2010/06/25

Argentinarrentzat garrantzi handia duten bi gertaera nazional ospatu dituzte Zazpirak Bat Euskal Etxeko kideek ekainaren 12an eta aurretik maiatzaren 29an. Lehenik, Maiatzeko Iraultzaren urtemuga ohoratu zen beste hainbat herritan bezala, zegokion elkarretaratze eta jaiarekin; bestetik, Rosario hiria ikur argentinarraren sorlekua izanik, Argentinako Banderaren Eguna ere oroitu zuten euskaldun rosariotarrek. Bi festetan, Euskal Herriko eta Argentinako aireak, dantzak eta koloreak nahastu ziren Zazpirak Bat-en egoitzan, bi herrialde hauen arteko lotura berriro ere azpimarratuz.
Gehiago irakurri...
2010/06/24

Nahia eta bokazioa baditugu, ahalak, ordea, beti eskas, eta nahikeria handia lagun jarduten dugu. Dena den, teknologiaren eta komunikatzeko aro berri honetan, aldaketa sorta ekarri nahi izan dugu EUSKALKULTURA.COMera, lehio berriak zabalduz munduari. Egunero lantzen dugun informazioa bestelako bideez banatu eta barreiatzeko, Facebook sare sozialeko profila berreskuratu dugu. Horrekin batera, kontu bat ireki dugu Twitter-en, egunero argitaratzen ditugun albisteei oihartzun berria emateko geure webguneraino etorri nahi ez duten lagunentzat. Irakurle eta lagunekiko harremana estutu nahi izatea da xedea. Komentariorik baduzu, idatz iezaguzu lotsarik gabe.
Gehiago irakurri...
2010/06/24

Bogotako Euskal Etxeari lotutako 'Munduko Umeak' abesbatzaren emenaldiak eta Kepa Pinedo musikari euskaldunak emango dituen hitzaldi eta ikastaldiak izango dira gaur hasita eta datorren igandera arte Kolonbiako hiriburuan egingo den 'Bogota Internacional Espectacular 2010' kultur azoka eta elkarretaratzeak bere barnean bilduko dituen euskal osagaiak. Iaz ere euskal partaidetza bildu zuen hitzordu honek 115 kuskizun --tartean dantza, abesbatza, musika, antzerki, gastronomia eta beste zenbait arlotako eskaintzak-- programatu ditu, Kolonbian ordezkaritza duten 34 herrialderi dagozkienak.
Gehiago irakurri...
2010/06/24

Donostiako Koldo Mitxelena Kulturguneko ekitaldi aretoa izan da 'Euskal Dantza Balioan' jardunaldia gauzatzeko hautatutako egoitza. Aipatzekoa, Sabin Bikandik eta Oier Araolazak, txosten bana aurkeztuta, euskal dantza tradizionalaren hezkuntza sustatu eta sendotzeko ezinbestekotzat jotzen dituzten lan ildoak finkatu eta jebdaurretu zituztela, dantzaren irakaskuntzarako curriculumaren zirriborroa marraztuz.
Gehiago irakurri...
2010/06/24

Mariann Váczi antropologo hungariarra munduko txapelketara bildu da “Athleticen fenomenoa” azaltzera, Hego Afrikako East Londonen antolatu duten soziologia eta kirolari buruzko batzar batera. Bere curriculumean, euskara Iparraldeko hezkuntza sisteman gaiari buruzko landa-lan bat egin duela nabarmendu daiteke, besteak beste.
Gehiago irakurri...
2010/06/23

La Platako 14 eta 58 kaleetan dagoen Euzko Etxearen egoitzak topaketak egiteko toki berri bat du ekainaren hasieratik. 'Lagun Artean' txoko edo elkarteak 90 metro koadro ditu, polikiroldegiaren gainean eraiki da, eta erakundeko kideek topaketak eta elkarretaratzeak antola ditzaten dago pentsatuta. Lekuaren inaugurazioa pasa den ekainaren 4ean gauzatu zen, eta euskal etxeko lehendakariaren esker oneko hitzen ondoren, lagunen arteko afaria --Argentinan hain tipikoa den asadoa-- partekatu zuten erakundeko lagunek. “Espero genuen bezala, hurrengo egunetan anitz bazkidek izan zuten elkartea erabiltzeko gogoa eta aukera”, aipatu dute euskal etxeko arduradunek. “Hor bertan egin zen Mus Txapelketaren azken bazkaria eta jadanik euskal etxeko andreek, pilotariek, dantzariek eta Athletic-en Laguntaldeak eskatu dute beren txanda elkarte berrian biltzeko”.
Gehiago irakurri...
2010/06/23

Madrilgo Euskal Etxearen bazkide fundatzaileetakoa da Maritxu Abaitua Churruca, pertsona aktiboa oso eta lan handia egin duena hiriburu espainiarreko euskal elkartearen alde. Ekainaren 16an Euskal Etxearen Urrezko Entseina jaso zuen Maritxuk Jon Zaballa elkarteko lehendakariaren eskutik, Euskal Etxean bertan egindako ekitaldi xume eta hunkigarri batean. Aukera baliatuta, Julio Elejalde Euskal Etxeko idazkariak denbora hartu zuen omenduarekin bildu eta elkarrizketa interesgarri bat egiteko. Datozen lerroetan horrekiko sarbidea eskaintzen dugu, ezagutzea ondo merezi duen pertsona baita Maritxu Abaitua.
Gehiago irakurri...
2010/06/23

Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Iñaki Goirizelaia Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak izenpetu dute bi erakundeen arteko elkarlana indartzeko asmoz egindako hitzarmena. Ikerketen arloari bultzada ematea du xede akordio berriak eta bi erakundeen arteko lankidetzaren bitartez euskarazko argitalpen gehiago lortu eta ikerketa euskaraz sustatzea bilatzen dute. Aldi berean, bi urtean behin Euskarazko Tesien Koldo Mitxelena saria deitzea ere adostu dute.
Gehiago irakurri...
2010/06/22

Lan handia darama Bahia Blancako Union Vasca Euskal Etxeak gizataldeen arteko ekitaldiak antolatzen. Kolektibitateen Liburutegien Topaketaren bultzatzaileetako bat izateaz gain, iazko irailean hamazazpi kolektibitateren ordezkariak jaso zituen Gizataldeen Liburutegien I. Erakusketan. Orain, eta Maiatzeko Iraultzaren ospakizunen testuinguruan, siriar-libanoar eta euskal komunitateen topaketa eratu dute Union Vasca-ko kideek. Ekainaren 5ean, bi kultura hauen mota askotako adierazpenak ikusi ahal izan dira euskal etxearen egoitzan, tartean dantzak, musika, dokumentalak eta gastronomia. 'Garrantzi handiko ekimena izan da', azaldu dio Nerea Grassi Union Vasca-ko Joxe M. de Barandiaran Liburutegiaren arduradunak EuskalKultura.com-i. 'Kolektibitate bietako ordezkariok anitz gauza ikasi ditugu elkarretaratzean'.
Gehiago irakurri...
2010/06/22

Eusko Jaurlaritzak bilera egin zuen atzo Bruselan, hiriburu belgikarrean eta herrialde europar horretan bizi diren euskaldunak deiturik. Euskadik Belgikan duen Ordezkaritzako buru Marta Marin eta Kanpoko Euskal Herritar eta Gizataldeentzako zuzendari Julian Celaya zuzendu zitzaizkien bildutakoei, azalduz, besteak beste, Jaurlaritzak euskal etxe baten sorrera ofizialki onartzeko eskatzen dituen betebeharrak eta zer nolako lege testuinguru eta sostenguak har ditzakeen Euskal Herritik kanpo euskaldunen biltoki eta euskal kultura zabaltzeko sortzen den euskal elkarte batek. Duela urte gutxi arte Bruselak euskal etxea izan badu ere, gaur egun ez dago euskal etxerik Europar Batasuneko hiriburu honetan.
Gehiago irakurri...