2010/07/20

Zabaldu berria da epea Buenos Airesko Unibertsitatean (UBA) 'Euskal Immigrazioa Argentinan, identitate diasporiko bat eraikitzen?' izenburuko ikastaroan izena emateko. Abuztuaren 20tik aurrera eta sei astetan ostiralero bi orduz emango diren saioetan, unibertsitate argentinarreko euskal giroetan arras ezagunak diren Leandro Etchechuryk (Antropologia ikasketaduna) eta Eduardo Torryk (Zientzia Politiko ikasketaduna) aipatu izenburupeko gaia aztertuko dute UBAko Filosofia eta Letren Fakultatean, Buenos Aires hiriburuko Puan kalean. Izena uztailaren 31era arte eman daiteke eta unibertsitate komunitateko zein oro har gaiaz interesatuta egon daitekeen edonork har dezake parte.
Gehiago irakurri...
2010/07/20

Katedralean egingo den meza batekin hasi eta eskainiko zaien omenaldi eta gomuta berezi batez laudatu eta atxikiko dira gogoan datorren astean Comodoro Rivadavian, Patagonia Argentinarrean, bertako Euskal Echea elkartearen barnean duela oraintxe 50 urte dantza taldea sortu eta geroztik inguruko euskal ekimen eta ekitaldien ardatz izan den multzo hau abiatu eta biziarazteko ahalegina eragin eta garatu dutenak. Euskal elkarteak urtero festa handi gisa eratzen duen San Inazio ospatzearekin batera egingo da, aitortuz eta agerian utziz euren ekarpena euskal kulturari zein argentinar-comodorotar kulturari.
Gehiago irakurri...
2010/07/19

Brasilen, Sao Paulo estatuan, izen bereko hiriburu ondoko Itapevin egoitza daukan Euskal Brasildar Etxe gazteak Ohiko Biltzar Nagusia egin eta bere Zuzendaritza Batzordea berritu du azken aurreko asteburuan. Euskal etxeko bazkideek bertan erabaki dutenez, Oskar Goitia Duranak eutsiko dio beste agintealdi batez lehendakari kargu eta zereginari, eta berarekin batera arituko dira, besteak beste, Zuzendaritza Batzordean: Ivan Javarotti Zumalde, lehendakariorde; Ricardo Mendizabal, idazkari; Luis Carlos Delgado de Aguiar, bigarren idazkari; eta Carlos Antonio da Silva Picos, diruzain.
Gehiago irakurri...
2010/07/19
Gehiago irakurri...
2010/07/19

“Bailarak eta mendiak. Paisaia ezagunak utzi zituzten erronka handi bati eusteko: Ameriketara etortzea bizitza hobea izateko. Urrun geratu ziren hariztiak, herrietako tabernak, ermitak, sendia, lagunak… Amets bat jarraitzen zuten: lan gogorraren ondoko saria. Artzain eta nekazari, argentinaratu ziren ehunka euskaldunek beren harri-koskorra ekarri zuten gure herria eraikitzeko, aberri bihurtuko zuten herria. Gaur, etorkin haien ondorengoak, euren jatorriaz harro, Euskal Herriko kultura eta tradizioak mantentzen saiatzen dira Chivilvoy-ko 'Beti Aurrera' Euskal Etxean. Eta euskal komunitateak herrian duen lekua hogeita zazpi urte hauetan lana ondo egin izanaren paregabeko proba da”. Hitz hunkigarri hauekin zabaldu zuten 'Beti Aurrera'-ko euskaldunek bertako euskal etxearen urtemuga. Ospatzeko, afari erraldoi bat egin zuten joan den uztailaren 10ean.
Gehiago irakurri...
2010/07/19

Lehenago Floresko Euskal Etxea izan zena berpiztu eta abiarazteko erabakia sendoa da eta karia horretara dei berri bat egin zaie Flores departamendu uruguaitarreko euskal jatorrizkoei gaur astelehena bildu eta urrats erabakiorra eman dezaten berpizte bide horretan, 1991ean sortu zen baina azken urteotan galdua egon den euskal etxea berrabiarazi eta berriro ere lanean has dadin. Hitzordu berria gaur arratsalderako egin da, arratsaldeko zazpi t'erdietan Micro Cine Plazaren areto batean, argituz "Floresko Euskal Etxea birsortzeko" egindako deialdi eta biltzarra dela.
Gehiago irakurri...
2010/07/19

Bere ardurapean dauden lau herrialdeak --Argentina, Uruguai, Brasil eta Paraguai-- goitik behera eta etengabe bisitatzen segitzen du Elvira Kortajarena Mercosur-erakoEuskadiko Ordezkariak, euskal etxe eta gizataldeei zein, oro har, bertako herri eta hiriei dagokienez, Euskadiko berri emanez eta turismo gaiak eta bestelako lankidetzak bultzatu eta puxatu nahian.
Argentina mendebaldeko Cuyo eskualdeko hiri nagusietara egindako bisitan, Kortajarena, Euskadira bidaiatzeak dituen abantailez jardun eta gero euskal gizataldeekin eta herri-instituzioekin elkarrizketatu zen. Modu berean herrialdeak duen ardogintza produkzioa gertutik ezagutzeko aukera izan zuen.
Gehiago irakurri...
2010/07/16

Argentinako Pampan, General Acha herrian, Urteko Ohiko Biltzarra egin dute bertako Euzko Txokoa-Rincón Vasco Euskal Etxekoek joan den ekainaren 16an, besteak beste elkarteko Zuzendaritza Batzordea berritzeko hauteskunde prozesuari ekin diotela. Euskal Etxearen gobernu batzorde berria, beraz, lehendakari berri batez hornitu da, agintealdi berrian Nestor Galarraga izango baita buru berria. Berarekin batera arituko dira buruzagi lanetan Sergio Aspiroz, lehendakariorde; Norberto Duhau, idazkari; José Miguel Soler, idazkariorde, Hector Eusebio Arrese, diruzain; eta Julián Garro, diruzainorde.
Gehiago irakurri...
2010/07/16

Multimedia erakusketa ibiltari hau Pariseko Eskual Etxe zein XVII. arrondizamenduko Herriko Etxearekin partaidetzan antolatu du Euskal Kultura Institutuak, Gipuzkoako Fori Aldundia ere partaide. 2007. urtean aurkeztutako zen lehen aldiz eta orain artean Baiona, Donostia, Bilbo, Gasteiz, Iruñea, Bordele, eta Bartzelonan aurkeztua izan da jada, jende asko erakarriz. Parisen, ohiko erakusketaz gain, kantuak, dantzak eta hitzaldiek ere protagonismoa izango dute alboko programa batez. Pantxoa Etchegoin Euskal Kultur Erakundeko zuzendariaren hitzetan garrantzitsua da Pariseko publikoak aukera izan dezan honelako euskal erakusketa bat bisitatzeko.
Gehiago irakurri...
2010/07/16

"Ekain ondarrean sasoina finitu zauku, eta Musikaren Bestarekin xarmanki finitu zaukula erran dezakegu espanturik gabe! Hori dugu urtean zehar proposatzen ditugun ekintzetarik inportanteenetarikoa. Eta aurten ere zinez gaualdi ederra izan da, programan baginuen: Kantuz, Euskal Herritik jin taldearen pasa-kaleak, Euskal Etxea dagon Saint-Pierre auzotegiko karriketan, kontzertua eta dantzaldia, Le Haillaneko APBHeko [les Amis de la Pelote Basque du Haillan] Les Saltimbask taldearen animazioa, guk gomitaturik jinak zitzauzkun animazioan parte hartzerat eta ederki alaitu dituzte bazterrak, eta ez ahantz Bestalariak, Euskal Etxeko taldearen animazioa! Ez ahantz ere antolaketan eta zerbitzuan parte hartu duten kideak". Artikulua aste huntako Herria astekariak du argitara eman.
Gehiago irakurri...