euskal diaspora eta kultura

2016/09/28
Iragan asteburuan Montpellier Frantziako euskal komunitatearen bilgune bihurtu zen, bertan egin baitzen Frantziako euskal etxeen urteroko bilkura. Bileran Paue, Paris, Bordele, Marsella eta Montpellierko ordezkariak izan ziren, elkarteen kudeaketari buruzko esperientziak trukatzen. Biharamunean, gainera, Montpellierko Eskualdunak elkarteak bere Urteroko Festa ospatu zuen, eta bertara bildu ziren Frantziako beste ordezkariak, giro alaian. Jarraian, bilkura eta festaren argazki sorta.
2016/09/28
Erakundeko kide den Maite Salsamendi elikadura lizentziatuaren eskutik, Rauch-eko Gure Txokoa Euskal Etxeak euskal kulturaren presentzia bermatu du hiriko “Arrazako Hegaztiaren Jai Nazionala” izeneko elkarretaratzean. Euskal elikadurari buruzko hitzaldiaren ondotik, etxean eginiko arrozesnea eskaini zitzaion bertaratutako publiko ugariari.
2016/09/27
Datozen egunetan Tolosako Zinemaldiak ("Festival de Cinema Espagnol de Toulouse") bi euskal luzemetrai eskainiko ditu: batetik, "Jai Alai Blues", Ameriketako frontoien istorio zirraragarria biltzen duen dokumentala; eta, bestetik, euskal zinemaren klasiko bat, "Amalur" (1968), Nestor Basterretxea artistak eta Fernando Larruquert-ek zuzendua. Horrez gain, Kimuak programako euskal laburmetraia sorta ederra ere izango da ikusgai. Ostiraletik datorren urriaren 9a arte.
2016/09/27
Zabalik dago dagoeneko ENE Sariaren edizio berri bat, hamaikagarrena hain zuzen ere, 2016an zehar euskararen alde egindako lanak aitortzeko. Sari honek Euskal Herritik kanpo euskararen sustapenean diharduten eragileen lana aitortzea du xede eta saria urtero abenduaren 3an banatzen da, Eusko Ikaskuntzaren Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE) ospatzen denean, hain zuzen.
2016/09/27
La Pampa probintzia argentinarreko Santa Rosa hiriburuko Udal Kultura Etxea du egoitza joan den ostiralean inauguratu eta gaurdaino ateak zabalik izango dituen 'Imágenes Bascas' (Euskal irudiak) erakusketak. Bertako Zelaiko Euskal Etxeko buruzagiek adierazi dute, jardueraren sustatzaile nagusia izandako Dora Valsechi Sarratea bereziki omendu nahirik, aurrerantzean Biurtekoak haren izena hartuko duela. Izendapen horren berri Dora Valsechiren seme-alabek jaso zuten bertan, ama osasunez ahul baitabil.
2016/09/26
Estatu Batuetan euskal katedra berri bat abiatuko da gaur: Massachusetts-Amherst Unibertsitateko "William A. Douglass Chair in Basque Cultural Studies" delakoa. Etxepare Euskal Institutuak sustatua, katedra honek William A. Douglass euskaltzale eta antropologo estatubatuarra omentzen du, euskal ikasketen alorrean egindako lanagatik. Douglass berak parte hartuko inaugurazio ekitaldian eta baita ondoren egingo den nazioarteko mintegian: “William Douglass, Basque Studies and the Anthropology of Europe”.
2016/09/26
Argentinako Entre Rios probintzia aldean euskal kulturaren erreferentea da Urrundik Euskal Etxea eta hilabete honetan urteroko bere dantza ikuskizun nagusia eskaini dio bertako publikoari. Erakundeko dantza taldeekin batera, tango dantzariek eta folklore abeslariek ere osatu dute gau-programa. Zinez arrakastatsua izan den funtzioak, antzokia betetzeaz gain, zabalkunde handia lortu du paranatarren artean prentsa, irrati eta telebista bidez.
2016/09/26
Datorren ostirala azken eguna du parte hartzeko EuskalKultura.com-en iraileko zozketak. Honakoak dira sariak: bisita gidatua eta pintxo-saioa Donostian; haur-kantu disko bat; Boiseko 'Amuma Says No' euskal-amerikar taldearen 'Gatz eta berakatz' diskoa; Bernardo Atxaga idazlearen DVD bat; eta Magdalena Mignaburu eta Josu Legarretaren "Somos vasco-argentinos" liburua. Parte hartzeko muga, irailaren 30a, baina ez utzi azken egunerako eta eman izena oraintxe bertan!
2016/09/23
Elkarrekin euren euskal jatorria partekatzen dute. Bi alor arrunt desberdinetan nabarmendu dira, eta komunitate euskal-venezuelarreko bi eragile diferentek eman digute euren berri. Batetik, Jon Paul Rodriguez biologoa, Caracasko Eusko Etxeko betidaniko kide, Natura Zaintzeko Mundu-Batasuneko Espezieen Bizirauteko Batzordeko buru izendatu dute. Bestetik, Asier Cazalis musikaria 2016ko Grammy Latinoetarako bi izendapen lortu ditu, "Los Caramelos de Cianuro" bere taldearekin batera. Zorionak biei!
2016/09/23
Iragan irailaren 18an Pintxo Eguna ospatu zuen Sao Pauloko Eusko Alkartasuna elkarteak, giro ederrean eta euskal-brasildar sukaldaritza fusio jator eta koloretsuarekin. Elkartekideak orain, buru belarri dabiltza Argazki Lehiaketarekin, aukeratutako argazkiei botoa emateko epea ireki baita. Boto gehien jasotzen dituztenak 2017ko elkartearen egutegian agertuko dira.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus