euskal diaspora eta kultura
2016/05/12
Abian da EuskalKultura.com-en zozketa berria. Oraingoan sariak, honakoak: Joan Errearen 'Aita deitzen zen gizona' liburu ederra, labetik atera berria; 'Boga boga' CD eta liburuska, 22 'betiko' euskal marinel kanturekin bakoitza bere doinu, hitzak eta audioarekin; Korrontzi talde getxoztarraren Korrontzi CD bikoitza, euskal aire eta musika alai eta jostagarria bere onenean; eta laugarren saria, euskal eranskailu sorta bat, ikurriña eta euskal koloreekin, autoan edo nonahi ipintzeko. Ez zazu gerorako utzi eta parte hartu gaur bertan.
2016/05/12
San Pedroko euskal gizataldeak, Buenos Aires probintzia argentinarrean, bere euskal etxea berpiztu eta indartu nahi du eta bultzada polit batekin hasi da: oinarrizko euskara ikastaro bat ireki dute, Bego Tisera irakasle sanicolastarra arduradun. Beste proiektu batzuk ere badituzte mahai gainean Ongi Etorri-ko lagunek, tartean, euskal zinema ematea eta hitzaldiak, euren 11. urtebetetzea uztailean ospatzearekin batera, ekintza gastronomiko batekin.
2016/05/12
Hiru egun eman dituzte errepidean, Bilbotik Bordelerako bidea egiten, Eskualdunen Biltzarra elkarteak antolatu zuen zikloturista lasterketako partehartzaileek. Maiatzaren 21ean heldu ziren Bordelera, eta han harrera bikaina egin zien elkarteak, txaranga eta guzti. Bestalde, euskal etxeak Europako herriei buruzko hitzaldia egin zuen iragan astean, eta lagun asko bertaratu ziren, gaiak erakarrita. Jarraian, bi ekitaldietako argazkiak.
2016/05/11
Futbol sasoia amaituta, maiatzaren bukaera aldean Eibar taldeak AEBetarako bidea hartuko du, herrialde honetan bi lagunarteko partida jokatzeko. Maiatzaren 22an Filadelfian izango dira, hango Philadelphia Fury taldearen aurka neurtzeko, eta maiatzeren 25ean Las Vegasen New York Cosmos taldearen aurka jokatuko dute. Elkarteak gonbitea luzatu dio euskal komunitateari partida hauetara joan eta armaginen taldea anima dezaten.
2016/05/11
Berlingo Euskal Etxeko lagunek ongi partekatu digutenez, 79. urteurren honetan ere euskaldun eta alemaniar multzo batek ez zuen Gernikako Bonbardaketaren data alferrik pasatzen utzi nahi izan eta hiriko Guernica Platzen bildu zen, lore eskaintza bat egin eta zuzeneko musika eta poema irakurketa batez gogora ekartzeko euskal hiri horretan 1937ko apirilaren 26an Franco faxista antieuskaldunaren aliatu ziren indar hegazkin nazi eta italiarrek eginiko sarraskia.
2016/05/10
Pirinioetatik hamar mila kilometrora, lan ederra egin zuten Argentinako euskal gizataldeko kideek joan den asteburuan Euskal Herriko jai giroa sortzen Buenos Aires erdigunean. Baliabiderik ez zitzaien faltatu; izan ere, dantza, musika, euskara, gastronomia, kirolak, literatura, jantzi tradizionalak eta beste hainbat euskal ikur jendaurretu zuten igandeko festan.
2016/05/10
FIVU Uruguaiko Euskal Erakundeen Federazioa babesle, eta uruguaiar hiriburuko Haize Hegoa eta Centro Euskaro Euskal Etxeek antolaturik, ‘Gure Arropa-Nuestra Ropa’ jantzien bilduma iritsi zen Montevideoa eta bertan egon da ikusgai estreineko aldiz. Erakustaldia bukatuta, Gernikako Bonbardaketaren 79. urteurrena gogoan hartuta elkarretaratzea egin zuten montevideotarrek hiriko Gernika Plazan.
2016/05/10
Zeintzuk dira Gipuzkoako bazterrik ederrenak, ikusgarrienak edo esanguratsuenak? "Dancing in the Basque Country" bideo egin zuten lagunek galdera horiei erantzuna eman nahi diete GipuzkoAround proiektuan eta horretarako laguntza eskatu dute sare sozialetan. Proposatu zure txokoa eta agian Gipuzkoako 89 udalerriak bilduko dituen bideoan agertuko da!
2016/05/09
Hirian atzo egindako 'Buenos Airesek EH ospagai' jaialdiaren oihartzunak oraindik airean, gaur astelehenetik aurrera funtzioaren bigarren atala. Euskal Sukaldaritzaren lehenengo Astea maiatzaren 9tik 15era garatuko da, Argentinako zenbait hiritako chef eta jatetxe ospetsuak partaide. Astean zehar hiru urratseko (platereko) menuak eskainiko dituzte hainbat jatetxek, prezio egokituan eta euskal giro barnean.
2016/05/09
‘Buenos Airesek Euskal Herria ospagai’ jaialdiaren bosgarren edizioa ospatu zen atzo Argentinako hiriburuko Mayo etorbidean eta, antolatzaileen arabera, 20 mila inguru lagun partaide. Eguerdian hasita, eta arratsaldeko 6ak arte, hainbat kultur adierazpen aurkeztu eta erakutsi zizkion euskal kolektibitateak Buenos Aires hiriari, dantzak, musika, sukaldaritza, kirolak, euskara eta jantzi tipikoak barne.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus