euskal diaspora eta kultura
2016/03/17
Partaidetza nabaria izan du aurten ere Euskal Odola Euskal Etxeak Ayacuchoko Txahalaren Festa Nazionalean, Buenos Aires probintzia argentinar barrualdean. Alde batetik, euskal elkartea Festako Erregina izateko hautagaien aurkezpenaren egoitza izan zen. Bestetik, euskal ohiko irudi batzuk ekarri zituen landa eta nekazal alorreko tradizioen inguruan antolatzen den festa oihartzuntsu honen desfilera: ardo zahato erraldoi bat eta dantzariek osatutako karroza. Ikus argazki galeria.
2016/03/16
Auzo bilkura egin zuten Emmett-en (Idaho) astelehen arratsaldean, lau ikertzailek, Toni Berria, Patty Miller, Connie Urresti eta Carolyn Ruby-k, deituta. Komunitate Ikerketa Talde hau informazio garrantzitsua ari da biltzen, azken mendeari dagokiona, Idahon eta Oregonen bizi izan diren euskaldunen inguruan. “Historia oso eta osatu bat nahi dugu egin”, azaldu dio Berriak EuskalKultura.com-i. “Zergatik etorri ziren euskaldunak, zer egin zuten... hori da jakin nahi duguna. Baina, oroz gain, nahi dugu jakin nola gura duten beren burua agertu”.
2016/03/16
Azken hilabeteotan New Yorkeko Euskal Etxeak bere egoitzan berriztatze lan handia egin du eta azkenik emaitzak ikusten hasi dira. Lanen bigarren fasea amaituta, elkarteak bazkideei deia egin die egoitza txukundu eta obren arrastoak garbitzera joateko. Martxoaren 19an da deia eta Aberri Eguneko festarekin, martxoaren 27an, estrenatuko dituzte instalazio berriak.
2016/03/16
"Arbasoek utzitako oparia delako", "hizkuntza zaharra, ezohikoa edo ezberdina delako"; edo, besterik gabe, "gure euskal etxearen giro bikainaren bihotzean dagoelako"… hainbat arrazoi daude euskara ikasteko, guztiak ezberdinak eta guztiak baliagarriak. Gogorik izanez gero, aukerarik ez da falta. Argentina osoko euskal etxeak 2016ko ikasturtea ari dira antolatzen eta eskolen ordutegiak kaleratzen. Anima zaitez eta eman itzazu zeuk ere hegoak euskara hegalta dadin!
2016/03/15
Internet orokortzea erabateko iraultza izan zen eta, horren parte, hizkuntzen irakaskuntzak ere erabateko aldaketa jasan zuen: edonon izanda ere, munduko ia ezein hizkuntza praktikatzeko aukera izango zuen edonork, hiztun natiboekin konektatuta. Erraz, azkar eta merke. Gaur egun, NABOk bi euskara eskola eskaintzen ditu Skype bidez: bata, Rocklin-go (Kalifornia) talde batentzat eta bestea Washington DCko ikasleei zuzendua. “Hasieran, beldur nintzen kaotiko xamarra izango ote zen, baina ederto dabil, erosoa da oso”, aitortu dio EuskalKultura.com-i Beth Carmichael-ek hiriburu estatubatuarretik
2016/03/15
Maria Pilar Gurtubay mexikarra Euskal Herrian izan da egunotan, ETBko "Origen" saio berriaren baitan bere euskal sustraien bila. Iragan ostegunean, Atxondon bere familiako baserri bat bisitatzen ari zela, ezusteko itzela hartu zuen, han bere mundu osoko lehengusu eta senitarteko talde zabala aurkitu zuenean. Batzuk Mexikotik, Argentinatik eta Venezuelatik etorri ziren propio, familia zabal honetako harreman estuaren seinale. Orain, hurrengo bilera handia ari dira prestatzen, 2017rako.
2016/03/15
Arturo Campion Ikasgunearen baitan jaiotako argitaletxeak bi lan berri aurkeztu ditu: Cesar Arrondoren “Hojas para la formación” eta Mikel Bueno Urritzelkiren Nafarroako Unibertsitate Publikoan egindako Masterreko lana, “Amnistía `77, la lucha del pueblo vasco". Bi hauek eta argitaletxeak iaz argitaratutako beste lau liburuak salgai daude, eta munduko edozein lekutara bidal daitezke argitaletxearekin harremanetan jarri ezkero.
2016/03/14
Kirmen Uribe idazlearen hurrengo eleberria aldi berean lau hizkuntzatan argitaratuko da, euskal literatura munduan inoiz gutxi gertatu den balentria. "Elkarrekin esnatzeko ordua" izenburua du lanak, eta Susa argitaletxeak plazaratuko du euskaraz. Aldi berean beste hiru hizkuntzatan ere argitaratuko da: gaztelaniaz (Seix Barral), katalanez (Edicions 62) eta galizieraz (Xerais). Kuadro batean oinarritu da Uribe lan hau egiteko: Antonio Gezalaren 1927ko "Artisten gaua Ibaiganen". Bertan agertzen zen Txomin Letamendia musikariaren bizitza jorratzen du lanak.
2016/03/14
Zozketa berria antolatu du EuskalKultura.com-ek. Zozketagai, liburu bat (ingelesez) "Modern Basque History", Cameron Watson-ena; eta Iparraldetik datozkigun hiru musika CD: Kalakan hirukotearen "b_aldeak"; "Arbailan", Xiberoko ahots onenen sormen lan dagoeneko klasikoa; eta "Euskal kolore", zenbait kantari eta talderen kantu hautuen bilduma. Ohi bezala, parte hartzeko, email bat bidaltzea besterik ez.
2016/03/14
Euskarazko zein gaztelaniazko errepertorioa eskaintzen du Bahia Blancako Euskal Etxearen baitan sortutako Otxoteak, ohiko kantuak, taberna kantu herrikoiak. Taldeak bi helburu argi ditu: Euskal Etxearen ekitaldiak alaitzea, eta batez ere, ondo pasatzea Euskal Herriko abesti ezagunenak kantatzen. Eta bistan da aukerarik ez zaiola faltako apirilaren 3an Aberri Eguneko bazkarian arituko den taldeari.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus