euskal diaspora eta kultura

2007/08/16
Berrogeita hamar urtetik gora dira Argentinan Haurraren Eguna ospatzen dela. Gaur egun abuztuko bigarren igandean egiten da eta euskal etxe batzuk ere antolatu zituzten joan den asteburuan ekitaldi bereziak euren barneko eta inguruko haurrei eskainiak. Honela egin zuten, esaterako, Chivilcoy-ko 'Beti Aurrera'koek, euren egoitza ondoko eskola bateko haurreak gonbidatuz, eta 'Villegasko Euskaldunak'ekoek, gauza beretsua eginez zirko ikuskizun batekin.
2007/08/15
Munduko bikote pianojole ospetsuenetako bat dira. Katia eta Marielle Labèque da euren izena eta Hendaian jaiotako bi ahizpa dira, pianojole karrera luze bezain nabariaren jabe direnak. Nazioarteko zuzendari eta orkestra famatuenekin jo izan dute, azken hauen artean Berlin, Los Angeles eta Vienako Filarmonikoak edota Boston, Chicago eta Londreseko Sinfonikoak. Urtetan Philips, Sony eta EMIrekin grabatu ondoren, euren disketxe propioa sortzea deliberatu zuten, KML Records, eta harekin Raveli eskainitako ekimen osoa burutu dute, tartean Boleroaren bertsio berri bat, perkusio gisa txalaparta duena. César Cocak sinatzen du artikulua El Diario Vascon.
2007/08/15
'Jai zoragarria', hitz hauekin deskribitu dute Suipachatik, Buenos Aires probintzia argentinarrean, bertako 'Gure Txokoa' euskal etxearen sorreraren 8. urtebetetzea ospatzeko joan den uztailean Unto Monumentalean eginiko egunpasa eta bazkari-festa. 350 lagundik gora hartu zuten parte, dantzariak-eta barne, tartean baita Suipachako gazte eta gaztetxo asko ere, Jose Martin Apezteguiaren gidaritza izan zuen festa hau familia ospakizun gisa sortu baitzen.
2007/08/14
Emeki emeki, joan urteko uztailaren 27an egin zuen bilkura eratzailean finkatutako helburuak lortzen ari da Argentinako Patagoniako Santa Cruz probintzian lanean ari den 'Hegoalde Argentinarra' (sic) izeneko euskal etxea. Munduan hegoaldeen dagoen euskal etxe honek lortu berria du lege nortasuna eta horrek bidea zabalduko dio FEVA edo Argentinako Euskal Erakundeen Federazioko kide bilakatzeko eta baita ere Eusko Jaurlaritzaren aurreko onespena lortzeko. Euskal etxe berak, bestalde, deialdia luzatu du bihar bertan bilkura prestatzaile bat egin eta abuztuaren 25ean, larunbata, 'Zine eta Pintxoak' ekimeneko saio berri bati ekiteko.
2007/08/14
Euskal santu honen ohorez eginiko ekitaldi sorta ekainaren 25ean hasi zen, bertako euskal etxetik jakin arazi denez, Ismael 'Cacho' García pilota txapelketarekin, ondoren 30ean sorgiñaren erretzearekin segitzeko, San Fermin festa eta Independentziaren Egunarekin uztailaren 7an eta Lagunaren Egunarekin uztailaren 20an, hori guztia San Inazio hitzordu nagusira iritsi arte uztailaren 31ean, San Inazio diana, ekitaldiak eta omenaldiak barne. Geroztik, abuztuaren 4an San Inazioren ohorezko Afari eta Dantzaldia egin dira, eta herenegun Aitonei eskainitako jaia. Gaur, berriz, Moda desfilea heldu da, 'Gazte Alai'koen eskutik, eta programa datorren larunbatean bukatuko da, Euskal Etxeko dantza talde guztien parte hartzearekin, segidan erromeria batek guztiari azkena emateko.
2007/08/13
'Ardo desberdina, freskagarria eta zapore garratz eta aldi berean gozoa duena'. Horrela deskribatzen dute Estatu Batuetako adituek txakolina, aspaldion gero eta zale gehiago biltzen ari den edaria. Duela urte batzuk AEBtan Txomin Etxaniz marka baino ez zegoen salgai, baina egun Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako Txakolinak erosi eta dasta daitezke. Derrick Schneider kazetariak moda berri honi buruzko artikulua idatzi du San Frantzisko Chronicle egunkarian; geuk laburtu eta datozen lerrotara isuri dugu.
2007/08/13
Hiru urte da, 'Amaren Alabak' Zuberoako talde gazteak, «AndereGatik» ikusgarria eratu zuenetik. Urte horietan guztietan plazarik plaza ibili dira sei zuberotar gazteak, haien ahots ederren indarraz, Mauleko espartin lantegietara lan egitera jindako «enarak» gogoan izanik. Zikloa bururatzeko, diskoa atera dute, ZTK disketxearen laguntzaz. Diskoa, taldearen espirituaren miraila da, kantuen soiltasuna eskaintzen baitu soilik eta osorik, estudioko aldaketarik gabe. Eneritz Zabaletak sinatzen du Garak joan den asteburuan argitaratu artikulua.
2007/08/13
Antolatu ohi dituen kultur zabalkuntza arloko ekitaldi gisa, La Platako Euskal Etxe argentinarreko 'Matxin Burdin' Liburutegiko kide eta lagun talde batek bisita egin zion abuztuaren 3an, ostirala, La Serenísima esne lantegiak General Rodriguez herrian dauzkan instalazioei. Antolatzaileen esanetan, 'gure herrialdeko esne lantegi handienetako eta ospetsuenetakoak' diren hauek Mastellone fam,iliak kudeatzen ditu eta Buenos Aires hiriburutik 52 bat kilometro mendebaldera daude kokatuta, aipatu General Rodriguez hirian.
2007/08/11
Joan den igandean San Inazio jaia egin zuten Arrecifesen, San Jose parrokian eskaini zen meza elizkizun batekin eta Euskal Etxean egin zen bazkariarekin. Bazkalostean Ana Idigorasek, elkarteko presidenteak, hitz batzuk egin zituen Potxolo Loyola txistulariaren gomutan. Joan den maiatzean zendu zen Potxolo, euskal etxearen alde makina lan eginda, eta oroitzapen ederra utzi zuen Arrecifeseko euskaldunen artean. Bere eta euskal etxeetatik pasa diren txistularien oroimenez maiatzaren 15a Txistulari Eguna bihurtzea proposatu zuten elkartekoek.
2007/08/11
Lehenengo eskola joan den asteartean eman zuen bertako San Miguel Institutuan, Las Floreseko Euskal Etxeko lehendakari eta aldi berean institutu bereko informatika irakasle den Graciana Goicoechandiak. Hitzaldiak Euskal Herria eta euskaldunen aurkezpen orokorra egitea zeukan helburu eta Polimodaleko lehenengo mailako berrogeita hamar ikasle baino gehiago izan zituen entzule. Ekimena, Loretako Euskaldunak-eko lehendakariak joan den urtean Jaurlaritzako Gaztemundu programan parte hartzeko egindako plangintza bati dagokio, landa eremuko eskoletan euskaldunen eta euskal kulturaren ezagutza areagotzea xede.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus