euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Dantza, danborrada eta erromeria Cañuelaseko Euskal Etxeak antolatzen duen Dantzari Egunaren 2. edizioan

2008/03/10

Cañuelaseko Euskal Etxeko dantzari gazteen taldea Cañuelaseko Euskal Etxeak Dantzari Egunaren bigarren edizioa izango denaren programa aurkeztu berri du. Jaialdia apirilaren 12 eta 13an izango da eta Argentinako euskal etxeetako dantza taldeen topaketa irekia bilakatzeko asmoz sortua da. Jaialdiaren helburua euskal etxeetako dantzariei bilgune eta topalekua eskaintzea da, adiskidetasuna eta taldeen arteko harremanetan sakontzeko. Parte hartu nahi duten taldeek datorren larunbata bitartean, martxoak 15, dute epea izena emateko.

Gehiago irakurri...


Bertsoplaza.tv, bertso bideoak ikusi, bozkatu, komentatu eta igotzeko aukera ematen duen internet ekimen berria

2008/03/10

"Bertsoplaza.tv" webguneko irudia Bertsoplaza.tv, bertsoarekin zerikusia daukaten bideoak ikusi, komentatu, bozkatu edota norberak egindakoak igotzea ere ahalbidetzen duen interneteko ekimena da. 'Edozeinek, munduko edozein lekutik ikusi, komentatu eta bozkatu ditzake bideoak eta berak grabatutakoak ere igo, euskal bertsoekin edo, Diasporatik, esaterako, baita ere, beste kulturetako inprobisatzaileen bertsoekin', azaltzen du proiektuaren bultzatzaile den Ion Ansak. Otsailaren 22an sareratu zuen Bertsozale Elkarteak, bost hizkuntzetan izan ere: euskaraz, ingelesez, frantsesez, gaztelaniaz eta katalanez. Lehenengo bi hilabeteak proba gisa erabiliko dira eta orain arte 11 eta 310 ikustaldi artean izan ditu bideo bakoitzak.

Gehiago irakurri...


Eusko Legebiltzarreko antigoaleko 1.246 liburu internetez kontsulta daitezke Euskadiko Liburutegi Digitala medio

2008/03/10

Axularren "Guero" obraren irudia, 1643. urtekoa Liburutegi arruntetan aurki ez daitezkeen 300.000 irudi eta 1.246 liburu zahar argitaratu berri ditu Euskadiko Liburutegi Digitalak. Era honetan, 1830. urtea baino lehenagoko obra-bilduma eta XX. mendera arteko euskarazko erlijio-obren biblioteka batera sarbide erraza izan dezake edozeinek. Nabarmendu daitezkeen obren artean, Axularren "Guero" obraz gain, Betolazaren "Doctrina Christiana" dago, Hegoaldean argitaratutako euskarazko lehen katiximaren ale ezagun bakarra. Obra elebidun hau 1596an argitaratu zen Bilbon, eta garrantzitsua da XVI. mendean euskaraz idatzi ziren zortzi obretako bat delako.

Gehiago irakurri...


Bixente Ibarguren bergararra, Euzko Etxeko lehendakari ohi eta euskaltzale fina, La Platan hil da 81 urterekin

2008/03/08

Bixente Ibarguren eta Marutxa Zarranz emaztea, La Platako 'Euzko Etxea' Euskal Etxeko Txoko Alaien La Platako Euzko Etxeak kide maitatua galdu du joan den astelehenean, Bixente Ibarguren Unanue gipuzkoarraren heriotzarekin. 1926an jaio zen Ibarguran Bergaran eta 1952an heldu zen Argentinara. La Plata hartu zuen bizileku eta 50 urtetan lan eskerga egin du Euzko Etxean, elkarteko lehendakari izatera ere heldu zelarik. Bere engaiamendua eredu bihurtu da elkarteko gazte zein nagusientzat. 'Euskal Etxea eta Euskal Herria maitatzen erakutsi zigun', gogoratzen dute bere lagunek.

Gehiago irakurri...


'El vecino afectuoso' euskal film laburrak New York International Independent Film & Video Festivala itxi zuen

2008/03/08

"El vecino afectuoso" euskal film laburraren sekuentzietako bat (argazkia Kreared.com) Filme eta laburmetraia batek eman zioten amaiera joan den ostegunean New York International Independent Film & Video Festival jaialdiari; laburmetraian, Pello Varela gasteiztarra gidari, Txema Blasco eta Rafa Martin aktoreak ziren protagonista, Badaezpada, el vecino afectuoso izenpeko lanean. Obrak oso kritika ona jaso ditu jaialdian eta medio bereko profesionalekin harremantzeko eta etorkizunerako lankidetzak lortzeko aukera izan dute arduradunek. Pello Varela euskaraz grabatuko den filme luze batean ari da lanean dagoeneko. Barton Films enpresa izango du banatzaile eta 2009ko martxorako amaituko dutela iragarri dute.

Gehiago irakurri...


Euskal Literatura atzerriko adituen ikuspegitik Renoko CBSek maiatzaren 15etik 17ra egingo duen mintegian

2008/03/07

Aurelia Arkotxa idazle baxenafartar eta euskaltzaina izango da hizlarien artean Nevadako Unibertsitateak nazioarteko aditu taldea eta sei euskal idazle errezibituko ditu datorren maiatzaren 15etik 17ra Renon egingo den mintegian, euskal literaturak mundu globalizatuan duen lekuari buruz hausnartzeko. Aurelia Arkotxa, Rikardo Arregi, Bernardo Atxaga, Mariasun Landa, Miren Agur Meabe eta Iban Zaldua idazleak bertan dira eta euren esperientziari buruz hitz egingo dute AEB, Eskozia, Espainia, Katalunia eta Euskal Herriko adituen aurrean. 'Euskal literaturak testuinguru globalean duen tokia aztertuko dugu, baina azterketa kanpotik barrura eginez', azaldu du mintegiaren antolatzaile den Marijose Olaziregik.

Gehiago irakurri...


FEVAko hauteskundeetarako astebete falta dela kanpaina gori-gori bi zerrenden arteko eztabaida eta salaketekin

2008/03/07

FEVAren irudia Aurten lehen aldiz FEVAko hauteskundeetan lehendakaritzarako bi zerrenda aurkeztu dituzte eta horrek azken egunetan bi hautagaitzen arteko eztabaida publikoa ekarri du. Otsailaren 28an bi zerrendak ofizialki aurkeztu zituztenetik batzuk eta besteek hika-mika hasi dute elkarren proposamenen inguruan. Ideia eta proiektu desberdinei buruz eztabaidatzea --gizalegez eta errespetuz egiten den bitartean-- aberasgarria denaren ustearekin, bi aldeek esan dutena jarraitzeko datuak eta loturak bildu ditugu segidan.

Gehiago irakurri...


Sukaldaritza tradizionaleko ia 90 plater dituen euskal jatetxea irekiko du bilbotar gazte batek Shanghain

2008/03/07

Jon Alañak Shanghaiko lehen euskal jatetxea irekiko du hemendik gutxira (argazkia Zigor Aldama) Jon Alañak, duela bi urte eta erdi Shanghain bizi den bilbotar gazteak, hemendik hilabete eta erdira, 'apirilaren 15erako gutxi gora behera', euskal jatetxea zabalduko du Shanghain (Txina), bertako lehenengo euskal jatetxea. Sukaldariak, emaztea eta zazpi txinatar langilerekin batera, Euskal Herriko platerak eskainiko ditu gauerako prestatutako terraza duen 30 pertsonentzako lokal batean. Tabernako barraren zazpi metroetan euskal tabernetan eskaintzen diren ohiko euskal pintxoak jateko aukera izango dute bertaratzen direnek: patata tortila, piper beteak...

Gehiago irakurri...


Dilenque-Maidana bikotea gailendu zen, partida guztiak irabaziz, Presencia Vasca Esku Pilota Torneoan Paranán

2008/03/07

Txapelketan parte hartu zuten pilotarien irudia Argentinako Paranako Urrundik Euskal Elkarteak 'emaitza oso positiboarekin' ospatu zuen "Presencia Vasca" irratsaioaren 18. urteurrena ospatzeko antolatutako Pilota Txapelketa, euskal etxeko kideek azaltzen duten moduan. Paranako eta Euskal Herriko zenbait komunikabidek ekimena oso gertutik jarraitu zuten. Trinketeko harmailak 'pelotariei txaloak eskaini zizkieten pertsonez beterik zeuden'. Bikote irabazlea Alejandro Dilenquek eta Luis Maidanak osatutakoa izan zen, txapelketan partidarik galdu gabe amaitu baitzuten.

Gehiago irakurri...


HABEk 75 euskal etxeen euskara ikastaroak sustatuko ditu 2007-08 ikasturtean 210.000 euroko laguntzarekin

2008/03/06

Jean Marc Goienetxe, Bordeleko Euskal Etxeko presidentea eta Joseba Erkizia, HABEko zuzendaria HABE Helduen Euskalduntze Institutuak, munduko euskal etxeetan euskara klaseak eskaintzeko laguntza ematen du, urtero argitaratzen duen deialdiaren bidez. Horren bidez 2007-08 ikasturtean 75 Euskal Etxe baino gehiagok izango dute euskarazko eskolak emateko aukera eta institutuak arlo honetarako 210.000 euroko diru laguntza emango du. HABEk euskal etxe bakoitzarekin lankidetza hitzarmena sinatzen du laguntzak bideratu ahal izateko. Akordio hau sinatu duten azken euskal etxeak Bordele, Murtzia, Mallorca eta Valentziako elkarteak izan dira.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia