euskal diaspora eta kultura
2016/06/10
Iragan asteburuan euskal kulturaren topaguna bihurtu zen Dalston auzoko The Hive kultur gunea, BaskFest jaialdiari esker. Londresko euskal sortzaileek antolatuta, jaialdi honek bisitarien esku eskura jarri zuen bertan parte hartu zuten artisten lana, perfomance, dantza erakustaldi eta hainbat kontzertuei esker.
2016/06/10
Aste honetan gertatu da Buenos Aires probintziako Llavallolen, bertako Euskal Echea eskolak ezusteko bisita jaso zuenean, Joan den asteartean, Argentinako presidente Mauricio Macri eta Buenos Aires probintziako gobernadore Maria Eugenia Vidal zeramatzan helikopteroak mende bat baino gehiagoko historia duten euskal jatorriko eskola honetan hartu zuen lurra. Errezibitzera atera ziren Eskolako Koordinatzaile Instituzionala, Izaskun Ordoqui, eta erakundeko Hezkuntza Zuzendari Nagusia, Jorge Luis Barros.
2016/06/10
Zabalik da Euskal Herrian Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak Etnologia alorrean deitutako bekara aurkezteko epea. 10.000 euroko zuzkidura dauka eta interesatuek 2016ko urriaren 31 baino lehen behar dituzte aurkeztu proposamenak. Euskal Dantzarien Biltzarrak ere zabaldu du 2016ko Folklorearen Ikerketa Bekara aurkezteko epea. Kasu honetan 1,000 euroko zuzkidura dauka eta aurkezpen epea azaroaren 30ean bukatuko da. Bietara aurkez daitezke Diasporako hautagaiak.
2016/06/10
1986an futboleko munduko txapela eskuratu zuen ekipoko kide zen Olarticoechea. Heroia Argentina osoan. ‘El Vasco de Saladillo’ izeneko liburua bihar aurkeztuko du Agustin Di Benedetto egileak Saladilloko Udaletxeko aretoan. Aurkezte ekitaldian, Saladillo bertakoa den Julio Jorge Olarticoechea ez ezik, Daniel Arcucci kazetaria eta hiriko agintariak ere egongo dira. Dunken argitaletxeak argitaraturik, izenburua laster eskuratu ahal izango da Argentinako liburu dendetan.
2016/06/09
Cirbie Sangroniz, 31 urte, Estatu Batuetako euskalduna da, Salt Lake City-n jaioa eta bertako Utah-ko Triskalariak euskal dantza taldeko zuzendaria. Duela pare bat aste erabat ezusten harrapatu zuen bere neskalagun Amanda, emanaldi batean oholtzara igoarazi eta ohorezko aurreskua dantzatu zionean, taldearen eta publikoaren aurrean, segidan berarekin ezkontzea eskatuz.
2016/06/09
Udaberrian hasi eta urria bitartean Estatu Batuetako euskal etxeek eguraldi ona baliatzen dute euren urteroko festa eta piknikak egiteko. Festa hauek Euskal Herrian egiten diren euskal jaien antzekoak dira, baina beti ere bertako ukitu euskal-amerikarrarekin. New Englandeko euskal etxeak esaterako, bere urteroko Txitxiburduntzi festa egin zuen maiatzean, eta San Frantziskoko euskaldunbek Euskal Piknika ospatu zuten ekainaren hasieran. Jarraian, bi festetako zenbait argazki.
2016/06/09
Duela bi urteko abenduan hasi zituen ofizialki bere ekimenak Marseillako Euskal Etxeak. Gure Irratiko Zortzi Probintziak euskal saioaren, Bordeleko Euskal Etearen eta Zortzi probintziak elkartearen sostenguz elkartea sortu eta urtebete geroago, 2015eko abenduan onartu zuen ofizialki Eusko Jaurlaritzak euskal etxeen erregistroan. Horren guztiaren eta euren errealitate eta asmoen aurkezpena egiten dute Marseillakoek plazaratu duten ohar batean.
2016/06/09
Urteroko ohiturari jarraituz, ‘Presencia Vasca’ irratsaioaren urtemugarekin batera ospatu zuen Urrundik Euskal Elkarteak bere urtebetetzea. Urteurren bazkariaz aparte, eta “umeei merezi duten lekua emateko”, beste festa bat egin zuten Urrundik-ekoek honako hau txikiei begira. Euren hurrengo emanaldien berri ere jakinarazi digute paranatarrek: uztailaren 9an Zazpirak Bat-en San Ferminetan dantzatuko dute eta irailaren 18an euren Dantza Emanaldia egingo dute Paranako 3 de Febrero Antzokian.
2016/06/08
Bilbo Zaharra euskaltegiak urtero antolatzen duen Klasikoen Irakurketa Jarraituak Franz Kafka idazlearen "Metamorfosia" lana aukeratu du aurten. Eleberri honek mendeurrena betetzen duela aitzaki hartuta, ekitaldiak itzulpenaren garrantzia eta balioa aldarrikatuko ditu. Ohi bezala, euskal etxeetako euskara ikasleek ere parte hartuko dute ekitaldian, aldez aurretik grabatutako bideoekin.
2016/06/08
Txingudiko badian irailean egingo diren Mexiko-Euskadi estropaden harira, atzo aurkeztu ziren Gipuzkoako Lezoko Patxiku-Enea jatetxean Mexiko-Euskadi Kopako Jardunaldi Gastronomikoak. Mexikotik etorritako Cesar Sanchez Serna sukaldariak eta Celayako Unibertsitateko bere lau ikasle arduratuko dira herrialde mexikarreko zaporeak dastarazteaz. Hiru jatetxe gipuzkoar, Lezo, Donostia eta Hondarribian, eta Lapurdiko bat, Hendaian, izango dira ekitaldi hauetako partaide eta gertaleku.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus