euskal diaspora eta kultura

2008/02/28
NABOko presidentak, Mary Gaztambidek, gutuna idatzi dio Stanford Unibertsitateko buruari, Ibarretxe lehendakariari eginiko harrera ona eskertuz. Unibertsitateak Ibarretxeri mintzaldia emateko gonbitea egin zion eta duela bi aste lehendakaria bertan azaldu zuen bere proposamen politikoa. Mintzaldiaren aurkako kanpaina hasi zuen Kaliforniako espainiar nazioalista talde batek, baina unibertsitateak irmoki defendatu zuen Ibarretxek bere ideia politikoak azaltzeko adierazpen askatasun osoa zuela.
2008/02/28
Eusko Jaurlaritzak, Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketa Zuzendaritzaren bitartez, bi fresatzeko makina eman die Argentinako bi eskola teknikori, ikasleen heziketan eta trebakuntzan laguntzeko. Eskolak Las Flores hiriko 1go Eskola Teknikoa eta Fontanako 19. Lanbide Heziketarako Eskola dira. Dohaintza hauek euskal etxeen eta Argentinako Euskadiren ordezkaritzaren laguntza izan dute.
2008/02/28
Erakusketak "Xabier de Landaburu (1907-1963): bizitza osoa Euskal Herriaren kausarentzat" du izena eta berarekin, omenaldi berezia eskaini nahi diote politikari gasteiztarrari Abertzaletasunaren Museoak eta Sabino Arana Fundazioak, beste hainbat erakunderen laguntzarekin, Landabururen jaiotzaren mendeurrena ospatzearen karietara. Besteak beste abokatu, idazle, artikulugile, EAJko kide, parlamentari, pentsalari eta lehenengo Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde izan zen pertsonaia honi buruzko erakusketa martxoaren 9 arte egongo da zabalik Gasteizko Amarica Aretoan.
2008/02/28
Dagoeneko Eusko Ikaskuntzak sareratu duen "Andresare" webguneak Euskal Herriko emakumeen, eta batik bat feminismoaren eta generoaren alorrean, Euskal Herrian edo Euskal Herriari buruz egiten diren azterlanen egoeraren berri emango du. Teknologia berrien bidez, gune honek euskal emakumeen errealitatea erakutsi nahi du, ezagutza, sorkuntza eta zientziaren bidez.
2008/02/27
Euskal Herriko bertsolari eta Argentinako payadore gazteen arteko konexioa bizi-bizirik dago eta eman duen azken fruitua Maialen Lujanbio eta Paya anaiek Brasil, Argentina eta Uruguaira egingo duten bira da. Abentura honetan Wilson Saliwoncyk payadore argentinarra izango dute lagun eta gidari. Ikuskizun erakargarria eta euskaraz hitz egiten ez dutenentzako ulergarria eskainiko omen dute.
2008/02/27
Mexiko Hiriburuko Euskal Etxeak komunitateko haur eta gaztetxoentzako jai berezia egin zuen joan den larunbatean. Topaketa honen helburua umeei euskal lagunak egiteko aukera ematea eta Euskal Etxea bera joko eta jolasetarako tokia bihurtzea zen. Izan ere euskal elkartea bazkide nagusientzat ondo pasatu eta gozatzeko topalekua da eta hamaika adiskidantza sortu izan dira bertan. Txikiek ere bide horretan lehen pausoak eman dituzte jada eta larunbatean euskal etxea 'konkistatu' zuten euren joko eta barre algarez.
2008/02/27
Federico Borrasek gidatu eta igandero --martxotik aurrera 11etatik 12tara, Radio Universidadetik (105.7 Mhz)-- ematen den "Presencia Vasca" irratsaioaren 18. urteurrena ospatzeko Argentinako Paranako Urrundik Euskal Elkarteak pilota txapelketa antolatu du datorren larunbaterako. Hemezortzi urteotan irratsaioak euskal aste nazionalaren berri eman du eta astero euskal etxeetatik bidaltzen dizkioten informazioa zabaltzen du.
2008/02/27
Las Floreseko Euskal Etxeak, Argentinako Buenos Aires probintzian, Rosaseko landa-inguruko Sala de Primeros Auxiliosek antolatzen duen karroza desfileko bigarren postua lortu berria du. Karrozen desfileko lehiaketan "Loretako Euskaldunak"-eko kideek kartapestaz eginiko zahato erraldoi original bat egin zuten. Zahatoaren neurriak, honakoak: 2,90 metroko luzera, 1,80 metroko altuera eta metro bateko zabalera (ikus argazkiak).
2008/02/26
Argia euskal astekariak Larrun monografikoaren ale berria argitaratu du, Diaspora eta Euskal Etxeei buruzkoa. Argitalpenean Urko Apaolaza historialari eta kazetariak munduko euskal etxeen egoera eta etorkizuna aztertzen ditu, sei adituren laguntzaz --tartean Joseba Etxarri EuskalKultura.com-eko zuzendaria--, gaiaren inguruan bakoitzak bere hausnarketa eta esperientzia azaltzen dituela. Sarrera erreportaian Apaolazak euskal etxeei aldatzeko eta egungo garaietara egokitzeko ordua heldu zaiela dio, geroari eutsi nahi badiote.
2008/02/26
Pablo Zabaleta, Espanyoleko eskuin hegala, Athletic futbol taldearen fitxatze-zerrendan egon daiteke. Euskal jatorria duen Arrecifeseko argentinarra Bartzelonako Espanyol taldean dabil momentu honetan Ernesto Valverde "Txingurri"-ren gidaritzapean. Euskal jatorria duten Latinoamerikako jokalariak fitxatzeko aukera aztertu ondoren, zurigorrien zuzendaritzak baztertuta zituen zenbait txosten atera ditu berriro ere.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus