntzaren aldeko festa hau ospatzeko. Azken urteotan egin den legez, euskal erakundeko Kultur Azpibatzordeko kideek antolaturik, pintxoz, musikaz eta dantzaz gozatu ahal izan du euskaltzale argentinar talde mardul batek.

Gehiago irakurri...


Buruzagitza berritu du Comodoro Rivadaviako Euskal Etxeak, Antonio Baztan lehendakari berretsirik

2010/05/14

Comodoroko Euskal Etxearen Ohiko Biltzar Nagusiko lehendakaritza mahaia Argentinako Patagonian, Chubut probintzian, buruzagitza berritu du --araudiak markatzen duenari jarraiki-- bertako hiri populatuena den Comodoro Rivadaviako Euskal Etxeak. Berez 'Elkar Sorosteko Euskal Echea Euskal Elkartea' (Asociación Vasca Euskal Echea de Socorros Mutuos) izena duen erakundeak konfidantza berritu dio urte luzetan bertako euskal komunitateko buruzagi den Antonio Baztan-i. Bera buzu zeukan hautagaitzak egin du aurrera, aurkako botorik gabe. Lankide izango ditu Zuzendaritza Batzordean, besteak beste: Matías Oyuela, lehendakariorde; Eloy Galarza, idazkari; José Gutiérrez, idazkariorde; Daniel San Sebastián, diruzain; eta Gloria Iparraguirre, diruzainorde.

Gehiago irakurri...


Cordobako Probintziak berdegune bat eman dio Rio Cuartoko EEri, 'Euskal Herria Plaza' eraiki dezan

2010/05/13

Epe laburrean Argentinako Rio Cuartori izena ematen dion Cuarto ibaiaren ondoan 'Euskal Herria Plaza' izena hartuko duen airetik hartutako argazki eta muntaia Cordoba Probintziako Gobernuak, Argentinan, Cuarto ibaiaren ondoan kokatzen den eremu eder ikusgarri bat emango dio Rio Cuarto herriko Gure Ametza (sic) Euskal Etxeari, bertan 'Euskal Herria Plaza' eraik dezan eta naturarekin, euskal kulturarekin eta animazio eta orohar kultur ekintzekin zerikusia daukaten ekimenen gune bilaka dezan. 50 urterako den emaitza eta tratua "naturari lotutako ikuspuntu hezitzailea dauka oinarrian, helburua euskal kulturgune eta euskal kultura zabaltzeko gune bat" sortzea baita, Euskal Etxeak kudeatu eta animatua. Proiektua aurkeztu eta abiarazi duen EEko kide Eduardo Aguirrek adierazi duenez, lekuak euskararen oihartzun eta euskal kirol tradizionalen gauzaleku nahi du izan, besteak beste.

Gehiago irakurri...


Solas, topaketa eta bertsoz ospatuko du Buenos Airesko Euskaltzaleak-ek Argentinaren Bigarren Mendeurrena

2010/05/13

2009ko Euskararen Eguneko ospakizunak Euskaltzaleak-en ehoitzan, Mexiko 1880 helbidean (argazkia EuskalKultura.com) Herri gazteak direla Ameriketakoak, esaten dute Europatik amerikar nazio modernoetako eraikuntzak, gizarteak eta historiak aipatzerakoan. Gazteak bai, baina harro ezagutuak izan daitezen merezi duten istorioz beteak. Bertako independentziak lortzearren borrokatu zirenen istorioak, bertako jatorrizko komunitateen eskubideak defendatzearren jardun zutenen istorioak. Bestelako herrialde mota bat sortu nahi zutenen istorioak, eta azkenean gerrak irabazi zituztenek idatzitakoak. Buenos Airesko Euskaltzaleak erakundeak euskara irakastea du helburu, baina Argentinaren Bigarren Mendeurrenean, ez dio bere herrialdearen historiari bizkarra ematen. Herrialde osoan egiten ari diren ospakizunekin bat eginez, eta ohi bezala bere joera abertzaleari jarraituz, datorren larunbatean, Maiatzaren 15ean, Eduardo Torry “Euskal identitatea Argentinan, lehenengo mendeurrenetik bigarrenera” gaiaz solastuko da Mexiko kaleko egoitzan. Ondoren, omenalditxo bat eskainiko zaio Pello Mari Otaño bertsolari euskal-argentinar handiari. 18an, berriz, Euskaltzaleak-eko irakasle eta ikasleek Juan Miguel Gutiérrez zinegilearen bisita jasoko dute. Maiatzaren 29an, azkenik, Carlos Aznarez kazetaria Hego Amerikako independentziei buruz mintzatuko da.

Gehiago irakurri...


Zuzendaritza berritu du Rauch-ko euskal etxe argentinarrak, Sivia Conte de Salsamendi hautatuz lehendakari

2010/05/13

Rauch-ko Gure Txokoa Euskal Etxeak antolatutako euskal jaialdi bat, artxiboko irudian Buenos Aires probintzia argentinarrean, Rauch-ko 'Gure Txokoa' Euskal Etxeak Urteroko Ohiko Biltzar Nagusia egin zuen joan den apirilaren 28an eta, besteak beste, Zuzendaritza Batzordea barritzeari ekin zion, agintealdi berri honetan euskal etxea gobernatuko duen taldeko buru Silvia Conte de Salsamendi lehendari hautatuz. Berarekin batera arituko dira Pablo Otegui, lehendakariorde; Emma Socobehere, idazkari; José Luis Ochoa, idazkariorde; Teresita Poffer, diruzain; y Aidé Otegui, diruzainorde. Proposatutako ekimenen artean azpimarratzekoa da Euskal Dantza eskolak hasiko direla, Macarena Carregado irakaslearen eskutik.

Gehiago irakurri...


Arte eta gastronomia arloko ekimenak erakutsiz aurkeztu da Euskadi Fox Zentroak Mexikon antolatutako jaian

2010/05/12

Vicente Fox mexikar presidente ohia eta Julian Celaya Jaurlaritzako Kanpoko Hiritarrentzako eta Euskal Gizataldeentzako zuzendariarekin, oraingo ekimena koordinatzeko izan zuten bileran Euskal Autonomia Erkidegoak bi arte-erakusketa, gastronomia-erakusketa bat eta Picassoren "Gernika" lanaren erreprodukzio erraldoi bat ekarri ditu Fox Fundazioak Mexikon zabaldu duen ekimenera. Eusko Jaurlaritzako Kanpoko Hiritarrentzako eta Euskal Gizataldeentzako zuzendari Julián Celayak dio "aukera paregabea" dela hau Euskadiren irudia Mexikon zabaltzeko eta mexikarrak Euskadi bisitatzera anima daitezen. Nazioareko jaialdiak datorren igandera arte, maiatzak 16, izango ditu zabalik ateak Guanajuaton.

Gehiago irakurri...


Bi mila lagun bildu dira Chivilcoyko Euskal Etxera, Immigrazioari buruzko erakusketa ibiltaria ikustera

2010/05/12

Chivilcoy-ko hainbat ikaslek interesez bisitatu dute Immigrazioari buruzko erakusketa bertako Beti Aurrera Euskal Etxearen egoitzan. Argentinako Iraultzaren Bigarren Mendeurrena dela eta, Chivilkoyko Beti Aurrera Euskal Etxeak ateak ireki zizkion Argentinako Immigrazioaren Museo Nazionalak prestatutako erakusketari. Joan den astean, maiatzaren 6tik 8ra bitarteko hiru egunetan, zortziehun bat ikasle eta mila eta berrehun herritar inguru bertaratu ziren euskal egoitzara, Argentinaren historian hain garrantzitsua izan den immigrazioaren prozesuan modu berri eta erakargarri batez murgiltzeko asmotan. Herrialdeko beste euskal etxe batzuetan ere ikusgai egon den erakusketa honek Chivilcoy-n ere espero zitekeen arrakasta lortu du eta ekimenari amaiera emateko, joan den larunbatean eginiko amaiera ekitaldian Euskal Etxeko dantzariek beren dantzak erakutsi zituzten eta herriko alkate Anibal Pitellik hitz batzuk zuzendu zizkion bertara bildutako jendeari.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia