euskal diaspora eta kultura

2007/11/05
Eusko Aterpea Euskal Etxeko liburuzaina da Francisca Vicente de Ponce eta jo eta ke aritzen da astean hirutan, euskal elkartean dohaintzan hartutako liburuekin zein jendeari arreta eskaintzen. Garatzen duen lan bikainarengatik, bitan saritu dute aurten anderea. Martxoan, Emakumearen Nazioarteko Egunaren karietara, 'Emakume hautu' izendatu zuen Gral. Rodriguez-eko Udalak. Probintzia mailako saria etorri zen ondotik eta 'Kulturaren Sustapena' arloan, 'Emakume eraberritzaile' hautatu zuen Buenos Aireseko Probintziak.
2007/11/05
Bosgarren eta azken eguna bizi du gaur Kolonbiako hiriburuan Euskal Zinema Garaikide Erakustaldiak, Bogotako Zinematekak eta Arte Moderno Museoak antolaturik, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila lagun Kolonbiako Film Ondareak eta Euskal Etxearen koordinaziopean azaroaren lehenetik hona garatu denak. Ekimena datorren urteko martxo alderako Kolonbiako Film Ondarea prestatzen ari den Euskal Zinemaldi handiaren aurrekari gisa aurkeztu dute antolatzaileek, ordurako Euskal Herriko gonbidatuak ekarri nahi baitira, jende aurreko emanaldiak Bogotá, Cartagena, Bucaramanga, Medellín, Manizales, Pereira eta Cali-n egiteko.
2007/11/03
Gaurkoa egun berezia izango da Saignelégier-en. Suitzan ospatzen den laugarren Euskal Gaua antolatu dute bertan Euskal Etxeak eta Café du Soleil elkarteak eta gastronomia eta musika uztartuko dituzte, suitzarrei euskal kultura zertxobait gehiago ezagutzeko aukera emanez. Aurtengo gonbidatua Ene Bada talde bizkaitarra izango da eta bere musikaz gaua alaituko du euskal afari eder baten ondoren. Aurreko urteetako emaitzak lortu ezkero behintzat, festa eta giro ona ziurtatua dago.
2007/11/03
Maria Jose Barandiaran eta Maria Jose de Bustos pianojoleak Estatu Batuetan bira egiten ari dira egunotan. Lehen emanaldia gaur bertan egingo dute Dallasen eta datozen egunetan San Franciscon, San Diegon eta Bostonen eskainiko dituzte kontzertuak. Bikoteak ibilbide luzea du eta eskarmentu handia Euskal Herritik kanpoko kontzertuetan, hala nola Europa, Ekialde Urbilean, Hego Ameriketan eta Asian. Gaurko kontzertua Estatu Batuetako debuta izango da beraientzat.
2007/11/02
Duela 103 urte erakundea sor arazi zuten ideia euskal-argentinarrei jarraiki, hala nola 'euskaldunen eta argentinarren artean elkartasuna bultzatu, laguntasuna eragin eta aberriarekiko maitasuna zabaltzeko' asmoz eta 'euskal populuaren kultur balioak hedatzeko, euskaldunen hizkuntza, historia, folklorea, artea eta gainerako agerpenak sustatuz', egin berria du Llavallol-eko Euskal Echea Institutuak bere urteroko Euskal Festa. Ia 3.000 pertsona bildu ziren bertara, besteak beste euskal dantzen inguruan eta 'mikro ekimenen' moduko proiektu berritzaileak aurkeztuz.
2007/11/02
The Boise Omenaldia Mass, first celebrated in 1996, was started as a way to honor the lives of Basque who have gone before us. From that first mass, it has become a way for an entire community to pray together for those who have died. This year 50 people were remembered with a mass at Sacred Heart Church in Boise. White candles adorned with red and green ribbon were given to family members to light in honor of the deceased, and as always, three female dancers performed San Juan.
2007/11/02
Armiarma.com webguneak sustatzen duen Klasikoen Gordailua atalak liburu berri bat jarri du sarean, munduko euskal irakurleentzat eskuragarri: 'Bizia garratza da', Jon Andoni Irazusta tolosarraren eleberria. Gerratik ihesi Ameriketara bidaia egiten duten bi anaien istorioa kontazen da bertan. Irazustak berak ederki ezagutzen zuen esperientzia hori, 36ko guda ondoren erbesteratu eta Puerto Rico, Kolonbia, Argentinan eta Perun bizi izan baitzen.
2007/11/01
Kirmen Uribe idazleak Bitartean heldu eskutik liburuaren aurkezpen bira egingo du datozen egunetan Estatu Batuetako mendebaldeko hainbat estatutan. Joan den udaberrian argitaratu zuen liburua ingelesez
Graywolf etxeak (Meanwhile take my hand izenburuarekin) eta harrera oso ona izan du AEBetako komunikabideetan. Uribek, Elizabeth Macklin poeta eta itzultzailea alboan duela, errezitaldiak eta aurkezpenak eskainiko ditu Stanford, Kalifornia eta Renoko Unibertsitatean eta baita ere Berkeley, Valencia (Kaliformia), Santa Fe (New Mexico) eta San Antonio-n (Texas).
2007/11/01
Eusko Jaurlaritzak eta HABEk urriaren 30eko Aldizkari Ofizialean jakitera eman dutenez Euskal Etxeetan ematen diren euskara klaseetarako laguntzak eskatzeko epea irekita dago. 2007ko urria eta 2008ko iraila bitartean emango diren klaseetarako dirulaguntzak eska daitezke. Laguntzen zenbatekoa guztira 210.000 eurokoa izango da. Eskabideak aurkezteko epea urriaren 30ean hasi eta hilabetekoa izango da.
2007/10/31
David Río Euskal Herriko Unibertsitateko Ipar Amerikako Literatura katedratikoak gazteleratu du Robert Laxalten The Basque Hotel eleberria. Estreinekoz 1989an argitaratu zen liburu honekin idazle euskalamerikarra Pulitzer sari famaturako izendatu zuten. Liburu autobiografikoa hein handi batean, The Basque hotel-ek bigarren belaunaldiko gazte euskal amerikar baten bizitza kontatzen du. Liburua Ameriketako euskal emigrazioari buruzko trilogia bateko lehen zatia da.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus