euskal diaspora eta kultura

2007/07/02
Argentina, Uruguai, Peru, Kolonbia eta AEBetako hogeita hamar gaztek hasiko dute gaur goizean Bilbon Eusko Jaurlaritzak urtero antolatzen duen Gaztemundu programako edizio berria, aurtengoan euskal etxeetako zuzendari gazteei eta barne eragileei eskainia. Arrecifeseko Euskal Etxetik etorria, Marianela Rimini Azarola da partaideetako bat. Bere euskal etxetik azpimarratu digutenez, Marianelak 'mereximendu osoz' lortutako aukera du Gaztemundukoa. 'Bizitza osoa darama gurekin, lan handia egiten du eta harro gaude oso berarekin eta bera hor gure ordezkaria izateaz'.
2007/07/02
Ikurriña eta Argentinako bandera hurrenez hurren ibili ziren Saladillo herri argentinarreko kaleetan zehar, bertako 'Itxaropen' Euskal Etxeko dantzari eta ordezkarien eskutik, Maiatzaren 25a ospatzeko bertan antolatutako parada edo kabalkadan zehar. Saladilloko elkarte, batasun eta erakundeetako ordezkariak bildu ziren batetik urteroko deialdi honetara, herritar andana batek egin zuen bezalaxe. San Martin hiribidea jendez mukurru bete zen Argentinako Independentziaren jai abertzalea ospatzeko eta Euskal Etxeak ere hala egin zuen.
2007/06/30
Etzi hasiko da Gaztemunduko 2007. edizioa. Programako partehartzaile gehienak gaur bertan helduko dira Euskal Herrira, eta azkenak bihar, Bilboko aireportura. Euskal Diasporako 30 gazte dira, Argentina, Uruguai, Peru, Kolonbia y Estatu Batuetatik etorriak, trebakuntza programa honetan parte hartzeko. Aurtengo edizioa uztailaren 2tik 8ra luzatuko da, eta gazteek euskal etxeetako jarduerak dinamizatu eta bultzatzeko trebakuntza jasoko dute.
2007/06/29
Egun batzuk besterik ez dira webgunea zabaldu duela eta aipagarria da honezkero bere disenuek lortu duten arrakasta. Ez dago begiratu besterik konturatzeko zergatik. Elastikoak, katiluak eta eranskailuak dira, euskal diseinudunak, Argentinan euskal arimaz eginak. Begibistakoa dute euskal inspirazioa, eta abilki emendatzen diote horri jatortasuna, xinpletasuna, modernotasuna eta freskotasuna. Lauburuak, ikurriñak eta euskarazko esaldiak ardatz harturik, Maria Virginia Laborde euskal-argentinarrak euskal kultura bizirik eta lanean dela nahi dio iragarri munduari. 'Begi komunikazioa kultura komunikatzeko bide bat da, dantza eta musika izan daitezkeen bezala', azaldu dio BasqueHeritage.com-i.
2007/06/29
Euskaldunek Filipinar irlen historian izan duten eragina handia da eta azken hilabeteetan harreman hori berreskuratzeko asmoz ekimen ugari jarri dira abian. Horietako bat da adibidez Euskal Herriko Unibertsitateak eta Nueva Vizcaya probintzia filipinarreko hiru unibertsitatek sinatu duten lankidetza hitzarmena. Aste honetan, aldiz, Davao hiriko egunkari batek Jose Oyanguren bergararraren historia dakar gogora. Oyangurenek 1848 egun Davao dena Nueva Vergara izenaz sortu eta Nueva Guipuzcoa izena eman zion probintziari.
2007/06/29
Chaco probintzia argentinarreko Diario Norte egunkariak artikulu batera bildu duenez, bertako María Fátima Soliz Eceiza kazetari gaztea Argentinatik Euskal Herrira bidaiatu eta Azkarateko (Nafarroa Beherea) gaztelua zaharberritzen arituko da heldu den uztailean, munduko zenbait lekutako 20 gaztek osatutako taldean, besteak beste EuskoSarek egin duen udako gazte lantegi bateko partaide. Gazte chacotarra abiatua da dagoeneko Euskal Herrira eta uztailaren 6an hasiko den ekimen honetan aritzeaz gain, Gipuzkoan kokatzen diren bere arbasoen herria eta sortetxea bisitatu nahiko lituzke. Chacoko 'Kotoiaren Lurra' Euskal Etxeko kide da Soliz Eceiza.
2007/06/28
Nevadako Elko hiriko 18 futbol jokalari gaztek Euskal Herrirako bidea hartuko dute bihar, Donosti Cup futbol txapelketa irekian parte hartzeko. Topaketa honek 256 talde eta 5.000 jokalari bilduko ditu aurten, bost kontinenteetatik etorriak. Horietako bat izango da Elko Indar. Bere entrenatzailea Ramon Zugazaga euskal amerikarra da, Gernikan jaioa. Jokalari eta entrenatzailearekin batera Elkoko euskal amerikar talde handi bat bidaiatuko da, Euskal Herrian euren familiak bisitatzeko asmoarekin.
2007/06/28
Funtzionamenduan zein publikoaren aurrean agertzen duen edukiari dagokionez aldaketa handiz zabaldu ditu berriro ere ateak Donostiako Untzi Museoak. Ekainaren 12an egindako inaugurazioak, Donostiako itsas historiari buruzko ibilbide hautatua ipini du bisitarien begi aurrean, orain arte sekula erakusgai ipini ez ziren 170 pieza tarteko. Hiriak itsasoaren izan duen harreman estua ipintzen du agerian. Aukera ederra honakoa, donostiarrek, eta oro har euskaldunek, itsasoarekin izan duten harreman historikoa hobeto ezagutzeko. Honi buruz dihardu Nagore Irastorzak Irutxuloko Hitza egunkari donostiarrean argitara emandako artikulu honetan.
2007/06/27
Euskadiko futbol selekzioak berriki Venezuelara egin duen bidaiak oroitzapen onak utzi ditu herri honetako euskal komunitatean. Euskal taldeak azken 69 urtetan Ameriketara egiten zuen lehen bidaia zen hau eta oso arrakastatsua izan da kirol alorrean, euskaldunek Venezuelar selekzioa gainditu egin zutelako 4-3ko emaitzarekin. Gizarte alorrean ere oso positiboa izan da bidaia, alde batetik partidak venezuelar komunikabideetan izan duen oihartzunagatik, eta bestetik, euskal selekzioko jokalari eta arduradunek Caracaseko Eusko Etxea bisitatu eta euskal komunitatearekin biltzeko parada izan zutelako. Elkarteko kideek ilusio handiarekin hartu zituzten jokalari euskaldunak eta urrunetik bada ere euskal futbol taldeen zaletu sutsuak direla erakutsi zieten.
2007/06/27
Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak asteartero egiten duen bilkuran atzo hartutako erabakien artean Estatu Batuetako Washington hiriburuko 'Washington DC Euskal Etxea' (sic) izeneko Euskal Etxea onetsi eta erregistro ofizialean sartzea deliberatu zuen. Neurri honekin aipatu erakundea nor da aurrerantzean, Jaurlaritzak kanpoko euskal giza-taldeei eskaintzen dizkien programa eta onuren hartzaile eta eskubide-emaile izateko bere bazkideekiko.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus