2008/04/26

Wynton Marsalis tronpetajolea, gaur egungo jazz musikari garrantzitsuenetako bat, New Yorkeko Lincoln Center-eko Rose Theaterren arituko da gaur gauean Suite for Vitoria lana aurkezten. Gasteizko Udalak eskatuta idatzitako lana da hau eta euskal musika, jazz-a, swing-a eta flamenkoa nahasten ditu. Marsalisek harreman estua du arabar hiriburuarekin, bertako Jazz Jaialdian sarri jo izan duelako. Apirilaren 28an, San Prudentzio egunean (Arabako patroia) Marsalisek lehen aldiz grabatuko du Suite Vitoria lana, 2009an argitaratuko den disko baterako.
Gehiago irakurri...
2008/04/26

Familiaren adar argentinarreko ehunda berrogei bat 'alzatar' bildu ziren joan den igandean Buenos Aires probintziako Ayacucho herrian, itsasoaren alde honetako Alza familiakoen bigarren bilkura orokorrean. Jatorrian Irun herri gipuzkoarretik etorritako hiru anaia eta haien inguruko familia sorburu duen Alza leinu euskal-argentinarreko kideak bazkari 'bikain' batez gozatu zuten eta aukera izan zuten payadore, ipuin kontatzaile eta familiako istorioen berri eman zieten pertsonen kontuak txalotzeko. Ayacuchoko anfitrioiez gain, Maipu, General Guido, Coronel Vidal, Mar del Plata, Rio Colorado, Tandil, Las Armas, La Plata, Azul eta Raucheko famili kideak bildu ziren.
Gehiago irakurri...
2008/04/25

Bernardo Atxagak Palermo hirian ematen duten Mondello saria irabazi du, atzerriko lan onenaren kategorian, 'Soinujolearen semea' (Pamiela, 2003) elaberriarengatik. Liburuaren italierazko edizioak Il libro di mio fratello izenburua du eta Einaudi argitaletxeak plazaratu du. Epaimahaiak aho batez hartu du erabakia. Bestalde, Ipar Ameriketan, Kirmen Uriberen 'Bitartean heldu eskutik' obraren bertsio ingelesa -- Meanwhile take my hand, Elizabeth Macklin itzultzaile-- finalista gelditu da AEBetan 2007ean ingelesera itzulitako olerki-lan onenen sailean, bertako Pen Klub-ak deituriko sarietan.
Gehiago irakurri...
2008/04/25

Hitzaldiek 'Euskal Kultura eta Diaspora', batzuetan, eta bestetan 'Euskaldunak Munduan' izenburua eramango dute eta Argentinako Entre Ríos probintzian zein Uruguaiko beste zenbait tokitan eskainiko dira. Datorren astelehenean (apirilaren 28an), Concepcion del Uruguay-n hasiko da mintzaldi sorta, biharamunean (29an) Concordian segitzeko, ondoren Argentina utzi eta Uruguaira pasatzeko, lehenik Salto-ra (30), jarraian Duraznora (maiatzaren 1ean), Montevideoko Euskalerria Euskal Etxean 2an, eta 3an hiriburu bereko Haize Hegoan, azkenik Juan Lacaze herriko euskal etxekoek antolatutakoarekin bukatzeko.
Gehiago irakurri...
2008/04/25

EuskalKultura.com eta BasqueHeritage.com kolaboratzaile finko baten beharrean daude Uruguain, orain arte bestela eramaten diren zenbait gairen ardura hartu eta euskal Diaspora eta kultura ukitzen dituen ekimen hau aurrera daraman taldera bil dadin. Ez da sobera gauza eskatzen baina bai taxuz lan egitea, Diasporako euskal mundua ezagutzea, modu egokian idaztea gaztelaniaz eta ahal eta txukunen moldatzea, kazetari sen pixkat izatea eta lan egiteko gogoa eta ilusioa.
Gehiago irakurri...
2008/04/25

Euskal Autonomia Erkidegoan jaiotako herritarrek edota 2006ko urriaz geroztik bertan finkatutako edonork --beraz, EAEn finkatutako Diasporako pertsonak barne-- 'Krea' kultur eta sormen garaikideko zentroak eskaintzen dituen beka deialdianm parte hartu ahal izango dute. Caja Vital Kutxako Gizarte Ekintzak bultzatutako kultur proiektuetarako bekak hainbat arlo artistikotara zuzenduak daude --musika, konposizioa, antzertia, dokumentalak...--eta bigarren urtez jarraian plazaratu dira. Bi modalitate eskaintzen ditu: 'Krea Proiektua' eta 'Krea Gaztea'. Sormen programaren kopuru ekonomiko osoa 90.000 eurokoa da eta eskaera egiteko epea maiatzaren 15etik ekainaren 30era bitartekoa izango da.
Gehiago irakurri...
2008/04/25

'Euskal Herria: fantasia bat edo errealitate sozio-historiko?' titulupean, Nafarroako Unibertsitateko ikertzaile Aitor Pescador Medranok hitzaldia eskaini zuen Buenos Aireseko Unibertsitateko (UBA) Filosofia eta Letretako fakultatean. Lapridako Lagunen Etxea Euskal Etxeari atxikia den Arturo Campion Ikasketa Zentroak antolatuta, euskal nazionalismoari buruzko mintegian dozena bat ikuslek parte hartu zuten.
Gehiago irakurri...
2008/04/24

Santa Cruzeko 'Hegoalde Argentinarra' Euskal Etxeko ordezkaritza bat El Calafaten izan zen joan den larunbatean, Patagoniako hiri honetan euskal elkartea sortu nahian dabiltzan euskaldunei babesa emateko. Euskal etxe berria eratzeko bilerak bertako euskaldun talde mardula bildu zuen eta ekitaldiari bukaera emateko 'Gora Vasco, (milonga de temple y carretilla)' dokumentalaren emanaldia eskaini zuten. Roberto Arizmendiren lan honek Guillermo Larregui, 'El Vasco de la Carretilla' ezizenez ezaguna zen euskal argentinarraren istorioa kontatzen du.
Gehiago irakurri...
2008/04/24

Gaur zabaldu da epea, inguruan euskal kolektibitateko kiderik gabezia handian edo asistentzia falta larrian daukaten Euskal Etxeek, momentu jakin bateko larrialdi edo egoera areagotu bat arintzen laguntzeko eskabideak egin ditzaten. Epea maiatzaren 26an bukatuko da. Deialdira aurkeztu nahi duten norbanako edo familiek, kide diren Euskal Etxera jo beharko dute eta bertan galdetu. Inguruan Euskal Etxerik ez balego, bizi diren tokitik hurbilen dagoenera jo beharko lukete.
Gehiago irakurri...
2008/04/24

Iragan abenduan Berri Txarrak euskal musika taldeak 'Zertarako Amestu' dokumentala kaleratu zuen. Atsedena hartuz eta zuzenean kontzerturik eman gabe denboraldi bat egon ondoren, iragan hilaren 4ean emanaldiekin hasi zen berriz ere 'Zertarako Amestu Tour 2008' biraren baitan. Horrela, bihartik hasita, musikariek kontzertuak eskainiko dituzte Suitzan eta Austrian. Sei kontzertu izango dira guztira, Bremgarten, Luzern, Davos, Thun, Zurich eta Bregenz hirietan.
Gehiago irakurri...