euskal diaspora eta kultura

2009/03/31
Eusko Jaurlaritzak gaurko Gobernu Kontseiluan onartu du Etxepare Euskal Institutuak aurtengo jarduera finantziatzeko izango duen aurrekontua, 941.671 euro, erakundea abiatzeko. Joan den astean Institutuan arituko diren hamar langileen postuen soslaiak finkatu ondoren --eta hauek betetzeko deialdia gutxi barru deituko delakoan-- ia dena prest da gobernu berria sartutakoan erakundeko zuzendaria izenda dezan. 'Etxepare Euskal Institutua/Basque Institute' euskal kultura, bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzeko, hedatzeko eta proiektatzeko sortutako erakunde autonomoa da.
2009/03/31
Eusko Jaurlaritzak gaurko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu du aurtengo euskal etxe eta atzerriko federazioei zuzenduriko laguntza deialdia. Laguntza hauek eskatu nahi dituzten euskal etxe eta elkarteek bihartik hasi eta maiatzaren 5a bitartean dute epea. Laguntza deialdi honetarako erabiliko den zuzkidura milioi bat bostehun eta hogeitasei mila zazpirehun eta bost eurotako da. Deialdiaren oinarriak eta eskabideak aurkezteko inprimakiak www.euskadi.net webgunean edo EHAAn eskuratu daitezke.
2009/03/30
Hamaika Bidek eta Deustuko Unibertsitateak antolatzen duten Erbesteari buruzko X. Mintegia urriaren 5etik 8ra egingo da Bilbon eta Donostian. Mintegia zuzenduko duen batzorde zientifikoa aukeratu eta aurtengoan edizioan landuko dituzten gaiak aurreratu dituzte jada: erbesteratuen bizitza, beraiek idatziriko testu, gutun eta memorien bitartez. Pertsonai horietako batzuk honakoak izango dira: Orixe, Jose Antonio Agirre, Irujo, Manu de la Sota, Jokin Zaitegi, Andima Ibiñagabeitia eta Aurora Arnaiz, besteak beste. Mintegiak Federico Álvarez filosofo eta literatur aditu euskal-mexikarrari omenaldia egingo dio.
2009/03/30
2009/03/30
2009/03/27
Hiru mila zenbakia daraman alea plazaratu aste honetan, Baionatik Euskal Herri osorako, Diaspora Barne, plazaratzen den Herria astekariak. Ez da hau xifra makala edozein aldizkarirako, eta are gutxiago euskara hutsean argitaratzen den kazeta batendako. Izan ere, 1944an Pierre Lafitte kalongeak astekaria sortu zuenetik gaurdainoko doazen epean lortu ahal izan da. Janbattit Dirassar zuzendariak azaltzen duenez, berez denbora horretan hiru milatik gora izan dira karrikaratu diren aleak, baina une batean berriz ere zerotik zenbakitzen hastea erabaki zutelarik, aste honetan iritsi da hiru milako zenbaki biribila. Zorionak Herriako lankideei eta oro har, euskarazko prentsari!
2009/03/27
Aste honetan bere hiru milagarren zenbakira iritsi delarik, honako zutabea argitaratu du zenbaki berezi horretan Baionako euskal kazetako zuzendari den Janbattit Dirassar-ek. EuskalKultura.com-etik geure edalontzia bildu nahi dugu Herriako eta euskal prentsa osoko lagunengana eta topa egin elkarrekin urtebetetzearendako, hasteko. Lerro hauek omenaldi izan daitezela 1944tik hona eta lehenagotik --Diasporatik ere-- euskal kazetaritzaren sua bizirik atxiki dutenen ohore. Zorionak Herria-ko Janbattit, Peio, Emile, Maixan, Jean... Eta Emile Larrek aste honetako zenbakian berean esaten duen gisan, "Biba, segur, holako gizonak eta emazteak, lehengoak eta heldu direnak. Iraun dezala bai, holakoak eman eta emaiten dituen HERRIA".
2009/03/27
Buenos Airesko Euskaltzaleak elkarteak erabat berritu du bere webgunea. Euskararekiko engaiamendu irmoa duen erakundea izanik, aurrerantzean www.euskaltzaleak.org.ar gaztelaniaz zein euskaraz irakurri ahal izango da. Orrialdea medio euskaltegiaren barruko ekimen eta hitzorduak era zuzen eta erosoan eskuratu eta elkartearekiko harremana erraztuko dira. Webguneak, hasteko, asteburu honetan bertan, esan nahi baita gaur ostiralez Buenos Airesen Korrika dela-eta antolatutako ekitaldietarako deia egiten du, nahi duenak Mexiko 1880-eko egoitzan egingo diren kultur joko eta animazioetan parte har dezan.
2009/03/26
Xabier Azanza Arbizu Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak eta Carmen Caffarel Serra Cervantes Institutuko zuzendariak lankidetza hitzarmena sinatu dute joan den martxoaren 20ean bi erakundeen arteko lankidetza-esparrua ezartzeko eta euskara eta euskal kultura atzerrian sustatzeko Cervantes Institutuko ikastegi sarearen bitartez. Hitzarmena medio, argitalpenak elkarri trukatuko dizkiote bi erakundeek eta Cervantes Institutuko erabiltzaileek Euskarabidearen Mediatekan elektronikoki sartzeko aukera izanen dute mundu osoan eta, hartara, euskalkien gaineko ikus-entzunezko dokumentu-funtsa kontsultatzen ahalko dute Cervantes Institutuaren egoitzetatik, eman du aditzera Nafarroako Gobernuak.
2009/03/26
Zingirako Euskaldunak, Chascomuseko euskal etxeak 2009-2011 tarterako zuzendaritza batzordea aukeratu zuen joan den martxoaren 21ean. Orain artean agintean izandako taldearen lanarekin gustora daude antza elkarteko kideak, eta zuzendaritzako askok kargua errepikatuko dute. Horietako bat izango da Maria Laura Eguren, elkarteko presidentea. Bestalde, elkarteak asteburu honetan Eusko Hazia taldeko dantzariek Cañuelaseko euskal elkarteak antolatzen duen Dantzarien Topaketan parte hartuko duela iragarri du.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus