2011/09/14

San Luis probintzia argentinarrean, Villa Mercedesko Euskal Etxeak Zuzendaritza Batzordea berritu du, Juan Ignacio Esnaola Rouan hautaturik lehendakari. Batzordekide izango ditu, besteak beste, José Lorea y Encaje, lehendakariorde; 'Daisy' Graciela Verónica Cabeytu, idazkari; Mariano Lorenzo Rouan, diruzain; eta Nadia Bolinaga, diruzainorde.
Gehiago irakurri...
2011/09/14

Mikel Markez kantaria Londresen izango da irailaren 24ean, bere kantu berriak aurkezteko. Iaz ere hemen izan zen musikari errenteriarra, Euskal Etxeak gonbidatuta, eta emanaldiak izan zuen arrakastaren ostean, bisita berriaren irrikan dira Londresko euskaldunak. Kontzertu honekin abiaraziko du elkarteak ikasturte berria, baina ez pentsa udaran geldirik egon direnik. Udako jaiez gain, uztailean euskara ikasleek 1go Mintzapraktika egin zuten Whitstable herrian, eta egun pasa ederraren kronikatxoa eta argazkiak jarri dituzte sarean.
Gehiago irakurri...
2011/09/14

Azken mende honetan ehundik gora euskal etxe sortu dira Argentinan, bakoitza bere historia, ezaugarri eta nortasunarekin, aniztasunean biziz euskal argentinarra izateko esperientzia, baina helburu bera amankomunean: Euskal Herriaren kultura ezagutu, maitatu, hedatu eta aldarrikatzea. Buenos Aires probintziako Gral. Rodriguez herrian, Eusko Aterpea erakundeak hartu zuen, duela 12 urte, xede horiek betetzeko ardura. 1999an sortu zenetik bildutako eskarmentuagatik, eta geroztik aurre egindako erronka, arrakasta eta oztopoak gainditzeko aukerengatik egin dute topa Rodriguez-eko euskal lagunek irailaren 4an, non eta pixkanaka eta ahalegin handiz goititzen eta eraikitzen ari diren EEaren egoitzan.
Gehiago irakurri...
2011/09/14

Txileko euskal enpresarien elkarteak, Emprebask-Chilek, eta Valparaisoko Eusko Etxeak bilkura egin zuten iragan abuztuan, euskal etxearen egoitza berrian. Bilera hau bi elkarteen arteko harremanak estutzeko abiapuntu bikaina izan zen eta elkarlanean aritzeko ekimen eta ideiak aztertu zituzten bateko eta besteko ordezkariek. Aurkeztutako proposamen horien artean Eusko Etxea-ko presidente Archibaldo Uriartek, elkarteko eta euskal komunitateko gazteei lan merkatuan sartzeko laguntza ematea aipatu zuen.
Gehiago irakurri...
2011/09/13

Necocheako Euzko Etxeak adierazi berria du aurten Buenos Aires probintzia kostaldeko hiri horretan azaroaren 7tik 13ra garatuko den Euskal Argentinar Aste Nazionalaren behin-behineko egitaraua. Bi hilabete baizik ez dira geratzen Argentinako euskal jai eta elkarretaratze handiena den honetarako eta nahi duenak prest dauzka baita ere voucher-ak, esan nahi baita hotelak eta aste horretarako ekitaldi, saio, bazkari eta erromeria guztietarako sarrera eta erreserbak Euzko Etxearen bidez modu bateratuan egiteko aukera.
Gehiago irakurri...
2011/09/13

Iragan larunbatean Eugi eta Zubiri herrietan 700 bat lagun bildu ziren, Ameriketan lanean ibili ziren artzainei omenaldi egunean. Ekitaldia zinez hunkigarria izan zen, aspaldi ikusi gabeko lagunekin elkartzeko aukera izan baitzen askorentzat, eta batek baino gehiagok malkotan bukatu zuen. Topaketaren antolatzaileek 'Euskal Artzainak Ameriketan' elkartea sortu dute, egun honetan egiten den lanari jarraipena eman ahal izateko. Laura Igantzik, EAAeko presidenteak, elkartearen zenbait proiektu iragarri zituen: artzainen esperientziari buruzko ikerketa bat sustatzea eta AEBetara bidaia bat antolatzea.
Gehiago irakurri...
2011/09/13

Itapeviko Euskal Etxeak lagun euskaldunak eta brasildar dantzari gazteak bildu zituen Sao Pauloko Euskal Astearen bigarren egunean. Euskal elkarteak feijoada bat (Brasilgo bazkari tipikoa) eta dantza tailer bat eskaini zien Bethania Fundazioko haurrei. Laguntza aparta izan zuten brasildarrek horretarako, bertan izan baitziren Montevideoko Eusko Indarra dantza taldea, Joseba Gotzon kantaria eta Mariano Manzanelli irakasle argentinarra. Arratsaldez, Maite Bengoak, Montevideoko Haize Hegoako presidenteak, beste tailer bat eman zuen, oraingoan brasildar dantza irakasleei zuzendua.
Gehiago irakurri...
2011/09/13

Itxaropen euskal etxeak antolaturik, garrantzi handiko bi ekitaldi burutu ziren Buenos Aires probintziako Saladillo herrian azken bolada honetan. Alde batetik, Pablo Picassoren koadrorik famatuaren analisia eskaini zien Elena Itceak Saladilloko Mitre Liburutegian bildutako entzuleei. Beste alde batetik, Lagun Onak abesbatzaren kontzertu batez gozatu ahal izan ziren herritarrak Marconi antzokian. Urte osorako egitaraua jarraituz, urriaren 22an Che que Parché taldearen bisita jasoko dute euskal etxeko kideek.
Gehiago irakurri...
2011/09/12

Munduko komikigile eta zaleen bilkura garrantzitsuenetakoa da urriaren 13tik 16ra New York hirian egingo den Comic Convention delakoa. Bertan izango diren pertsonaien artean XVI. mendeko baleazale euskaldun bat izango da, Joanes, bere abenturen bigarren zatia aurkeztuz. Liskarzalea, ahoberoa eta mozkortia, Joanes ez da heroi klasikoa, baina Ternuan bizitakoek aldatu egingo dute (ez erabat, baina!). Komikiaren egilea Guillermo Zubiaga da, Sagar Handian bizi den euskalduna, eta Renoko Center for Basque Studies-ekin batera ari da AEBtan sorturiko euskal-amerikar sail hau garatzen.
Gehiago irakurri...
2011/09/12

Urtero gauzatzen den hitzordu berezi bat da hau. Berezia, koloretsua eta alaia. Herri askotako euskal etxeetako umeak bilduko dira aurten ere Llavallolgo Euskal Echea institutuko egoitzan beren Euskal Herriko ezagutza beste umeekin konpartitzeko. Eta ez dira bakarriko egongo festa honetan. FEVAk osatutako antolatzaile, irakasle eta laguntzaile taldeak lagunduko ditu txikiak egun osoko jaialdian. Elkarretaratzea goizean hasiko da, gosariarekin, eta arratsaldean bukatuko da jolas, musika eta dantza artean.
Gehiago irakurri...