2010/10/06

Bilbon egin den Europako Migrazioen Elkartearen mintegian jorratutako beste gai interesgarri bat migrazio ikerketak hezkuntza kurrikulumean sartzea sustatzea izan da. Eredu praktikoak ikusi zituzten mintegian: "Norvegian ikasleek euren zuhaitz genealogikoa egiten dute eta horrela gehienek euren familian ere emigrazioa egon zela ikusten dute", azaltzen du Benan Oregik, mintegiko antolakuntza taldeko kideak. "Baloreak sustatzen dituen ariketa praktikoa da eta gaur egungo immigrazioa beste era batera ikusten laguntzen die".
Gehiago irakurri...
2010/10/06

Arrakastaz egin da amaitu berria den irail honetan, Argentinako 'Universidad Vasca de Verano'k (UVV, Udako Euskal Unibertsitatea) Buenos Aires eta Llavallol-eko Euskal Echea eskolen egoitzetatik kanpo egin duen lehenengo jardunaldia. Tres Lomas herrian izan da, bertako Udalaren sosteguaz ,eta herriko euskaltzale eta oro har kulturazaleez gain inguruko Trenque Lauquengo 'Euskal Sustraiak' eta Pehuajo-ko 'Etxe Alai' euskal etxeetako kideak ere baitaratu ditu. Arrakastak bultzaturik, bildutakoen artean Tres Lomasen euskal etxe bat abiarazteko ideia sortu zen, herriko alkate Mario Luis Espadak ostengua adierazi ziolarik.
Gehiago irakurri...
2010/10/05

Chacoko Kotoiaren Lurra Euskal Etxearen zuzendaritzan hamar urte eman igaro ondoren Jose Christian Echavarria bazkideak bere esperientzia aberatsaren balioespena egin eta EuskalKultura.com-en bitartez Diasporako lagunekin partekatu nahi izan du. Fabio Echarrik hartu du bere lekukoa elkartearen zuzendaritzan eta hasiak dira jada sasoi berriko ekimenak, tartean Cesar Arrondo historialariaren hitzaldi bat.
Gehiago irakurri...
2010/10/05

Quebec-eko euskal etxeak euskal musikari eskainiko dio hasi berria dugun hilabete hau. Jarduerak joan den ostiralean abiatu ziren, 'Musika Euskal Herrian' izeneko hitzaldiarekin. Ane Arregi txalapartaria eta Adelaide Daraspe historialaria izan ziren hizlari. Ane Arregi berriki etorri da Quebec-era bizitzera eta bera da joan den larunbatean hasi zen txalaparta ikastaroko irakaslea.
Gehiago irakurri...
2010/10/05

'Mentrestant agafa'm la mà', hauxe da Uriberen poema liburuak katalanez duen izenburua. Bartzelonako Proa argitaletxeak plazaratu du, edizio elebidunean, euskaraz eta katalanez. Euskara ikasten ari diren kataluniarrentzat material oso interesgarria izango da, eta baita ere azken urteotan nazioarteko ibilbide aberatsa izaten ari den idazlearen lana ezagutu nahi duten poesiazaleentzat. Jon Elordi eta Laia Noguera izan dira itzultzaileak eta lehengo kapitulua sarean irakur daiteke.
Gehiago irakurri...
2010/10/05

Ospatzeko bi arrazoi sendok bildu zituzten La Platako Euzko Etxeko kideak joan den irailaren 18an. Alde batetik San Inazio egunaren omenezko taska egin zen etxeko Toki Alai txokoan. Beste alde batetik, Liburuzainaren Eguna oroitzeko 'Euskaldunak eta Irlandarrak Bigarren Mendeurrenean' izeneko hitzaldia antolatu eta Haydee Cervantes de Artola Euzko Etxeko 'Matxin Burdin' liburutegiko lehenengo liburuzainari omenaldia egin zioten. Etxeko abesbatzak eta dantzariek ere euren artea eskaini zuten elkarretaratzean.
Gehiago irakurri...
2010/10/04

Arrakasta nabariz amaitu da Paranan 'Roble Martínez In Memoriam–Copa José María Cerini' izeneko xake txapelketa, Círculo Paranaense de Ajedrez elkartea eta Urrundik Euskal Etxea antolatzaile. Xake arloko elkarretaratze honek Santa Fe eta Entre Rios probintzia argentinarretako jokalariak bildu zituen, Paranako xake eta kirol munduan jende esanguratsuak izan ziren Roble Martínez eta José María Cerini-ren omenetan, azaldu dute ohar batean Urrundik euskal elkartetik.
Gehiago irakurri...
2010/10/04

Urtero ohi duenez Alemaniako Euskal Ikasketen Etxeak hainbat ekitaldi antolatu ditu etzi zabalduko den Frankfurteko Liburu Azokan. Alde batetik, Edorta Jimenez idazleak 'Liburuak DJen ordez' saioan parte hartuko du, euskal literaturari buruz mintzatuz Radio X irratian, eta Martin Petrusek irrati berean Harkaitz Canoren 'Pasaia Blues' liburua alemanez irakurtzen bukatuko du. Ostegunean azokara doan euskal ordezkaritzak Frankfurteko euskara ikasle eta idazleekin bat egingo du hiriko sagardotegi batean literatur afaria egiteko. Eta badago besterik...
Gehiago irakurri...
2010/10/04

Urteroko jaia egin du joan den larunbatean Llavallol-go Euskal Echea-ren egoitzan tradizio handiko Institutu euskal argentinar honek. 2 eta 17 urte arteko bi mila ikaslek hartu dute parte Bigarren Mendeurreneko Euskal Festan, Euskal Herriko eta Argentinako ohitura eta tradizioak batuz. Neska-mutikoen guraso eta ahaideek, eta ikusleek oro har, dantzaz, musikaz eta kirol ikuskizunez gozatu ahal izan dute eguzkitsu zabaldu zen egunean (argazki erreportajea).
Gehiago irakurri...
2010/10/04

Munduko euskaldunei buruzko Euskal Herria Mugaz Gaindi (EHMG) mintegia sarean da jada, hainbat eduki eskuragarri. Mintegia Boisen egin zen, uztailaren 28tik 30era bitartean, baina orain bertsio birtuala irekita dago sarean, AEBetara bildu ezin zutenek ere parte hartzeko aukera izan dezaten. EuskoSare webgunean irakur daitezke mintegiko ponentziak, egileei galderak egiteko edo eztabaida birtualak antolatzeko aukerarekin.
Gehiago irakurri...