euskal diaspora eta kultura

2009/09/17
Cesar Arizmendi lehendakari hautatu zuten abuztuan Santa Cruzeko 'Hegoalde Argentinarra' Euskal Etxekoek, Patagonia argentinarrean. Abuztuko azken asteburuan, harrera ekitaldia egin zioten astebete lehenago Biltzar Nagusiak hautatutako zuzendaritzakoei. Egoitza eta lehendakari berriarekin batera, hainbat gauza berri ari dira prestatzen, hala nola Misionesera 'Gora Vasco!' filma ematera bidaiatzea, Euskal Asterako bidaia, euskal laburmetraia ziklo bat, hitzarmena Unibertsitate Teknologikoarekin, Mus txapelketa bat eta, esaterako, omenaldia Alberto Marucco Barragan bazkideari, Santa Cruzeko Giza Eskubideen Estatu Idazkaritza sortzen eta garatzen egindako lanagatik.
2009/09/16
A gripea dela-eta, ekintza bat baino gehiago atzeratu behar izan ditu aurten Argentinako euskal komunitateak, tartean urtero eta herrialdean zehar biziro ospatzen diren San Inazioren ohorezkoak. Horregatik, larrialdiaren gogorra pasa bezain laster, Arrecifeseko Euskal Etxeak, bertan tradizio handia duen jai hori antolatu zuen joan den abuztuaren 16an, ohiko oiartzun eta arrakastarekin. 350 lagundik gora bildu ziren Euskaldunak Denak Bat-en egoitzan, tartean, beste euskal etxe askotatik etorriak, San Pedro, San Miguel eta Baraderotik, batzuk aipatzearren. Eguerditik iluntzera arte luzatu zen jaia eta Ugarritzak, Txiki Zaharrak, Maral eta Diamante taldeekin dantza eta musikaz gozatu ahal izan zuten bertaratutakoek.
2009/09/16
2009/09/16
Judas Arrieta hondarribitarrak berriki inauguratu du Pekingo Club LAN-en 'Imagin China' erakusketa. Bertara, berak hiriburu txinatarrean zabaldutako MA Studio-n egondako hamar sortzaileren lanak biltzen dira. Gunea baliagarria zaie artistei errealitate txinatarrean sartzeko eta bide berriak esperimentatzeko. Txinarekiko sarbide gisa, Eusko Jaurlaritzak 'Goazen Txinara' programa abiarazi du Euskadiko artea Txinan ezagutzera eman eta euskal artistak bertakoaz ikas dezaten. Orain, lau gazteren egonaldia diruz lagunduko du gobernuak bertan lan egin dezaten. El Correo egunkarian Zigor Aldamak argitara emaniko artikulua laburbildu dugu datozen lerroetara.
2009/09/16
2009/09/15
Historia irakasle eta Ikastolen Federazioko kide den Jokin Azkue zizurkildarrak hitzaldia eman zuen irailaren 1ean La Plata Buenos Aires probintziako hiriburuan, bertako La Platako Unibertsitate Nazionalean (UNLP), 'Euskal baserria' gaitzat harturik. Hitzordua unibertsitatean sortu berria den 'UNLPren Euskal Lagunen Taldea' izenekoak antolatu zuen. "Euskal Herriko kultura, historia eta egungotasuna ezagutzeko, ikasteko eta zabaltzeko interesa daukaten UNLP inguruko pertsonak" biltzeko asmoa dauka elkarte berriak, Pedro Mauregui Larranda bertako kideak EuskalKultura.com-i adierazi dionez.
2009/09/15
Hala da, Joseba Sarrionandia, 1985etik erbestean ezkutuan bizi den euskal poeta, non dagoen zehatz-mehatz galdera-ikur izaten segitzen duen euskal sortzailea Kolonbian egon da, Manizales-ko Nazioarteko Antzerki Jaialdiko XXXI. edizioan. Ez zen fisikoki bertaratu, baina bai bestela, euskaraz, gaztelaniaz eta portugesez zuzendutako bere poema zorrotz eta aztoratzaileen bidez. Poesia baita, izan ere, 'Hnuy Illa' obra honen ardatza, esan nahi baita Kukai-Tanttaka dantza eta antzerki konpainia gipuzkoarrak saio bakarrean eskainirik --jaialdia inauguratzeko hain zuzen-- joan den asteko astelehenean, irailak 7, hiri kolonbiar honetako Los Fundadores antzokian ikusteko parada izan genuen taularatze lan txundigarri honen ardatza [Antioquiako Euskal Ikasketa Etxeko kide den Jose Migel Ramirezen kronika, propio EuskalKultura.com-entzat idatzia].
2009/09/15
Urriaren 5etik 8ra bitartean, Donostian eta Bilbon egingo dira Erbesteari buruzko Nazioarteko X. Kongresuko hitzaldiak. Hamaika Bide elkarteak eta Deustuko Unibertsitateak antolatuta, aurtengoan 'Erbestean bizitakoen testigantzak' izango dira mintegiaren ardatz. Hitzaldiak Bilboko eta Donostiako Deustuko Unibertsitatearen egoitzetan eta Donostiako Koldo Mitxelena liburutegian izango dira. Hauetan, besteak beste, Baroja, Orixe edota Agirre lehendakariaren bizitzaren zenbait alderdi orain arte ezezagunen inguruan solastuko da.
2009/09/14
Datozen hilabeteotan euskal literatura lan berri ugari izango dugu Euskal Herriko liburudendetan. Besteak beste, Joan Mari Irigoien, Unai Elorriaga eta Karmele Jaioren azken eleberriak. Horietaz gain, Asun Garikano itzultzaileak 'Far-west-eko Euskal Herria' lana aurkeztuko du, Renon euskal emigrazioaren inguruan jasotako testuen bilduma. Miel Anjel Elustondok, bere aldetik, William A. Douglass antropologoaren bizitza biltzen du 'Mr. Basque' lanera. Douglass-ek Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studies sortu zuen. Deia egunkarian A. Garmendiak argitaratutako informazioa erabili dugu artikulu honetarako.
2009/09/14
Euskal Herriko Unibertsitateko ADN Bankuak abian du euskal ADNari buruzko ikerketa eta urrian Argentinan izango dira bi ikerlari bertako euskal komunitateko kideei laginak hartzeko. Honekin jakin nahi dute euskaldunek genetikoki, zein mailatan joera gehiago duten zenbait gaixotasun harrapatzeko. Marian Martinez de Parcorbo ikerketa zuzendariak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, asko dira kontutan hartu beharreko faktoreak, pertsonaren bizimodua, dieta, giroa eta abar. 'Horregatik hain da garrantzitsua Diasporan bizi direnak aztertzea. Euskal jatorrikoak izanda, beste herrialde batean bizi dira baldintza klimatikoak edo dieta guztiz ezberdinekin eta honek ADNan duen eragina jakin nahi dugu'. Iaz AEBtako euskaldunen artean hartu ziren laginak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus