euskal diaspora eta kultura

2017/03/16
EuskalKultura.com-ek txozna aktiboa izango du larunbatean "Buenos Airesek EH ospagai" (Buenos Aires Celebra al País Vasco) ekitaldian; Argentinako eta oro har Diaspora osoko irudiak erakutsiko ditu pantailetan, itsasgarriak banatuko ditu, CD, liburu eta Euskal Herriko produktuen zozketak egingo ditu ordubetero eta tablet bat ere zozketatuko du bisitarien artean. Bere lankide eta lagunek opari gisa emandako sari hauek lortzeko aski izango da argazki bat bertan atera eta sare sozialetara igotzea (tableta lortzeko) edo galdera erraz batzuk erantzutea. Egiguzu larunbatean bisita!
2017/03/16
Tres Arroyoseko Hiru Erreka Euskal Etxea eta bertako Udala elkarrekin ari dira lanean hiriko Euskal Plaza hobetzearren. Testuinguru horretan, materiala biltzeko kanpaina abitu du euskal elkarteak, zeramika gorri, berde eta zuriak bildu eta material horrekin berdeguneko bideak, muralak eta euskal apaingarriak eraikitzeko. Bilketa lanak apirilaren lehenengo asteraino luzatuko da.
2017/03/15
Valladolideko Gure Txoko Euskal Etxeko lagunek euren elkartea sortu zuteneko 34. urteurren bazkaria egina dute otsailaren 25ean. 34 urte dira elkartea sortu zutela, eta 24, berriz, egungo egoitza erosi zutela. Ez zen umore ona eta bozkarioa falta izan, ezta kantuak ere, kasu honetan Euskal Herrikoak zein bertakoak, kantu emanaldia eskaini baitzuten Enrique Castro, Nati eta Luis Marianok (ahotsetan) eta Joseba Aramayok (perkusioan). Euskal Etxeak abiatua du aurtengo mus txapelketa eta sagardotegi txangoa iragarri du EHra apirilaren 1-2an.
2017/03/15
‘Negozioen garapena. Mondragon Korporazioko kudeaketaren lerroak’ izeneko ikastaroa Entre Riosko Unibertsitate Nazionalak antolatutako Nazioarteko Asteko parte izango da martxoaren 27tik 31ra, Paranako Ekonomia Fakultateko egoitzan. Antolatzaileek gonbidaturik, bertako Urrundik Euskal Etxea ere ekitaldiko parte izango da eta Urrundikeko dantzariek ikuskizuna eskainiko dute gonbidatu euskaldunak ohoratu eta jardunaldiei amaiera emateko.
2017/03/14
Bilera eta bi eguneko elkarretaratzea egin dute joan den asteburuan Boisen NABO eta HABEren lankidetzari esker Estatu Batuetako euskal etxeetan euskara eskolak ematen dituzten irakasleek. Gaur egun 17 irakasle daude Estatu Batuak eta Kanada baitaratzen dituen programa honetan eta orotara 14 euskal etxetan ematen dituzte eskolak, euskara 150 bat ikasleri irakatsiz.
2017/03/14
Aitaren zein amaren aldetik jaso du euskaltasuna, Arrecifesen, etxean. Cesar Solanés Aurtenechea eta Mariana Dominé Irigoyen-en alaba da, eta Gernikako bonbardaketa bizi izan zuen Josefa Echandia Magunacelayaren hereniloba. Josefak, bere alaba Olgari transmititu zion ahozko istorioa eta katea ez da eten. Orain, bonbardaketaren 80. urteurrenean, Anamari ETBko dokumental bateko protagonista izango da, Diaspora, Gernika, Picassoren lana... Datorren astean iritsiko dira kamerak Arrecifesera, gero berarekin Europara bidaiatzeko. Ez, ez, katea ez da eten.
2017/03/13
Datorren larunbatean, Mayo Etorbidea euskal-argentinar erakusketa erraldoiaren agerleku bilakatuko da seigarrenez. Buenos Airesko Udalak bultzatutako ekimenaren baitan, Laurak Bat Euskal Etxearen 140. urteurrena ospatuko du ekimenaren seigarren edizioak. Aurtengoan, EuskalKultura.com-ek ere standa muntatuko du Mayo Etorbidean eta sari eder batzuk irabazteko aukera ere emango die bertara hurbiltzen direnei. Buenos Airesen bazaude, ez galdu aukera eta hurbil zaitez une batzuk gurekin elkarbanatzera!
2017/03/10
Dozena erdi bat euskal konpainiak Costa Rican eta Uruguain jendaurretuko dituzte euren lanak uda honetan. Atzo Donostian bere 23. edizioa itxi zuen Arte Eszenikoen Feriaren "luzapen" gisa sortutako dFeria Abroad-en markoan izango da. Etxepare Institutua eta Arte Eszenikoen Sare Eurolatinoamerikarra (Redelae) sustatzaile dituen proiektuak aurreikusten du 2018an Mexiko eta Kolonbia ere sar daitezkeela. Noticias de Gipuzkoan argitara emaniko artikuluaren laburpena.
2017/03/10
Buenos Airesko Laurak Baten guztia dago prest bere 140 urteak ospatzeko. Erakundeko lehendakarien omenezko brindisa astelehenean izango da, martxoaren 13an, sorreraren egunean bertan. Eta astea Urtebetetze Oturuntzarekin bukatuko da, igandean. Tartean, besteak beste, 2017ko BAC jaialdia. Egunotan lehenengo aldiz bisitatuko du Argentina Gorka Alvarez Aranburu Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari berriak.
2017/03/09
Abian da Euskal Herrian urtero Topaguneak antolatzen duen Laburbira, euskarazko filmak erakutsi eta ikusteko ekimena, aurten 14. ediziora heldurik. Aurreko edizioetan bezala, Diasporak ere izango du partaidetza eta asteburu honetatik hasita, lau izango dira aurten parte hartuko duten euskal etxeak: larunbat honetan, Pariseko eta New Torkekoak; martxoaren 25ean, Valentziako Laurak Bat Euskal Etxeak; eta apirilaren 6an, Londresko Basque Society- Euskal Elkarteak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus