euskal diaspora eta kultura
2016/08/03
Aurretik ere eskaintza eskuzabala egina du Gernikako Arbolaren kimuak etxean zaintzen dituen Salvador Oria euskal-argentinarrak. Oraingoan euskal arbolaren lau ale banatuko ditu, dituen azkenak. Jatorria, Buenos Airesko Juan de Garay plazatxoko arbola daukate. Ale bat nahi duen euskal-argentinar erakundeak, bere egoitzan emailez eska dezake info@euskalkultura.com-era idatziz eta guk berehala jarriko dugu harremanetan Oria jaunarekin.
2016/08/03
Buenos Aires probintzian, Chascomuseko alkateak herriko 'Zingirako Euskaldunak' Euskal Etxeko ordezkaritza bat jaso zuen. Euskal elkarteak aurten 25 urte beteko dituela-eta, festa kaleetara ere zabaldu nahi dute euskal etxekoek, kalejirak eta desfile moduko bat ere antolatuz, musika eta dantzariekin batera, ospakizunak herri osoa uki dezan. Juan ignacio Cazaux, Gustavo Armendariz eta Ana Maria Sallenave elkarrizketatu ziren Udaletxean.
2016/08/02
"Kaixo, zer moduz?". Honela, euskaraz, agurtzen du Kaliningrado hiri errusiarrean bizi den 22 urteko Arsenio Zubkovsky gazte siberiarrak. Krasnoyarsk-en jaioa, txapela buruan ikus daitezke, Baskoniako bufanda lepoan eta elastiko jai-alai irudiduna soinean; jantzi hauekin ez da zaila berari erreparatzea, batez ere ikurriña aipatzen denean. "Euskal Herrira bidaiatzeko ametsa nuen", esaten du, begirada eraikin sobietar zorrotzetara galduta. Gauzatu zuen, baina, ametsa.
2016/08/02
Datorren asteko ostegunean, abuztuaren 11ean, bukatuko da Eusko Jaurlaritzaren 2016ko Gaztemundu programan izena emateko epea. Gogoratu aurtengo edizioak Gastronomia izango duela ardatz eta, beraz, parte hartzaileak sukaldaritzaren mundu ingurukoak beharko dutela izan eta, besteak beste, izena ematerakoan bideo bat bidali beharko dutela euren plater proposamen bat eginez. 25 dira antolatu diren lekuak. Izena emateko asmoa baduzu, ez utzi azken egunerako eta bidali paperak agudo.
2016/08/02
"Porru xaflak piperradaz berbeteak" izeneko pintxoak, Unai Azpiritxaga etxeko bazkidea egile, irabazi du Caracaseko Eusko Etxeak San Fermin ospatzeko programaren barnean antolatutako pintxo lehiaketa pasa den uztailaren 16an. Saria,bi pertsonarentzako afari bat da venezuelar hiriburuko Casa Urrutia euskal jatetxe famatuan. Bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren, Ekaitz Lacasa eta Josune Zubizarreta geratu ziren.
2016/08/01
Etxepare Euskal Institutuak Kultura Sustatu eta Hedatzeko Zuzendaria hautatzeko prozedura abian jarri du. Institutuaren zuzendaritzapean, bere xedea euskal kultura sustatzea eta hedatzea izango da. Arloak honako eremuak hartzen ditu: musika, arte eszenikoak, ikusizko arteak, zinema, literatura, arkitektura eta diseinua. Unibertsitate titulua, kultur kudeaketan esperientzia, hizkuntzak eta nazioarteko kultur proiektuetan eskarmentua eskatzen da. Epe muga aurkezteko, abuztuaren 10a.
2016/08/01
Plataforma berriak elkarrekin harremandu eta lotu nahi ditu euskaldunak, nazioartean dabilen euskal loturarik duen jendea, euskal gaiez interesatutakoak edota orokorrean Euskal Herriarekin edota edozein euskal alorrarekin erlaziorik duen jendea, munduan edonon bizi izanda ere, sare sozial berri honetara biltzeko gonbitea eginez, bertan informazioa, egutegia, kezkak, iruzkinak eta proposamenak bana ditzaten. Hala azaldu dute aurkezpenean Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak eta Asier Vallejo Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariak.
2016/08/01
Deialdia euskal etxeetako gazteei dago zuzenduta eta asmoa da euskal kulturan sakondu eta murgiltzea baina inguru erabat natural eta eder batean. Izan ere, egonaldia mendiez eta lakuaz inguratutako Nonthue heziketa kanpamentuaren instalazioetan izango da, Lacar lakuaren ertzean. Udalekua urtarrilaren 30ean hasiko da eta otsailaren 4an bukatuko San Martin de los Andes hiriaren urteurrenaren desfilearekin batera.
2016/07/29
Esku artean ditugu dagoeneko Euskalkultura.com-en uztaileko irabazleak. Bost sariak doaz, hurrenez hurren, Brasilera ("Modern Basque History" liburua), Argentinara (Burgaintziren CDa), Uruguaira ("Aita deitzen zen gizona" liburua), Espainiara (Sonia de los Santos-en CDa) eta Argentinara (eranskailuak). Oraingo honetan 15 nazio edo herrialdetatik etorri zaizkigu partaidetzak, Txiletik Kanadaraino eta Australiatik Alemaniaraino.
2016/07/29
Erronkarieraz, "Urrinean biltruk" leloarekin deitu du Euskal Artzainak Ameriketan urteroko "amerikanoen" besta ospatzera Izaban. Jaia irailaren 3an egingo da eta bertara bilduko dira urtetan Ameriketan artzain ibilitako euskaldunak eta euren senitartekoak. "Urrinean biltruk" leloarekin elkarteak "hain desberdinak diren bi lurretan, bizitza eta lana modu berdinean egin ahal izana" goraipatu nahi izan du.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus