euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Euskal Herria Plaza', euskal kultura hedatzeko gunearen harria gaur ipiniko da Argentinako Rio Cuarton

2010/07/30

Rio Cuartoko 'Euskal Herria Plaza' berdegunaren inaugurazioko gonbidapena Ukaezina da gaur egungo euskal etxeek euren komunitateetan duten presentzia. Duela ehun urte, Euskal Herritik etorritako familiak elkartu eta babesteko helburua zuten erakunde hauek eta horregatik batzuetan itxi samarrak izan zitezkeen. Egun, ordea, euskal etxe gehienen joera erabat kontrakoa da: gizarte baten zati bat dira eta gizarte horietan integrazio prozesua naturala da oso. Hainbat herritan eraikitako euskal plazak honen adibide bikainak dira: Rosario, Trenque Launquen, Tres Arroyos eta José C. Paz, batzuk aipatzearren. Orain Cordoba probintziako Rio Cuartok ere bere euskal berdegunea izango du, hiriko Juan Filloy Zubiaren hegoalde sarrera ondoan, hain zuzen. Plazaren Inaugurazio ofíziala eta lehenengo harria jartzeko ekitaldia gaur bertan izango da, arratsaldeko 4:30etan. Zeremonian, probintzia eta hiriko agintariek baita “Gure Ametza” Euskal etxeko kideek ere hartuko dute parte.

Gehiago irakurri...


Aire Aire Trikitixa Taldea: 'Argentinan euskal kulturaren inguruan bizi izandakoa oso baliogarria izan da'

2010/07/30

Astigarragako Aire-Aire trikitixa taldeko kideak (argazkia EE) Joan den urtean Txileko hiriburuan, baita Viña del Mar-en ere, aurkeztu ziren Astigarragako Aire-Aire trikitixa taldeko neskak eta esperientzia horrek animatu zituen Hego Amerikara berriz ere etortzera. Uztailaren lehenengo astean eta Ipar hemisferioko udako oporrak aprobetxatuz, Susana Aurkiak (taldeko zuzendaria), Jaione Castrillok, Amaiur Alkain, Mari Jose Merketegi, Naroa Aierben, Arantxa Etxebeste eta Argoitz Otañok osatutako taldeak Ozeano Atlantikoa zeharkatu zuen bigarren aldiz euren musika eta dantzak Argentinako euskal etxeetara ekartzeko. Taldea La Platako Euzko Etxean, Buenos Airesko Euskaltzaleak-en eta Gral. Rodriguez-eko Eusko Aterpea Euskal Etxean aurkeztu zen euskaldun argentinarren artean Euskal Herriko erromeria tradizionalaren giroa piztuz.

Gehiago irakurri...


Oñatik eta senidetutako Frantziako herri batek laguntza bidali dute Argentinako Jose C. Paz-era

2010/07/30

José C. Pazeko tren geltokia. (Argazkia Bafilm.com) Oñatirekin senidetuta dagoen Argentinako José C. Paz herriaren baitan hainbat familien artean topatzen den pobrezia egoerari aurre egiteko, Hermansoloña Gobernuz Kanpoko Erakundea (GKE) sortu zen iaz herri gipuzkoar honetan. Orain, hirugarren herri senidetu baten laguntza jaso du ekimenak, Chateaubernard herri frantsesa, Argentinara merkantzia elkarrekin bidali ahal izateko.

Gehiago irakurri...


Katedralean meza eta folklore erakustaldia Txileko Santiagon Iñaki Deuna ospatzeko

2010/07/30

San Inazio Loiolakoaren edo Iñaki Deuna omentzeko antolatu den mezaren afixa Santiagoko Euzko Etxeak datorren igandean hiriburu txiletarrean ospatuko den ekitaldirako gonbidapena luzatu dio bertako euskal komunitateari. San Inazio Loiolakoaren jaieguna ospatuko dute, Diasporako leku batzuetan, tartean Txilen, 'Iñaki Deuna' bezala ezagutzen den festa. Katedral Metropolitarrean eskainiko den mezarekin ekingo zaio egunari, Santiagoko Euzko Etxeko Euskal Abesbatza partaide. Folklore erakustaldi bat ere antolatu da Arma Plazan, ostean Vicuña MacKennako egoitzan bazkari batek eta bestjai giroko beste zenbait ekitalditan parte hartzeko aukerarekin.

Gehiago irakurri...


Hegoaldea eta Iparraldea ordezkatuta daude joan den astean Necochean hasi den 'Hator Hona' VII. edizioan

2010/07/29

'Hator Hona' programako partaideak euskal etxera heldu ziren momentuan (argazkia EE) Argentina eta Euskal Herriaren arteko harremana estua da oso. Lotura sendo horren arrastoak hainbat lekutan ikus daitezke, hor eta hemen, zelai eta hirietan, ohituretan eta jendeengan. Arbasoak, aitona-amonak eta gurasoak atxikimendu horri eusteaz arduratu ziren urtetan. Gaur, gazteek ere herrien arteko erlazioa mantentzeko aukera dute eta ondo asko egiten dute. 2004tik aurrera Necocheako Euzko Etxeak bultzatzen duen 'Hator Hona' programa, paregabeko baliabide bihurtu da asmo hori betetzeko. 'Hator Hona'ren bidez, zazpi euskaldun etorri dira egunotan Argentinara, sei Hegoaldekoak eta bat Iparraldekoa. Izan ere, euskal etxeko kideak poz-pozik daude, Iparraldeko partaide bat etortzen den lehenengo aldia baita. Zazpi gazteak hiru aste izango dira Necochean, bertako familiekin bizitzen eta euskal etxean dantza, musika, kirola eta euskarari buruzko tailerrak ematen.

Gehiago irakurri...


Iñaki Galdos: "Diasporan, maite ditugula eta lagundu nahi ditugula pentsatzen segi dezaten nahi genuke"

2010/07/28

Iñaki Galdos (eskuinean) akordioa sinatzen iaz Bahia Blancan bertako Euskal Etxeko lehendakari Mikel Irazustarekin, Euskal Aste Nazionalaren baitan. Boiseko Jaialdiri buruzko aurreko artikuluetan esan legez, jende asko da bertaratuko dela iragarri duena, eta horien artean makina bat dira bertara erakundeen izenean Euskal Herritik hurreratuko dena. Horien arteko bat izango da Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusiorde eta Kanpo Harremanetarako diputatu den Iñaki Galdos. Honako elkarrizketa atzo eman zuen argitara Noticias de Gipuzkoa egunkariak.

Gehiago irakurri...


FEVAk zonaldeko bi tailer antolatu ditu General Roca eta Villa Marian, zuzendari gazteak trebatzeko

2010/07/28

FEVAk antolatutako aurreko bilera bat. (argazkia EuskalKultura.com) FEVA, Erakunde Eusko Argentinarren Federazioak, zonaldeko bi tailerrerako deia egin du Villa Maria eta General Roca herrietan, euskal etxeetako zuzendari gazteak trebatzeko. Erakundeen kudeaketa administratiboarekin zerikusia duten gaiak jorratuko dira eta, horrekin batera, euskal etxe bat zer den, FEVA zer den eta 'euskal kulturan trebakuntza' izeneko modulua ere eskainiko da.

Gehiago irakurri...


Giro ederra eta gonbidatu bereziak Argentinako euskal etxeetan Sanferminetako jaiak ospatzeko

2010/07/28

Ayacuchoko Euskal Odola Euskal Etxean bildu ziren dantzariak Uztailarekin batera urteko lehenengo seihilekoaren bukaera heldu da. Balantzea egiteko eta atseden txiki bat hartzeko momentua, agian. Izan ere, Argentina osoan, probintzia ezberdinetan ordutegi ezberdinak gorabehera, neguko oporren garaia izaten dira hilabeteok. Eta San Fermin Jaiak, bi helburu horiek betetzeko aukera eman dio Argentinako hainbat euskalduni. San Ferminen omenezko festen harira, euskal erakunde batzuek, gonbidatu bereziak jaso dituzte beren baitan. Trenque Lauquen-era, Ricardo Basterra FEVAko lehendakaria bildu da; La Platako ospakizunean, berriz, Elvira Kortajarena Jaurlaritzaren Argentinako Ordezkariak hartu zuen parte; eta euskal etxe askotako kideak Ayacuchora bidaiatu ziren bertako ekitaldian dantzatzera.

Gehiago irakurri...


Elhuyar Zientzia eta Teknologia Hiztegi Entziklopedikoa sarean ipini dute, guztien eskuragarri

2010/07/28

Orain interneten kontsulta daitekeen hiztegiaren aurkezpen ekitaldia, paperezko eta CD-Rom bertsioetan aurkeztu zenean Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa sarean dago dagoeneko, nahi duenak dohain kontsultatzeko moduan. Obra, 2009ko urrian eman zen argitara liburu eta CD-ROM formatuetan. Zientzia eta Teknologia alorrak haintzat hartzen dituen euskarazko hiztegi entziklopediko hau, euskaraz egin den lehena gai hauetan, termino bakoitza beste zenbait hizkuntzetan ere badakar, hala nola ingelesez, gazteleraz eta frantsesez, beste andana bat euskarazko artikulu eta informazio osagarriarekin batera.

Gehiago irakurri...


Martxelo Otamendiri AEBetan sartzen uztea eskatu diote bertako gobernuari Idahoko euskal komunitatetik

2010/07/28

Martxelo Otamendi kazetari tolosarra, Berria egunkariko zuzendaria Hala esan zuten duela egun batzuk: Egunkariko zuzendari ohia eta egun Berriako zuzendaria den Martxelo Otamendi kazetariak ezingo zuen Idahoko Jaialdin egon, AEBetan sartzeko baimena bertako gobernuak ukatuta. Geroztik, Idahoko euskal komunitateko kide eta buruzagi ezagun diren Dave Bieter, Boiseko alkatea, eta Pete Cenarrusa, estatu-idazkari ohia, Otamendiren alde mintzatu zaizkio gutun batean AEBetako Espainiako enbaxadariari. Boiseko hiriari eta bertako euskaldunei lotutako ibilbidea daukan Otamendi duela gutxi errugabetu zuen Espainiako justiziak bere kazetari lanari loturik leporatzen zitzaizkion ETAko kide izateko karguetatik, Euskal Herri barne zein kanpoko hainbat kazetari-elkarteek eta giza eskubideen eta bestelako taldeek erabat zentzugabe eta oinarribakotzat jo zuten 'Egunkaria auzia' izena hartu zuen prozesuaren baitan.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia