euskal diaspora eta kultura
2016/05/18
Elkarrekin zerikusi gutxiko bi lan deialdi bildu ditugu artikulu honetara. Batetik, euskal sukaldaritza menperatzen duen chef baten bila ari dira Bordelen, akitaniar hiriburuko euskal jatetxe baterako. Proposamenak aurkezteko epea maiatzaren 31ean bukatzen da. Bestetik, Ikerbasque fundazioak, 10 ikertzaile posizio betetzeko deia egin du, nazioartean ari diren eta euren ikerkuntza lana Euskal Herrian egin nahi luketen goi mailako hamar ikertzaile eta zientzilarientzako.
2016/05/17
Ternua inguruan izan da Gari Otamendi dantzaria berriki, zehazki Saint Pierre eta Miquelon uhartetan, hango euskaldunei dantza ikastaroak ematen. Diaspora ondo ezagutzen du, eta bere esanetan Zortzigarren Probintziari "izen hutsetik areago izate hori onartu behar diogu, euskal kultura eta komunitatea zenbait belaunalditan mantendu eta hedatu dituztelako. Azken batean, guztiak gara estaturik gabeko nazio bateko kide, ezta?".
2016/05/17
Hautatu bezain laster jakinarazi dizkiote buletin honi Necocheako Euzko Etxea-ko gazteek Hator Hona-ren aurtengo edizioan parte hartuko duten bost lagunen izenak. Gazte Alai dantza talde necocheatarreko kideek kudeatzen duten programa uztailaren 15etik abuztuaren 7ra arte luzatuko da aurten, Necochean Euskal Herriko hainbat kultural adierazpen zabaltzeko asmoarekin, tartean euskara, dantza, musika eta kirola.
2016/05/17
40. urteurreneko irudia sortzeko deialdia egin zuen Maipu hiriko Anaitasuna Euskal Etxeak. Jasotako lanak aztertu ondoren hiru aukeratu dituzte etxeko kideek urtemuga berezi hau irudikatzeko. Berri honekin batera, gonbite bat luzatzen dio Euskal Etxeak komunitateari: uztailaren 10ean, Urteurren Bazkaria egingo dute maiputarrek; urriaren 8an, berriz, Urteurren Jaia.
2016/05/16
1941ean Agirre lehendakaria Berlinera heldu zen, erbestera bidean ihesi, pasaporte faltsu batekin. Mendebaldeko Europa Hitlerren mendean zegoen eta Agirre, otsoaren gordelekuan sartu zen askatasunerako bidean, une historiko horren lekuko. Orain, ekainaren hasieran, Berlingo Euskal Etxeak eta Etxepare Institutuak antolatutako ekitaldiek gogora ekarriko dituzte egun horiek, Agirreren ekarpena aztertzeko arlo politiko, historiko eta kulturaletik.
2016/05/16
Boiseko eta Bilboko Merkataritza Ganberen arteko akordioa Bizkaiko Aldundiak joan den astean Idahora egin duen enpresa-misioan egituratu da. Foru erakundeko Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatua buru izan duen bidaian Bizkaiko hamar enpresak hartu du parte eta 70 bat bilera egin dira sektore energetikoko, automozioko eta elikaduren industriako Idahoko enpresa nagusienetako batzuekin.
2016/05/16
Antolatzaileek gonbidaturik, eta aurreko bi edizioetan bezala, Gure Esku Dago herri dinamikako erreferenteek parte hartu zuten 2016ko ‘Buenos Airesek Euskal Herria ospagai’ jaialdian jendearen txalo eta algara artean. Aurtengo proposamena, Euskal Herriko 34 herritan ekainaren 5ean egingo diren kontsultei babesa ematea ‘boto sinboliko’ baten bidez.
2016/05/13
Bi euskal talde, Reala eta Eibar, AEBetan izango dira datozen asteetan, lagunarteko partidak jokatzen. Bisita hauek baliatuz, AEBetako zaletuek euren taldeak ikusteko aukera probestuko dute, eta batzuk, esaterako Las Vegaseko Lagun Onak elkarteak, jokalariekin topaketa bat ere antolatu dute. Zuk ere zeozer antolatu nahi baduzu, taldeekin nola kontaktatu esango dizugu. Izan ere, Diasporako zaleak bertakoak bezain sutsuak dira, agian gehiago: EibarUSA peñako Jonathan-ek, adibidez, ezkontzeko eskatu zion Emily neskalagunari Ipuruako zelaian (ikus bideoa, jarraian).
2016/05/13
Valladoliden harrapatu dugu Joseba Aramayo. Euskal diasporako partaide, futbolari eta masajista izana da, eta baita perkusiojole eta musikari ere. Euskal Herrian jaioa, Argentinan hazia eta profesional gisa Valladoliden finkatu eta b ertan erretiratua, noiz edo noiz kazetari espainiarren batek egindako "espainiar ala euskaldun?" galderari, "euskal argentinar gazteleratua" erantzun izan dio.
2016/05/13
Euskadiko buletin ofizialak (EHAA) asteazken honetan eman du argitara 2016ko iraila bitarteko euskara-ikastaroengatik euskal etxeei esleitutako dirulaguntzak finkatzen dituen HABEko zuzendari nagusiaren Ebazpena. Orotara 219.996 dira banatu diren euroak, 14 estatutako 30 euskal etxeren artean. Kanadako Zazpiak Bat Euskal Etxeak hartu du gutxien, 1.102,50 euro; eta Argentinako FEVAk gehien, 65.236,50 euro. Hona zerrenda osoa.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus