euskal diaspora eta kultura
2018/03/28
Diasporako gazte euskaldun bat zara? Hala bada, gogora arazten dizugu EuskarAbenturak luzatu egin duela apirilaren 8raino, Iparraldeko eta Diasporako gazteen kasuan, bertan parte hartzeko epea. Ekimenak Euskal Herri osoa zeharkatuko du oinez, motxila bizkarrean, uztailaren 1etik 31era, aukera emanez 120 gazte euskaraduni zazpi probintziak ezagutzeko, tokian tokiko gidariz. Aukera mundiala da geure herriaren ezagutza hobetzeko, lagun berriak egiteko eta sekula ahantziko ez diren oroitzapenak egiteko.
2018/03/27
Nevadako Unibertsitatea (UNR) liburutegi teknikari baten bila ari da Renoko Jon Bilbao Euskal Liburutegirako. Hautatzen den pertsonak izango dituen arduren artean, materialen zirkulazioaren kargu egitea egongo da erabiltzaileen aholkulari izatea, katalogazio lanetan urratsak ematea material digitaletan eta egungo liburutegi batek arlo digitalean eguneratuta egoteko behar dituen lanak egitea, besteak beste. Interesatuek lehenbailehen idatzi behar dute Unibertsitatera.
2018/03/27
Aberri Eguna ospatzeko Cañuelasko Denak Bat Euskal Etxeak urtero antolatzen duen Dantzarien Topaketa erregionala bere 12. ediziora iritsi da aurten. Bi eguneko ekitaldia joan den asteburuan egin zen, hamar bat euskal etxe partaide. Larunbateko erromerian eta lehenengoz Cañuelasen, Buenos Aires hiriko Zutarriak taldeak emanaldia eskaini zien Nekazaritza Elkartera bildutako lagunei.
2018/03/26
Eitb.com-en ikusi genuen berria: Nafarroa eta Iparraldearen arteko mugari buruzko time-lapse bat saritu dute Dubain. "Iñaki Tejerina ingeniari iruindar argazkizaleak saria jaso du Nafarroa eta Iparraldearen arteko mugako irudiekin egin duen time-lapse batengatik". Eta, egiazki, hain bideo izugarri polit eta harrigarria iruditu zaigu, hona ekarri dugula geure irakurleekin partekatzeko. Hona bideoa.
2018/03/26
Buenos Aires Handiko euskal etxe aktiboenetako bat da Toki Eder eta besteak beste dantza klaseak, euskara eskolak, kultur tailerrak eta beste hainbat proposamen eskaintzen ditu. Aurtengo nobedadeen artean “Emakumeak lehenengo pertsonan. Emakumeen aurrerapenak gizonezkoen munduan” izeneko mintzategia dakarkigu Euskal Etxeak Paula Basaldua bazkidearen esku. Mintzategiaren baitan ‘Begiradak Eraldatzen’ erakusketa inauguratuko du elkarteak apirilaren 17an.
2018/03/23
Hamaika izan dira --azken orduan iritsi den 'Kaltegarria' izenekoa sartuta-- Madrilgo Euskal Etxean gaur iluntzean ikusi eta epaituko den Laburmetrai Lehiaketara aurkeztu diren lanak, bertako Euskaltegiko maila desberdinetako kasleek egindakoak. Seigarren edizioa du lehiaketak eta, dagoeneko sendotuta dagoen ohituraren arabera, bertaratzen direnek jujatu eta aukeratuko dute 'palmares'a, film onenari dagokionez eta baita gizonezko eta emakumezko aktore onenari dagokienez ere.
2018/03/23
Gabi Navas eta Jose L. Matellan margolariek hartu zuren bere gain Gernika Plaza edertzeko ardura, eta murala ez ezik beste arte lan batzuk ere egingo dituzte “Gernika Plazaren berdegunea aisialdirako leku egoki bihurtu eta euskal kulturari agerikotasuna emateko helburuarekin”, adierazi digute Villegas’ko Euskaldunak Euskal Etxetik. Murala 120 metro koadro duen horma batean pintatzen ari dira artistak, hainbat euskal irudi tarteko, hala nola ikurrina, Gernikako Juntetxea, gudari bat edota euskal emakume bat.
2018/03/22
2018ari dagokion berritzea partziala izango da baina kargu garrantzitsuenak hautatuko dira, tartean, lehendakari, idazkari eta diruzainarena. Hautagai zerrendak aurkezteko epea apirilaren 2an bukatuko da eta Biltzar Orokorra apirilaren 21ean burutuko da, Laurak Bat-en instalazioetan. Aurtengo hitzaldien zerrenda ere jakinarazi du azken ordu hauetan FEVAk; gaiak anitzak dira, euskal etxe ugariko hizlarien esku.
2018/03/22
Etorritakoengatik Euskal Etxeak bere egoitza propioa dauka abendutik. Erakundeak bertan funtzionatzen du dagoeneko, baina inaugurazio ofiziala oraindik ez da egin, lokalean konponketa batzuk egiteke baitaude. Lanen gastuei aurre egiteko, janari salmenta egin berri du Euskal Etxeak, lehena etxe berrian. Ekintza erabat arrakastatsua izan zen: 90 oilasko kazola saldu zituzten, prestatutako guztiak.
2018/03/21
Sao Pauloko Eusko Alkartasuna Euskal Etxeak mezu bat plazaratu eta helarazi digu eskertuz eta bat eginez Berri Txarrak talde nafarrak BECeko bere kontzertu erraldoian emakume guztiak oroituz eta bereziki Brasilen hil berri duten Marielle Franco giza eskubideen militante feminista aipatuz eskainitako kantuarekin. Eusko Alkartasunak, dio bere oharrean, bat egiten du Brasilgo populazio osoarekin, justizia ozen eta irmo aldarrikatuz (ikus Berri Txarraken kontzertuko momentu horretako bideoa).
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus