2008/10/03

Euskal Herri osoko sukaldari eta ostalariak lehian ari dira egunotan pintxo goxoena, deigarriena eta bereziena nork egingo, Euskal Herriko III. Pintxo Lehiaketan. Azken fasea Hondarribian egingo da datorren astearte eta asteazkenean eta irabazleak 3.000 euroko saria jasoko du. Horrezaz gain, Kaneta Argitaletxeak eta Hondarribiako Ostalaritza Elkarteak pintxo guztiak biltzen dituen liburu bat plazaratuko dute, Durangoko Disko eta Liburu Azokan aurkezteko, abenduan. Pintxoak dastatzeko gogoarekin gelditzen direnentzat, jarraian iazko irabazlearen errezeta ematen dugu. On egin!
Gehiago irakurri...
2008/10/03

Egoitza Donibane Garazin du, Nafarroa Behereko hiriburuan, baina irakurleak Euskal Herriko zazpi probintzietan eta munduko euskaldunek osatzen duten zortzigarren horretan ere izan nahi ditu. Interneti esker egunkari elektroniko honetako berriak irakurleengan helduko dira, berdin da non, webgunearen bidez edo harpidetuek euren posta elektronikoan jasoko duten boletinaren bidez. Proiektu jaio berriaren buru Maite Ubiria eta Gaxuxa Arranbide kazetariak dira, kolaboratzaile sare zabal baten laguntzarekin.
Gehiago irakurri...
2008/10/02

Ameriketako Elizondo familiako kideek datorren astean, urriaren 10etik 12ra egingo dute euren V. Nazioarteko Bilkura, Mexikoko Monterrey hirian. Hitzordura Kalifornia, Texas, Massachussets, Florida, Kuba, Mexiko, Coahuila, mexikar Durango eta Jalisco bezalako hirietatik heldutako kideak bilduko dira, Monterreyn bertan bizi direnez gain. Elizondotarren adar amerikar honek Nafarroako Baztango bailaran du sorrera. Bilkurako antolatzaile Edna Elizondok eginiko zuhaitz genealogikoan azken lau mendeetako senitartekoak ageri dira.
Gehiago irakurri...
2008/10/02

Tolosako Galtzaundi Euskara taldeak eta Ibarrako Udalak komiki lehiaketa deitu dute, GaltzaKomik 2008 izenarekin. Edonork parte hartu dezake lehiaketan eta sariak honakoak izango dira: 400 euro 18 urtetik beherakoen kategorian eta 600 euro 18 urtetik gorakoen sailean. Lanak euskaraz idatziak izan behar dute eta lau orri izan ditzakete gehienez. Komikiak aurkezteko epea azaroaren 26ean itxiko da.
Gehiago irakurri...
2008/10/02

Elkarteko barne araudiak dioenari jarraiki, bildua da Chacabuco herri argentinarreko 'Guillermo Larregui' Euskal Etxeko Ohiko Bitzar Nagusia, eta bozkak egin ditu datorren agintaldirako Zuzendaritza Batzordeko kideak hautatzeko, Eduardo Izurieta hautatuz lehendakari, Juan Carlos Zubeldia lehendakariorde, Elvira Guruceaga idazkari eta Sonia Armendariz diruzain, besteak beste.
Gehiago irakurri...
2008/10/01

Argentinako euskal komunitateak Mercedes hiriko eskola teknikoari berebiziko oparia egin dio, Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen programa bati esker: neska-mutilen lanbide heziketa tailerretarako bigarren eskuko fresatzeko makina, Euskal Herrian gehiago erabiltzen ez dena, baina Argentinako formakuntza zentroetan etekin handikoa dena. Jaurlaritzak, Argentinako euskal etxeen laguntzaz, horrelako hainbat dohaintza egin ditu aurten. Ekitaldian Suipachako Euskal Etxeko ordezkariak, eskolako zuzendariak eta Jaurlaritzaren ordezkari gisa, Cesar Arrondo irakaslea izan ziren.
Gehiago irakurri...
2008/10/01

Euskal Kultur Erakundeak eta Antic-Pays Basque informazioaren gizartea sustatzeko agentziak 'Artean' gune birtuala sortu dute. Ekimen erabat berritzaile honi esker euskal kultura Second Life animaziozko mundu birtualaren barruan present egoteko erabilpena abian jarri da: Pays Basque uhartea du izena. Gaur asteazkena, urriaren lehena, arratsaldeko bostetatik bederatzietara lehen hitzordu bat antolatu da 'Pays Basque uhartea'-n, gunearen aurkezpen modura. Bere baitan ikusentzunezko edukiak aurkitu ahal izango dira, hala nola poesia, ipuinak, dantzak ...
Gehiago irakurri...
2008/10/01

Gernikako Bakearen Museoa VI. Nazioarteko Bake Museoen Topaketan izango da gaur hasten den urriaren 5etik 10era, Japoniako Kyoto eta Hiroshima hirietan. Hiru urtetan behin egiten da topaketa hau eta bertan munduko ehundik gora bake museo bilduko dira. Iratxe Momoitio, Gernikako museoko zuzendaria, Nagasaki hirira helduko da gaur eta hiri honetako Oroimenaren Museoa bisitatuko du. Mintegian Momoitiok bi mintzaldi eskainiko ditu eta hilaren 11an Tokyon Gernikako bonbardaketari buruzko hitzaldia emango du.
Gehiago irakurri...
2008/09/30

2008ko uztaila. Azpeitiko plazan jende ugari dago tabladura begira. Gainean, dantzari batzuk ari dira jo eta ke. Gazte Alai dantza taldea da, euskaldunak dira, Necocheakoak, Argentinakoak. Ikusmena eszenatokian jarrita daukagu, burua berriz Necochean. Nolako harrera egin ziguten! 2005eko San Fermin bezperan, Euskal Etxera bederatzi euskaldun iritsi ginen. Bidaia luzeak nekatuta eta era berean ilusioz beteta, euskara, esku pilota, gastronomia, euskal dantzak… erakusteko asmoz. Aurreskuarekin egin ziguten harrera hunkigarria eta gero banan banan agurtu gintuzten ehun bat lagunek. Deskantsu premia latza genuenez, bakoitza bere familiarekin erretiratu zen eta hurrengo egunerako hitzordua jarri Euskal Etxean bertan.
Gehiago irakurri...
2008/09/30

Aurtengo uztailean eta lehen aldiz, Euskal Herrian bildu dira 2004az geroztik Hator Hona programan Argentinarako bidaiatutako gazte euskaldunak eta Necochean hartu zituzten euskal-argentinarrak. Edizio bakoitzean Euskal Herriko hamar bat neska-mutilek Necochearaino heldu ziren, bertako euskal etxean euskara, dantza, pilota, txalaparta... erakusteko Necocheako gazteei. Egonaldi horietan sortu ziren adiskidetasun eta harreman estuak ekimenaren arrakastaren seinale bihurtu dira. Joan den uztailean euskal etxeko hartako hogei bat neska-mutilak euren ametsa bete eta Euskal Herrira etorri ziren, Gazte Alai dantza talde gisa erakustaldiak eman eta euskal lagunekin berriz topatzeko.
Gehiago irakurri...