euskal diaspora eta kultura

2012/12/13
Oso gaztea da Buenos Aires probintziako Mar Chiquita partiduko euskal etxea; eta gazteen indarrarekin burutu ditu 2012 urteko proiektu guztiak. Euskal Herriaren kultura zabaltzea helburu nagusia badu ere komunitatearen beharrak eta kezkak gogoan izaten ditu Izatez Harrok. Engaiamendu horrek builtzatuta, Mar Chiquita-ko II. Hezkuntza Erakusketan hartu zuten parte euskal etxeko kideek, joan den azaroan. Partaidetza urrian gauzatutako ‘Gernikako Bonbardaketa, 75. urteurrena’ erakusketaren jarraipena bihurtu zen, eta Bizkaiko herriari buruzko aurkezpenean izan ziren eskoletako neska eta mutilek oraingo kultur ekitaldian euskarazko hitz eta agur batzuk ikasteko aukera izan zuten.
2012/12/12
Iragan larunbateko gauean New Yorkeko Euskal Etxea diskoteka bihurtu zen, elkartearen aurreneko Gayaldia ospatzeko. Festa ekitaldi "historikoa" izan zen euskal etxearenrentzat, izan ere, elkartearen ia ehun urtetan egin den aurreneko gay jaia izan zen. Ron Like Hell DJ-ak jarri zuen musika eta Rowan eta David go-go boys-ek dantza mugimenduak, gau osoan gelditu gabe ibili baitziren dantzan euskal etxeko tabernako barra gainean. Festa ahaztezina izan zen, antolatzaileen esanetan, eta datorren urtean bigarren edizioa izango du, zalantzarik ez.
2012/12/12
Apurka apurka ari dira geurera heltzen munduan zehar euskaldunek Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko egin zituzten ekitaldien berriak eta argazkiak. Londresen, adibidez, London Basque Society elkarteak National Gallery museo ospetsuaren eskaileretan grabatu zuen euskararen aldeko bideoa, Sydney-en Gure Txoko elkarteak bazkari jendetsua egin zuen -tiketak agortu egin ziren- eta Boiseko euskaldunak herriko tabernetan kantuan ibili ziren. Jarraian, ekitaldi hauetako eta beste batzuetako bideo eta argazki kronika.
2012/12/12
23. urtemugaren urtean 'Erandioko Bazterrak' argazki bilduma jaso zuen Lapridako euskal etxeak bere egoitzan erakusteko. Bizkaiko herriaren irudiak biltzen dituen erakusketa berrogei argazkiz dago osatuta eta egile ugariren lanak batzen ditu, tartean, Jon Erramon Fano Bilbao, Fermin Areitio eta Erandioko Radio Club Takolos elkarteko beste kide batzuenak. Erakusketa abenduaren 16 arte egongo da ikusgai Lapridan; epe hau bukatutakoan, eskatzen dutenen euskal etxeei emango zaie maileguz. Erandioko bazterrak lekuko, Euskararen Eguna ere ospatu zuten Lagunen Etxeako lagunek abenduaren 3an.
2012/12/12
Uruguaiko San Jose herrian bizi izan zen XIX. mendean Jose Mendiague euskal bertsogile famatua eta San Joseko Euskaldunak Taldeak hitzaldi batekin gogora ekarri zuen berriki 'Diasporako Bertsolaria' bezala ezaguna dena. Horrez gain, elkarteak Rosarioko Argentinako Euskal Aste Nazionalean parte hartu zuen eta urriaren 17an Montevideon ere izan zen, Eusko Indarra dantza taldearen 30 urteurrena ospatzeko. Horien guztien berri ematen du elkarteak bere buletinaren azken alean.
2012/12/12
Ikurrina eskuan eta herritar andana baten aurrean, Gure Txokoa-ko lagunek kolektibitateen kabalkadan hartu zuten parte azaroaren amaieran burututako festan. Gizataldeen jaiaren baitan eta euskal etxe anfitrioiak gonbidaturik, ‘Fandango’ eta ‘Arkudantza’ dantzatu zituzten Rauch herriko euskal elkarteko dantzariek. Euskararen Egunari dagokionez, argazki erakusketa antolatu zuten Gure Txokoa-ko ikasle eta irakasleek, herrian euskarak daukan presentzia islatzeko. Urtea bukatu aurretik, abenduaren 28an eta instituzioaren urtemuga dela eta, euskal etxeko abesbatzak euskarazko zein gaztelaniazko gabon kantak kantatuko ditu Lourdes Parrokian egingo den mezan.
2012/12/11
2012/12/11
Zabalik dago jadanik Zingirako Euskaldunak euskal etxeak antolatutako laugarren udalekuan parte hartzeko izenematealdia. Deialdia 11 eta 15 urte bitarteko gaztetxoei dago zuzenduta eta helburua euskal giroko oporraldi bat pasatzea da. 2013ko Chascomuseko Udalekua urtarrilaren 4ean hasiko da eta 8an bukatuko, agur ekitaldi batekin. Egonaldiaren kostua 350 pesokoa izango da eta 300koa Chascomusetik 500 kilometro baino urrunagora bizi diren partaideentzat. Izena emateko epea abenduaren 21ean itxiko da, eta tramitea gauzatzeko urratsak segidako artikulu honetan argituko ditugu.
2012/12/11
Azaroaren 29an osatu zen Buenos Aires probintziako Los Toldos-eko euskal etxearen lehenengo Zuzendaritza Batzordea. Euskaldunak eta euskaldunen ondorengoak biltzen dituen taldeak, ordea, bolada bat zeraman lanean eta euskal gizataldearen partaidetza bermatu zuen herriko Kolektibitateen Jaian, 2011ko eta 2012ko edizioetan. Orain, beste urrats bat eman dute erakundeko bultzatzaileek euskal etxearen erroak ezarriz. Zuzendaritza Batzordeak lehenengo bilera egin zuen eta Izaera Juridikoa bideratzeaz gain, hamaika proiektu aurkeztu zituen etorkizun hurbilerako, tartean, Santo Tomas eguneko ospakizuna, Olentzeroren bisita eta euskara eta dantza klaseak, batzuk aipatzearren.
2012/12/11
Arantxa Anitua, Buenos Aireseko Laurak-Bat Euskal Etxeko lehendakariak, elkarrizketa eskaini dio iragan asteburuan Noticias de Gipuzkoa egunkariari. Solasaldian Euskal Etxearen jarduerak, Euskal Herriko Bake Prozesua, eta etorkizuna eta beste hainbat gai izan ditu hizpide. Anituaren esanetan, Laurak Bat "ez da elkarte partidista, baina bai politikoa. Gure estatutuetan Euskal Herri osoaren independentziaren alde agertzen gara", baitetsi du. "Hemendik kosta egiten zaigu ulertzea zergatik izan dituzten hainbeste traba EAJ eta Bilduk bat egiteko, biek helburu bera izanik. Alderdi mugimenduek ezin dute helburu amankomuna urrundu", amaitzen du.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus