euskal diaspora eta kultura

2007/08/06
Bilbao, Donostia eta Gasteizko elizbarrutietako artxiboek eta Irargik (Euskadiko Ondare Dokumentalerako Zentroa) antolaturik, 2007.eko azaroaren 8 eta 9an 'Artxiboak guztientzat' izenburudun jardunaldiak egingo dituzte Bilboko Euskalduna Jauregian. Bertan 2000 urtean hasi zen elizbarrutietako artxiboen digitalizazio eta sareratze prozesua aztertuko dute. Elena Cortazarrek, Bilboko Elizbarrutiko artxiboko teknikariak BasqueHeritage.com-i azaldu dionez, diasporatik kontsulta eta dokumentazio eskari asko jasotzen dituzte. Jardunaldietan izena emateko epea urriaren 30a bitartean egongo da irekita.
2007/08/06
Buenos Aires probintziako Ayacucho herriko 'Euskal Odola' Euskal Etxeak hartu du bere baitan Argentinako 29. Mus Txapelketa Nazionala antolatzeko lana. Abuztuaren 18, 19 eta 20ean gauzatuko den lehian Mundialerako ordezkari argentinarrak aukeratuko dituzte. Txapelketan parte hartzeko 300 pesoko izenematea ordaindu beharko du euskal etxe bakoitzak. Txapelketa Euskal Komunitateen Mus Federakundearen arauekin jokatuko dute.
2007/08/06
'Izan zirelako gara, izan garelako izango dira', euskal esaera honekin zabaldu zuten Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Lorea Bilbao Kultura saileko aholkulariak joan den ostegunean Buenos Aireseko 'Laurak Bat' Euskal Etxearen 130. urteurreneko ekitaldien barnean 'Euskadi: Debates para el Futuro' izenburupean eskaini zuten hitzaldia. Euskara eta gaztelania hizkuntza ofizialkideak direla esan zuten, baina lege aldetiko berdintasuna gauza bat dela --gaur egun EAEn erdietsia-- eta beste bat gizarte mailakoa, eta egungo ahalegina azken hau lortze arren ari dela egiten, azaldu zuten.
2007/08/04
Bosgarren urtez euskara ikastaro trinkoa eskainiko du Montevideoko Euskal Erria Euskal Etxeak eta gero eta pertsona gehiago dira interesatuak. Ikastaroak doakoak eta irekiak dira, elkarteko kide izan ala ez. Joan den astelehenean inauguratu zen ikastaro berria eta iraila bukaera arte luzatuko da. Euskara Munduan programako koordinatzailea, Jose Francisco 'Kinku' Zinkunegi, ekitaldian izan zen eta ikasleek euren interesa agertu zioten, aldi berean Uruguain euskara ikasi nahi duenak izaten dituen arazoei buruzko hausnarketa eta elkarrizketa sortu zelarik.
2007/08/04
Eusko Jaurlaritzako Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako zuzendari Josu Legarreta Buenos Aires probintziako zenbait euskal etxeren bisitan ari da Argentinan, joan den astelehenetik abiatuta. Brasilgo Sao Pauloko Eusko Alkartasuna Euskal Etxea bisitatzetik zetorren Legarretak zaharberritze lan handiak egin dituzten euskal etxeak ari da bisitatzen eta zerrenda horretan daude azken egunotan bisitatu dituen Arrecifes eta Bragado, edota Chivilcoy-koa, azken honek etxe egin berri osoa inauguratu baitzuen joan den ekainean. Euskal ordezkariak Buenos Airesen bukatuko du bidaia, bertako Laurak Bat Euskal Etxearen 130. urteurreneko ekitaldietara bilduko baita, aurretik Ekin, Euskaltzaleak eta Eusketxe erakundeen egoitza Mexiko 1880 kaleko egoitza berria bisitatu ostean.
2007/08/03
Bi filme euskaldun ikusi ahal izango dira --bat gaur arratsaldean eta bestea etzi igandez-- San Frantzisko iparraldean kokatzen den Napa-Sonomako Wine Country Film Festival zine jaialdiaren baitan. 'Show me the way, Ixabel' (Kutsidazu bidea, Ixabel) izango da gaurkoan, sei t'erdietatik aurrera, eskainiko dena; etzi, berriz, 'Nomadak TX' filmearen txanda heldu da. Biak bertsio originalean eskainiko dira, ingelesezko azpitituluz.
2007/08/03
Euskal festa giro ederrean ospatu ziren Boise Idahoko hiriburuan (AEB) joan den asteko ostiral, larunbat eta igandean, urtero San Inazioren ohoretan uztail amaiera inguruan antolatzen diren izen bereko jaiak. Honelaxe, 'San Inazio' euskarazko izenarekin, garatzen diren Boiseko euskal festok jende andana polita bildu zuten beste behin, euskal-amerikar giroko berbena, dantzaldiak, musika emanaldiak, erakusketa eta haur eta helduentzako bestelako ekintzak tartean. Hiriaren bihotza kolore zuri-gorri-berdez jantzi zen, besteak beste Dave Bieter alkatea eta Idahoko estatu-idazkari Ben Ysursa --biak euskal-amerikarrak-- partaide bildu zituen deialdian. Kronika irudietan.
2007/08/03
Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Lorea Bilbao, Hizkuntza Politikarako aholkularia, eta Jon Erdozia, Txileko Euskadiko ordezkaria, izan dira Pazko Uhartea bisitatu duen euskal ordezkaritzako kideak. Euren egonaldian bertako agintariekin eta irlako rapa nui hizkuntza biziberritzeko arduradunekin bildu ziren. Bileretan hizkuntza arlorako lankidetza hitzarmena adostu zuten CONADIrekin, Txileko hizkuntzen biziberritzea bultzatzen duen erakundearekin. Horrela, euskararen esperientzia beste hizkuntza batzuk berrindartzeko eredua izango da, horien artean rapa nui hizkuntza.
2007/08/03
Entzulego zabal eta biziki interesatua bildu zuen Eusketxen Euskal Herrian Euskaraz eta Askapenako kideek eman zuten mintzaldiak. Ekitaldia Korrika 15eko DVDaren emanaldiarekin hasi zen. Jarraian Unai Larreategi (Euskal Herrian Euskaraz) euskararen historia eta egungo egoerari buruz mintzatu zen. Askapenako Sagri Mauleon, Gorka Ovejero eta Iheltxu Oruetak, aldiz, herri maputxearekin lankidetzan bizi berri duten esperientzia azaldu zuten.
2007/08/02
Argentina eta Txileko nafar etxeetako 41 neska-mutiko izan dira guztira Navarra 2007 Nazioarteko Ikastaroa burutu dutenak. Joan den astelehenean Miguel Sanz Nafarroako presidenteak Foru Jauregian hartu zituen, ikastaroaren bukaera ekitaldian. Nafarroako Gobernuak bultzatzen duen ekimen honi esker 41 gazteek euren arbasoen lurra gertutik ezagutzeko aukera izan dute, bi asteetako egonaldian.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus