euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

New Yorkeko Euskal Etxeko kideek Danborrada joko dute lehen aldiz, Gaztelubidekoek oparitutako danborrekin

2008/01/18

Itziar Albisu, New Yorkeko Euskal Etxeko lehendakaria, San Sebastian eguneko ezaugarriak daramatzaten Gaztelubideko ordezkaritzarekin Aurten estrainekoz New Yorkeko Euskal Etxeak bere danborrada propioa egingo du San Sebastian Egunarekin batera. Horretarako Sagar Handiko euskaldunek Donostiako Gaztelubide elkarteak oparitutako danborrak erabiliko dituzte. 2006ko urrian soziedade donostiarrekoek Jesus de Galindezen omenez New Yorken eginiko ekitaldietan parte hartu zuten, danborradarekin hain zuzen, eta danborrak oroigarri gisa utzi zituzten Euskal Etxean, bertakoek ere donostiar jairik herrikoiena ospa zezaten. Aurtengoa da lehen aldia baina urte askotako ohitura hasiko dutenaren esperantza dute elkartekoek.

Gehiago irakurri...


La Platako Euzko Etxeak 2008ko Euskal Argentinar Aste Nazionalerako irudia diseinatzeko lehiaketa jarri du abian

2008/01/18

Joan den urtean Rosarion egin zen Euskal Aste Nazionalaren logotipoa, orduan 'Gure arimaren oihua - Zazpirak Bat, Rosario' esaldiarekin La Platako Euzko Etxea 2008ko Euskal Aste Nazionalerako irudi bila ari da eta lehiaketa antolatu du diseinua aukeratzeko. Ohi den legez, Euskal Asteak Argentinako euskal etxe andana bilduko du eta irabazleak aukera polita izango du bere lana ezagutarazteko, logoa jaialdiko afitxe, iragarki eta elastiko guztietan agertuko baita. Deialdia Argentinako diseinatzaile eta artistei zuzendua dago eta lanak bidaltzeko epea apirilaren 7rainokoa da.

Gehiago irakurri...


Frantziako herri mintzairen literatura topaketak bihartik aurrera Bardozen (Lapurdi), euskal idazleak antolatzaile

2008/01/17

Itziar Madina, Euskal Idazleen Elkarteko ordezkari Iparraldean eta bihar Bardozen hasiko den bilkurako antolatzaile (argazkia Eke.org) Bihar hasi eta igandea bitartean Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) literatur jardunaldiak egingo ditu Lapurdiko Bardoze herrian. Topaketa frantziar estatuko herri hizkuntzetako literaturaren ingurukoa izango da eta bertara Euskal Herri, Korsika, Bretaina, Okzitania, Katalunia eta Alsaziako idazleak bilduko dira. Bilkuraren helburua idazleon artean harremanak sakondu eta ideiak eta esperientziak elkarrekin trukatzea.

Gehiago irakurri...


Diasporako euskaldunek ere har dezakete parte Eusko Ikaskuntzak deitutako Zumalabe eta Apraiz beketan

2008/01/17

Agustin Zumalabe. 1983an sortu zituen Eusko Ikaskuntzak Zumalabe eta Apraiz izena daramaten bekak (argazkia Garaia) Euskal Kultura --sortzen den lekuan sortzen dela-- sustatzeko, edota euskal ikerlarien lana bultzatzeko sortutako bi beka dira. Agustin Zumalabe eta Angel de Apraiz beka izena dute, hurrenez hirren, eta bakoitzak 6.000 euro dakar sari gisa. Bi kasuotan, eskabideak aurkezteko epea otsailaren 28an bukatuko da. Eskatu ahal izateko, eskatzailea Eusko Ikaskuntzako bazkide behar du izan, edo bazkide izatea eskatu izanarekin ere aski da. Aurreko edizioetan aurkeztua da jendea Diasporatik, Argentina eta Uruguaitik gehienbat.

Gehiago irakurri...


1936ko erbesteko euskal emakumeak eta euren ekarpena berreskuratzen du 'Non zeuden emakumeak?' liburuak

2008/01/17

'Non zeuden emakumeak?' liburuaren aleak Hamaika Bide elkartearen Saturraran argitaletxeak plazaratu duen liburu honek 2005ean Donostian egin zen 'Euskal Emakumea eta Erbestea' mintegiko ponentziak aurkezten ditu. Bertan biltzen diren artikuluak iturri bikaina dira erbestean euskal emakumeek izan zuten garrantzia eta ekarpena ezagutzeko, are gehiago arlo honetan ikerketa gutxi egin direla kontuan hartuta. Liburuaren eta mintegiaren asmoa emakume hauen bizitza eta lana agerian jartzea da. Dagoeneko internetez eros daiteke.

Gehiago irakurri...


Guillermo Zubiaga komikigile NY-en: euskal arrastoak jarri zituen Marvel komikietan; orain heroi berria dakar, Joanes

2008/01/17

Guillermo Zubiaga, bere New Yorkeko bulegoan lanean

Inoiz X-Force komikia --'X-men' filme famatuaren abiapuntua-- irakurtzen ari zela komikizaleren batek Negu Gorriak taldearen poster batekin edota Gaztelugatxe ermitaren irudiren batekin egingo zuen topo binetaren bazterretan. Irakurlearen irribarrea edo harridura hori ziren hain zuzen euskal arrasto horiek utzi zituen Guillermo Zubiaga marrazkilariaren ordaina. Hamar urtetan NYeko komiki munduan aritu ostean Zubiagak bere istorio propioa sortu du orain: Joanes or the Basque Whaler, Iparramerikan XVI. mendean bale arrantzan ibilitako marinelaren abenturak. Lan honetaz eta munduko hiri nagusienetakoan euskaldun nortasuna mantentzeari buruz solastu da EuskalKultura.com-ekin.

Gehiago irakurri...


Euskara ikasleak zinemagile Bahia Blancako Euskal Etxean: klaseetako gaiak laburmetrai batean landu dituzte

2008/01/16

Miguel Mendiondo eta Rocio Basterra irakasleak laburmetraiaren grabazioan (argazkia BahiaBlanca EE) llusio eta gogoz ia edozer lortu daitekeela ederki dakite Bahia Blancako Union Vasca Euskal Etxeko euskara eta antzerki ikasleek. Azken hilabeteotan 'abentura 'zinematografiko' batean murgilduta ibili dira, Rocio Basterra eta Miguel Mendiondo irakasleen gidaritzapean. Euskara eta antzerkia, antzerkia eta euskara: biak bildu dituzte euskara klaseetarako HABEko ikas materialaren gaiak azaltzen dituen laburmetraia eginez. Rocio Basterrak kontatu digu esperientzia. Estreinua, datozen egunetan sarean eta webgune honetan bertan.

Gehiago irakurri...


Jon Mirandetik Harkaitz Canora: 23 poeta euskaldunen lanek osaturiko antologia argitaratu dute eslovenieraz

2008/01/16

Ciril Bergles poeta esloveniarra Liubljanako Aleph argitaletxeak Branil bomocetovo hiso. Antologija moderne baskovske poezije izenburua duen liburua argitaratu du ('Nire aitaren etxea. Euskal poesia modernoaren antologia'). Bilduma honek 23 euskal poeten lanak biltzen ditu, horien artean Jon Mirande, Bitoriano Gandiaga, Gabriel Aresti, Koldo Izagirre, Joseba Sarrionandia, Kirmen Uribe eta Harkaitz Cano, besteak beste. Ciril Bergles poeta esloveniarra izan da itzultzailea.

Gehiago irakurri...


Euskal dantzari eta txistulariak euren burua eskaintzen dute ospakizunetan Agurra dantzatzeko Bartzelonan

2008/01/16

Dantzaria eta txistularia bikote ezkonberri batekin (argazkia Dantzariak.com) Euskal Herrian inor ez da harritzen bertako epaitegi eta eliz irteeretan bikote ezkon berri bat agertzen denean dantzari talde batek irekitako bidetik oinez, milaka arroz ale gainean erortzen diren bitartean, baina Bartzelonan ez da horren ohikoa. Orain, kataluniar hiriburuko dantzari eta txistulari talde batek bere burua eskaintzen du internetez, Aurreskua dantzatzeko edonolako ospakizunetan. Urteak daramatzate horretan, baina orain interneterako jauzia eman dute. Taldeko kide den Ekaitz Landak EuskalKultura.com-i azaldu dionez 'askotan Katalunian bizi diren euskaldunek ez dakite nora jo honelakoak kontratatzeko eta bilaketarako lehenengo lekua internet izan ohi denez, ate hori ere zabaldu nahi izan dugu'.

Gehiago irakurri...


NYko Hippocrene argitaletxeak Beginner's Basque berrargitaratu du, ingelesetik euskara ikasteko metodoa

2008/01/16

Aurreko edizioa 2002an argitaratu zuten Liburua ingelesez hiztunei zuzendua dago eta oinarrizko euskara ikasteko aukera ematen du. Beginner's Basque liburuko metodoa Wim Jansen filologo neerlandarrak garatu zuen 2002an, Aitor Arana euskal idazlearen laguntzarekin. Berrargitalpenak bi audio CD gehigarria dakartza, bertan euskal hiztunen elkarrizketak eta ahoskera jasotzen dituzte. Izan ere iazko apirilean argitaletxea euskal hiztun bila ibili zen NYko euskaldunen artean, orain liburudendetan eta sarean aurki daitekeen metodoa osatzeko.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia