euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lau urterekin Hegoalde Argentinarra euskal etxeak irmo jarraitzen du euskal kultura zabaltzen Patagonian

2011/06/16

Hegoalde Argentinarra euskal etxeko lagun batzuk zozketaren egunean (argazkia La Opinion Austral) Argentinara heldu zirenean, herrialde osoan sakabanatu ziren euskaldunak. Euskal Herrian utzitako lurraren antza zuen paisaiaren edo hobeto bizitzeko aukera baten bila, nazio berriaren herri askotan kokatu ziren europatarrak, Buenos Airesetik hurbil baina hiriburutik oso urrun ere. Urratsak Santa Cruz probintziako Rio Gallegos hirira bideratu zituztenek ez zuten arbasoekiko lotura ahaztu nahi izan. Karia horretara 2006an biltzen hasi ziren euskal etxe bat sortzeko eta 2007an Hegoalde Argentinarra izenarekin, nortasun juridikoa lortu zuen Patagoniako euskal etxeak. Joan den igandean eta bandera argentinarraren herriko jasoera ekitaldian euskal erakundearen urtemuga oroitu zuen Gallegosek.

Gehiago irakurri...


Rhode Island-eko Euskal Etxeko lagunek Txitxiburduntzi 2011 festa ospatu dute AEBetan

2011/06/16

Rhode Island Basque Club-aren 2011ko Txitxiburduntzi-ra bildutakoen argazkia (RIEE argazkia) Euskal Herrian ohi dena baino beranduago, baina Rhode Island-eko Euskal Etxeko lagun talde bat Txitxiburduntzi festa ospatzeko bildu zen joan den maiatzean AEBetako Ekialde Kostan. Rhode Island-eko Euskal Etxea NABOk kide gisa onartu duen azkeneko euskal elkartea da, federazioak otsailean Salt Lake Cityn egin bileran onartua. Bere bazkideetako asko pilotarekin zerikusia izanak dira, Rhode Island eta ondoko Connecticutek jaialai kantxa profesionalak izan baitzituzten. Elkartea 2003an sortu zen, eta geroago, 2010ean etekin asmorik gabeko erakunde gisa legeztatu. Bertako lehendakari Roberto Guerenabarrenarekin mintzatu da EuskalKultura.com.

Gehiago irakurri...


Australiatik Brasilera, hamabost euskal etxek bat egingo dute bihar Klasikoen IV. Irakurraldiarekin

2011/06/15

"Hamaika Pauso" eleberriaren irakurraldiaren afitxa Bilboko Arriaga Antzokian euskal literatura igoko da taulagainera bihar, Klasikoen IV. Irakurketa ozen eta etenik gabeari esker. Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatzen duen ekitaldi honetan Ramon Saizarbitoriaren "Hamaika Pauso" eleberria irakurriko dute aurten euskal kultur munduko ordezkariek, euskara ikasleek eta literatur zaleek, goizeko zortzietatik arratsaldeko zortziak arte. Diasporak ere bat egingo du ekimenarekin, eta hamabost euskal etxeetako lagunek grabatutako pasarteak ikusi ahal izango dira egunean zehar. Ekitaldi osoa internet bidez zuzenean jarraitu ahal izango da.

Gehiago irakurri...


Erromako neska-mutilek euskaraz sorturiko abestiak biltzen ditu Euskanta 2011 egitasmoaren CDak

2011/06/15

Euskanta 2011 CDak Alfieri eskola publikoko ikasleek egin dituzten kantuak biltzen ditu Associazione Culturale Euskarak (ACE) eta UPTER Unibertsitateko Euskara Sailak joan den ostiralean aurkeztu zuten Erromako Alfieri eskola publikoan Euskantak 2011 CDa. Aretoa jendez mukuru egon zen; izan ere, eskolako ikasleak ziren CDan bildutako abestien sortzaile eta kantariak. Eta euskaraz kantatuz gainera! Euskal kultura italiar gaztetxoei ezagutarazteko egitasmo honen baitan ikasleek italieraz poema bat moldatu, eta laguntzarekin euskaratu ostean, musika jarri eta grabatu egin dute. Ekimenaren emaitza Euskanta 2011 CDan biltzen diren 25 kantu eder eta orijinalak izan dira.

Gehiago irakurri...


Genealogia, kantu, dantza eta lagun anitz Euskaltzaleak-ek antolatutako urteko hirugarren topaketan

2011/06/15

Euskaltzaleak-ek gonbidaturik, Laura Nobilek hitzaldia eman du Buenos Airesen genealogiaz (argazkia EuskalKultura.com) Euskara klaseak emateaz gain, Euskal Herriarekin lotura duten beste ekintza batzuk ere eskaintzen dizkie Buenos Airesko Euskaltzaleak Euskaltegiak bere kideei. Independencia kaleko egoitzara mugitu direnetik, Euskaltzaleak-ek hileroko topaketak egiten ditu ikasleak euskaltzaleen mundura hurbildu, eta elkar ezagutu dezaten. Ekaineko elkarretaratzean, Laura Nobile genealogistaren bisita hartu zen. Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat euskal etxeko ordezkariak ikerketa genealogikoa egiteko nondik hasi azaldu zien bildutako lagunei. Hitzaldia bukatuta, eta afalostean, euskaraz abestera eta fandango bat dantzatzera animatu ziren gonbidatuak.

Gehiago irakurri...


Itzuli dira Euskal Herrira Bizkaiko chef-ak Boisen euskal gastronomia aste garrantzitsua garatu ostean

2011/06/15

Idahon euskaldun jaiotako Pete Cenarrusa politikari euskalamerikar ezagunak ematen dio izena euskal kultura helburu duen 'Cenarrusa Foundation' delakoari Euskal sukaldaritzaren astea izan da joan den astea Boisen, bertako Cenarrusa Fundazioak, Bizkaiko Foru Aldundia lankide, hamaikatxo ekitaldi bildu dituen programa garatu baitu hiriburu idahotarrean Bizkaiko lau sukaldari ospetsu --Jabier Gartzia, Daniel Garcia, Iñigo Ordorika eta Sabin Arana-- euskal sukalde modu eta produktuen erakusgarri. Edarien arloan, Mikel Garaizabal sumillerra boiseratu zen, honek ere eskola eta hitzaldiak eta, besteak beste, Bizkaiko Txakolinaren dastaketa eskaintzeko gastronomiazale amerikarrei.

Gehiago irakurri...


Edurne Pasaban mendizale tolosarrak jasoko du ekain azkenean 2010eko Euskal Herritar Unibertsala saria

2011/06/15

Julian Celaya Kanpoan diren Euskal Herritarrentzako eta Gizataldeentzako zuzendaria eta Juan Cid Euskadiko Kutxako Komunikazio eta Sustapen zuzendaria saria adierazteko prentsaurrean (argazkia EJ) Munduan 14 zortzimilako igo zituen lehenengo emakumea izan den 37 urteko tolosar honi egotzi zaio 'Euskal Herritar Unibertsala' saria 2010eko edizioan, eman ere ekainaren 28an emango diolarik Lehendakariak Gasteizen Lehendakaritzan egingo den ekitaldian. Epaimahaikoek Pasabanek Euskadiren izena ludi osoan eraman izana eta "diziplina, ahaleginean irautea eta irrika" bezalako balioekin lotzea azpimarratu dute, "helburuak gainditzeko eta etengabe jarduteko" adibide bilakatuz. Jaurlaritzako Kanpoko Euskal Herritar eta Gizataldeentzako zuzendari Julian Celayak eta Euskadiko Kutxako Komunikazio zuzendari Juan Cid-ek eman zuten erabakiaren berri astelehenean Gasteizen.

Gehiago irakurri...


Ikasle askok izena eman izanak Euskal Kultura eskolak indartzera behartu du La Platako Unibertsitate Nazionalean

2011/06/14

La Platako Unibertsitate Nazionaleko Euskara eta Euskal Kultura eskolen 2011eko ikasturte hasierako aurkezpen klaseko irudia Orotara 173 izen-emate gertatu dira Argentinan hasi berria den 2011eko ikasturte honetan Euskara eta Euskal Kultura ikasteko La Platako Unibertsitate Nazionalean (UNLP), arrakasta aipagarria, horietarik 140 lehenengo mailan, 25 bigarrenean eta 8 hirugarrenean. Lehenengo mailakoen kasuan horrek klaseak hiru egunetan ematera behartu du aurten euskara irakurle (irakasle) den Idurre Lekuona lizentziatu errenteriarra. Klaseen inaugurazioan UNLPko Erakunde Erlazioetarako zuzendari Pedro Elizalde, Cesar Arrondo UNLPko irakasle eta euskal irakurletzako segimenduko batzordekidea eta Idurre Lekuona bera izan ziren partaide.

Gehiago irakurri...


Euskal zineari begira itxiko da bihar Brasilen Ceara Nazioarteko Zinemaldiaren 21. edizioa

2011/06/14

Jon Garaño zuzendaria (argazkia CinemaNantes) Brasilgo Fortaleza hirian aste oso batez Euskal Herriko zineari tarte berezia egin ostean, bihar bukatuko da Ceara Nazioarteko Zinemaldia. Jaialdiak Begiradak izeneko atalean euskal luzemetraia, labur eta dokumental sorta aurkeztu du, Unai Guerra produktore eta adituak bilduta. Zinemaldiak gonbidatuta, Brasilen izan da Jon Garaño zuzendari gipuzkoarra, '80 egunean' filma aurkezteko.

Gehiago irakurri...


Mus, euskara, liburutegiaren berrantolatzea eta eraikuntza-lanak Macachingo 'Euzko Alkartasuna' EEan

2011/06/14

Macachinen egindako Mus Txapelketa (argazkia EE) Garai berriak bizitzen ari dira Macachingo euskaldunak joan den uztailetik. Izan ere, duela urtebete euskal etxearen egoitza den hotelaren kudeaketa berreskuratu ondoren, zuzendari batzorde berria osatu zuten eta euskal etxea berpizteko helburuarekin buru belarri hasi ziren lanean La Pampa probintzian dagoen herri honetako lagunak. Gogor ekin zioten joan den uztailean paregabeko erronka zirudienari eta gogor jarraitzen dute gaur egun, proiektuak betetzen. Mus txapelketa, euskara klaseak eta egoitzaren birziklatzea dira 'Euzko Alkartasuna'ko kideek aurrera daramatzaten proiektuetako batzuk.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia