euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskaldunak Denak Bat-ek 'Potxolo Loyola' bataiatu du bere taberna, aurten hildako bere txistulariaren omenez

2007/12/24

Arrecifeseko Euskal Etxeko tabernari Adalberto Loyola 'Potxolo' izena ematen dion plaka oroigarria 2007ko jarduerak ixteko eta Euskararen Egunarekin bat eginik, Arrecifeseko euskal etxeak omenaldia eskaini zion urtetan bertako txistulari eta txistularien maisu izandako Adalberto Pedro Loyola, Potxolo-ri, plaka bat ipiniz hain zuzen, hemendik aurrera bere izena eramango duen etxeko tabernan. Ekitaldi hunkigarria izan zena amaituta, Patin eta Taekwondo Eskoletako ikasleen txanda heldu zen eta gauari agurra emateko Euskal Etxeko Ugarritzak dantza taldeko gazte eta txikien dantzak izan ziren ikusgai.

Gehiago irakurri...


Olentzerok eta bere istorioak presentzia berezia izan zuten Buenos Airesko CVFek eratutako urte amaiera jaian

2007/12/24

Egur pusketa batzuetan idatzi eta surtara jaurtiz hitz batzuk esan, honela aritu ziren CVFeko kintxoan Egiazko data baino pare bat aste lehenago, Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxeak urteari azken agurra emateko festa egin zuen hiriburu argentinarreko Moreno kaleko bere egoitzan. Euskal Etxeko Kultura Batzordeko partaideek prestatu zuten afaria erakundearen kintxoan --erretegian-- eta gaua musikaz, dantzaz, zozketez eta suaren indarraz jantzi zuten. Ekitaldiko erabateko protagonista Olentzeri izan zen alabaina. Bertaratu zirenei, bere istorioa eta kontuak kontatu eta sua piztu eta txotxak eta egur pusketak bota zituen bertara, guztia asmo batekin. Geroztik, joan den asteazkenean, Juan Carlos Ibarrolak emandako azken hitzaldi batekin hasi dira hemen udako oporrak.

Gehiago irakurri...


Bertsolariak, ipuin kontalariak eta Gandiagaren poesia protagonista Madrileko Euskal Etxeko Euskararen Egunean

2007/12/22

Unai Gaztelumendi eta Julen Zelaieta bertsolariak euren emanaldian (argazkiak Joaquin Ortiz) Madrileko Euskal Etxea jendez gainezka egon zen Euskararen Egunaren ospakizunean, Julen Zelaieta bertsolari beratarrak eta Unai Gaztelumendi añorgatarrak eskaini zuten saioa ikusteko. Jarraian elkarteko euskara ikasleek afaria egin zuten eta bertsolariek saio berria egin zuten afalosteko giro ederrean. Aitor Koteron soinujoleak eta Mikel Castrillo txistulariak ere saioa eskaini zuten. Biharamunean, haurrentzako ipuin kontalariak aritu ziren eta Bitoriano Gandiagaren poesia irakurraldia egin zuten euskara ikasleek.

Gehiago irakurri...


Interneteko VascosMexico.com webgune eta foroak logo berria hartu du eta diseinua eta itxura aldatu ditu

2007/12/21

Vascosmexico elkartearen logo berria Sarean lau urteko bidaia aberatsa egin ostean (2004-2007), Vascosmexico.com webgune eta foro euskalmexikarrak aldatu berria du logoa eta horrekin batera interneteko bere presentziaren diseinu eta itxura aldatu ditu, tokiari atal berriak gehituz. Jaione Arrietak kudeatzen duen webgunearen ibilerak lehengo bidetik segituko du, edukin orokorrekin eta doako harpidetuentzako zerbitzu bereziekin. Webgunea sarean da jada, erabiltzaileen lankidetzekin osatzeko zain.

Gehiago irakurri...


Eusko Jaurlaritzak 800.000 euroko diru laguntza eman du euskarazko filmeak DVDan eta zirkuito komertzialean zabaltzeko

2007/12/21

"Zine gehiago-euskara gehiago" egitasmoaren aurkezpena (argazkia EITB) “Zine gehiago-euskara gehiago”, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak bultzatutako egitasmoak aurreikusten du urteko 40 film bikoiztu edo azpititulurekin merkaturatuko direla lehenengo bi urteetan. Euskarazko filmak DVD euskarrian bultzatzea da helburu nagusia, bai salmentarako eta baita alokatzeko ere. Dagoeneko Heroes telesaileko 23 atal eta honako zazpi pelikula hauek euskeratu dira: Number 23, Fur, Arthur and the Minimoys, Casandra's Dream, 88 Minutes, The Contract eta Rob B. Hood. Film hauek guztiak salmentan daude jadanik ohiko dendetan eta datozen hilabeteetan eskaintza zabaldu egingo da.

Gehiago irakurri...


Errioxako Laminiturri Euskal Etxearen bazkide eta lagun talde batek afari batez agurtu zuen urtea Logroñon

2007/12/21

Laminiturrik orain hiru bat aste eraturiko afarira bildutakoak; Iñaki Gorostidi --beti Errioxaren sustrai euskaldunen ezagutza hedatzen-- ezkerrean makurtuta dagoen lehenengoa da Ez, ez gara ari Argentinako La Rioja probintziaz, Euskal Herri hego-mendebaldean dagoen eskualdeaz baizik, euskararekin eta bereziki Nafarroarekin eta Nafarroako Erresumarekin harreman historiko estua izan duen komunitateaz. Bertan badago euskal etxe bat, Laminiturri izenekoa, eta nahiz eta egun pasatzen ari ez den bere unerik indartsuena, aurrera egiteko gogoak eta bertako euskal toponimoetan sakontzeko eta ondare hori berreskuratu eta ezagutza hori hedatzeko asmoek segitzen dute. Urtero afari bat egiten dute bederen, izan ere azaroaren azken egunean hasi eta abenduko lehenean amaitu zena. Lerro hauetatik, goraintziak Errioxako lagun eta irakurleoi.

Gehiago irakurri...


Santomaseko Feria, txistorra eta ogia, zenbait euskal etxe gehituko zaizkio bihar euskal jai tradizionalari

2007/12/20

Santo Tomas eguna ospatzeko jaia Andorra la Vellako Euskal Etxeak antolatua, artxiboko irudi batean Euskal tradizioarekin bat eginez Madril, Bartzelona eta Valentziako Euskal Etxeetan txistorra izango da abenduaren 21eko protagonista. Santo Tomasak, Euskal Herriko plaza ugaritan ospatzen den festa, euren egoitzetan egingo dute, animalia azokarik gabe eta pintxoak eta bokadiloak erosteko dezente postu gutxiagorekin baina bertan izango dira txistorradako osagairik garrantzitsuenak: giroa, jana eta edana.

Gehiago irakurri...


Euskal etxeen arteko lankidetza: Castelliko Euskal Etxeko jaian parte hartu zuten Chascomuseko dantzariek

2007/12/20

Zingirako Euskaldunak-eko dantzariak dantzari Argentinako Castelli herriko 'Oneratu' Euskal Etxe gazteak Chascomuseko Zingirako Euskaldunak elkartearekin duen harremana bikaina da eta horren adierazgarri euren arteko lankidetza aktiboa. Orohar, euskal etxeen arteko lankidetza eta elkartasuna sustatu beharreko balioak dira eta, izan ere, izpiritu horren baitan kokatzen dute euren lana munduan zeharreko hainbat eta hainbat elkarte euskaldunek. Horren eredu izan zen abenduaren 9an Oneratuk egin zuen Urte Bukaerako jaia. Zingirako Euskaldunak-eko dantza taldea aritu zen bertan dantzari eta Zuzendaritza Batzordeko ordezkaritza batek ere bat egin zuen Castelliko euskaldunekin jai honetan.

Gehiago irakurri...


Euskal Pack eta Pierre Oteiza enpresek euskal produktuez eginiko Gabonetako saskiak eskaintzen dituzte

2007/12/20

Euskal Packek eskaintzen duen Gabonetako sorta Gabonak gainean daude eta horren ohitura daukaten euskal familia gehienek prest izango dituzte egun berezi hauetan jango dituzten otorduetarako mokauak. Hala ere sasoi honetarako opari berezi baten bila dabilenak badu oraindik astirik kutixi sorta ederra eskuratzeko. Euskal Pack enpresak, adibidez, euskal mozkinez osaturiko Gabonetako saskiak eskaintzen ditu bere webgunean. Pierre Oteizak, aldiz, bakoitzak bere otzara osatzeko aukera ematen du. Biek ala biek mundu osora zerbitzatzen dituzte euren produktuak.

Gehiago irakurri...


Kantiruki taldeak bira kaliforniarra hasiko du datorren igandean, Chino, Los Banos eta San Frantziskora helduz

2007/12/19

'Amodioz bizi' diskoaren azala Talde baxenabartarra da Kantiruki eta Sylvie Brust, Terexa Goicoechea eta Sylvie Cherbero kantariek eta Mikel Erramouspe musikariak osatzen dute. Diasporarekin harreman estua duen taldea ere bada, Cherbero eta Brust Los Bañosen jaiotako euskalamerikarrak baitira. Igandean familiarekin elkartzera eramango dituen bira hasiko dute, Kaliforniako Chino, Los Baños eta San Frantziskon kontzertuak eskainiz, 'Amodioz Bizi' lana aurkezteko.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia