euskal diaspora eta kultura

2007/08/10
Nevadako Gardnerville herriak, bertako Mendiko Euskal Kluba antolatzaile, 'Euskal Kantari Eguna' ospatuko du bihar. NABOren babespean AEBetako euskal kantu eta bertsozaleak biltzen dituen urteroko hitzordu hau bi urtean behin egiten da Gardnervillen, herriko euskal piknikarekin batera. Euskal mezarekin hasiko da eguna, Minden-eko CVIC aretoan, bazkari herrikoia eta Kantu saioari ekiteko ondoren, eta Etchechury-tarren euskal berbena musikarekin amaitzeko bihar gauez. Guztiaren sarrera gisa, musika eta Oesteko euskal giroa gaur gauez, Gardnervilleko karrika nagusiko JT kantinan.
2007/08/10
Euskaldunak est de retour, Euskaldunak bueltan da, iragartzen du Quebeceko Euskal Etxeak. Joan den apirilean zuzendaritza batzorde berria aukeratu zuten --Jean Goyhenetche da lehendakaria-- eta orain bazkideentzako piknika antolatu dute biharko cabane á sucre batean (astigar ziropea egiten zuten aspaldiko landetxeen ondorengo jatetxea). Quebeceko euskal etxeko bazkideek lagunekin bildu eta egunpasa polita egiteko aukera izango dute, dantza, mus eta petanka txapelketa eta guzti.
2007/08/10
Aurten ere munduko euskal etxe askok eta askok ospatu zuten San Inazio Eguna, Bizkaia eta Gipuzkoako patroiaren ohoretan. Mexiko DFko Euskal Etxean, adibidez, bazkaria egin zuten, Toño Barberena soinujolearen musikarekin girotuta. Madrilen, aldiz, Euskal Etxeak San Ignacio elizan egin zen meza elizkizunean parte hartu zuen. Francisco García Ansak organua eta Hector Gardek txistua jo zuten elizkizunean.
2007/08/09
Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxeak bat egin zuen joan den larunbatean Baionako jaiekin. Urtetik urtera gero eta jende gehiago biltzen dute lapurtar hiriburuko jaiek eta, nahiz eta urrun egon, Buenos Aireseko euskaldunek ez zuten pestaz gozatzeko aukera galdu nahi izan. EEko Kultura azpibatzordeko kide Juan Carlos Ibarrolak eman zuen mintzaldiarekin hasi zen jaia eta ondoren, dantza, kanta eta giro aparta izan ziren nagusi Iparraldeko Euskal Etxearen egoitzan.
2007/08/08
Eusko Jaurlaritzak kanpoko gizatalde eta euskal etxeen eremuan pertsonak espezializatzeko beken deialdia egin du, Lehendakaritzaren idazkari nagusiaren bidez. Aukeratutako bekadunek Kanpo Harremanetarako Idazkaritzan egingo dute eta beka bakoitzarengatik jasoko duten diru kopurua 15.450 eurotakoa izango da. Eskabideak aurkezteko epea irailaren 13an itxiko da.
2007/08/08
Josu Legarreta, Euskal Gizataldeekin Harremanetarako zuzendariak, Ekin Argitaletxeak, Euskaltzaleakek eta Eusketxek 2005az geroztik duten egoitza bisitatu zuen. María Elena Etcheverry de Irujok, Eusko Kultur Etxea (Eusketxe) elkartearen presidente eta Ekin Argitaletxeko arduradunak, eta Teresa de Zavaletak, Euskaltzaleakeko presidenteak, egin zioten harrera Mexico 1880ko egoitzan. Legarretak elkartearen instalazioak ezagutu eta bertako kide eta euskara eta dantza ikasleekin afaldu zuen.
2007/08/08
Buenos Aireseko Laurak Bat munduan irekita dagoen euskal etxe zaharrena da. Aurten 130 urteak betetzearekin batera elkarteko arduradunek bere web gune propioa aurkeztu dute, urteetako esperientzia eta bizipenak saren eskuragarri jarri nahian. Bertan Laurak Baten historia eta jarduerei buruzko informazioa jaso ahal izango dute internet bidez elkartea bisitatzen duten erabiltzaileek.
2007/08/07
Erresuma Batuko Arc argitaletxeak igande honetan aurkeztuko du Edinburghen Six Basque Poets liburua. Mari Jose Olaziregik editatu eta Miren Gabantxok ingelesera itzuli dituen poema sorta biltzen du liburuak: Bernardo Atxaga, Rikardo Arregi, Felipe Juaristi, Miren Agur Meabe, Kirmen Uribe eta Joseba Sarrionandiaren olerkiak. Atxagak, Arregik eta Meabek egingo dute Edinburghen aurkezpena eta datozen hilabeteetan beste egileek ere aurkezpenak egingo dituzte Manchesterren (Ingalaterran) eta Renon (AEB).
2007/08/07
Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeak 2007ko Argentinako Euskal Astearen behin-behineko egitaraua aurkeztu du. Lehen egutegia da eta oraindik ere aldaketak egon daitezke, baina argi erakusten du Santa Fe probintziako euskal etxe honetako bazkideak zenbat lan eta gogo jartzen ari dira Euskal Astearen antolakuntzan. Argentinako euskaldunen jaiko giroa prestatzeko pilota txapelketa egingo da irailaren 29a eta 30en eta Euskal Astea urriaren 7a arte luzatuko da.
2007/08/06
Juan Jose Ibarretxe lehendakariak Puerto Rico bisitatuko du datorren irailean eta bertako Abokatu Elkargo Ofizialaren Urteroko Biltzarrean hizlari nagusi gisa hartuko du parte, irailaren 8an Rio Granden. Puerto Ricoko abokatuen presidentea den Celina Romany Siaca anderearen hitzetan, Ibarretxe aditua da elkarrizketa eta negoziazio gaietan, eta honelako gaitasun eta baliabideak beharrezkoak dira uhartearen estatus-a bideratu eta irtenbidetzeko. Ondoko artikulua, Puerto Ricotik bertatik, El Nuevo Día-ko Israel Rodríguez Sánchez kazetariak sinatutako kronikaren laburpena da.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus