euskal diaspora eta kultura

2013/03/27
Etxepare Euskal Institutak antolatuta, iragan martxoaren 20ean abiatu zen Madrilen "Atxagaren Unibertsoa" izeneko kultur egitaraua. Ekimenaren helburua Bernardo Atxaga idazlearen lanen atzerabegirakoa egitea da, "Obabakoak" eleberri ezagunaren 25. urteurrenaren karira. Atxaga egungo euskal idazlerik ezagunena da eta bere liburuak hainbat hizkuntzatara itzuliak izan dira. Madrilen egiten ari den egitarau honi esker idazlearen zaleak haren unibertsoan sakontzeko aukera paregabea dute, eta ekitaldiak harrera oso ona ari dira izaten. Apirilaren 7an amaituko da ziklo berezi hau.
2013/03/27
Sandra Estarrona gasteiztarra Arte Ederretako ikaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean, baina aurten Txilen ari da ikasten, nazioarteko truke bati esker. Viña del Mar-en Sandra Valparaisoko Euskal Etxearekin harremanetan jarri zen eta, elkarteko presidente Archibaldo Uriartek gonbidatuta, mural bat margotu du egoitzako horma batean. Rubila Araya kazetariak euskal artista gaztea elkarrizketatu du, Txilen bizitzen ari den esperientzia eta artea hizpide, besteak beste.
2013/03/26
Korrika 18 Genevaraino heldu da edizio honetan, aurrenekoz, suitzar hiri honetako euskaldun talde batek antolatu zituen ekitaldiei esker. Jarduera egitarau galanta osatu zuten gainera antolatzaileek, bertsoak, zinea, kantuak eta euskararen aldeko lasterketa uztartuz. Iragan astean "Apaizak obeto" eta "Bertsolari" dokumentalen emanaldiak egin ziren eta igandean Amets Arzallus bertsolariak Genevako euskaltzaleentzako zein Diaspora osoko euskaldunentzako bertso egoki-egokiak jarri zituen, Korrikari Suitzara ongi etorria emateko.
2013/03/26
Urtero legez, Diasporako euskal etxeak Aberri Eguna ospatzeko ari dira prestatzen, datorren igande honetan. Atzerrian diren euskaldunentzako jairik garrantzitsuenetakoa da hau, eta urtero ekitaldi ugari antolatzen dituzte euskal elkarteek. Argentinako Necochea hirian, adibidez, euskal etxeak hiru eguneko egitaraua prestatu du, ostiraletik hasita. Halarik ere, beste zenbaitek, batez ere Argentinan, datorren asteraino atzeratuko dituzte ekitaldiak, oporrak direla eta.
2013/03/26
Arabako lautadatik Ameriketara joan ziren emigranteei buruzko ikerketa ari da egiten Jesus Mari Alegria idazlea. Lan hori burutzeko, Alegriak euskal Diasporaren laguntza eskatu du eta emigrazio istorioen berri dutenei berarekin harremanetan jartzeko gonbitea luzatu die. Arabako eta batik bat, Araia eta Asparren herrietako emigranteen lekukotasunak bildu nahi ditu. Horiekin guztiekin lautadako langile eta emigranteen omenean liburua argitaratzea da bere asmoa. Alegria "Araia, recuerdos e historias a contratiempo" liburuaren egilea da dagoeneko.
2013/03/25
Atzo amaitu zen Baionan martxoaren 14an Andoainen hasi zen Korrikaren 2013ko edizioa. Euskararen alde egiten den ekitaldi honek, ordea, oraingoan ere Euskal Herriaren mugak gainditu eta mundu osoko euskaltzaleak atera zituen kalera, lasterketaren lekukoa eskuan. Argentinan –Euskara Munduan HABEko programaren jaioterrian- indar handia hartu du, hainbat ekintza bildurik. Ez da ahaztu behar, hala ere, Necocheak pare bat aste barru ospatuko duela Korrika. Artikulu honetan, Bahia Blancako Union Vasca, Buenos Aireseko Eusketxe eta Euskaltzaleak, eta La Platako Unibertsitateko irakurlegoen ekimenen argazki eta bideoak.
2013/03/25
Atzo eguerdi aldera Baionako helmugaraino iritsi ziren milaka lagunen babesarekin amaitu zen Korrika 18. Asteburuan munduan zehar ere sostengu zabala jaso zuen lasterketak eta, Diasporako hainbat euskal taldek antolatuta, nazioartean zabaldu zen euskararen aldeko mezua. Berlin, San Frantzisko, Brno, Mexiko, Valentzia, Sydney, Paris... makina bat lekuetatik igaro da Korrika, eta horietan guztietan irudi eder eta alaiak utzi dizkigu. Honatx elkarteek bidali dizkiguten zenbait bideo eta argazki.
2013/03/25
Gurpil-aulkia eta txotxongilo bat dira 'Oztopoak' izeneko ikuskizuneko protagonistak. Bi objektu hauek besterik ez ditu behar Iñaki Mata aktore, egile eta titiritero euskaldunak jendearengan eragin sakona sorrarazteko. ‘Aulkia metafora bat baino ez da, aitzakia bat, begiratu eta nork bere burua aurkitzeko balio diguna’, azaltzen dio EuskalKultura.com-i ikuskizuna Europa eta Ameriketako herrialde ugaritan aurkeztua duen artista gipuzkoarrak. Orain, Argentinako bere egonaldiaren baitan, 'Oztopoak' ikuskizuna euskal etxeen esparruan eskaini nahi du Matak. Interesa duten erakundeentzat, hona emanaldiak antolatzeko xehetasun eta baldintzak.
2013/03/22
Elena Arzak sukaldariak eta Basque Culinary Center (BCC) zentroko ordezkari talde batek bidaia abiatuko dute bihar Brasilera, 2013an zehar garatuko duten "World Tour Culinary Connection" deitu duten biraren baitan lehena. Arzakek eta Rodrigo de la Calle eta Andres Conde sukaldariek zenbait jarduera egingo dituzte igande-astelehenean Sao Paulon. BCCko zuzendari Jose Mari Aizega ere bertan izango da. Alex Atala, Sao Pauloko Dom Restaurant jatetxekoa (munduko laugarren onena, Restaurant aldizkariaren zerrendan) arituko zaie anfitrioi.
2013/03/22
Pariseko euskaldunek hitzordu bikoitza dute bihar Eskual Etxean; izan ere, euskal zineaz eta Korrikaz gozatzeko aukera izango dute. Euskal Etxeak Laburbira euskarazko film laburren zirkuituko emanaldia egingo du arratsaldean eta Euskal Herrian eginiko zortzi lan ikusgai izango dira bertan. Aurretik, elkarteak Korrikarekin bat egiteko gonbitea luzatu die hiriko euskaldunei. Arratsaldeko bostetan jarri dute hitzordua, euskal etxean.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus