euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bakersfield-eko California State Unibertsitateak Euskal Ikasketa Batzarra egingo du maiatzaren 28an

2010/05/20

Christine Echeverria Bender, garai hartako arropez jantzita, azalduz Boiseko Euskal Museoko bisitariei euskal arrantzale eta baleazaleen historia (argazkia EuskalKultura.com) Kaliforniako Bakersfield-en egoitza duen California State University (CSUB) delako unibertsitateak 'Basque Studies Symposium Bakersfield 2010' delako batzarra antolatu du datorren asteko ostiralean, maiatzaren 28an, egiteko, goi ikastetxe horretako euskal irakasle eta euskaltzale talde bat eragile. Aurreko urteetan finkatutako ildoari jarraiki antolatua, aurten egun bakarreko hitzordua izango da eta aukera emango du Bakersfield bertako Steve Bass eta George Ansolabeherek Kern County-ko euskal presentziari buruz egin duten ikerlana aurkez dezaten; eta eleberri historikoak idazten dituen Christine Echeverria Bender-ek orain artean idatzi dituen euskal testuinguruko hiru nobelak girotzearren egindako ikerketa eta dokumentazio lanetan murgildu eta euskal marinelen eta Ipar Ameriketako leinu indioen arteko harremanak aipa ditzan, egun Quebec eta Kanadako parte diren eremuetan gertatutako euskal istorioak azalduz.

Gehiago irakurri...


Artaxoa, Kanpoan diren Nafarren Egunaren XXII. edizioko anfitrioi izango da Maiatzaren 29an

2010/05/20

Jardunaldia aurkezteko atzo Iruñean emandako prentsaurrea, Egunaren afixa atzean Artaxoako herria izango da datorren astean zehar eta Maiatzaren 29an, larunbatean, amaituz Nafarroako Gobernuak, Espainiako Nafarroako Etxeen Federazioarekin eta Artaxona bertako Udalarekin, antolatu duen 'Kanpoan diren Nafarren Eguna'ren 2010eko ekitaldietako anfitrioia. Aurreko edizioei kasu emanez, hiruzpalau mila jende bilduko dira larunbatean Artaxonan aipatu hiru erakundeek deiturik, Foru Erkidegotik at bizi diren nafarren ohoretan gauzatuko den hitzordu honek bilduta. Egitarauaren aurkezpena atzo egin zen Iruñean, Alberto Catalan Gobernuaren eleduna, Nafarroako Etxeen Federazio Nazionaleko buru Rosa Mary Ibañez Zapatero, eta Artaxoako alkatea Pedro Maria Egea partaide.

Gehiago irakurri...


'Euskanta' ekimenarekin haur talde italiar batek egin CDa aurkeztuko du bihar Erroman Associazione Euskarak

2010/05/19

Erroman bihar egingo den ekitaldian aurkeztuko den CDaren azala: Euskanta-k aukeztuta, 'Eromako zubia', Manetti Eskolako haurrek egina, Associazione Euskara eta UPTER Unibertsitate Herrikoia lankide Euskara italiar haur eskola batean. Erromako Associazione Culturale Euskara eta UPTER Unibertsitate Herrikoiaren eskutik, 'Euskanta' ekimena garatu du Erromako Manetti Eskola Publikoko bostgarren mailako (9-10 urte) ikasle talde batek, euskara, musika, poesia eta erritmoa uztartuz, sormena eta bapatekotasuna guztiaren osagai biltzaile duen proiektu batean. 2009-2010 ikasturtean zehar eginiko sei saiotan Erromako aipatu eskolako 47 ikasleko talde batek euskarazko kantu bat osatu, idatzi, kantatu eta grabatu du. Emaitza gisa, CDa aurkeztuko du 'Euskanta'k bihar osteguna, maiatzaren 20ean, arratsaldeko 3:30etan Manetti Eskolan, Erromako Via Manetti 6 helbidean. 'Eromako zubia' deitu dute.

Gehiago irakurri...


Horacio Marottoren diseinuak irabazi du 'Argentinan Euskaraz-en 20. urteurrenaren' logotipo lehiaketa

2010/05/19

'Argentinan Euskaraz-en 20. urteurreneko' logotipo irabazlea Joan den maiatzaren 10ean hautatu zen "Argentinan Euskarazen 20.urteurrenaren" logotipo irabazlea. Buenos Airesko Euskaltzaleak-eko ikasle den Horacio Marotto Etxezaharren diseinua aukeratu zuen FEVAk proposatutako epaimahaiak, irudia urteurrenaren ekitaldien ikur bihurtuz. Aurkeztutako hogeita hemezortzi lanen artean beste bik aipamen berezia merezi izan zuten: Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeko Daniel David Molinak egindakoak eta Gral. Rodriguezko Eusko Aterpea-ko Maria del Carmen Itcearenak. Sarien emate ekitaldia urriaren 31an gauzatuko da, Mar del Platan, aurten Denak Bat Euskal Etxeak antolatutako Euskal Astean testuinguru.

Gehiago irakurri...


Zuzendaritza Batzordea berritu du Argentinan Tandileko Gure Etxeak; Juan Miguel Beguiristain, lehendakari

2010/05/19

Tandileko Gure Etxea Euskal Etxearen egoitza Tandil-ko Gure Etxea Euskal Etxeak, Buenos Aires probintzia barnealdean, erakundeko arudiak esaren duenari jarraituz bere Zuzendaritza Batzordea berritzeari ekin dio azken asteotan egin duen bere Ohiko Biltzar Nagusian. Izan ere, apirilaren 24an bere buruzagitza berritzeko hauteskundeak egin zituen, honako emaitzarekin: Juan Miguel Beguiristain lehendari duelarik, honako beste hauek arituko dira agintealdi berrian Euskal Etxea kudeatuko duen batzordean: Esteban Kain, lehendakariorde; Graciela Confalonieri, idazkari; Raúl Tolosa, idazkariorde; Jorge Gilabert, diruzain; Jorge Etchegoin, diruzainorde; eta Maria del Carmen Dindart, agirietako idazkaria.

Gehiago irakurri...


Australiako Euskal Pilota Federazioak (AFBH) interneterako jauzia eman du bere webgune propioa zabalduz

2010/05/18

Australiako Euskal Pilota Federazioak zabaldu berria duen webgunearen azala. Oraingoz ingelesez eta gaztelaniaz dago soilik, horiek baitira Josetxo Larrazabalek menperatzen dituen hizkuntzak. 'Australian Federation of Basque Handball' delakoak (AFBH, Australiako Euskal Pilota Federazioa) tresna berria ezarri du bere barne bizitzaren eta oro har euskal pilotak Australian izan duen historia, bizi duen momentua eta erakarri nahi duen geroaren berri partekatzeko Australia bertako zaleekin, baina baita ere mundu osoan euren errealitate eta apustu edo pario horretan interesa izan dezaketen guztiekin. Federazioko presidente den Josetxo Larrazabalek EuskalKultura.com-i azaldu dionez, webgunea "egiazko biltoki bilakatu nahi dugu, bidea erraztuz munduko edozein lekutik geure berri segitu nahi dutenei, Euskal Herritik urrun bagaude ere geure pilotazaletasuna eta euskal kirolik nazioartekoena den pilotaren aldeko geure ahaleginaren partaide egin nahi baititugu gainerako lekuetako pilotazaleak oro".

Gehiago irakurri...


Zuzendaritza Batzordea berritu du Suipachako Euskal Etxeak: Manuel Bernardo Echave lehendakari

2010/05/18

Suipachako Gure Txokoa Euskal Etxearen logoa (argazkia EuskalKultura.com) Joan den apirilaren 30ean, ostirala, eta bere Araudiak ezarritakoari segituz, elkarteko Urteroko Ohiko Biltzar Nagusia egin zuen Buenos Aires probintzia argentinarreko Suipacha herrian bertako Gure Txokoa erakundeak. Bilerako gaietako bat Zuzendaritza Batzordea berritzea zenez, zegokion hauteskundea egin ondoren karguak berritu ziren, lehendakari lanetarako konfidantza Manuel Bernardo Echaveri eman zitzaiolarik. Berarekin batera arituko dira Ruben Atilio Bascaran, lehendakariorde; Ethel Echave, idazkari; eta Alberto Verges, diruzain, besteak beste.

Gehiago irakurri...


Euskal Herriko 300 ikastetxetako 15.556 ikaslek landu dute bertsolaritza bukatzear den 2009-2010 ikasturtean

2010/05/18

Haur talde bat bertsolaritzan egindako aurrerapenak erakusten Ikasturteari amaiera emateko bertso jaialdiak egiten ari dira ikastetxetan. Bertsozale Elkarteak bertsolaritza lantzeko ikasturte osoko proiektua eskaintzen du. Euskara ikasgaiaren barruan, astero lantzen dute bertsolaritza, irakasle espezialista batek gidaturik. Ikasle liburuaz gain, ikus-entzunezko materialak baliatzen dituzte gelan. Proiektuan 300 ikastetxek eta 15.556 ikaslek hartu dute parte bukatzear den 2009-2010 ikasturte honetan. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan hedatutako proiektua da (Nafarroari dagokionez, Hezkuntza Sailaren hitzarmenak babesturik), Bertsozale elkartetik beretik ohar baten bidez jakinarazi zaigunez.

Gehiago irakurri...


'Euskal nortasunak berrehun urte Argentinan' ospagai Buenos Airesko Euskaltzaleak euskaltegian (bideoa)

2010/05/17

Bigarren Urteurrenaren ospakizunean, Eduardo Torry soziologoak hitzaldia eman zuen Euskaltzaleak-en (argazkia EuskalKultura.com) Sendoa da oso Argentina eta Euskal Herriaren arteko harremana. Ameriketako konkistaren garaian hasi ziren euskaldunak etortzen eta xehetasunak gora-behera momentuen arabera, migrazio prozesuak ezaugarri bera izan du beti: heldu berrien integrazioa gizarte hartzailearekiko. Kontzeptu hauxe azpimarratu zuen Eduardo Torry soziologoak larunbatean Buenos Airesko Euskaltzaleak-en "Euskal identitatea Argentinan, lehenengo mendeurrenetik bigarrenera" izenpean eman zuen hitzaldian. Argiago akaso geratuko zen gero Egoitz Zelaiak eta Gorka Berasategik Pello Mari Otañoren bertsoak gitarraz abestu zituztenean. Bertsolari euskal-argentinar ahaztezin honen heriotzaren mendeurrenean, Otañok Argentinan idatzitako bertsoak kantatu zituzten, erdal bertsioaz. Buenos Airesko euskaltegiko irakasle, ikasle eta lagunak hunkitu ziren Argentinari zein Euskal Herriari egindako omenaldiarekin. Ikus bideoa.

Gehiago irakurri...


'Luis Miguel de Zulategi' Euskal Etxea, euskal egoitza bat Kolonbiako Medellin hiriko erdigune historikoan (bideoa)

2010/05/17

Libe de Zulategi pintorea eta Antioquiako Medellingo 'Luis Miguel de Zulategi' Euskal Etxeko lehendakariordea da. Irudian, euskal etxearen egoitza bilakatu duen bere galeria eta tailerrean (argazkia Centrópolis) Joan den apirilean onartu zuen ofizialki Eusko Jaurlaritzak Kolonbiako bigarren euskal etxea. Urteetan Bogotako Euskal Etxea eta hiriburuko euskal mugimendua herrialde osoko antolatutako bakarrak izan ostean, Antioquia departamenduan eta bertako hiriburu den Medellinen euskaldun talde batek taldea euskal etxe bihurtzea erabaki zuen. Horretarako lehen mailako konplize izan dute Libe de Zulategi, izan ere euskal etxeari izena ematen dion musikari eta profesional nafarraren alaba. Margolari den Libek Medellin erdigunean, historiaz eta artez betetako bere galeria eta lekua ekarri dio Euskal Etxeari. Elkarteko lehendakariorde gisa, kultur trukeak eta lankidetza nahi ditu bultzatu Euskal Herriaren eta Antioquia eta Kolonbiaren artean.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia