euskal diaspora eta kultura

2007/11/08
Saltoko Immigranteen Batasuna osatzen duten elkarte eta gizataldeetako kideek 'Saltoko Euskaldunen Taldea' Euskal Etxearen egoitzan eginiko afari batekin hasi zuten joan den larunbatean Uruguaiko hiri horretan urtero egiten den Immigrantearen Astea. Hitzaldiak eskoletan, Saltoko aberastasun kultural eta etnikoari buruzko film emanaldiak eta stand-ak, janari eta jateko molde tradizionalekin dira besteak beste ekitaldiak bisitariei iganderaino egingo dien eskaintza. Gaur iluntzean bertan, zine emanaldia zortzietan Euskal Etxean.
2007/11/07
Sustraiak, Pariseko Eskual Etxeko euskara taldeak, bere sorreraren 28 urte beteko ditu asteburuan. Hiru hamarkada ia, Frantziako hiriburuan euskara zabaltzen: ikasle gehienak euskal jatorrikoak izan dira, baina urte hauetan izan da ere euskarara bildu den japoniarrik edota egiptoarrik, esaterako. Urteurrena ospatzeko ekitaldi ugari antolatu dituzte Sustraiakekoek: Itxaro Borda idazlearen eta Patxi Baztarrika Hizkuntz Politikarako sailburuordearen mintzaldiak, mahainguruak, afariak eta irakasle eta ikasle ohien topaketa, besteak beste.
2007/11/07
Euskararen erabilpena bultzatzea euskaldun zahar zein euskaldun berrien artean, horixe da 'Pixka bat es mucho' kanpainaren helburua. Eusko Jaurlaritzak jarri du abian ekimena eta Euskararen Eguna bitartean (abenduaren 3a) Euskal Herriko txoko eta bazter guztietan euskara lotsarik gabe erabiltzeko mezua zabalduko du. Kanpainaren barruan Ukan pintxoa sortuko dute, Euskal Herriko taberna eta jatetxeetan ere --Diasporakoak barne-- euskararen aldeko 'birusa' kutsatuko duena.
2007/11/07
Igor Otxoak eta Harkaitz Martinez de San Vicentek, Oreka TX taldeko txalapartariek, New York-era bidaiatu eta bertako Eusko Etxea bisitatuko dute datorren asteburuan. Larunbatean, hilak 10, euskal perkusio instrumentua bilakatuko da Eusko Etxeko protagonista. Lehenengo 'Nomadak TX' dokumentala eskainiko dute eta ondoren Oreka TX taldea arituko da zuzenean, bitartean pintxoak dastatzeko aukera egongo delarik. Igandean, berriz, 'Nomadak TX' filmak New Yorkeko Margaret Mead Film eta Bideo Jaialdia itxiko du.
2007/11/07
Ez dago zertan merenge (Real Madrid) edo culé (Bartzelona) izan beharrik Txinan zeure futbol ekipo bereko zaleturik aurkitzeko. Espainiako Ligako bi talde handi horiei askoz apalagoa den Eibar Kirol Elkartea bildu zaie, eibartarrek euskal talde baten lehenengo peña sortu baitute Txinan. Kopuruz ez diete itzalik egingo galaktikoei --hogei bazkide baizik ez dira--, baina zarataka ez daukate parerik. Bekham-i argazkiak mugikorrez ateratzen dizkioten begi okerreko neskatilarik ez daukate oraindik euren baitan, baina euskaldun taldetxo honek emango du zer esanik. Shanghain bederen, Txinako hiriburu ekonomikoa den honetan egin baitzuten joan den larunbatean peñaren aurkezpen ofiziala, Aupa Eibar oihua lagun, eta bertakoen harridura begiradapean. Zigor Aldamak sinatu du kronika El Diario Vascon.
2007/11/06
Montevideoko Eusko Indarra dantza talde uruguaiarrak bere sorreraren 25 urteurrena ospatu du, taldean aritutako kide eta lagunak bildu zituen ekitaldi jendetsuarekin. Urtebetetze festa bikaina eskaini zuen taldeak, dantza-ikuskizun aparta, Zazpi Probintziotako molde ugaritasuna aurkeztuz, eta Eusko Indarraren sasoi ona erakutsiz. Euskal dantzen zirrara sentiarazi zuten dantzariek eta eurak eta ikusleak dantzan bukatu zuten ospakizuna.
2007/11/06
Arantxa Urretabizkaia idazle donostiarra eta Joseba Gabilondo filologo eta irakasleak euskal literaturaren lekukotasuna eraman zuten Global Conversations topaketara. Irvine Kaliforniako Unibertsitateak antolatzen du topaketa eta joan den hileko 24, 25 eta 26an mundu osoko hizkuntza gutxituetako literatura adituak eta idazleak bildu zituen. Joseba Gabilondo eta Arantxa Urretabizkaia Europako Ahotsak izeneko mahainguruan aritu ziren.
2007/11/06
Aurrerapen sinestezina da: Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan arbasoak dauzkaten euskaldunek internetez kontsulta ditzakete hiru elizbarruti hauetako artxikoetako datuak eta, zorte pixka batekin, oso denbora gutxian lortu euren aiton-amonen, edo aiton-amonen aiton-amonen datuak, lehenago egun, aste edo hilabatetako lana zen zerbait. Digitalizazioa, berez, 2008an amaituko da baina edukiaren ia erdia sarean dago, kontsultatzeko moduan, Trentoko Kontzilio aurretik 1901. urteraino. Elkarretaratzea egingo da Bilboko Euskalduna Jauregian datozen ostegun eta ostiralean digitalizazio horretaz eta bere zabalkundeaz mintzatzeko.
2007/11/06
Australia, Kanada, Txile, Venezuela, Mexiko, Euskadi edo AEB bezalako herrialdeetatik iritsi dira Mar del Platara, helburu berarekin: musean jokatu eta, ahal badute, munduko txapela bereganatzea. Joan den larunbatean ekin zioten txapelketari ordezkaritzen aurkezpenekin eta biharamunean jokatu zuten lehenengo partida. Norgehiagoka datorren larunbatera arte luzatuko da, orduan jokatuko baitute serio demonio bi bikote onenek finala Hotel Dos Reyeseko aretoetan. Ia izenak inspiratzen dituen.
2007/11/05
Mexiko Hiriko Kazetari Elkartean 'Javier Mina eta Euskal Herria' jardunaldiak egitan ari dira aste honetan, Mexikoko Independentzia gerran aritu zen Javier Mina nafar jeneralaren omenez. Zinema emanaldiek eta hainbat gaiei buruzko eztabaidek osatuko dute jardunaldien egitaraua. Aste osoan zehar erakusketa bat egongo da ikusgai elkartean. Ekitaldiei bukaera emanez, igandean omenaldia egingo diote Javier Minari Independentziaren Aingeruan.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus