euskal diaspora eta kultura

2008/10/21
2008/10/21
Euskal musikak berotuko ditu udazkeneko gauak Bartzelonan, bertako Euskal Etxeak antolatu duen Euskal Herria Sona! jaialdiaren edizio berri bati esker. Kontzertuak larunbat honetan hasiko dira, Seiren Taldearen eskutik eta hilabeteaz gaindi luzatuko dira, abenduaren 6a bitartean. Jaialdiaren proposamena oso zabala da: Gose, Katamalo, Benito Lertxundi, Esne Beltza eta Maialen Errotabehere izango dira bertan, besteak beste. Horrezaz gain txalaparta, euskal dantza eta haurrentzako tailerrak ere egingo dituzte, euskal kultura musika eta soinuen bidez ezagutzera emateko.
2008/10/20
Trikizio taldea ezaguna da Euskal Herriko plazetan. Euskal Herriko erromeria askotan parte hartu izan dute eta esperientzia zabala daukate jaiei giroa jartzeko orduan. Urriaren 22an eta 24an Bakersfield-en (Kalifornia) joko dute, Euskal Etxean eta Noriega euskal hotelean, hurrenez hurren, hirian 'Euskal Herria Mugaz Gaindi Mintegia' egiten ari dela-eta, eta azaroaren 8an Renon, bertako San Martin jaia eta NABO bilerarekin batera. Urriaren 21etik azaroaren 9ra luzatuko den bidaian oporrak eta euskal bilerak musikaz janztea tartekatu behar dute Trikiziokoek.
2008/10/20
Ana Agirre, Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak joan den ostiralean bukatu zuen Chicagon AEBtara egin duen bidaia ofiziala, hiri honetako SPRI (Industriako Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua) euskal erakundearen egoitza bisitatuz. Agirrek bidaiaren oso balioespen baikorra egin du, asteartean Philadelphian inauguratu zuten Euskarri bulegoak euskal enpresek AEBetan izan dezaketen zabalkundean izango duen garrantzia azpimarratuz. Agirreren esanetan Euskarri AEBetarako sarbidea izango da hainbat euskal enpresarentzat.
2008/10/20
Uruguaiko Montevideon bertako euskal ondareari buruzko mintegia amaitu berria denean, Kaliforniako Bakersfield-en prest daude aurtengoan 'Basques in the West' izenpean Estatu Batuetako euskal ondareaz garatuko den V. Mugaz Gaindi Mintegia etzi asteazkenean hasteko. Hiru egunez luzatuko den elkarretaratzea Bakersfield-eko Euskal Etxeak, NABOk, EuskoSarek eta Kaliforniako Estatu Unibertsitateak Bakersfield-en duen kanpusak antolatua da. Aurreko lau mintegiak Euskal Herrian (Baiona-Uztaritzen, Gasteizen, Portugaleten) eta Montevideon eginak ditu Mugaz Gaindik.
2008/10/17
Tres Arroyos herri argentinarreko Hiru Erreka Euskal Etxeak gaur arratsaldean banatuko ditu 'Egiazko edo alegiazko immigrante bati elkarrizketa' izenpean deitu zituen literatur sariak. Irabazleak, Tres Arroyos bertako Nora Gimenez eta Chaco probintziako Fabio Echarri izan dira. Esan bezala, sarien emate ekitaldia Hiru Errekak deitu duen ekitaldi batean izango da, arratsaldeko zazpietan, Euskal Etxearen egoitzean, Sarmiento 375ean.
2008/10/17
Urtero lortzen duen isla eta oihartzun handiaz egin da joan den larunbatean Chascomus herri argentinarrean bertako 'Zingirako Euskaldunak' Euskal Etxeak antolatzen duen Euskal Festa, aurtengoan bere XVIII. edizioan. Egunari pilota txapelketa batekin ekin zitzaion, ondoren esker-emate meza Katedralean, alkate hauteskundeak, euskara stand-a eta euskal dantzekin segi eta gauez berbena herrikoiarekin amaitzeko.
2008/10/17
Unai Basurko itsasgizonak (Portugalete, 1973) beste proiektu bati ekingo dio datorren azaroaren bederatzitik aurrera: Vendée Globe estropadan hartuko du parte, lau urtean behin antolatzen den lehia, munduari bira inongo eskalarik gabe ematea helburu. 'Gogotsu' dagoela erronkari ekiteko adierazi dio EuskalKultura.com-i portugaletetarrak. Munduan barrena itsasoz egin dituen bidaietan euskal etxe eta komunitateak ezagutu izan ditu Basurkok, tartean Sidney-koa, Australian, eta Valparaiso-koa, Txilen. 'Guztietan oso ondo hartu naute, eta benetan eskertzen diet' diosku.
2008/10/17
Dantzariz jantzitako 1.500 ikasle gazte bildu ziren Llavalloleko Euskal Echea eskolaren urteroko Euskal Jaian eta kolorez beteriko irudi jendetsua sortu zuten. EuskalKultura.com-ek jarraian irudi horiek irakurleekin partekatu nahi ditu, Alicia Eguigurenek egindako argazki erreportaiari esker. Urtero legez ikasleek Euskal Echeako errubi zelaia bete eta kalejira alaian aritu ziren, horrela eskola sortu zuten euskal argentinarrei omenaldia eginez.
2008/10/16
Egun polita, iragan larunbatean, urriak 11, Ipar Kaliforniako (AEB) Rocklin-eko 'Iparreko Ibarra' Euskal Etxeak deiturik Marysville ondoko Lincoln herrian egin dena. Tokiko Euskal Etxe gaztearen ohiko euskaldun bestarekin bateginik, NABO Kantari Eguna antolatzea ere bere gain hartu dute Rocklin-eko euskaldunek, lehen aldikoz. Eta eguna xarmantki joan da, orotara afaltzeko 230 presuna bildu direlarik, tartean goizean mus txapelgoan arizan, eta bazkalondoren Kantari Egunean arizan haur, gazte eta helduak. Kluba hasi zutenetik gertatu bezala, familia giroko elgarretaratzea da hemen egiten dena, haur eta gaztetxo frango bildurik, eta anitx urtez!
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus