euskal diaspora eta kultura

2009/08/19
Kolonbiako Euskal Etxeak parte hartu du --Euskal Kulturaren ordezkari-- herrialde kolonbiarreko hiriburuan gauzatu den 'Feria Cultural Bogotá Internacional Espectacular' (Bogota Nazioarteko Kultur Ikuskizun Azoka) delakoan, Bogotá-ko Alkatetza Behineneko Idazkaritza Orokorreko Nazioarteko Harremanetarako Zuzendaritzak antolaturik "orain artean antolatua izan den kultura, arte agerpen eta gastronomia arloko bertako erakustaldirik handienean", beti ere "Bogotá eta gainerako kontinenteen arteko erlazioak eta loturak areagotzea helburu". Euskal Etxeak erakusgai eskaini zituen ekimenen artean, Euskal Herriari buruzko Argazki Erakusketa Handi bat eta, bertakoa baita ere, 'Munduko Umeak' abesbatza euskal kolonbiarra, azken honek euskarazko bost kantu eta Euskal Herriko dantza bat oholeratu zituela.
2009/08/19
Lapridako 'Lagunen Etxea' Euskal Etxeak erregin berria hautatu du joan den asteburuan. Koroatua Martina Larraza izan da, euskal etxe lapridatarra bere 20. urteurrena ospatzen ari den urte honetan. Izendapena egiterakoan, EEko Zuzendaritza Batzordekoek dantzari gaztearen tasunak utzi dituzte agerian eta azpimarratu dute euskal dantzei eskaintzen dien denbora eta maitasuna. Joan den larunbatean hautatua izan bada ere, aurkezpen ofiziala Lapridako gizartearen aurrean irailaren 16an izango da, Lapridako partido/barrutiak bere 120. urteurreneko kabalkada egingo duenean. Lerro hauetatik zorionak erregin berriari eta baita berriz ere EEkoei, bi hamarkada hauetako ibilbideagatik.
2009/08/18
Igandetik astelehenerako gauean hil da Argentinako Paraná hirian Raul Alcain, 96 urteko euskal argentinarra, familia zabal bateko aitona eta birraitona, bere ondoko guztiak euskal erroekiko zaletasunean eta errespetuan hezi zituena, pertsonalki engaiamenduzko etsenplua emanez euskal kultura, identitate eta sentimentuarekiko. Bere gorpua gaur asteartea abuztuak 18 erraustuko da, goizeko 11etan, Paranako Udal Hilerrian. Lerro hauek baliatu nahi ditugu bere familia eta lagunei besarkada bero bat bidaltzeko, baita Presencia Vascako lankideei ere. Goian Bego.
2009/08/18
Arrakastaz ospatu berri ditu Quebec-eko Trois-Pistoles herriko 'Parc de l'Aventure Basque' (PABA) delakoak bere euskal jaiak, euskal musika, janaria, kirolak eta oro har euskal giroak bi mila bat jende ekarri dituela, antolatzaileen esanetan. Azkeneko urteotan egin gabe, aurtengo arrakastak indarrak biziberrituko ditu. Musikaz aparte --euskal txaranga batek, besteak beste, girotu zuen festa-- herri kirolak izan dira deialdiko protagonista nagusia, horien artean pilota txapelketa eta erakustaldiak, Parc-eko kantxa gertaleku. Baina euskal festak ez dira batere ahitu Amerika Iparraldeko eremuan, aste honetan bertan hasiko baitira St. Pierre et Miquelon-goak, hemen ere pilota, herri kirolak, musika, janaria, dantzak eta kantuak protagonista. Igandera arte luzatuko dira euskal tradizio handiko atlantiar uharteotan.
2009/08/17
Negeluatarrak familia ezagutua dira Jutsin eta Baxenabarren, eta baita Europatik kanpo ere, Ipar eta Hego Ameriketako Euskal Herrietan, hasteko Argentinan eta Estatu Batuetan. Euskaldun familia atxikia izanik, euskara biziarazten dute eta euskara ederrean mintzo dira, hala nola Kalifornian sortu eta euskal etxeetan heien lan ona emaiten dutenak. Iragan hilabetean, familia elgarretaratzea ukan dute Jutsin, Negelua sortetxean, etxea familiakoen eskuetan gehiago ez bada ere, atxiki nahi baitute biltzeko izpiritu eta gogoa, beti euskaldun omore eta giro onean. Uztailaren 12an egin zuten bilkuraren aipu hau Herria astekaritik ekarria da.
2009/08/17
Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxeak, Maiatzeko Iraultzako Bigarren Mendeurrenerako bidean antolatutako ekitaldien artean, piano kontzertu bat iragarri du datorren ostiralerako, abuztuak 21, bere egoitzan, "Juan Pedro Esnaola-Pianorako Obra I : XIX. mendeko euskal erromantizismoa Rio de la Platan" izenburupean. Norberto Broggini pianojolearen eskutik, euskal gurasoak zeuzkan Juan Pedro Esnaolari (1808-1878) --'argentinar musikaren aita' gisa ezaguna-- eskainiko zaio emanaldia, sarrera kitorik, Euskal Etxeko Pedro Basaldua Aretoan iluntzeko zortzietan.
2009/08/17
Munduan diren beratarrek eta Euskal Herriko argazki zahar eta berriak ikustea gogoko dutenek badaukate duela hilabete batzuetatik sarean kontsultatzeko eta agian laguntzeko webgune eta baliabide berri bat. Berako Rosamary eta Totono Errandonea anai-arreben eskutik etorria da eta argazki eta irudi bidezko kronika beratar hau egiten aita ere, Casa Felix-eko Felix Errandonea, ibilia dute herriko kontuak biltzen. Orain, bi anai-arrebok erretiratu direla-eta denbora gehiago daukate honi guztiari dedikatzeko eta, izan ere, liburua ere argitaratzekotan dira, hilabete gutxi barne. Artikulu hau Berria egunkariak argitara emana da.
2009/08/14
Resistencia hiriburuan egoitza duen Chaco probintzia argentinarreko 'Kotoiaren Lurra' Euskal Etxeko kideak partaide izango dira bihar, Haurraren Eguna dela-eta, hiri horretako egoera behartsuko haurren zentru batean egingo den txokolatealdian. 'Alkartasun Txokolate Handia' (Gran Chocolate Solidario) sostengatu nahi dutenek badaukate horretarako aukera, euren astia zein bestelako laguntasuna eskaini nahi dutenek laguntza zinez ongi etorria izango baita.
2009/08/14
Argentinar Patagonian, Chubut probintziako hiri handiena den Comodoro Rivadavian, bertako herritarrak kontent egon daitezke, gutxitan ikusten den moduko ikuskizun aparta eskaini baitzieten uztailaren 22an bertako Euskal Etxeko dantzariek, Maite Bazan gazteak koordinaturik, 'Ele Multiespacio' aretoan, euskal sukaldaritza ere dastatzeko aukerarekin. Dantzariek gogo handiz dantzatu zuten, eta gogo eta indar hori transmititzeko gauza izan ziren ikusleei, egiten ari den horretan sinesten duenak bakarrik egin dezakeen bezala. Esan, bestalde, Comodoroko Euskal Echea elkarteak abian duela dagoeneko bere webgunea, bloga, sarean.
2009/08/13
Argentinako Euskal Erakundeen Federazioak (FEVA) bere bazkide diren elkarte eta euskal etxeak Buenos Airesera deitu ditu irailaren 12-13an 'Euskal identitatearen eraikuntza' izeneko tailerrean parte har dezaten. Laurak Bat Euskal Etxearen egoitzan egingo den elkarretaratze hau Maria Blanca Irustak koordinatuko du, helburutzat 'euskaldun gisa dugun identitateaz gogoeta egitea eta iritzi trukea bultzatzea' harturik. Argentinako euskal etxe bakoitzeko ordezkari bana onartuko da, izen ematea abuztuaren 31a baino lehen egitea eskatzen delarik.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus