euskal diaspora eta kultura

2007/07/05
Necocheako euskal komunitateak afari jendetsuarekin ospatu zuen San Juan gaua, hiriko lagun eta bazkideak bildu zituen ekitaldian. Besta hau hitzordu klasikoa bihurtu da Necocheakoko urteko agendan eta urtetik urtera herritar gehiago biltzen ditu. Jaialdia San Juan suarekin hasi zen eta bertan Sorgina erre zuten, txalo handien artean desio eta gurariak eskatuz. Ondoren afariari ekin zioten elkartearen egoitzan, euskal musika eta dantza ikuskizun batekin girotua.
2007/07/04
Nafarroako Gobernuak dirulaguntzak egotzi dizkie estatu espainiarrean zehar barreiaturiko hamazazpi nafar etxe eta elkarteri, orotara 160.780 euroko kopuruz. Nafar elkarteok estatuko hamalu herri eta hiritan kokaturik daude, bi Madrilen eta beste bi Zaragozan, azken hiri honetan baitauka egoitza, bertako Nafarroako Etxearekin batera, Nafar Etxeen Federazio Nazionala delakoak. Dirulaguntzak hiru kontzeptupean banatu dira gehienbat: inbertsioak, kultura ekintzak eta funtzionamendu gastuak.
2007/07/04
Madrileko Euskal Etxea kurtso bukaera zalapartatsu eta alaia bizitzen ari da, San Juan gauaren ospakizuna eta euskara taldeek antolatu dituzten antzerkia direla medio. Joan den ekainaren 24an ospatu zuen euskal etxe madrildarrak San Juan Gaua, urtero legez afaria eginez Madrileko Casa de Campo-n. Hitzordu garrantzitsua da hau Madrileko euskaldunentzat, azken 30 urteetan bederen. Ospakizunean musika, dantza eta ezinbesteko San Juan suaz gozatu ahal izan zuten bertaratu zirenek eta gauerdi aldera ausartu zirenek suaren gainetik salto egiteko aukera izan zuten, sasoi berrirako gurariak eskatuz, Rosa Ramírez kazetari eta bazkideak azaltzen duenez.
2007/07/04
Iparraldeko euskaltzale talde batek sortu zuen 1895eko apirilaren lehenean Buenos Airesen 'Centro Vasco Francés' izeneko euskal etxea. Geroztik, 112 joan zaizkio gisa batez eta bestez Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako euskal tradizioak Buenos Aires hiri handiaren bihotzean atxiki eta biziarazten. Urtebetetzea, ohi bezala, Euskal Etxeko zaindari den Mikel Garikoitz sainduaren egunarekin batera ospatzen da, aurten joan den ostegunean, ekainak 28.
2007/07/04
Berez San Juan gaua izan zenetik hamar bat egun pasatu badira ere, munduan barrena piztutako suen garrak iristen ari dira oraindik EuskalKultura.com-en erredakziora. Argentinako El Chaco probintzian, besta handia antolatzen dute urtero karia hortara. Ehunda berrogeita hamar bat lagun bildu dira aurten solstizioa ospatu eta heien gurari, agiantza eta nahiak bete zitezen. Langintza horretan, bedeinkazioa eskatu diete laino guztien azpitik eta sasi guztien gainetik dabiltzan euskaldunon arbasoei. Urteko gaurik magikoena izanik, Chacoko Euskal Etxeak erein du beste behin etorkizun oparoaz gozatzeko hazia.
2007/07/03
2007/07/03
Gernikako bonbardaketaren 70. urteurrena dela eta gertaeraren inguruko ekitaldi ugari egin dira aurten munduan zehar. Oraingoan, Argentinako bost euskal etxek literatur lehiaketa bat jarri dute abian, bonbardaketa eta bakearen inguruko hausnarketa bultzatzeko. Rosario, Chaco, San Nicolas eta Santa Feko euskal etxeak eta Paranako Urrundik elkartea dira antolatzaileak. Lehiaketan 15-85 urte bitarteko idazleek har dezakete parte. Lanak bidaltzeko epea abuztuaren 2an itxiko da.
2007/07/03
Bihar amaituko da La Plata Buenos Aires probintziako hiriburuan 'Euskal Nazioa: Jatorri eta garapen historiko-politikoa. Egungo gatazka' izenburupean azkeneko lau asteotan eskaini izan den ikastaroa, La Platako Unibertsitate Nazionalean (UNLP) Cesar Arrondo irakasleak emana. Antolatzaile, La Platako Euskal Ikasle Unibertsitarien Taldea, iaz UNLP eta Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreen artean sinatutako akordioaren berrestearekin bere jarduna sendotu zuen elkarte euskal argentinarra.
2007/07/03
Leku berria estreinatu du Utah Basque Club elkarteak egin berria duen bere urteroko piknikean, hain zuzen ere Salt Lake inguruko Sandy herrian dagoen Big Bear parkea. Ekitaldiak ia ehun lagun --haur eta nagusi-- bildu zituen. Antolatzaileak pozarren agertu ziren, aspaldian elkartean ibilitako kideak ere bertaratu eta partehartze aktibo bat izateko gogoa erakutsi zutelako. Elkarteko dantza taldeak, Utahko Triskalariak, dantza erakustaldia eskaini zuen.
2007/07/02
Ignazio Argiñarena errazkindarraren bizitza liburu batean jaso zuen iaz Alberto Irigoyen historialari uruguaiarrak eta Ttartalok argitaratu zuen El requeté que gritó ¡Gora Euskadi! izenburuarekin. Izan ere 36ko gudan erreketeekin borrokatu zen nafar honek azkar asko ikusi zuen gudak samina eta irabazleen errepresio latza baino ez zekarrela. 1949an Uruguaira alde egin zuen eta euskal komunitateko partaide izan da bertan, hil artean. Orain, Alvarez Gilak eta Irigoyenek Argiñarenak Uruguaiko Diasporan egin zituen bertsoak bildu eta liburu batera isuri dituzte.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus